D bitamina eta hezurrak | Makroeligaiak | Ziatikarentzako dieta | Haurdunaldian kafeina gutxi | Umeen askariak
Optiford proiektua: D bitaminarekin aberastutako elikagaiek eta hezurren osasuna
“30 segundoz behin, europar batek hezur bat hausten du osteoporosiaren eraginez”. Hitz horiekin aurkeztu dute proiektu berezi bat: “Optiford proiektua: D bitaminarekin sendotzea”. Funtsean, elikagaiak D bitaminarekin osatu eta sendotzeko biderik egokienak zein diren aztertu duen ikerketa plana da. Helburua, berriz, honako hau du: Europarrek D bitamina gehiago har dezatela, eta horren bidez osteoporosiari aurre hartu ahal izatea, bitamina horri esker hezurrek kaltzio gehiago xurgatzen baitute eta probetxu gehiago ateratzen diote.
D bitamina gutxi edukitzeak osasun arazo asko sortzen ditu. Adineko pertsonek gabezia hori eduki ohi dute, eta arrisku nabarmena, ondorioz, aldaka hausteko, osteoporosia izateko, osteomalazia agertzeko (hezurrak ahuldu egiten dira) eta ezintasun fisikoa sortzeko.
Bide bat baino gehiago daude D bitamina gureganatzeko: azala eguzkitan jar dezakegu, arrain urdina jan (hegaluzea, hegalaburra, sardinak, antxoak, berdela), gazta, gurina eta elikagai aberastuak. Egun, elikagai aberastuak erruz daude merkatuan, eta ikerlariek eta elikadura industriak jakin nahi lukete nola eragiten dion gure organismoari zenbait jaki dosi handitan jateak.
Hainbat ikerketa egin dira herritarren artean, jakiteko zer eragin duen D bitaminak hezur-hausturetan; emaitzen arabera, zenbait konbinazio eginez gero, badago modua horiei aurre hartzeko. Egunean 10 mikrogramo (µg) D bitamina hartuz gero eta 1.000 miligramo kaltzio, hori lagungarria izango litzateke, eta kaltziorik hartu ezean, 2.500 mikrogramo D bitamina hartu beharko lirateke urtean hirutan (egunean 20 mikrogramo hartzea bezala litzateke). Adineko jendearekin egin izan diren ikerketa gehienek ere baieztatu dute D bitamina eta kaltzioa hartzeak gutxitu egiten duela hausturak izateko arriskua, baina kopuru handiagoan hartu beharra dute adinekoek: egunean 20 mikrogramo D bitamina eta 1.200 miligramo kaltzio.
Elikaduraren oinarriak: Makroelikagaiak
Elikagaiek izaten dituzten substantzia kimikoak dira makroelikagaiak. Honako hauek jotzen dira makroelikagaitzat: proteinak, lipidoak, karbohidratoak eta ura. Beste zenbait osagai baino kopuru handiagoan behar izaten ditu gure organismoak (gramo gehiago), eta elikagaiek ere gehiago izaten dituzte halakoak. Lehen hiru osagaiak biologikoki herdoiltzen dira, eta organismoak kaloriak lortzen ditu horren ondorioz, energia, hainbat funtzio aurrera eraman ahal izateko (energia eskuratzeko, gorputz ehunak mantentzeko, prozesu metabolikoak erregulatzeko, eta abar). Proteina gramo bat eta karbohidrato gramo bat hartzen dugun bakoitzean, 4 Kilokaloria lortzen ditu gure organismoak, eta gantz gramo bakoitzeko, 9 Kilokaloria.
Datua: 200 mg
Horixe da kafeinaren muga haurdun dauden emakumeentzat, Elikadura Estandarren Erresuma Batuko Agentziak eman duen gomendioaren arabera. Herrialde hartako osasun agintariek jaitsi egin dute emakume haurdunek egunean gehienez har dezaketen kafeina kopurua; lehen, 300 gramo onartzen zituzten, eta orain 200 gamotan jarri dute muga (kafe katilu bi izango lirateke). Leicester eta Leeds-eko unibertsitateek egindako ikerketa batean oinarritu dira erabaki hori hartzeko. 2.500 emakume hardunekin egin dute lan, eta datuek diotenez, egunean 200 miligramo kafeina baino gehiago hartu zutenengan probabilitate handiagoa agertu zen pisu gutxiagoko haurrez erditzeko.
Elikadura kezkak
Ziatika nahasmendu neurologiko bat da, eta mehaka nerbioari egiten dio kalte. Mina izaten da sintoma nagusia; gerrialdeko disko etendura baten ondorioz, nerbioa hanpatu egiten da (neuritis esaten zaio), eta horregatik izaten dugu mina. Izterra eta zangoa inurritzen eta lo hartzen hasten zaizkigu, eta mina etortzen da gero (askotan, ezertarako ere ez garela uzten gaitu). Beraz, jaki batzuen faltak baino gehiago, elikagai batzuen faltak eragin dezake ziatika, eta oinazea handitzea ere bai.
Nerbioei on egiten dieten elikagai berezi-bereziei buruz ari gara, mina arintzen lagun dezaketenei buruz. B taldeko zenbait bitaminak, adibidez, dohain hori dute: B1, B6 eta B12. Botika batzuek kopuru handietan izaten dituzte bitamina horiek, eta organismoaren prozesu metaboliko jakinetan esku hartzen dutenez, ontzat jotzen dira zenbait nahasmendu neurologikotan erabiltzeko: ziatika, polineuritisa, lunbalgia edo muskulu erreuma. Botikak direnez, ordea, medikuaren esanei egin behar zaie jaramon, eta hark esandako neurrian eta maiztasunarekin hartu behar dira, nahi gabeko ondorioak edo kontrako erreakzioak sor baititzakete.
Dieta ere zainduko bagenu, eta elikagai horiek ugari dauzkaten jakiak jango bagenitu, nerbio sistemak ere hobeto erantzungo luke. Honako jaki hauek, adibidez, ugari dauzkate bitamina mota horiek:
- B1 bitamina edo tiamina. Barazkien sailean, labore integraletan eta lekaleetan izaten da ugari. Garagardo legamiak asko du. Haragietan, berriz, gibelak eta txerri haragiak ugari izaten dute tiamina.
- B6 bitamina edo piridoxina. Gibelak, laboreek, lekaleek, intxaurrek eta platanoek izaten dute asko.
- B12 bitamina edo kobalamina. Animalia ehunetan soilik agertzen da, gibelean, batik bat; haragiak, arrainak, arrautzak eta esnekiek ere izaten dute, baina gutxiago.
Txokolatez betetako opilaren eta moldeko ogiz egindako sandwicharen artean badago aldea; honako alderdi hauek bereizten dituzte batzuk eta besteak: produktuari erantsi dizkioten landare olioek, azukre dentsitateak eta gehigarri kopuruak (emultsionatzaileak, egonkortzaileak, lurrintzaileak eta herdoilaren aurkakoak). Askotan, opilek elikadura-kalitate txarragoa izaten dute.
Opilak eta moldeko ogiak, biek eduki dezakete landare olioa erantsita; segur aski, ez batek eta ez besteak ez dute jakinaraziko zein jatorri duen olio horrek, eta komeniko litzateke jakitea. Zenbait ekoizlek, gainera, landare olio partzialki hidrogenatuak erabiltzen dituzte opilak egiteko, eta bihotzarentzat eta arterientzat zein kaltegarriak diren jakinda, haurrei ez litzaieke halakorik eman behar. Opilak azukre eta gantz asko izaten ditu, eta, ondorioz, kaloria asko ematen ditu. Sandwichek, berriz, kaloria gutxiago eduki ditzakete, baldin eta moldeko ogi osasungarriagoak erosten baditugu (hazi olioarekin edo oliba olioarekin eginak), azukrerik gabeak eta baldin kakao krema edo txokolatea neurrian ematen badiogu. Bestalde, nahiko erraza da kakao eta hur krema etxean egitea, eta osasungarriagoa, krema industrialak baino hur gehiago izaten dituelako.
Bakoitzak zenbat kaloria eta elikagai ematen duen alderatuz gero, argi ikusiko dugu zer alde dagoen bien artean:
- Kaloriak: 330 Kcal
- Karbohidratoak: 38,3 g (ez du esaten hidrato guztietatik zenbat gramo diren azukrearenak)
- Gantzak: 23,5 g
- Kaloriak: 230 Kcal
- Karbohidratoak: 39,65 g (krema guztia aintzat hartuta, 13 g azukre ditu)
- Gantzak: 8,5 g
Hala ere, jakiek zer elikadura-osaera duten jakiteko, osagai zerrenda arretaz irakurtzea izaten da onena.