Gaueroko ogia
Estresa, ardurak, egoera angustiatsuen pilaketa edo alkohol, kafeina, botika edo bestelako estimulagarri gehiegi hartzea izan daitezke insomnioaren eragile, edo baita eguneroko bizitzako ohituretan desordena bizi izatea ere. Baina pertsona asko ohitu egin da loak hartzeko zailtasunen ondoriozko arazoekin bizi izatera eta bere izaerarekin edo bizimoduarekin loturiko elementutzat hartzen ditu. Baina konformismo hori, osasungarri ez izateaz gain, ez da zentzuzkoa: neurri asko har dezakegu arazoa konpontzeko. Ikus ditzagun horietako batzuk, atal honetan ohi denez, ikuspegi psikologikotik begiratuta.
Jasaten duen pertsonaren bizitzan eragin negatiboa izaten du azkenean insomnioak, gaua iristeko beldur izaten baita, atsedenarekiko hitzordu indarberritzaile eta atsegina izan behar lukeena, benetako oinaze bihurtzen baita. Lorik egin ezin duenak ezin izaten du burutik kendu lo egiteko premia, obsesioa, eta erlojuari begira, egunsentirako falta diren orduak kontatzen ditu behin eta berriz, eta azkenean, beti bezala konturatzen da eguna argitzera doanean etortzen zaiola logura. Loaren gorabeheren artean, insomnioa izango da seguruenik arruntena.
Zenbat orduz lo egin behar da?
Pertsona bakoitzaren eta bere egoera eta adinaren baitan izaten da hori. Ohetik jaikitzean atseden sentsazioa edukitzea izaten da behar adina lo egin denaren adierazlerik onena, loak indarberritu egiten baitu organismoa. Egun osoan zehar aktibo sentitzeko behar dugun beste denbora lo egin behar da. Denbora aldatu egiten da pertsona batetik bestera, baina pertsona heldu gehienek egunean zazpi eta bederatzi ordu artean lo egin behar izaten dutela kalkulatzen da. Loak funtsezko funtzio berritzaileak ekartzen dizkie gure buru-gorputzei. Horregatik, insomnioa jasaten dutenek etengabeko neke sentsazioa izaten dute eta horrekin batera suminkortasuna, lanean edo eskolan etekin txikiagoa eta, orokorrean, bizitzarako gogo apala, gauez atsedenik ez hartzearen ondorioz. Lo apur bat eginda aski dela pentsa dezakegu (horrekin harro agertzen denik ere bada), baina ez da hala. Loaren gorabeherak kroniko bihurtzen badira konpondu beharreko osasun fisikoko eta psikologikoko arazo izaten dira. Berrogeita hamarreko hamarkadan New Yorkeko irrati esatari baten ahal zuen denbora guztian iratzarri eta irratian lanean jarraitzea erabaki zuen. Lau gau lorik egin gabe eman ondoren, zailtasunak zituen alfabetoa gogoratzeko eta haluzinazioak hasi zitzaizkion. Bere buru-kontzentrazioak aldaketak izan zituen eta, gainera, lankideak eta bere osasuna zaintzen ari ziren mediku eta erizainak bere aurka ari zirela pentsatzen hasi zen. Saiakera hartako azken programaren aurretik izu-atakea izan zuen esatariak. Medikuak bizirik lurperatu behar zuela sinisturik, garrasika eta aurrean jartzen zitzaizkion guztiei erasoka hasi zen.
Zer gertatzen da lorik egin ezean?
Behar adina lo egiten ez denean, gure buruaren barruan zerbait “ukituta” geratzen da eta funtzionatzen jarraitu arren, gero eta gehiago kostako zaigu loak hartzea eta ondorioak ere garrantzitsuagoak izango dira. Espainiako estatuan, biztanleriaren bosten batek loarekin arazoak izan ditu edo izaten ditu eta horren ondorio dira produktibitate txikia, ezagutzako arazoak, istripuak areagotzea, suminkortasuna, gaixotasunak izateko arrisku handiagoa eta, orokorrean, bizitza kalitatea okertzea.
Bizimodu eta bizitza-erritmo berriek, gero eta lehiakortasun handiagoek, laneko joan-etorriek eta ordutegi aldaketek ez dute askorik laguntzen loaldi erregular eta sakona izateko. Gure ezaugarri biologikoek, milako urteko bilakaeraren ondorio izanik, egunean zortzi eta hamar ordu arteko loa behar izateko programatu gaituzte. Baina aldaketa sozialak gure biologiarena baino azkarrago gertatzen dira eta, azkenean, gure organismoa ez da eskatzen dizkiogun guztiak egiteko prestaturik izaten. Oheratu aurreko ekintzak, hala nola hortzak garbitzea, pijama janztea edo sexu harremanak edukitzea, burmuina lasaitzera eta logura sentsazio atsegina sentitzera prestatzeko mezuak dira. Baina lorik egin ezina izaten dutenen artean, errutinazko ekintza horiek besterik ulertarazten diote burmuinari: iritsi dela berriro ere gaua, lo egin nahi eta ezina eta horren dakartzan kezka eta egonezina.
Ardiak kontatzea aski ez bada…
Medikuaren aginduz produktu farmakologikoak hartzea da aukera bat; baina horrek funtzionatzen ez badu, izaera psikologikoko hainbat praktika egin ditzake lorik egin ez duenak, inolako kontraindikaziorik gabe. Hona hemen horietako bat:
- Etzan zaitez ohean, ahoz gora, esku-barruak izara gainean gora begira direla. Oin-puntak apur bat elkarrengandik alboetara aldenduta eta oheko arropari eusteko indarrik egin gabe; estalkiek nasai izan behar dute.
- Finkatu begirada puntu jakin batean, horma eta sabaia elkartzen diren tokian gutxi gorabehera. Begiak zabalik, ixteko gogoa dakarkizunean, utzi ixten.
- Hartu arnasa sakon eta lasai, sabeletik, lo dagoen pertsona imitatuz. Gero, arnasak har dezala bere erritmo normala.
- Errepasatu zure gorputza hainbat aldiz, burutik hasi eta oinetara, giharrak askatuz eta aktibo egon daitezen onartu gabe.
- Utzi gorputzak ohearekin kontaktu sakona har dezan. Batzuetan, gorputza etzanda egon arren zutitzeko prest bageunde bezala izaten ditugu giharrak.
- Ohar zaitez zure eskuineko besoaz. Eraman arreta osoa beso horretara. Eta erreparatu nolako pisua duen (egiaz, pisu handia du), eta esan zeure buruari, behin eta berriz “besoa astun dut, nire besoa oso astun sentitzen dut”.
- Egin gauza bera ezkerreko besoarekin eta gero beso biekin batera eta gero eskuineko zangoarekin eta ezkerrekoarekin eta biekin batera, besoekin eta zangoekin batera eta, azkenik, sentitu zure gorputz guztiaren astuntasuna, oso-oso astuna dela.
- Irudimena erabiliz, joan zaitez toki atsegin batera eta saiatu paisaia horretako xehetasun txikiena ere harrapatzen. Begiratu pasaia hori patxadaz.
- Ez bilatu loa. Utziozu bakarrik etortzen eta ez badator, zaude ziur zure gorputzak atseden on bat hartu duela erlaxazioan eman dituzun 10 edo 15 minutuetan zehar.
- Logura zarenean baino ez joan ohera.
- Denboraldi baten ondoren loak hartzen ez bazaitu, onena jaikitzea eta zerbait egiten hastea izaten da, buruak ohea lo-arazoekin lotu ez dezan. Logura sentitzean ohera itzuliko gara eta, beharrezko bada, lasaitzeko ariketak egingo ditugu berriro.
- Ohera beti ordu berean joan.
- Egunero ariketa fisikoa egin, baina ez oheratu aurretik.
- Murriztu tabakoa, alkohola eta bestelako drogak. Eta ez hartu horrelakorik eguneko azken orduetan.
- Arin afaldu eta gutxienez oheratu baino bi ordu aurretik.
- Jai egunetan astegunetako ordu kopuru bertsua lo egin.
- Ezordutan ez lorik egin, erritmo biologikoak aldatu egiten baitira.
- Probatu erremedio naturalak, belar bedeinkatua adibidez, baina eskatu aholkua mediku edo botikariari.
- Oheratu aurretik infusio lasaigarriak edo basokada bat esne bero hartzea lagungarri izan daiteke.
- Ohea lo egiteko edo sexu harremanetarako eta antzeko ekintza atseginetarako bakarrik erabili; horrela, buruak horrekin erlazionatuko du eta ez arazoekin.
- Lo egiteko arazoak bere horretan jarraitu eta luzaro irauten badu, mediku edo psikologoarenera joatea komeni da. Insomnioak arazo larriak eragin ditzake organismoan eta gure bizitza sozial eta afektiboan.
- Botikak hartzera beste erremediorik ez dagoenean bakarrik jo behar da eta medikuaren ardurapean beti. Horiek kontsumitzea ez dadila ohitura bihurtu.