Itsasoaren S.O.S. deia
Petroliontzien urperatze gero eta ohikoagoak eta etengabe Mediterranio itsasora egiten diren isurketak gure hurbileko itsasoetan gertatzen ari denaren adibide kezkagarri ditugu. Dagoeneko ez dira ekologistak kezka azaltzen duten bakarrak: gai hau eragin sakona izaten hasi da herritarren artean. Izan ere, larriturik eta harriturik ikusten dute itsasoa, planetako ingurumenaren orekarako oinarrizko elementua eta mundu mailan aberastasun ekonomikoko iturri paregabea, arrisku larrian dela.
Marea beltzak ozeanoan
Nazioarteko uretan dabiltzan petroliontzien kopurua 6.000 ontzi ingurukoa dela uste da eta urtean 10 milioi erregai gordin isurtzen dute itsasora. Zifra kezkagarriak dira eta ekologisten iritziz onartezina da, kontuan izanez gero petroliontzi modernoen herenak baino ez duela krosko bikoitza, isurketak ekiditeko. Bestela esanda: arazoaren arrazoi nagusia istripuak ez diren arren (tankeak garbitzeak isurketa gehiago eragiten du istripuek baino), badira bitarteko teknikoak ingurumenean duten eragin suntsitzailea nabarmen murrizteko. Erika ontzia pasa den urriaren 12an urperatu zen Bretainiako kostaldean (Frantzian) eta 30.000 tona gordin isuri zuen. Egun batzuk geroago Volganeft ontzia erdibitu egin zen Istanbuleko (Turkia) kostaren parean eta 4.000 tona petrolio isuri zuen Bosforoko uretan.
Frantziako Bretainiako itsas ertza hondatu duen marea beltzak alarma piztu du: munduko itsasoetan zehar petroliontziek behar adinako segurtasun neurririk gabe egiten dituzten joan-etorriek isurketa oso kutsagarriak eragiten baitituzte. Amoco Cádiz ontziak (1978) inguru haietan istripua izan zuenean, 200.000 tona petrolio baino gehiago isuri zen. 4.000 hegazti kutsatu erregistratu zen. Oraingoan, %10 erregairekin, 300.000 hegazti dira dagoeneko kaltetuak.
Greenpeace erakundearen txosten batek dioenez, 6.000 petroliontzi dabiltza nazioarteko uretan eta Espainiaren kokapena dela eta -Ekialde Hurbilean petrolioa produzitzen duten herrialdeen eta Europako herrialde kontsumitzaileen arteko pasabidean dagoenez-“oso altua” da penintsulatik hurbil pasatzen diren ontzien kopurua eta horrek areagotu egiten du istripu arriskua. Gibraltarko itsasartea egunero 600 petroliontzik zeharkatzen dutela kalkulatzen da, Galiziako Heriotzaren Itsasertzetik pasaz eta hori nazioarteko itsas-nabigazioaren %10 da. Gainera, fuela garraiatzen duten 800 ontzik zeharkatzen du egunero Mediterranio itsasoa.
Tankeen garbiketa, isurketen eragile nagusia
Urtero itsasora isurtzen diren milioika tona petroliotik, istripuen eraginez %10 inguru bakarrik izaten dela uste da. Gainerakoa tankeen garbiketak eta konpon daitezkeen antzeko beste arrazoi batzuek eragiten dute. Urtero gutxi gorabehera 6 milioi tona erregai gordin isurtzen da itsasora; erregai horren produkzioa 3.000 milioi tonakoa da urtean mundu guztian.
Gaur egun, nazioarteko legeriak ezartzen duenez, petroliontziek derrigorrez bereiztuta izan behar dituzte lastarentzat eta erregaia eramateko biltegiak. Horrela, petroliontziak kargarik gabe joan ezin direnez, lastako tankeetan ura eramaten dute eta berariaz prestaturiko instalazioetara hustu behar izaten dute portura iristean. Hala ere, Greenpeace erakundeak dioenez ontzi askok itsasora isurtzen du ur hori, portuan hustutzeak eragiten dituen gastuak ekiditeko. Istripuz gertatzen diren petrolio likidoaren deskargak ere kostaren kutsaduraren eragile garrantzitsuak dira. Gainera, petroliontziek krosko bikoitzeko sistema izan behar dutela dio legeriak, talka eginez gero isurketarik gerta ez dadin; baina araua ez du ia ontzi batek ere betetzen. Neurri hori derrigorrezkoa izango da 2015etik aurrera.
Komenentziako bandera, konpondu gabeko auzia
Petrolioaren garraioa behar bezala kontrolatzeko eragozpen garrantzitsuenetako bat petroliontziek erabiltzen duten bandera da. Komenentziak eraginda, itsasoko gaietan nazioarteko hitzarmenak sinatu ez dituzten herrialdeetako (Liberia, Malta, Zipre nahiz Panamako) banderak erabiltzen dituzte, gainerako herrialdeek derrigorrez eskatzen dituzten segurtasun neurriak bete beharrik ez izateko.
Halaber, komenentziako bandera duten herrialde horiek zerga-paradisuak dira eta askoz ere prezio baxuagoak eskaintzen dituzte eta antza denez, horren eraginez apalagoa izaten da ontzien kalitatea eta baita tripulazioaren prestakuntza profesionala ere. Zenbait herrialdek, Estatu Batuek kasu, ez dute onartzen komenentziako bandera duten ontzirik portuan. Espainian Las Palmas, Cartagena eta Cadiz erabiltzen dituzte batez ere ontzi horiek.
Marea beltzei aurre egiteko
Elf petrolio enpresak marea beltzen aurka egiteko produktua merkaturatu zuen. IP 45 izenekoa da, petrolioa iritsiko dela uste denean harkaitzen gainean eta hondartzetan ihinztatzeko jele biodegradagarria. Era horretan, produktuak geruza babesle bat sortzen du, petrolioa haitzetan eta sedimentuetan hainbeste itsats ez dadin. Petrolioa kentzeko aski litzateke ur hotz zorrotada bat bota eta punpaz biltzea.
Hondartzetako erosioa
Turismoarekin areagotu egiten da arazoa udan, Mediterranioko hiri askotan hamabost aldiz biderkatzen baita biztanle kopurua. Isurketen tratamendua arautzen duten legeen arabera, itsasora botatzen diren hondakin-urak itsaspeko hustubideetatik bideratu behar dira, luzera, sakontasun eta iragazteko gaitasun jakin batekin. Baina errealitateak erakusten duenez, dauden hustubideak ez dira aski edo ez dute legea betetzen.
Adenaren arabera, hondartzen erosioa nabarmena da Bartzelona, Badalona eta Mataron: itsasertza kai-muturren bidez babestu behar izan da eror ez dadin. Itsasoko eta kostako bioaniztasuna suntsitzea, hondartzak giza-erabilerarako gauza ez izatea, osasun arazo larriak eta kostetako bizitza-kalitatearen narriadura orokortua dira hiri eta industriako kutsaduraren ondorioetako batzuk.
Arazoari aurre egiteko neurriak
Kalte ugari sortu da, baina oraindik lor daiteke egoera ez larriagotzea: isurketak murriztu, arazketa erraztu, hirietako hondakin-urei tratamendua egin edo ur horiek nekazaritzarako berrerabili… horra hor arazoari aurre egiteko hainbat bide. Kostako herrien eta turismoaren etorkizuna prozesu suntsitzaile hauek kontrolatzearen menpe egongo da. Adituen ustez, erronka arrazoizkoa da, gaur egun badira-eta kutsadura ekiditeko teknologiak eta kaltegarri ez diren ordezkoak.
Baina herritarren laguntza erabakigarria da eta hara bidea: itsasora zaborrik ez botatzea, garbiketako produktuak eta ura neurriz kontsumitzea edo hondartza eta portuetako edukiontziak erabiltzea.
Mediterranioa itsaso itxia eta sakontasun gutxikoa da. Bertako urak laurogei edo ehun urtetik behin berritzen dira eta Gibraltarko itsasartetik baino ez da ura sartu eta ateratzen. Mediterranioko itsasertzetan 150 milioi pertsona bizi da eta itsasertzaren %75 beteta dago. Kostako ehun hirietako estoldetako uraren %85 inguru tratamendu egokirik egin gabe zuzenean itsasora botatzen da eta hondartzen %25 baino gehiagok ez ditu higiene baldintzak betetzen. Inguru horretan, gainera, badira beste arazo batzuk ere: deforestazioa, landu daitezkeen lurrak agortzea, lurzorua gazitzea, erosioa eta habitataren galera, besteak beste. Panorama negargarria, beraz, Mediterranio inguruko herrialde guztien artean berehala neurri adostuak hartzeko premia erakusten duena; herrialde horien artean daude Espainia, Frantzia eta Italia.
2005. urtera arte Mediterranioak 50 milioi tona isurketa izango duela kalkulatzen da. Hori dela eta, nazioarteko erakundeek hondakin solido eta arriskutsuen kontrola, petrolioaren eta produktu kimikoen ondoriozko itsasoaren kutsaduraren prebentzioa eta hondartzen kutsadura ekidingo duen kostaren garapena exigitzen die aipatutako hiru herrialdeei. Mediterranioan itsasoratzen diren ibaien %85 kutsaturik daude eta ur edangarriaren erreserbak urrituz doaz urtero. Horrez gain, Mediterranioa zeharkatzen duten itsasontziek 650.000 tona hondakin toxiko botatzen dute eta itsasbazterreko nekazaritza, industria eta abelazkuntzako zentro handiek 120.000 tona olio mineral, 12.000 tona gai organiko toxiko, 60.000 tona detergente, 100 tona merkurio eta 3.600 tona berun, 2.400 tona zink, 320.000 tona fosforo eta 800.000 tona nitrogeno isurtzen dute urtero itsaso horretara. Eta milaka tona kutsagarri kimiko, izurrilkariak batez ere, haizeak urrutitik ekarri eta euriarekin itsasora erortzen dira. Urtero bi milioi tona erregai gordin isurtzen da Mediterranio itsasora, mundu guztian ustez isurtzen den kopuru osoaren heren bat.