Haurraren 'matxinada': ez, ez eta ez
Beti ez da arazotzat jo behar haurrak jarrera errebeldea agertzea; haurraren garapen bidean, suertatzen dira halakoak, eta gurasoek jakin behar dute hori. Haurrari balio hezigarriak erakusteko aukeratzat ere hartu liteke egoera, eta gurasoek hala uler-tzen badute, hainbat hobeto: haurrak jokabide-arau egoki batzuk barnera ditzan lor dezakete, eta inguruarekin harreman-modu egokiak lantzeko urratsak ere egin ditzakete. Beti ez da arazo, beraz, baina izan daiteke, une batetik aurrera. Lehen haurtzaroa igaro (haurrak sei urte egin arteko epea), eta jokabide urratzaile eta oldarkorrarekin jarraitzen badu, zerbaiten seinale izaten da maiz, gauzak ongi ez doazen seinale.
Lehen haurtzaroa gainditu eta haurrak edozeri eta edozeini aurre eginez segitzen badu eta bati eta besteari jarkiz, gaur gogor eta bihar gogorrago, agian Nahasmendu Negatibista Desafiatzailea garatzen ariko da. Helduen aginpide eta arau orori aurka egitera eraman ohi ditu nahasmendu horrek, eta jarrera oldarkorra ere ager dezakete. Egoera horretan, guraso askok ezinean ikusten dute beren burua. Etengabe borrokan ari behar dute haurrarekin; hark ez du onar-tzen gurasoen aginpidea, esandako guztiari aurka egiten dio, eta gurasoek ezin izan dute mugarik jarri.
Gurasoen etsipena
Haurrak oso jarrera urratzailea eta oldarkorra agertzen duenean, haren garapena okerreko bidetik doan seinale izaten da askotan, eta psikologoek ere halaxe interpretatzen dute. Nahasmendu Negatibista Desafia- tzaileak erakusten du haurra guztiz heldugabe dagoela emozionalki; haurtzaroko lehen garaietatik dakarren heldugabetasuna gainditu ez, eta garai haietan bezala jokatzen du, ez baita gai emozioak kudeatzeko. Arauei kontra egiten eta jarkitzen baino ez daki, eta halaxe egiten du, gurasoek eta hezitzaileek gainez egin arte. Nerabezaroan ere iraun dezake jokabide horrek, baina apaldu egiten da helduaroan. Baina kontuan eduki behar da, haurtzaroan eta nerabezaroan, guztiz egozentristak izaten direla haur eta gazteak, eta horrek are gehiago indartu dezake helduen aurkako jarrera. Emozioen atalean heldutasunik erdietsi ez badu haurrak, egozentrismo hori neurrigabe areagotu daiteke, eta ez du onartuko oso garrantzitsua dela denek errespetatzea jokabide arauak, eta horiek errespetatzeak zera esan nahi duela batzuetan, nork bere nahiak eta desioak bazterrean utzi behar dituela.
Gurasoek ezarritako muga oro onartezin iruditzen zaio, eta aginpideari aurre egiten dio etengabe, hark nahi duena lortu arte. Haserretuz erantzuten du, eta pazientziarik eta patxadarik ez du inon ageri. Jokabide horiek erakusten dute tolerantziaren zentzua garatu gabea duela haurrak, eta, ondorioz, frustrazioa besterik ez du aurkitzen, eta aurka egitera jotzen du. Aurkakotasuna adierazteko moduak, berriz, bat baino gehiago izan daitezke: modu bortitzean egin dezake, oihu eta negar eginez, haserrea adieraziz… Baina jarrera guztiz pasiboa ere har dezake; ezarri zaizkion ardura eta arauak sistematikoki bete gabe uztea ere aurka egiteko modu bat da, helduen esanei ez entzunarena egitea ere bai, eta berdin etengabe kexatzea eta aitzakiak jartzea. Edozer gauzak balio dio gurasoen esanari jaramonik ez egiteko.
Negatibismotik jarrera urratzailera
Haurrek halako jarrera ezkor eta negatiboa agertzen dutenean, normala izaten da familiako giroa ere mikaztea. Eta batzuetan, eskolan ere ager-tzen da jokabide hori, eta beste eremu batzuetan ere bai; azken batean, arau batzuekin funtzionatzen duten giro eta eremu guztietara hedatu daiteke haurraren jarrera negatibista, intolerantzia baitu oinarrian. Ohikoa izaten da, beraz, haur oldarkor eta desafiatzaile baten inguruan dabil-tzan helduek -guraso eta hezitzaileek- behin eta berriz pazientzia galtzea. Ondorioz, ezkortasunak eta jarrera negatiboak hartzen ditu helduak ere, eta baliabide eraginkorrik aurkitzen ez dutenez haurrak arauak errespeta ditzan, orduan zigortu egingo dute etengabe, eta horrek ere emaitzarik emango ez duenez, are zigor gogorragoak jarriko dizkiote.
Egunero-egunero eztabaidan aritzera iritsiko dira, eta sorgin-gurpil horretan, gurasoen ezina eta etsipena oso nabarmena izaten da; eta horrekin, haurraren jarrera urratzaile eta oldarkorrak indartu eta automatizatu egiten dira. Nahasmendu honek zerikusi zuzena du heldutasun emozionalarekin, eta horrexegatik, gurasoek lehenbailehen jo behar dute espezialista batengana, hark lagunduko baitie haurraren hel-tze-prozesuan urratsak egiten eta adinari dagokion mailan jartzen. Hori da bidea etorkizunean jarrera-nahasmendurik ager ez dadin eta familia-bizitza normala eduki dezaten.
Nahasmendu Negatibista Desafiatzaileak, halaber, badu zerikusia Arreta Falta eta Hiperaktibitatearekin. Bi nahasmendu horietan, gurasoak ez dira gai izaten euren seme-alaben jarrerak kontrolatzeko. Eta Nahasmendu Disozialarekin ere antzera gertatzen da, onargarritzat jotzen ez diren jarrerak agertzen dira, jarrera urratzaileak eta gizarte arauetatik kanpo daudenak. Nahasmendu hori duten pertsonek, gainera, oso enpatia gutxi izaten dute.
- Nahasmendu Negatibista Desafiatzailea agertzen da, gehienetan, arauak ñabar samarrak direnean eta haurrak oso ongi ez dakienean zein bete behar dituen eta zein ez. Horregatik, oso garrantzitsua da gurasoek ongi zehaztea zein muga jarriko dizkioten haurrari, eta argi eta garbi azaltzea zein diren muga horiek. Zeregin hori aurrera eramateko modurik onena hauxe da: ezarritako arauak behin eta berriz betearaztea, eta ez ibiltzea egun batean bai eta hurrengoan ez, edo gurasoetako batek gauza bat esan eta besteak kontrakoa.
- Gurasoek erabaki badute zigortu egingo dituztela haurraren jarrera negatibistak, tinko eutsi beharko diote zigorrari, atzera egin gabe; ez dute utzi behar haurraren jarrerak etsipenera eraman ditzan, eta, adibidez, zigorra bete gabe gera dadin. Erdibidean geratuko balira, are gehiago indartuko lukete haurraren jarrera negatibista: haurrak ulertuko luke berdin diola arauak hautsita ere, horrek ez duela ondoriorik, eta, beraz, nahi duenean egin diezaiokeela aurre gurasoen aginpideari. Horrek ez du esan nahi, ordea, etengabe zigortu behar denik haurra; horrek esan nahi du, behin zigorra jarrita, betearazi egin behar zaiola. Hala egin ezean, gurasoek, nahi gabe bada ere, sinesgarritasuna galtzen dute, eta orduan pentsatzen dute haurrek ez dela beharrezkoa etxean ezarritako arauak betetzea, azkenean nahi duten hori egiten dute eta.
- Etxean arau zorrotzegiak jarriz gero, eta haurraren adinari berez dagozkion jokabide urratzaileak ere zigortzen hasiz gero, gerta daiteke haurrek ez zigorrik bete nahi izatea, haien iritziz bidegabeak eta neurriz kanpokoak direlako. Egoera horretan onargarriagoa da haurrek aurka egitea, baina gerta daiteke ezetz esatera ohitzea eta gurasoek esandako guztiari aurka egiteko joera hartzea, pentsatu ere egin gabe araua bidezkoa den edo ez. Muga zurrunegiak jartzen dituzten familietan, ez da komeni haurra beti eta edozergatik zigortzea, eta oso garrantzitsua izaten da hark erakusten dituen jarrera onak indartzen saiatzea.