Autoa ordubetez uztea % 33 garestitu da lau urtetik hona
Gutxi hornitu eta prezioak handitu. Horixe gertatu da aparkaleku publikoetan. Gabezia nabarmenak dituzte zerbitzuen, informazioaren eta segurtasunaren arloetan, baina erreparo handirik gabe igo dituzte tasak. Duela lau urtetik hona, esaterako, % 33 garestiago da autoa ordubetez edukitzea; batez beste, KPI halako bi garestitu dira aparkalekuetako prezioak (lau urteko epean, % 14,1 egin du gora KPIk). Datu horiek eman ditu CONSUMER EROSKI-ren azterketak; 160 aparkaleku publiko aztertu ditugu Espainiako 18 hiriburutan; guztiak ordaindu beharrekoak izan dira, txandaka erabiltzen diren horietakoak, ez inguruan bizi direnek edo abonodunek soilik baliatzen dituztenak.
Gure aldizkariko teknikariak honako hiriburu hauetako aparkalekuetara joan dira, beste edozein bezero bezala, autoa uztera: A Coruña, Alacant, Almeria, Bartzelona, Bilbo, Donostia, Gasteiz, Granada, Iruñea, Kordoba, Madril, Malaga, Murtzia, Oviedo, Sevilla, Valentzia, Valladolid eta Zaragoza. Aparkaleku guztien % 75 hiriburu erdigunekoak izan dira, eta ia % 80 lurpekoak (solairu bat baino gehiagorekin). Hiru lanegun (astelehena, asteartea eta ostirala) eta larunbata hartu ditugu proba egiteko; zirkulazio handirik izaten ez den ordu bat hautatu dugu (10:00ak) eta zirkulazio handia izaten den hiru ordu (13:30, 18:00ak eta 20:00ak). Teknikari bakoitzak, gutxi gorabehera, 60 minutuz utzi du autoa aparkalekuan, eta honako alderdi hauek aztertu ditu: erabiltzaileari aski informazio ematen dioten, segurtasun arauak eta irispideei dagozkienak betetzen diren, eta instalazioak ongi zainduta dauden. Informazio horren osagarri, prezioak ere aztertu ditugu.
Bost aparkalekutatik batek ez du gainditu gure azterketa, eta aparkaleku guztiak aintzat hartuta, nahiko emaitza apala lortu dute, batez beste: ‘hala-holakoa’. 2005. urtean ere egin genuen antzeko azterketa bat, eta ordutik hona, hala ere, hobetu egin dira emaitzak: garai hartan, % 40 geratu ziren azterketa gainditu gabe, eta egun % 20 geratu dira; batez besteko emaitza, berriz, ‘txarra’ izan zen orduan, eta zertxobait hobea orain (‘hala-holakoa’). Hoberantz egin badute ere, ez da nahikoa, inondik ere. Gabeziarik handienak zerbitzuen arloan antzeman ditugu (emaitza ‘txarra’ lortu dute, orain lau urte bezalaxe). Informazioaren eta segurtasunaren arloek gainditu dute azterketa, baina justu-justuan (‘onargarriak’ baino ez dira). Emaitzarik onenak garbitasunaren arloan lortu dituzte aparkalekuek ‘oso ona’ (orain lau urte ‘onargarria’ baino ez zen); irispideetan ere nahiko ongi atera dira, eta emaitza ‘ona’ izan dute (‘onargarria’ zen 2005ean).
2007. urteko irailaren 1az geroztik, minutu bakoitza kobratu behar dute aparkaleku guztiek, bai publikoek eta bai pribatuek, eta ezin dute, garai batean bezala, prezioa biribildu (beti gorantz egiten zuten, gainera). Lege berriak gauza batzuk eragotzi ditu, baina prezioak berdin-berdin igo dira, eta bikoiztu ere bai zenbat aparkalekutan; beste zenbaitek, berriz, urrezko minutua izeneko sistema erabiltzen dute: lehen minutua besteak baino garestiagoa izaten da. Horixe gertatzen da, adibidez, Gasteizko aparkalekuetan (batez beste, 0,50 euro balio du lehen minutuak). Gasteizko aparkalekuen ondotik, Valladolidekoek, Oviedokoek eta Valentziakoek dute lehen minuturik garestiena (0,20, 0,18 eta 0,16 euro balio du, hurrenez hurren). Beste muturrean, A Coruñako eta Alacanteko aparkalekuak daude: bi euro zentimo balio du lehen minutuak.
Autoa ordubetez aparkalekuan uztea, batez beste, ia 2 euro kostatzen da (1,9). 2005. urteko batez bestekoarekin alderatuz gero, nabarmen igo da: euro erdia, hain zuzen (% 33). Hiriz hiri eginez gero alderaketa, honako emaitza hauek ateratzen dira: Bartzelonako aparkalekuak dira garestienak (2,7 euro), eta jarraian datoz Valentziakoak (2,5 euro), Madrilgoak (2,2 euro) eta Bilbokoak (2,2 euro horiek ere). Merkeenak, berriz, Alacantekoak eta Almeriakoak dira (euro inguru kostatzen da ordubetez autoa edukitzea). 2005. urtetik hona gehien garestitu diren aparkalekuak hiri hauetan aurkitu ditugu: Gasteiz (0,75 euro igo dira, % 79), Zaragoza (0,80 euro garestiago, % 62), Iruñea (0,72 euro gehiago, % 52) eta Valentzia (0,77 garestitu dira, % 45). Gutxien, berriz, Madrilgoak (0,19 euro, % 9) eta Almeriakoak (0,25 euro, % 26) igo dira.
Madrilen autoa 24 orduz uztea, ordea, orain lau urte halako bi kostatzen da (34,4 euro balio du egun, eta 17,12 euro 2005ean). Bartzelonako eta Donostiako aparkalekuak ere garestienen artean daude, orain lau urte gertatzen zen bezala: 32,4 euro eta 22,7 euro balio du autoa egun osoan uzteak.
Egun osoko kuotarik merkeenak, batez beste, Alacanteko aparkalekuek (10,9 euro) eta Oviedokoek dauzkate (12,8 euro), eta garestienekin alderatuz gero, aldea nabarmena da (erdia balio dute). Lau urte hauetan, autoa egun osoa aparkalekuan edukitzea 5 euro baino gutxixeago garestitu da, batez beste: 15,26 euro balio zuen 2005ean, eta 20 euro baino gehixeago balio du orain. Autoa ordubetez aparkalekuan edukitzeagatik ordaindu behar dena ere kopuru horixe igo da, gutxi gorabehera.
Ordua ordaintzeaz gain, zenbait aparkalekutan sartze-tasa ere ordaindu behar izaten da. Iruñeko aparkalekuen erdiek, adibidez, gehigarri hori daukate (0,05 eta 0,25 euro artean kostatzen da), eta Valladoliden aztertu ditugun zortzi aparkalekuetako seik ere bai (batez beste, 0,14 euro kobratzen dute aparkalekura sartzea). Oviedoko aparkaleku guztietan, berriz, eta Alacanten zortzitik seitan, 5 eta 20 zentimo artean kobratzen dute aparkalekura sartu eta autoa utzi gabe aterata ere.
Hiru aparkalekutatik ia batean, eguneko tarifa handiena ordainarazten diote txartela galtzen duen erabiltzaileari. Halako gehiegikeria gerta ez dadin, matrikulak identifikatzeko kamerak jarri behar lituzkete, auto bakoitzak egin duen denbora begiratu eta horren arabera kobratzeko. Bartzelona, Granada eta Iruñeko aparkalekuek, badute sistema hori.
10 aparkalekutatik 3k ez dute jakinarazten zein ordutegi duten
Gidaria txandakako aparkaleku batean sartzen denean, oso garrantzitsua da instalazioei buruzko datu guztien berri jakin dezan. Legeak berak esaten du jakinarazi egin behar zaizkiola, “edozein bitartekorekin” eta “erraz ikusteko moduan”, zer prezio dituen, zer ordutegi, eta zein erabilera eta funtzionamendu arau. Gainera, erreklamazio orriak edukitzera ere behartzen ditu aparkalekuak. Legeak argi esaten badu ere, aparkalekuek ez dute ahalegin berezirik egiten informazioaren arloa zaintzeko. Emaitza ‘onargarria’ baino ez dute lortu, eta 2005ean baino okerrago ibili dira (orduan, emaitza ‘ona’ izan zuten). Aztertu ditugun 160 aparkalekuetatik 5etan, tarifak ez daude bistan. Egokiena litzateke ohar jakingarri horiek garaje sarreran jartzea, leihatilan edo ordainketa egiteko erabiltzen diren makinetan, eta oso ongi legoko eskaileretan, igogailuetan edo oinezkoen sarbideetan ere jartzea (egin ere halaxe egiten dute aztertu ditugun aparkalekuen erdiek).
Hamar aparkalekutatik hirutan, ordutegiak ez dira egon ikusteko moduan. Seinaleak ere behar baino gutxiago begiztatu ditugu: argiak pizteko seinalerik ez daukate ia erdiek, eta % 28k ez dute abiadura mugarik jarri (orduko 10 edo 20 km-ko abiaduran joatea komeni da). Sarbidean, gehienez zenbateko altuerako autoak sartzen diren adierazi dute ia aparkaleku gehienetan, baina % 46tan soilik ikusi ditugu ibilgailuen altuera kontrolatzeko hesi kulunkariak, marra gorri-zuriz margotuak, edo argi hesiak. Autoak uzteko tokiak libre non dauden adieraziko duen seinale egokirik ere ez dugu antzeman: aparkalekuen % 84k barruan ez daukate sistemarik gidariak libre dauden lekuetara gidatzeko (argi seinaleak izan daitezke).
Aparkaleku barruan, funtsezkoa da ibilgailuak eta oinezkoak bakoitza leku batetik bideratzea, istripurik ez gertatzeko. Aparkalekuen % 10ek, ordea, ez dute seinaleekin ongi adierazten nondik irten behar duten ibilgailuek eta nondik oinezkoek. Aparkaleku handietan, bezeroentzat ez da erraza izaten non dauden jakitea, baina lautik batek soilik dauka aparkalekuaren planoa kartel batean jarria, eta % 18tan, ez dute erakusten nola iritsi ordainketak egiteko makinetara.
Hirutik batek ez du erreklamazio orriei buruz ezertxo ere esaten eta % 10ek soilik adierazten dute zein den bezeroari laguntza emateko telefonoa.
- Toki egoki bat eskaini behar du, erabiltzaileak autoa eroso utzi ahal izateko.
- Errezibo bat edo ziurtagiri bat eman behar du, paperezkoa edo beste euskarri iraunkor batean, non azalduko den zein egun eta ordutan sartu den erabiltzailea aparkalekura, zein auto ekarri duen eta autoaren giltzak utzi dituen edo ez.
- Autoa utzi bezala itzuli behar du, eta haren osagai eta osagarri guztiak ere bai. Ez dira sartzen arau horren barnean osagarri ez-finkoak eta bere lekutik ateratzen direnak (irratikaseteak eta esku telefonoak), eta horiek lapurtu edo hondatuz gero, aparkaleku jabeak ez du ardurarik hartzen bere gain. Erabiltzaileak berak bistatik kentzea izaten da onena.
- Zaintza zerbitzua (kontsigna edo armairuak) eskaintzen duten aparkalekuen ardura da han utzitako gauzak erabiltzaileari bueltatzea, baldin eta han utzi dituela jakinarazi badie hango langileei eta haiek esandako segurtasun neurriak errespetatu baditu.
- Aparkalekuek prezio bereziak ezarri ahal izango dituzte beren kontsigna zerbitzuentzat, baldin eta halakorik badute.
- Aparkalekuek argi eta garbi adierazi beharko dute zein tarifa dituzten, zein ordutegi eta zer erabilera arau, eta erreklamazio orriak ere eduki behar dituzte bezeroen eskura.
- Aparkaleku jabeak eskubidea izango du autoari irteten ez uzteko, eta aparkalekuari dagokion prezioa ordaindu bitartean, autoa berme moduan hartzeko.
- Autoa aparkalekutik ateratzeko eskubidea ere izango du, baldin eta sei hilabete baino gehiago badaramatza leku berean, eta bertan behera utzitakoaren itxura hartzen badio.
- Aparkaleku jabeak erantzungo du legea ez betetzeak sor ditzakeen kalte-galeren aurrean.
Zerbitzu eskasa
Hamar aparkalekutatik zortzi eguneko 24 orduetan egoten dira irekita. %7ak itxi egiten dute igande eta jaiegunetan, % 43k ireki eta gainerakoek ez dute ezer adierazten, nahiz eta arauak horretara behartu.
Azterturiko 160 aparkalekuetatik 20tan, ez dago ordainketak egiteko makinarik, eta erabiltzaileek leihatilara joan beharra izaten dute. Makinak dituzten aparkalekuetan, % 11k soilik billete mota guztiak har-tzen ditu, besteek 20 eurotik beherakoak. 5 aparkalekutatik 2tan, ezin izan dugu ordaindu kreditu txartelarekin. Eta hirutatik batean, ez dago esku telefonoarentzako estaldurarik. Aparkalekuen erdiek ez dute tokirik eskaintzen motorrak uzteko, eta bizikletak ere oso gutxitan utz daitezke (Madril, Gasteiz eta Zaragozako bakan batzuetan).
Txukun eta ongi zainduta daude orohar aztertu ditugun 160 aparkalekuak. Arlo honetan, hiri hauetako aparkalekuek eman dute emaitzarik onena (‘oso ona): Bartzelona, Donostia, Gasteiz, Granada, Malaga, Murtzia, Valentzia, Valladolid eta Zaragoza. Emaitzarik txarrenak, berriz, hauek lortu dituzte: Alacant, Almeria, Bilbo eta Kordoba (‘onargarria’ laurek), eta A Coruña (‘hala-holakoa’). Aparkaleku gehienak oso ongi zainduta aurkitu ditugu, nahiz eta zoruko bide-markak pintatu beharra zegoen % 14tan. Garbitasunaren aldetik ere, egoki daude (% 11tan soilik ikusi dugu zorua zikina). Komunak konpondu eta garbitu beharra zegoen % 14tan. Eremu publiko hauek asko hobetu eta ugaritu dituzte irispideak, gabezia larriak egon badaude ere. Gurpil aulkietan dabiltzanek erabiltzeko aparkalekuak ikusi ditugu lautatik hirutan, eta horietako % 85 oinezkoen sarbideen eta igogailuen ondoan jarrita. Komun egokituak ere badituzte aparkalekuen erdiek, eta igogailuak ere egokituta dauzkate beste hainbestek. Ordaintzeko makinak bostetik batek soilik dauzka egokituta.
- Txartela ez da utzi behar auto barruan, eta, jakina, ahal dela ez da galdu behar.
- Orduka edo zatika kobratzen badigute, erreklamazio liburua eskatu behar dugu (nahitaez eduki behar dute), eta han idatzita utzi behar dugu gure kexua, erabili ez dugun denbora bat ere kobratu digutelako.
- Aparkaleku jabeari kalte-galeren ordaina eskatzerakoan, Legeak aukera ematen du Kontsumoko Ebazpen Batzordeetara jo eta haien bitartekaritza eskatzeko. Neurri egokia izan daiteke hori, irtenbide bat aurkitzeko aukera ematen baitio erabiltzaileari epaitegietara joan beharrik gabe (dirua eta buruhausteak aurreztuko ditu).
- Argi adierazita dagoela ikusten ez badugu, aparkalekua zein ordutan ireki eta ixten duten galdetu behar da.
- Balioko gauzarik ez da utzi behar ibilgailu barruan: handik eramaten badigute, aparkaleku jabeak ez digu ordainik emango.
- Kontuz ibili ordaintzeko makinetan: ez dituzte onartzen billete guztiak, eta, beraz, diru xehea eraman beharra dago, edo 5 eta 10 euroko billeteak bestela.
Ez dute errespetatzen oinezkoen segurtasuna eta emaitzak konparatzeko taula
Aztertu ditugun hamar aparkalekutatik zortzitan, ez dugu ikusi inolako bide babesturik oinezkoentzat, % 60k espaloiak dauzkate eta % 56tan, berriz, oso-oso zebra-bide gutxi daude oinezkoentzat. Ordaintzeko makinak, ordea, oso ongi babestuta daude aparkalekuen % 90etan, ibilgailuen bidetik bereizita.
Segurtasun kamerarik ez dugu antzeman aparkalekuen % 20tan, ezta horien berri ematen duen kartelik ere. Sarrera-irteeretan, ordea, ia guztiek badauzkate kamerak. Sistema horien osagarri, segurtasun zaindariak erabiltzen dituzte, baina hamarretatik seitan guk ez dugu inor ikusi. Azkenik, suteen aurkako tresneriari ontzat jotzeko modukoa iruditu zaigu: % 98k su-itzalgailuak dauzkate; lautatik hirutan, badira kea edo sua antzemateko sistemak; % 90etan, hodi malguak dituzte, eta % 78tan, larrialdi argiak.