Segurtasunean akats larregi
Zabu, txirrista, din-dan eta antzekoak dituzten parke eta jolas lekuak topaleku bihurtzen dira haurrentzat eta tarte atsegina pasatzeaz gain, soziabilitatea garatu, hainbat trebetasun eskuratu eta mugitzeko trebezia handiagoa lortzen dute haurrek. Gurasoek ondo dakite haurrentzat nolako balioa eta erakargarritasuna duten parke horiek eta horregatik eta beste arrazoi batzuengatik, sarritan joaten dira horrelako lekuetara seme-alaba txikienekin.
Hala ere, pertsona heldu askorentzat (eta zer esanik ez haurrentzat) oharkabean pasatzen dira haurren jolaserako gailuen segurtasuna, kalitatea eta zainketa egoera eta beste hainbat alderdi garrantzitsu. Haurra beste haur batzuekin batera eta haurrentzat bereziki prestaturiko tresnekin jolasean ari denez, ziurtzat ematen da arriskurik ez dagoela.
Baina guraso askok ez daki jarrera lasai horrekin gutxietsi egiten dituela hainbat arrisku, larritasun maila ezberdineko istripuak eragin ditzaketenak. Bestela esanda, haurren jolas guneak ez dira uste bezain seguruak: 1998an, Espainiako estatuko istripuen %4 jolas eta aisialdirako guneetan gertatu ziren. Eta istripuak izan zituztenen hiru ekintzetatik bat jolasa zen, kirola kontuan izan gabe.
Ehun jolas gune eta 490 aparatu azterturik
Txosten hau egiteko,CONSUMEReko teknikariek jolaserako 490 aparatu bisitatu eta aztertu zituzten pasa den abenduan eta urtarrilean haurrentzako 101 jolas gune publikotan, Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea, Burgos, Logroño, Madril, Bartzelona, Valentzia, Castelló, Alacant eta Malagan. Guztira, 80 txin-txaun edo zabu, 52 txirrista, 30 din-dan, 140 birakari, jolas anitzetarako 79 egitura eta bestelako 109 jolas tresna aztertu ziren. Azterturiko gune eta aparatuak txostenean jasotzen diren hirietan daudenen %1 eta %10 inguru dira, gutxi gorabehera. Ondorioz, datuak esanguratsuago dira termino orokorretan, hiri bakoitzeko egoerari buruz baino. Ez da, beraz, hiri bakoitzeko parkeen egoera kalifikatzen, orokorrean nola dauden adierazteko erradiografia zirriborratzen baizik.
Azterketak argi uzten du haur parke publiko eta aparatu hauen kalitate eta segurtasuna nola-halakoa dela, ez baitituzte baldintzarik onenak eskaintzen haurrek arriskurik gabe ondo pasa dezaten. Ikus ditzagun datuak: bisitaturiko parke gehienetan (%68) akats larriak zituen aparaturen bat zegoen (Espainian araurik ez dagoenez, Europako Batasuneko araudia eta Alemanian gai honi buruz dagoena erabili ziren azterketarako, haur parkeetan aditu direnek interpretatuta) eta aparatuen %36k erabiltzaileen (haurren) segurtasuna zalantzan jartzen duten akats larriak zituen.
Beste ondorio bat: egoera asko aldatzen da hiri batetik bestera. Azterturiko jolas-guneetan gailu akastun gehien duten hiriak Malaga (gailuen %75), Gasteiz (%57), Bilbo, % 51rekin, eta Donostia izan ziren, % 44 azken horretan. Alderantziz berriz, eta modu positiboagoan, Alacant, Bartzelona eta Valentzian aurkitu ditugu jolaserako aparatu seguruenak, %10ek bakarrik baitzuen akats larriren bat. Bestalde, gurasoen arreta handiena eskatzen duten tresnak din-dinak (%67 segurtasun akats larriekin), txirristak (%62) eta zabuak dira (%48).
Zainketan, suspentso garbia
Bestalde, akats arintzat jo dira jolas gune edo aparatuei kalitatea kentzen diotenak eta horien garbitasun eta funtzionaltasunari eragiten diotenak. Aparatuen %67k zainketa arazoak ditu. Tresnen %5ek ez du funtzionatzen (din-dan eta zabuak zeuden okerren eta zergatia piezaren batzuen falta, egitura makalegia edo egonkorra ez dena, jarlekurik eza…). Zainketako akatsak zituzten tresna ugarien artetik, %61ek pintura-geruza bat behar zuen, %46k zati herdoilduak zituen, %23tan zati hautsiak edo askatuak ageri ziren, %13k egurra ezpaldurik zuen eta %21en grafitti edo pintadek apaintzen zuten jolaserako tresneria. Hirietako bandalismoak eragin zuzena du hondamen horretan, baina hainbat aparatu zaharkiturik geratu dela ere ikusi zen eta gehienen egoera txarra zainketa eta berrikuspen egoerarik ezak eragiten duela.
Haurrentzako gune horien garbitasun eta higiene baldintzak ere ez dira alderdirik onena. Aparatuen perimetroen %29 zikinak zeuden azterketa egin zen egunean. Gune horietan zikinkeria hainbat arrazoirengatik gertatzen da. Preserbatiboak, zakurren goroskiak, kristalak eta konta ezin ahala zigarrokin eta fruta-azal aurkitu da. Harrigarria da, baina guneen %10ean ez zegoen zakorrontzi bakar bat ere. Eta zakarrontzia zuten guneen %14an, zikinkeria aurkitu zen horien inguruan, eta beraz, nahikoa ez direla edo behar den bezain egoki eta maiz hustutzen ez direla pentsa daiteke. Gainera, hiru parketik batean zakarrontziak ez zeuden egoera onean. Akatsik ohikoenak: herdola eta graffitiak.
Un sistema de valoración exigente y penalizadorBalorazio sistema zorrotz eta zigortzailea
Gailu horien erabiltzaileak tolesgabe eta zuhurtzia gabeak dira eta arrapaladan eta ausartegi jokatzen dute. Haurrak dira, azken batean. Hori dela eta,CONSUMERek balorazio sistema zorrotza diseinatu du jolas guneen kalitatea eta segurtasuna epaitzeko. Sistema zurruna eta nahikoa zigortzailea da, aldizkari honek kontsultaturiko adituen diotenez jolaserako gailu horiek arrotz baitira haurrarentzat (ez dira bere eguneroko bizitzako gauzak) eta arriskua beren baita dute. Horri guztiari haurraren psikomotrizitate mugatua gehituz gero (haurren mugimenduak motelak eta zehaztasun gabeak izaten dira sarri), areagotu egiten da istripu arriskua jolaserako aparatuek akatsen bat gertatuz gero, horietako zenbait garrantzirik gabeak izan arren.
ONUk honela ezartzen du 1959ko Haurraren Eskubideen Adierazpenean: “haurrak bete-betean gozatu behar ditu jolasa eta olgeta eta heziketak bilatzen dituen helburuetara bideraturik izan behar dute horiek; gizarteak eta agintari publikoek ahalegina egingo dute haurrek eskubide hori goza ahal izan dezaten”. Geroztiko adierazpenetan, nazioarteko erakunde gorenak azpimarratu egiten du era honetako jardueren beharra haurraren nortasuna egoki gara dadin.
Bestalde, adin txikikoen aisialdi eta jolaserako eskubidea Espainiako Konstituzioan ere jasotzen da eta botere publikoek osasun-heziketa, heziketa fisikoa eta kirola eta aisialdiaren erabilpen egokia bultzatu egingo dutela adierazten da bertan.
Helduek ere badute zeregina
Haurrek jolas parke batean gustura jolas egin eta ahalik eta arrisku gutxien izan dezaten, ez dira jolaserako aparatuen kalitatea eta zainketa egoera edo kokatuta daudeneko gunearen egokitasuna bakarrik kontuan izan behar. Funtsezkoa da haur horiek guraso eta irakasleen aldetik jasotzen duten heziketa ere. Pertsona heldu batek haur bat parkera eramaten badu, argi izan behar du material onenak eta diseinurik egoki, ergonomiko eta seguruenak dituen guneak ere mugak dituela. Beste hitz batzuekin esanda, istripuak ez direla tresnen akats edo mugengatik bakarrik gertatzen. Sarritan, haurren ustekabeko ekintzek eragiten dituzte istripuak eta ekintza horiek ez dira beti aparatuaren diseinuan aurreikusita egoten.
Haurrek beren kabuz jolasak probatzeko beharra izaten dute; aholkuekin ez dute aski. Hori dela eta, umeek arrisku gutxiago izan dezaten, gurasoek ulertarazi egin behar diete, ahalik eta modurik didaktiko eta atseginenean gainera, zein arrisku dagoen, bistakoak ez diren arriskuak batez ere. Komenigarria da, beraz, haurrekin batera jolas egin eta bakarrik moldatzen erakustea. Elkar errespetatzen eta inori bultzarik ez egiten irakatsi beharko zaie, batez ere leku altuetan dabiltzanean. Txirristetan, adibidez, aurrekoa beheraino jaitsi arte jaisten ez hastera ohitu behar lukete haurrek.
Mugimenduan dauden aparatuetara larregi ez hurbitzen erakutsi behar zaie, batez ere zabuetara, kolpe askoren eragile baitira. Halaber, laban egitea ekiditen ikastea komeni da; zer zapaltzen duten begiratu eta igotzeko egituretan ondo helduta ibiltzea. Beste arreta neurri garrantzitsu bat ere bada, parke hauetan gutxi zaintzen dena; haur nagusienek txikienak ahulago direla ohartu behar lukete eta errespetatu eta aurrean hartu gabe ibiltzen ikasi. Beste ohitura on bat, gizalegezkoa: jolas guneetan antzematen diren segurtasun eta zainketako akatsen berri agintariei ematea. Eta, jakina, dagokion konponketa eskatu.
Araudirik ez
Zoritxarrez, ez dago estatuan haurren parkeetako aparatu eta instalazioek segurtasun eta kalitate aldetik nolakoak izan behar duten xedatzen duen araudirik. Hori dela eta, Europako araudietan oinarritu da CONSUMER (Elkarteko EN 1176 eta 1177, eta DIN-7926 alemaniarrean) eta adituen aholkularitza erabili da aparatuen egoeraren ebaluaziorako irizpideak ezartzeko.
Sarritan, jolaserako aparatuetan antzemaniko ekipamendu akatsek araudi horietan dute erreferentzia. Adibidez, zabu edo ziburuek 60 graduko makurdura lortzen dutenean, lurrerainoko altuerak ez du 2 metro baino handiagoa izan behar. Txirristetan, berriz, erorketa libreko altuera metro bat edo gehiagokoa bada, eskaileran eta goiko aldean eskubanda izan beharko da. 2 metrotik gorakoa bada, gainera, nolabaiteko babesa izango du goian. Txirristaren luzeran berriz, lurrerainoko altuerak 25 eta 35 zentimetro bitartekoa izan beharko du. Din-danek, ostera, sistemaren bat izan beharko dute lurra jotzean kolpeak moteltzeko.
Gainera, aparatua jarrita dagoen lekuko zoru motaren arabera desberdina izango da erorketa libreko gehienezko altuera (zenbait eta gogorragoa, orduan eta altuera txikiagoa onartuko da). Zentzu horretan, 10 zabutik baten altuera handiegia zen zoru mota horretarako. Din-danen artean, %23 eta gainera, aparatu hauen beste %23 batean akatsak antzeman ziren neurrien aldetik; ondorioz, tresna mota honetan %46 ez da zuzena Europa mailako gomendioen arabera. Txirristen artean, %21ek altuera libre handiegia zuen. Beste txirrista askotan akatsak aurkitu ziren neurrien aldetik eta banaka batzuetan zorua ez zen egokiena. Laburbilduz, txirristen %38k ez du errespetatzen Europako araudia. Eta joko anitzetarako edo multzoko egituretan %17k ez du araua betetzen. Haurren jolas-parkeetako segurtasunean funtsezko alderdia aparatuok kokatzen direneko zorua da.
Pabimentu sintetiko, kautxuzko edo antzekoa izaten da seguru eta gomendagarriena (haurra eroriz gero, kolpea ondoen moteltzen duena delako), jartzerakoan garestiena den arren. Txostenean argi geratu da agintariak hasi direla adituen aholkuei jaramon egiten: jolas parkeen %40 kautxu edo beste gai sistetikoren baten gainean dago. %37an zorua hondarrezkoa da, istripuen kasuan interesgarria, baina higiene aldetik arazoak sortzen dituena. Gainera, hondarra trinkotu egin daiteke eta zoru gogorra gertatu eroriz gero. Baina oraindik ere aparatu larregi dago zoru arriskutsuen gainean, hormigoian (%11) eta harrizko adokinetan (%5). Maiztasun txikiagoarekin, hartxintxarra, belarra edo egur-zatiak (onargarriagoak) %3,5, %3 eta %4tan daudela, hurrenez hurren.
Bestalde, jolaserako tresnetako materialik ohikoena metala da, horien %86k metalezko zatiak baititu. Mugikari eta zabuak metalezkoak izaten dira gehienak. Gailuen %67tan zurezko zatiak daude. Jolas anitzetarako egiturek baliatzen dute gehien material mota hori. PVCa ez da hain ohikoa: tresnen %46an bakarrik agertzen da eta arruntagoa da multijokoetan. Adituen iritziz metalezkoen ordez egurrezko edo plastikozkoak jartzea komeniko litzateke.
Jolas guneei buruzko Europako EN arauak indarrean sartzen direnean, erantsi egin behar lirateke Espainiako araudietara ere. Ordura arte, aldi baterako neurriak hartu behar lirateke haurren jolaserako guneak normalizatzeko arau teknikoak onar daitezen, elementu horien kalitatea eta segurtasuna bermatzeko. Horrela, udaletako teknikariek jakingo lukete nola jokatu. Hona hemen zenbait ekimen interesgarri:
- Trafikoa: jolas guneak autoen ibilbideetatik babestu, bitarteko natural (landare-hesi) edo artifizialen (horma edo hesi) bidez bereiztuta. Edo, hori baino hobeto, parke berriak autoen ibilbidetik aldenduta jartzea.
- Haur ezinduak: erabiltzaile horientzat parkeetarako sarbidea hobetzea.
- Azalera gogor eta segurtasun gutxikoak (hormigoi edo harrizkoak) kendu eta horren ordez kolpe eta erorketak motelduko dituztenak jarri (kautxua, material sintetikoa). Hondarrezkoa bada (material onargarria baita), etengabe betetzea eta berritzea eskatzen du.
- Aparatuetako metalezko elementuen ordez zurezko eta plastikozkoak jarri.
- Gune horien kontserbazioa eta higienea hobetu. Arriskuak sortzen dituzten ekipoak berehala konpondu edo aldatu. Behar adinako maiztasunezko ikuskapena egitea da neurririk egokiena.
- Informazio gehiago: karteletan iragarri, istripurik izanez gero laguntza emango luketen hurbileneko osasun zentroak, eta instalazioen matxura eta akatsak non jakinarazi behar diren.
- Erabiltzaileen adinaren arabera, jolasak edo parkeko gunean bereiztu.
- Guraso eta umeak gune hauen erabiltzearen ondorioz sortzen diren arriskuez ohartarazi.
Ainguraketa arriskutsuak
Aparatuak lurrean finkatzeko erabiltzen diren ainguraketei dagokienez, oso gutxi zeudean lurrean finkatu gabe. Segurtasun neurri gisa baino, bandalismoaren aurkako prebentzio neurri gisa gomendatzen da ainguraketa, aparatuak iraultzea ekiditen duen arren. Aparatuen %15 ez zegoen zorura ondo finkatuta, oinarriaren zati bat kanpora irtenda baitzegoen, lurpean egon beharrean. Egoera hori arriskutsua da erorketarik izanez gero. Bestalde, aparatuen %10ean torloju irtenegiak aurkitu ziren (zorura finkatzeko), haurrak eroriz gero horrek dakarren arriskuarekin.
Kokapen desegokiak eta oso informazio gutxi
Azterturiko jolas guneen %56 nolabaiteko hesi, horma edo murruren baten bidez itxita dago. Itxiturak edo itxiturarik ez izatea bera arriskutsu dira haurrentzat bisitaturiko lekuen %13an. Espainikoa Herri Defendatzaileak haur parkeei buruz egindako ikerketaren arabera, “beharrezkoa da jolaserako lekuak trafiko-guneetatik aldentzea”. Oraindik badago zer egina, ia parkeen erdietan trafikoa dago hurbil eta horrek eragina du jolasetan, zaratagatik edo haurrak kolpatzeko arriskua dagoelako. Halaber, jolas guneetan informazio baliagarririk ez dagoela egiaztuta da (%82an ez zegoen inolako informazio-kartelik), istripurik gertatuz gero zein osasun zerbitzutara joan daitekeen (bisitaturiko guneen %1ean baino ez) edo instalazioetako akatsak konpontzeko mantentze lanetarako teknikariei buruz (%6 bakarrik, ia gehienak Bilbon). Modu berean, ez da bat ere ohikoa (guneen %10ean bakarrik, ia guztiak Bartzelonan) guneak edo aparatuak erabiltzaileen adinaren arabera bereiztuta eta sailkatuta aurkitzea.