Zenbat eta zehatzagoa, hobe
Aurrekontuak konparatzea eginkizun latza da, arretaz egin beharrekoa, eta jakin beharra dago aurrekontua, onartu eta sinatu ondoren, alde biek bete beharreko kontratu bihurtzen dela. Horregatik, etxean konponketak egiteko aurrekontu bat itxi aurretik, gutxieneko baldintza batzuk betetzen dituela ziurtatu beharko dugu. Enpresa kontratatuaren datu guztiak, zein material erabiliko den eta lanak amaitzeko data adierazteaz gain, aurrekontuak funtsezko beste alderdi batzuk ere jaso behar ditu, hala nola eskulanaren zenbatekoa, konpondu beharreko azalera, ordainketa era eta etxetresna elektrikoei -aurrekontuan sartzen badira- eta bestelako materialei dagokien BEZa, beti ez baitira bat etortzen. Aurrekontua zenbat eta zehatzagoa, orduan eta errazagoa izango da kontsumitzailearentzat arazoen aurrean erreklamazioak egitea.
Enpresa kontratatzeko…
- Bisitatu profesional bat baino gehiago, erabaki aurretik hainbat eskaintza konparatu ahal izateko.
- Ezustekorik ez izateko, eskatuaurrez aurrekontu idatzia. Aurrekontuan ongi zehazturik ager dadila materialen kopurua eta prezioa, eskulanaren zenbatekoa, konpondu beharreko azalera (metroak, bolumena etab.), zerbitzua hasi eta bukatzeko gutxi gorabeherako datak, eskaintzak noiz arteko balioa duen, kobratuko den zenbateko osoa, ordainketa era eta konponketak egingo dituen enpresaren datuak.
- Ez konfiantzarik izan aurrekontu merkeegien aurrean. Galdetu aurrekontuan zehatz-mehatz zer sartzen den eta aparte zer kobratzen den; aurrekontu garestiago eta merkeagoaren arteko aldea hortxe egon daiteke.
- Ondo legoke klausula penal bat ere sartzea, lanak atzeratzea gertatuko balitz kalte-ordaina izateko eskubidea izateko.
- Aurrekontua onartu ezean, aurrekontua egiten emandako denbora kobra diezazukete, baina aurrez horren berri eman badizute.
- Aurrekontua, onartu, sinatu eta zigilatu ondoren, kontratu itxi bihurtzen da eta, beraz, ez dago aldaketarik egiteko eta azken orduko kopuruak gehitzeko aukerarik.
- Onartuz gero, alde bien adostasuna da baldintzak aldatzeko aukera bakarra. Garrantzitsua da hasierako aurrekontuari egiten zaizkion aldaketa guztiak idatziz jasotzea.
Seinalea eta kalteak
- Ahal dela, ez ordaindu inolako kopururik aurrez. Seinalea eskatzen badizute, saiatu ahalik eta kopururik txikiena ematen eta eskatu ordaindutako zenbatekoaren faktura. Hala ere, amaitutako lanak zatika ordaintzea ados daiteke.
- Enpresa da lan akastunak eragin ditzakeen kalteen erantzule. Profesional kontratatuak idatziz jakinarazi behar dizu aurrekontua egin ondoren agertzen diren matxura edo akatsen berri eta horiek konpontzearen kostua.
- Ez kontratatu denbora librean lanak egin eta zerbitzuak eskaintzen dituen eta profesional ez den langilerik -eskatu beti Industria Ministerioak emaniko karneta-. Kasurik gehienetan ez dute lanerako baimen fiskalik eta erantzukizun zibileko polizarik izaten eta, beraz, istripu edo kalterik gertatuz gero, ez izango dira ondorioen erantzule egin.
- Azken ordainketa egin aurretik, egiaztatu egindako lanean ez dagoela akatsik.
- Eskatu aurrez laneko orduen, joan-etorri gastuen eta larrialdiko lan edo ohiko lan-jardunaz kanpoko lanen prezioak jasotzen dituen informazio orria. Prezioen barruan zerga guztiek sartuta egon behar dute.
Faktura eta garantia
- Gainbegiratu materialen kalitatea. Begiratu, batez ere, homologatuak diren eta eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituzten. Ez onartu pieza edo material erabilirik.
- Materialak ezin dizkizute erositako prezioa baino garestiago kobratu eta, beraz, horien erosi dituzten lekuko faktura eska dezakezu eta hala egitea komeni da.
- Eskatu fakturetan BEZ sartuta izatea; bestela ezin izango duzu erreklamatu eta arazorik izanez gero garantia baliatu.
- Saiatu azken fakturan garantiaren baldintzak -iraupena batez ere- idatziz jaso ditzaten. Gogoan izan garantiak idatzizkoa izan behar duela eta lana egin duen profesionalak sinatu egin behar duela.
- Fakturan erabiltzailearen eta zerbitzu emailearen identifikazioa jarri behar da eta baita eragiketen deskripzioa, materialen prezioa xehekatuta, eskulana, garraio eta zergak, garantia epea, data eta zerbitzu emailearen eta bezeroaren sinadura ere.
- Fakturaren zenbatekoak bat etorri behar du aurrekontukoarekin.