Mamografien eraginkortasuna, zalantzan
Ikerketa horretan zientzilari daniarrek ateratzen duten ondorioaren arabera, errutinazko mamografiak egiteak ez du hainbeste gutxitzen bularreko minbiziagatiko hilkortasuna. Bularreko minbizia garaiz antzemateko 50 urtetik gorako milioika emakumeri (hainbat hamarkadatan zehar gizartean sentsibilizazioko lan handia egin ondoren) aldian behin errutinaz egiten zaion proba horrek balio eskasa du ikerlari daniarren iritziz. Biztanleentzat hain delikatua den gai batean horrelako baieztapen borobilak egiteak emakumeen artean kezka eta zalantzak eragiteaz gain, polemika bizia sortu du bularreko minbizia antzeman eta tratatzeko lanean diharduten zientzialari eta medikuen artean.
Horietako gehiengo handi bat, gaitza antzemateko programetako arduradunak besteak beste, ez datoz bat ikerketa horren emaitzekin eta programa hauei esker azken hamar urteotan bularreko minbiziagatiko hilkortasuna gutxitu egin dela diote. Azterketa horiei esker milaka emakumek mamografia egiten du urtero, gaitz beldurgarria hainbat lasterren antzeman ahal izateko. Ikerketa horrek zalantzaren itzal kaltegarria hedatu du osasun arloko agintariek eta hainbat erakundek -emakume taldeek bereziki- komunikazio kanpaina garestien bidez kostata ezarri duten prebentziozko jarduera horren inguruan. Ikerketaren emaitzek, logikoa denez, gai horren inguruan aurrez egin diren ikerketak berrikustea eragingo dute; ikerketa horietan oinarritzen ziren osasun arloko agintariak emakumeak proba egitera gonbidatzeko.
Izan ere, mamografia milioika emakumeri egiten zaie herrialde garatuetan, horrek dakarren kostuarekin. Gainera, ezin ahaztu probak berak emakumeei eragiten dizkien eragozpenak, eragozpen fisikoak izan ez arren; minik gabea eta arazorik gabea baita, zenbaiti sortzen dion kezkaz aparte. Mamografia egiteak zentro espezializatuetara joatea eta gestio txiki batzuk egitea eskatzen dio, normala denez, emakumeari eta baita nolabaiteko kezka sortu ere; baina eragozpenak hutsaren hurrengoak dira, proba gaixotasunaren tratamenduan eraginkorra baldin bada.
Ikerketek besterik frogatzen dute
“The Lancet” aldizkariak argitaratzen dituen txostenak zorrotz aukeratu ohi dituen medikuntza munduko argitalpen prestigiotsuak oraingoan kaleratu duen artikuluak hedapen handia izan du prentsa ez espezializatuan eta masa komunikabideetan: irrati, telebista, egunkari eta aldizkarietan eta horrek mesfidantzaren hazia erein du emakumeen artean; eta, ondorioz, eragin negatiboa izan dezake bularreko minbizia garaiz antzemateko kanpainen indarrean. Hala ere, aldizkariak azterketa polemiko horren ondorioak argitaratu arte, aurrez mundu zabalean egin ziren balio estatistiko eta zientifikoko zortzi ikerketa handiek aho batez adierazten zuten mamografiei esker %15 eta %40 artean gutxitzen zela 50 urtetik gorako emakumeen artean bularreko minbiziak eragindako hilkortasuna; batez beste, %25 murrizten da eta hori lorpen izugarria da pertsonen bizitzari dagokionez.
Eta 50 urtetik beherako emakumeen artean, aipatutako zortzi ikerketetatik bitan baino ez zen hilkortasunaren murrizketa aipagarririk gertatu. Hitz gutxitan esanda, ebidentzia klinikoak argi erakusten du mamografia azterketa baliagarria dela bularreko minbizia antzemateko. Eta proba hori egiteak ez du inolako arriskurik sortzen. Espainiako Onkologia Medikoko Elkarteak ere eman du iritzia auzi honen inguruan: “Eztabaida ezinak dira bularreko minbiziaren diagnosi eta terapiarako mamografiak duen balioaren inguruan bildutako ebidentziak eta horrek nabarmen gutxitzen du gaitzak eragindako hilkortasuna”. Ez dago, beraz, emakumeei itxaropena kendu eta kezkatzeko arrazoirik, are gutxiago bularreko minbizia garaiz antzemateko kanpainak zalantzan jarri eta baztertzekorik. Izan ere, kanpaina horrek lagundu egiten du behar adinako aurrerapenez antzemandako kasuetan tratamendua, bularra moztu beharrik gabe eta arinago egitea eta gaitz hori duten emakumeen biziraupen eta bizitza kalitate hobea bermatzen da.
Oso ohikoa emakumeetan
Bularrekoa da emakumeen artean minbizi ohikoena. Mendebaldeko gizarteetan handitzen ari da gaitz horren eragina eta, gero eta sarriago, emakume gazteengan ere agertzen da, eragin nagusia 50 urtetik gorakoen artean izaten duen arren. Bularra hainbat lobulu edo gingilek osatzen dute (6tik 9ra bitartean), eta horietako bakoitzean lobulutxo batzuk daude, esnea sor dezaketen dozenaka erraboil txikitan amaituak. Esne hori titibururaino iristen da hodi txiki eta finetan zehar. Bularra aberatsa da zuntz koipetsuetan, koipe horixe baita lobulu eta hodien arteko betegarria. Odol- eta linfa-basoen sare oparoa ere badu bularrak eta horien bitartez hedatzen dira, minbizi kasuan, minbizi-zelula gorputzean zehar. Hainbat bularreko minbizi mota dago erregistraturik, baina ohikoena kartzinoma duktala da.
Lobuluetakoa ere arrunt samarra izaten da. Beste mota arrunt bat lobuluetako kartzinoma da. Gainerakoak ez dira hain sarri agertzen. Bularreko minbiziak ez du abisurik ematen: garatzen hasten denean ez du minik eta bestelako ondoezik sortzen. Handi egitean, kozkorra sortu, titiaren forma edo tamaina handitu, titiburutik likido bat isuri eta titiburuaren uzkurdura gerta daitezke, edo baita titiaren azalean edo sentsibilitatean aldaketak gertatu ere. Batzuetan, galtzarbean kozkor bat sentitzea izaten da lehen sintoma. Horrelako sintomaren bat sumatzen duen emakumeak medikuarengana joan behar du berehala, azterketa egin eta diagnostiko zuzena aurkitu ahal izateko. Baina ez da larritu behar: zorionez, kozkor guztiak ez dira minbizia izaten eta hainbat proba egin beharra dago (ekografia, orratz finez biopsia eta zurgapena, biopsia kirurgikoa…) tumorea nolakoa den zehazteko. Kasu askotan tumore ona izango da, fibrokistea.
Garaiz antzematearen garrantzia
Gaitza garaiz antzematea, kasu askotan, funtsezkoa izaten da bularra moztea (mastektomia) eta metastasia ekidin, biziraupena bermatzea, eta gaitza behin betiko sendatzea, ahal bada. Garaiz antzemateko mamografian, titiaren azterketa klinikoa eta autoesplorazioan (emakumeak berak bularra aztertzea) oinarritzen da. Emakume askok egiten du aldian behin berak azterketa. Titiak aldaketa asko izaten du denboran zehar, baita hilekoak, haurdunaldiak, menopausiak eta antisorgailuak edo beste hormona batzuk hartzeak eraginda ere. Baina adituen iritziz, 50 urtetik gorako emakumeen kasuan titietako auto-azterketak ez du ordezkatu behar noizean behin mamografia egitea.
Mamografia bularreko erradiografia da. Oso erradiazio maila txikia erabiltzen da. Normalean bular bakoitzeko bi erradiografia egiten dira, bata albotik eta bestea goitik. Irudia argia eta garbia izango bada, bularra apur bat zanpatu egin behar izaten da bi plakaren erdian; apur bat ezerosoa izaten da emakumearentzat, baina segundo batzuetako kontua besterik ez da. Tumore batzuetan, denetan izan ez arren, sintomak agertu edo sumatu ahal izan baino lehen antzematen dira lesioak. Horrela, kisteak eta kaltziozko garau txiki-txikiak (mikrokaltzifikazioak) ikusi egiten dira.
Gehienetan gaitzik gabeak izaten diren arren, garaiz eman dezakete minbiziaren berri. Dakigunez, minbizia giza gorputzaren edozein ehunetan ager daiteke eta zelulak era anarkikoan eta inolako ordena eta kontrolik gabe zatitu eta biderkatzen direnean sortzen da organismoaren kontrol naturalari ihes egin baliote bezala. Zelulak horrela biderkatzen direnean, zelula-masa sortzen da, “tumore” izen beldurgarria hartzen duena. Gauza jakina da tumoreak onak edo txarrak izan daitezkeela; txarrak direnean baino ez da minbizia izaten. Gaitzik gabeko tumoreak leku jakin batean egoten dira, ez dira hedatzen eta ez dute beste ehunik harrapatzen edo gorputzeko beste atal batzuetara zabaltzen. Minbizia, berriz, hedatu egiten da. Beste leku eta organo batzuetara zabaltzeari metastasi esaten zaio.