Errudun sentimendua

Hobe ez zigort

1 azaroa de 2004
Img interiormente listado 139

Hobe ez zigort

Bizitzako egokiera askok sentimendu eta emozioak pizten dituzte gure baitan. Horietako batzuk poz eta alaitasunezkoak izaki, barrea edo, areago, negarra ere eragiten digute, emozioaren emozioz. Beste batzuek, aldiz, tristezia eta atsekabezkoak direnez, isiltasun eta nahigabera garamatzate. Horrelaxe gertatzen da errudun sentimenduarekin, adibidez: agertzen denean, behar bezala tratatzen ez badakigu, geure baitan blokeatu eta bakartzera eraman gaitzake. Horretaz jabetzeak, ordea, errudun sentimendu hori gainditzen eta geure buruaren inguruko iritzia bideratzen lagunduko digu, errua zigor bihurtu gabe.

Nolatan da errua horren bortitza?

Erruak, heriotza senarekin eta autosuntsipenarekin du lotura. Gaizki barneraturik, gizakia pasibotasunera darama, erruduntasun horretatik askatuko duen zerbait edo norbait iritsi arte defentsarik gabe utzirik: pertsona, ideologia edo sinesmen horrek hartuko duen ahalmena sekulakoa delarik, gizakiari bere buruaren gaineko erantzukizuna gauzatzea ere galaraziko dio.

/imgs/20041101/interiormente01.jpg
Errudun sentimenduak berebiziko eragina du gure baitan abandonatuak gertatzeko beldur garelako eta geure bizitzaz erantzutea galarazten digulako. Abandonatze horren beldurra, jakina, logikoa da, sortzez onartuak eta maitatuak garelako denok; beraz, geure buruaren kontrako errua barneratuz gero geure balio pertsonalean ez dugu sinesten eta maitasuna zor ez zaigula, merezi ez dugula uste izaten dugu. Ondorioz, gainerakoek izatea nahi (omen) duten bezala izaten ahalegintzen gara, besteek abandona ez gaitzaten. Azkenean, ordea, geure izaera den bezala agertzen denez, abandonatuak izateko beldurra harik eta larriago bihurtzen da. Orduan, gizakiak bere buruari erasotzen dio, purrustadak, kexak eta gaitzespenak etengabe eginez, errua ordaintzeko eta bizitzaren jabe izateko xedez. Horrela lortzen den gauza bakarra, berriz, nork bere burua geroz eta baliogabeagotzat jotzea eta, horrela, askatasuna iritsi ordez, urrundu egiten da, benetan ezinezko bihurtu arte: izan ere, errua da aske izatea eragozten diguna, ez beste gizakiek.

Nola dakigu errua amenazo dugula?

Seinale fisikoak (bularrean presioa, bihotzerrea, buruko mina, bizkarreko mina), seinale emozionalak (urduritasuna, artegatasuna, erasokortasuna, odolberotasuna) eta seinale mentalak (geure buruari purrustadak botatzea, salaketak egitea) jaso ohi ditugu, errua gaizki administratzen ari garela ohartaraz gaitezen.

Era horretan are eta gordinago gerta daiteke pentsaera sistema polarizatuta dugunean (gauzak zuri edo beltzak, on edo txarrak direla uste dugu, ez dugu onartzen erdigunerik, erdibiderik), negatiboa (kontrako alderdiak bakarrik hartzen ditugu kontuan eta, gainera, nabarmendu eta handitu egiten ditugu, alde mesedegarriak gogoan izateke), zurruna (geure buruari ezartzen diogun arau sistema zorrotza da eta bertan egin beharrekoa zernahiren gainetik lehenesten dugu), neurriz gainekoa (geure bizitzaren gaineko erantzukizuna bertan behera utzirik, besteen bizitzen eta gure inguruan gertatzen den zernahiren ardura geureganatzeko joera dugu horrelakoetan) edo perfekzionista (eskakizun maila perfektua ezartzen dugu, egiten dugun den-denean).

Zeinahi sentimendurekin gertatzen den bezala, bizitzan erreferentzia hartu dugun balio eskalaren ondore da errua. Gure ereduzko jokamoldea eta bizi izaniko errealitatea bereizteak, elkarrengandik urruntzeak gatazka pertsonal mingarriak ondorioztatuko dizkigu eta, bukaeran, gertaeren aurrean erreakzionatzeko hiru moduetako batean gorpuztuko dira:

  • Erreakzio endopunitiboak: gertatu den guztiaren errudun bakar sentitzen gara.
  • Erreakzio exopunitiboak: zernahiren errua, are gure gaitzena ere, besteena da; horrela uxatzen dugu gertatutakoaren erruduntasuna geure burutik.
  • Erreakzio inpunitiboak: inor ez da ezeren errudun, gure ustez, gorabeherak dira dena eragiten dutenak. Arrazoitzeko modu honek ere badu alderdi onik. Horrela itoalditik irten egingo gara egoera tamalgarriago bihurtu gabe; beste aldetik, ordea, soilkerian eta arduragabekerian eror gaitezke (beraz, erne egon beharko, bada ezpada).

Errua bai, zigorra ez

Gure pentsaeraren eta jardueraren artean zenbat eta tarte txikiagoa izan, eta gure arrazonamendua absolutuetatik, zurruntasunetatik eta perfekzioetatik zenbat eta urrutiago egon, orduan eta gutxiagotan sortuko da gure baitan errudun sentimendua. Dudarik gabe, inkoherente garenean agertzen da sentimendua: une horretan deskalifikazioa eta zigorra baztertzen ditugun heinean askatuko gara itomenak eraginiko ezintasunetik eta behar bezalako barne-malgutasuna mantenduko dugu: horrela ikusiko dugu konpondu beharreko arazoa -eta ez, ordea, gure burua suntsitzeko tresna- gure koherentziarik eza dela.

Dena den, aurrekoa praktikan jarrita ere, ez gaude aske: baliteke kaltegarri gerta dakigukeen erru seinale hori piztea. Arazoa ez da seinalea sentitzea, haren presentziari aurre nola egingo diogun erabakitzea baizik.

Errua agertzen denean erronka argi dago: sentimendu hori hurrengoetako bat bihurtu beharra dago:

  • Egiten ari garena nola egiten ari garen auzitan jar dezagun balio duen ohartarazpena. Batzuetan ona izaten da geure burua ere auzitan jartzea, berrikuspen pertsonalek gure burua aberastea laguntzen dute eta.
  • Zergatik sortu den gogoeta egin eta aztertzeko unea, geure buruari balioa ukatzera sartzeke, sufrikarioan eta artegatasunean amildu gabe.
  • Errua sentiarazten digun jokaera zein den galdetu eta zehaztera eramango gaituen barne hizketa.
  • Konponbideen bilaketa edo, hori ezean, eragindako kaltea ordaintzeko bideen bilaketa.
  • Gure jokaerak kalteturiko pertsonei barkamena eskatzea.

Errudun sentimenduak azterketa ondo egitea galarazten digun egoera emozionaleraino eraman bagaitu, profesionalarengana jotzea komeni izaten da, bidezko konponbideak bilatzen laguntzeko.

Errutik alderdi onuragarriak ateratzea

Erruaren aurrean, geure erantzukizuna praktikan jarri ordez, beldurrak eraginiko mugiezintasunean amiltzen bagara, geure burua deskalifikatzeraino (gaiztoa naiz, egoista…) eta zigortzeraino (sufrikarioa sortarazten duen agresibitatea) iritsiko gara. Bestetik, ordea, erru horren agerpenean eginkizun osasungarria antzeman dezakegu, gatazkaz kontzientzia harrarazten digulako; hortik aurrera irtenbideak aztertzeko eta gure bizitza koherentea suspertzeko bidean aurrera egin ahal izango dugulako.

Erruduntasuna sortarazi digun araua urratzea hurrengo arrazoiren batengatik izan da:

  • Pentsamendu sistema polarizatu, zurrun, negatibo, dimentsioz gainezka edo perfekzionista daukagulako.
  • Aparteko egoera batzuek une horretako premiak aintzat hartzea agintzen dutelako.
  • Nahi ez badugu ere, gure jarduera ez dator gure balioekin bat.

Aurreneko bi kasuetan ikusiko dugunez, kodea mugiezina ez denez, urraturiko araua malgutu, testuinguru jakin batean kokatu, gehiago zehaztu eta puntualizatu egin dezakegu. Kontua ez da araua urratzea, haustea; kontua da araua aberastea, zurruntasuna erauziz. Errua geure balio sistemarekin koherentziaz jokatu ez dugulako agertzen bada, ondorioei erantzun, arduraz jokatu eta gure jokaerak kalte egin dionari barkamena eskatu beharko diogu.