Hedabide orokorrek geroz eta orrialde gehiago eta espazio handiagoa eskaintzen diote ekonomiari buruzko albisteak jakinarazteari. Nondik ote dator jakin min hori?
Aspaldi honetan etxerako loreak Lista kaleko postu batean erosten ditut ostiralero. Bertako nagusiak “Radio Intereconomía” aditzen du; halako batean, ene harriduratik irten nahian edo, irrati hura zergatik sintonizatzen zuen galdegin nion. Oso irrati interesgarria zela erantzun zidan, aurrezkiak ongi maneiatzen laguntzen baitzion. Hor dago, niretzat, espainiar kultura ekonomikoaren areagotzearen seinaleetako bat. Lehenago, informazioak Burtsan gertatzen zena baizik ez zuen hedatzen. Egun hiritarrek gaurkotasun ekonomikoari adi-adi egoteak aldaketa -mesedegarria, inondik ere- gertatu dela adierazten digu, jendeak zentzumen handiagoz jardutea laguntzen baitu horrek.
Zentzumenezkotasun hori ez da atzematen etxebizitza alorrean. Aspaldi honetan Espainian sekula baino etxe gehiago egin dira baina, halaz ere, etxebizitza behin ere baino garestiago dago. Zerk egin du huts?
Eskaintzak prezio garestiak jartzen ditu eta eskaerak horiek onartzen ditu. Ene ustez, hori Espainiako Epaitegi Konstituzionalaren okerreko erabaki baten ondorio da: Epaitegi horrek, 1997an erreformatu zen 1992ko Lurzoruaren Legea inkonstituzionaltzat jo zuen. Lege haren arabera, lurzoruaren erregulazioa estatuaren eskuduntza zen eta ingurugiro, kultura edo antzeko arrazoiengatik babestua ez zegoen zeinahi lurzorutan etxeak egiteko aukera emango zuen. Epaitegi Konstituzionalak horrela ulertu ez zuelarik, lurzorua Erkidegoek eta Udalek erregula zezaten erabaki zuen: erakunde horiek eskaintza murriztu eta urbanizagarri izatea nahi duten lurzorua bakarrik liberatu dute eta, gainera, nork, zenbat eta nola eraiki dezaken erabaki dezakete: horrexek garestitzen du eskaintza.
Eskaerarekin, ordea, zer gertatu da?
Lurzoruaren murrizketa hori hiru elementuk baldintzatutako eskaerarekin bat etorri da. Lehena, lurzorua epeka erosten da, interes tasak apal-apalak direlako: “Zorretan sartuko naiz, aukera dut eta; ordainduko dut zorra, pixkanaka bada ere”. Bigarren baldintza, azken urteotan ugaldu den eskatzaileen kopuruari dagokio: gazteen emantzipazioaz gainera, inmigranteak ere, hasieran gorriak eta bi bizi behar baditu ere, gerora egoera ekonomikoa lasaitu eta etxea jabetzan hartzen du. Hirugarrenik, Espainian kostaldeak duen garrantzia aintzat hartu beharra dago. Udatiarrari sasoi horretan gozatzeko aukera emateaz gainera “Florida efektua” finkatzen ari da: bigarren egoitza izan ziren etxebizitzak lehen egoitza bihurtzen dira Europa osoko adineko jendearentzat, bere bizitzako azken urteak itsas ertzean eman nahi ditu eta. Etxebizitzaren eskaerak bere horretan segituko du, hitz batez.
“Higiezinen burbuilari” ihes egingo zaio, orduan?
Hitzak gaizki erabili edota errealitatea larritu egiten dugu maiz. Estreinako “finantza burbuila”, halakotzat, Hego Itsasoetako merkataritzan gertatu zen… duela urte asko eta asko. Jendeak, hura ikusirik, espekulatzeko balioetan inbertitu zuen eta, halako batean konturatu zirenez, saldu eta erosten zen hura besteak baino gehiago irabazteko egarri hutsa baizik ez zen. Higiezinen burbuila serio hartzeko mutur-muturreraino iritsi behar da, Japonian duela urte gutxi jazo zen bezala: orduan, Tokioko jauregi inperialaren azalerak Kalifornia osoak bezainbeste balio zuen. Horretara iritsi ezean ez a burbuilarik.
Jendea orain aberatsagoa da, izan, ala hori sinestarazten ari zaio?
Jendeak diru gehiago eta ahalmen ekonomiko handiagoa dauka, baita prestakuntza eta kultura handiagoak ere. Une hauetan espainiarrak Europar batasuneko aurreneko herrialdeetatik gertu gabiltza baina, hori baino garrantzi handiagoko seinale bat dugu: Mundu Bankuaren azken txostenaren arabera aberastasunaren banaketa Frantziakoaren parekoa da eta Britainia Handikoa baino hobea. Pizgarria da hori espainolontzat.
Zenbat zor dio aberastasunaren sorrerak teknologiari?
Asko: gure historia azken 20 mendeotan azterturik, aise konturatuko gara zeharo bestelako egoeran bizi garela. XIX. mendera arteko gizartea ia-ia neolitokotzat jo dezakegu. Julio Zesarren garaiko erromatar hiritarra eta Napoleonen garaiko frantses hiritarren artean alde gutxi zegoen. Izan ere, bi militarren batailak eta gerra ulertzeko moduak antz-antzekoak ziren. Lehen iraultza industrialak mundua erabat aldarazi zuen. Ondoren, iraultza teknologikoak ere beste horrenbesteko eraldaketa eragin zion. Orain, telekomunikazioen iraultzak, hitz matematikoa erabiliz, garapen esponentziala ekarri du. Eta aurrera doa, unetik unera azkartuz.
Azkartasun horrek, nolanahi ere, sekulako erasokortasuna ondorioztatzen du: Bushek deflazioa eta debaluazioa terminoak nahasi eta, berehala, horrek yen japoniarraren amildua eragiten du. Aldaki ekonomikoak horren hauskorrak dira, ala?
Berlingo Harresiaz ari zara baina orain 2001eko irailaren 11 omen da historiaren ildoa adierazten duena. Data hori ekonomian ere gorri ote da?
Horixe baietz, nazioartean egoera berri bat ageri baita: islamdar munduak zabaltzeko asmoen ondoriozkoa, alegia. Gogoan izan dezagun gerra hotza -agian bataila askorik gabea baina egiazko gerra, inondik ere-, X batez sinaturiko artikulu batek eragin zuela (egun badakigu X horren nagusia Estatu Departamentua izan zela). New Yorken terrorismoak eraginiko erasoaren ondoren, bi alderdi elkarren kontra ditugu berriro ere: horixe da egungo egoera.
Irakeko gerraren zergatia hori izan zen ala arrazoi ekonomikoak?
Iraken diktadore nazional sozialista arabiar bat zegoen, Sadam Hussein, eta pertsonai hori, fundamentalismo musulmanaren hedapena zela eta, arriskutsutzat jo zuten. Baziren hor interes ekonomikoak, beti dauden bezala, baina oraindik goizegi omen da ondorioak ateratzeko; zuhurragoa da gerra hori historiak juzkatzea.
Zuhurtziaz ari garela, une hauetan defizit publikoa izatea mesedegarria da ala aurrekontuetara egokitzea, doitzea, aholkatzen duzu? Akatsezkoa ote da aurrekontu-diziplinaren gainetik pasatzea?
Egokitzea ezinbestekoa izateaz gainera, nik neuk superabita aholkatzen dut. Espainia kanpo-defizit handiena duten herrialdeetako bat da (BPG-aren %3 ingurukoa) eta egoera hori ezin luza daiteke betirako. Horri amaiera emateko bi lanabes ditugu: soldatak blokeatu edo jaistea, baina hori ezin pentsatuzkoa da; edo, ordaindu ahal izateko, sektore publikoan superabita lortzea. Horrenbestez, ene aburuz, ez omen dugu tarte zabalegirik, gustatu edo ez gustatu.
Nerhu Indiako lehen ministroak bere herriaz “biziki txiroa zelarik, zientzia ez egiteko luxua ezin dasta zezakeela” esan omen zuen. Espainia, biziki aberatsa izatearren, zientziaren premiarik ez ote du?
Espainiarentzat ikerkuntza funtsezkoa da, baina inbertsioa egiteko hezkuntzaren oinarrizko eraldaketa egitea ezinbestekoa da. Hobbes-ek, XVII. mendean, Manchesterko ehungintzaren loraldia ikertu zuenean, ondorio bitxi batzuetara iritsi zen: merkataritzaren osasun ederra Ingalaterran filosofia ongi ikastearen ondore zen: horri esker matematikari onak sortarazten ditu, horrek ahalbideratuko du horietako batzuk astronomo onak izango dira eta astronomo horietako batzuek nabigazioaren hobekuntza aztertuko dute, itsasaldiak seguruak izan daitezen eta, horrela, ontziak merkantzia eta guzti portura onik, lehenago eta lehiakideak baino hobeki iristeko. Hezkuntzan inbertitzea, dudarik gabe, inbertsio ekonomikorik egokiena da. Eta horrek, ene aburuz, gaurkoa den baino zorrotzago izan beharko luke. Haurrak eskolara ikastera doaz, ikasteko dabiltza eskolan.
Hortaz, petrolioaren tiraniari ihes egiteko Platon maizago irakurri beharko genuke, akaso?
Orain bizi dugun egoera ez da idilikoa baina ez du inolako zerikusirik 1978 eta 1979 urteetan bizi izan genuenarekin. Oraingo ondorioak ez dira hain izugarriak, petrolioaren ekonomia orduan baino txikiagoa delako. Garraioan eta nekazaritzan hidrokarburoak funtsezkoak dira, baina ez elektrizitatea lortzeko, adibidez. Horrenbestez, petrolioaren prezioaren eragina ez dago argi-argi, energiaren mendekotasuna bestelakoa delako orain.
Argi dagoena da emakumea lan munduan sartzeak sistema ekonomikora iraultza ekarri duela eta mundu hori oraino ere normalizatzeke dagoela.
Estatu Batuetara Norvegiatik joan zen Veble izeneko emigrante batek (gerora bertako Gobernuan itzal handiko ekonomista bihurtu zena) idatzi zuenez, emakumeak gizartean betidanik funtsezko eginkizuna bete duela baina, hori bai, gizonak nahi izan duen horretara bazterturik. Gizasemeak bere buruarentzat lan “atsegin” edo sormenezkoa nahiago izan du: ehiza, gerra, politika. Emakumea nekazaritzan, etxeko ekonomian, ohiko lanetan ohi zebilen. Halako batean emakumea bera, feminismoari esker, hasi da gizartean (geroz eta lan-esku handiagoaren premian dagoen gizarte horretan, hain zuzen) beste estatus bat eskatzen.
Hori al da emakumeak gutxiago kobratzearen edo zuzendaritza koadroetan urriago azaltzearen arrazoia?
Emakume espainiarra lan munduan sartzea agertzen duten grafikoek argi eta garbi erakusten dute orain dela 50 urte emakumea lanean lehenago hasten zela eta, hortaz, prestakuntza kaskarrago batez ziharduela. Ezkontzearen ondorioz, emaztekien kurba gainbehera zihoan bitartean, gizonezkoenak gora egiten zuen. Seme-alabak hazitakoan hasten zen ostera andrazkoa lanean baina, hori bai, lehenago gizonezko lankide izana zuen haren aldean, okerrago prestaturik zegoen eta meritu gutxiago zituen, logikoki. Egun, gizon zein emakume parean sartzen dira lanean eta, emaztekien kurba gizasemeena baino apalago doan arren, etenik ez da gertatzen gaur. Dena dela, enpresa munduaren iritziz oraino ere, familiaz gizona baino emakumea gehiago arduratzen denez segurantzia urriagoa eskaintzen dio, lana gutxiago balioesten dio eta, jakina, okerrago ordaintzen dio andrazkoari. Ene ustez, ordea, egoera epe ertainera edo, aldatu egingo da, eskatzeko bidezkoa dena baino areago, emakumeak bere gaitasuna erakutsia duelako dagoeneko.
Dena den, seinale askok dioskutenez, pertsonaren bizitzan lanak geroz eta garrantzi gutxiago izango duen mundurantz omen garamatza sistemak eta, mundu horretan, aisia izango da balio ordezkatzailea. Pairatuko ote du aldaketa hori sistemak?
Eraldaketa hori Keynesek iragarri zuen Madrilgo Ikasleen Egoitzan 1930 urtean emaniko hitzaldian: katastrofe edo gerra ikaragarririk gertatu ezean, XXI. mendearen erdialdean politika ekonomiko orekatua luketen Mendebaldeko herrialdeen produkzioa ikusgarria izatera iritsiko omen denez, gabeziazko arazo ekonomiko asko eta asko suntsitu eta, ondorioz, beste arazo bat sortuko litzateke: aisialdia baliatzea. Ekonomiako Nobel saridun den Fogel-ek, 1999an, tesi bat betetzeari buruzko artikulua kaleratu zuen; tesi horren arabera, lanordu gutxi batzuek bizi kalitatea hobetzeko moduko artikuluak erdiesteko modua emango luke eta lanarengatiko kezkaren ordez, aisialdia kudeatzen asmatzeko edo jakiteko kezka agertuko zen, geroz eta etapa luzeagoa den erretiroa hartuz geroko horretan, bereziki. Hori dela eta, zerbait iragarriko nuke nik ere: urte gutxiren buruan, jendeak ordu batzuk borondatez eta doan gizarte gaiei ez eskaintzea sozialki gaizki ikusia egongo da.
Begi bistan Ongizate Estatu berria. Egungoa agortua al dago?
Ez ahantzi egungo Ongizate estatua duela 50 urte baino gehiago eratu eta garatzen hasi zela, bere aldakiek sekulako aldaketak nozitu dituzten arren: bizi itxaropena edo medikuntzaren garapena, adibidez. Medikuntza birsortzailearen hastapenetan gara eta, dudarik gabe, hauxe izango da etorkizuneko sendagintza, baina horren onurak pribilegiatu gutxi batzuek baizik ez dituzte dastatuko, Estatuak ez dizkiela emango, gaur bezala, gizarte klase guztiei aukera berdinak. Nola mantendu, ordea, Ongizate estatua osasun unibertsalik gabe? Ongizate estatua, seguruenik, birmoldatu egin beharko dugu. Zergapekoarentzat garestiago izango da, erretiro garaia motzagoa izango da … egungo sistema aldatu egingo da, hitz batez.
Pentsioen sistema publikoa bermatzerik izango al dugu? Zer deritzozu Gobernu batek hiritarrei pentsioen plan pribatuak hartzeko premiaren edo egokitasunaren publizitatea egiteari?
Aldaketen aitzindaria da, zalantza izpirik gabe. Nolanahi ere, galdera horretaz baliatuko naiz ni kezkatzen nauen zerbait aurkezteko. Eutanasiaz arinkeria handiz mintzatzen hasitakoan, hobe izango da haren alde egin aurretik ideia hausnarrean ibiltzea, zaharrok ez baikara baliagarriak izango, baina sekulako kostuak eragingo ditugu. Baina den-denok, suerte pixka batekin, izango gara zahar, alferrikako eta garesti.
Mundua nork gidatu behar du, ordea, enpresa handiek ala kontsumitzaileek?
Joan den mendearen zortzigarren hamarkadaren hasieran munduko zazpi herrialde aberatsenak New Yorken bildu eta dolarraren kotizazioa aldatzea erabaki zuten. Egun hori ezinezkoa litzateke, denek batera agintzen baitute orain: kontsumitzaileek, inbertsiogileek, langileek…