Ondo lo egingo banu...
Lorik egin ezina lau bizilagunetik baten arazoa da eta pertsona horien bizitza kalitateak galera handia izaten du. Ondo lo egitea, plazerra ezezik ezinbestekoa ere bada giza-organismoa fisikoki eta buruz ongi errekupera dadin.
Gaua esna pasatzeak egunez nekatu eta haserrekor egotea eragiten du, arreta maila eta memoria gutxitu egiten da eta burmuinaren aktibitatea %20ra arte ere gutxi daiteke. Insomnioa zerk eragiten duen aurkitu eta ohitura txarrei aurre egitea da tratamendurik onena.
- Giro egokia: Logela, etxeko lekurik lasaienean. Isola ezazu gela zaratetatik gortina eta alfonbren bidez, soinua moteldu egiten baitute.
- Hotz edo bero handiegiak zailago egiten du atsedena. Zaindu logelako tenperatura 18 eta 20 gradu bitartean. Hezetasunik ezak ere arnasbideak kaltetu egiten ditu eta ahoa eta sudur-zuloak lehortzea eragiten du, loa galaraziz. Jar ezazu logelan hezagailu bat edo ontzi batean ura.
- Koltxoiak erosoa izan behar du; ez biguna, ez gogorra. Burkoak, berriz, gogortasun eta altuera egokikoak. Izarek, leunak. Ehun sintetikoek ez dute arnasa ondo hartzen eta satenezkoak, adibidez, oso labainkorrak dira.
- Oheratu aurretik ur berotan bainatu, infusioa bat edo basokada esne epela hartzea oso lagungarri izaten da loa erakartzeko.
- Aparkatu arazoak ohera joan aurretik. Ez utzi laneko eta familiako gorabeherei eta arazo pertsonalei loa kentzen. Oso zaila da, baina saiatu egin behar dugu.
- Ezarri gaueroko errituala: irakurri liburu arin baten orrialde batzuk eta kontzentratu pentsamendu atseginetan. Esnatzen bazara, ez begiratu erlojuari. Aldatu postura, itxi begiak eta ahalegindu lasaitzen. Bihar ere argituko du egunak.
- Loak hartzerik lortzen ez baduzu, ez geratu ohean bueltaka. Jaiki eta egin gauza lasaigarriren bat, musika lasaia entzun edo liburu aspergarri samarren bat irakurri, adibidez. Laster agertuko da logurea.
- Ez egin siestarik.Horixe da okerrena loaren oreka berreskuratzeko.
- Ohea lo egiteko da. Ez irakurri, telebista ikusi edo jan ohean.
- Zaindu bizitzako erritmo erregularra. Saiatu egunero ordu kopuru bera lo egin eta beti ordu berean oheratu eta jaikitzen.
- Neurriz afaldu eta itxoin gutxienez bi ordu oheratu arte. errefluxu gastroesofagikoa (gauetan bihotzerrea) baduzu, ez jan jaki min edo astunik. Gosez oheratzea ere ez da gomendagarria.
- Ez edan alkoholdun edaririk. Hasiera batean logurea eman arren, lo arinagoa eragiten du alkoholak.
- Ez hartu kafe, te, txokolate edo beste edari estimulagarririk, batez ere arratsaldez eta gauez.
- Botika batzuek eragina izaten dute loarengan: kortikoideek eta hainbat diuretiko, antidepresibok eta antikantzerigenok adibidez.
- Erretzailea bazara: nikotina estimulatzailea da eta lorik eza eragin dezake. Goizaldera esnatzen bazara, ez piztu zigarrorik: lasaitu beharrean, urduritu egingo zaitu.
- Ez hartu botika lasaigarririk medikuaren agindurik gabe. Somniferoek menpekotasuna eragiten dute eta areagotu egiten dute nerbioetako desoreka. Horren ordez, har itzazu belarrak: pasio-lorea, valeriana edo lupulua, osasunari kalterik egin gabe lasaitzen lagunduko dizute eta.