Amigdalitisa

Anginak: erauzi beharrik ez dago nahitaez

Urte gutxiren buruan, amigdalitis ebakuntzak asko gutxitu dira haurren artean, eta orain, organo horren babesa edukitzen jarrai dezakete
1 urtarrila de 2009
Img salud 2 listado 105

Anginak: erauzi beharrik ez dago nahitaez

Galdera egingo bagenu 30 eta 37 urte arteko lagun talde batean zenbati egin zieten anginetako ebakun-tza haur garaian, gehienek erantzungo digute baietz, haiei ere egin zietela. 80ko hamarkada arte, izan ere, haur askori egiten zieten amigdaletako ebakuntza, baina orduz geroz, asko gutxitu dira. Mediku anglosaxoiek oso garrantzizko jo zuten amigdalak ez kentzea, organismoari babesa ematen diotelako, eta haien lanari esker, amigdalitis kasuen % 85etan anginak erauztetik, % 2tan erauztera igaro gara.

Amigdalak orofaringean daude (ahoaren goi-albo batean), eta horien lana izaten da organismoarentzat defen-tsak -antigorputzak- sortzea, kanpotik etor daitezkeen erasoetatik babesteko. Defentsak sortzeko fun-tzio hori, ordea, adin bat arte egiten dute: bost edo sei urte bete arteko epe horretan sortzen dituzte babesak eta antigorputzak birusei, bakterioei eta airean dabiltzan beste elementu ba-tzuen erasoei aurre egin ahal izateko. Sei urteetatik aurrera, utzi egiten diote funtzio hori egiteari, eta amigdalak atrofiatu egiten dira poliki-poliki, harik eta 25 urte egindakoan desagertu edo deseginda geratzen diren arte.

Haurrak sei urte bete aurretik ebakuntza egiten badiote, beraz, eta amigdalak kendu, defentsa-organo garrantzitsua kentzen zaio organismoari. Ahoan hainbat ernamuin sartzen dira airearekin, eta amigdalek identifikatu egiten dituzte, eta antigorputzak sor-zeko prozesua abiarazten dute; dena normal joanez gero, hori aski izaten da infekzioa desagerrarazteko.

Organismoaren defentsak

Amigdalitis bat diagnostikatzen den aldiro, bai birus batek eragina edo bai bakterioek, eztarriko mina izaten da -irensterakoan, batik bat-, amigdalak gorritu egiten dira eta sukar handia ager daiteke. Tratamendurik oinarrizkoena eta eraginkorrena atseden har-tzea izaten da, eta likido asko edatea. Infekzioa birus batek eragina bada, ez da komeni antibiotikoak hartzea, eta bakterioek eragina denean ere, aditu askok ez dute oso begi onez ikusten botika horiek hartzea; nahiago izaten dute organismoak bere lana egin dezan, eta bere defentsak erabiliz senda dadin. Antibiotikoa hartu eta botikak desagerrarazten badu ernamuina, orduan organismoak ez du sortzen behar adina defentsa, eta babesik gabe eta ahul geratzen da ondotik etor daitezkeen erasoentzat.

Sukarra ere bere horretan uztearen aldekoak dira aditu asko, baldin eta oso handia ez bada, behintzat. Izan ere, gorputzaren tenperatura 38 ºC-etara heltzen denean, gorputza babesten duten substantzia batzuk sortzen dira, killer leukozitoak (eliteko batailoien gisa funtzionatzen dute, eta ernamuin erasotzaile oro suntsitzen dute). Sukarra jaisten denean, berez gutxitzen dira organismoaren defen-tsak, eta, horregatik, egun nahiago izaten da organismoari berari lanean uztea, eta botika bidezko tratamendu klasikoa baztertzea.

Batzuetan, ebakuntza egin behar da

Hamarkada baten buruan, gauzak zeharo aldatu dira. Lehen, nahitaezko ikusten zen ebakuntza egitea, eta orain, berriz, oso kasu jakinetan soilik egiten dute. Ebakuntza noiz egin eta noiz ez, zehatzago aztertzen dute egun, eta irizpideak ere zorrotzagoak dira. Heldu batzuek amigdalitis kronikoa izaten dute -haurtzarotik ekarria-, eta zorne zorroak sortzen zaizkie eta handitsuak ere bai amigdalen inguruan; halakoetan, ia denei egin behar izaten diete ebakuntza.

Haurrei ere egin behar izaten diete ebakuntza zenbaitetan. Urtean bost edo sei aldiz gaixotzen badira amigdaletatik, gauetan zurrunga egiten badute, arnasa hartzea kostatzen bazaie eta otitis elkartua badute, ebakuntza egitea komeni izaten da. Gauza jakina da, halaber, zurrunga egiten duen haurrak gau apnea eduki dezakeela (loaldiko apnearen sindromea), eta askotan amigdalen eta guruin adenoideen neurriagatik izaten dela hori. Halakoetan ere egiten dituzte ebakuntzak.

Azken urteetan gertatu diren aldaketek, ordea, ez diete eragin soilik ebakuntza egiteko irizpideei; amigdalak erauzteko kirurgia-teknikak ere asko aldatu dira garai batetik hona. 50eko urteetan, haurra gas batekin loarazi, eta gillotina moduko batekin mozten zituzten guruinak. Minutu gutxi ba-tzuk behar izaten zituzten egiteko, eta arazorik ohikoena hemorragiak sortzen zuen. Egun, ebakuntza gelara eramaten dituzte gaixoak, anestesia osoa ematen eta berme guztiekin kentzen dizkiete, gero inolako arazorik izan ez dadin. //