Artistak, titulu ofizial eta guzti
Artista, eta goi mailako tituluduna, gainera, unibertsitate ikasleen pare. Orain lasai esan dezakete hori musika, dantza edo arte dramatikoak ikasi dituztenek. Jendeak aurreiritzi ugari izaten ditu ikasketa horien inguruan (“artista jende hori…”), baina iaz 310.317 lagunek egin zituzten. Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako Legea (LOGSE) indarrean sartu zenetik, 1990. urtetik, alegia, unibertsitate ikasketen pareko jotzen dira arte ikasketak, baita diseinu ikasketak eta Arte Plastikoen ikasketak ere. Geroztik, bide luzea egin da arlo horretan, eta azken sorkaria Arte Ikasketen Kontseilu Gorena izan da.
Goi mailako titulua ematen duten gainerako ikasketekin alderatuta, oso bestelakoak dira arte ikasketak; dantza eta musika ikasten, adibidez, gazte-gaztetatik hasten da, zortzi urte ingururekin. Arte dramatikoetan, berriz, fakultateen antzekoak dira goi mailako ikastetxeak, eta horietan sartzeko bidea ez da askorik aldentzen ohiko beste bideetatik. Beste bereizgarri bat ere badute ikasketa hauek guztiek: ikasle bakoitzak nahi duen tokian egin ditzake, kontserbatorioan, ikastetxe baimenduetan edo eskola espezializatuetan; ez dute inor ezertara derrigortzen.
Europatik dator etorkizuna
2010. urtean, Goi mailako Irakaskuntzaren Europako Gunea eratuko da, eta 45 herrialde baino gehiago bilduko ditu (Espainia ere bai tartean). Gertakari hori erronka handia izango da goi mailako arte ikasketentzat, Europa guztian izango baitute ezagutza eta, ondorioz, beste herrialdeetakoekin neurtu beharra izango dute Espainiakoek. Hori dela eta, Errege Dekretu bat prestatzen ari da Espainiako Hezkuntza, Gizarte Gai eta Kirol Ministerioa, eta Bolognako bateratze prozesuari jarraituz, antolamendu berria emango die honako ikasketa hauetako goi mailako gradu tituluei: Musika, Dantza, Arte Dramatikoak, Diseinua, eta Ondare Higigarriak Iraunaraztea eta Zaharberritzea. Erregulazio berri honi esker, errazagoa izango da unibertsitate erakunde batetik bestera joatea eta graduatuak trukatzea, Tituluaren Gehigarri Europarraren bitartez. Masterrak ere izango dira ikasketa horietan, eta unibertsitate masterrek duten balio berbera edukiko dute; horrez gain, unibertsitateen arteko hitzarmenak sustatuko ditu, doktorego ikasketak eta ikerketa programak antolatu ahal izateko.
Musika hezkuntza
Haurrak, nerabeak eta gazteak aintzat hartuta, 278.000 lagunetik gora ari dira egun musika ikastaroren bat egiten Espainian dauden ikastegietan (1.400 baino gehiago dira). Horietatik guztietatik, 89.000 ikasle baino gehiago ari dira zentro arautuetan -musika kontserbatorioetan eta ikastegi pribatuetan-, eta ikasketak bukatuta, unibertsitate titulu ofiziala eskuratuko dute. Gainerako ikasleak zentro arautugabeetan ari dira, eta horiek ez dute gaitasunik titulu ofizialik emateko; ikastegi horiek musikazaletasuna piztu nahi dute haurrengan, erritmoa, musikaltasuna eta tonuak barneratzeko bideak eman nahi dizkiete, solfeoaren hasi-masietan sartu gabe eta diziplina akademikotik urrun. Musika eskola horietan ikastea 30 eta 120 euro artean kosta-tzen da hilero.
Behin zortzi urte beteta, eta proba bat gaindituz gero, ikastegi ofizialetan edo baimenduetan eman dezakete izena haurrek. Hauta-proba moduko bat egiten diete, baina ez dute neurtzen haurrak zenbat dakien, baizik eta zer musika-gaitasun duen. Musika ikasketa arautuak hiru maila dauzka: Oinarriz Maila (lau urtekoa da), Erdi Maila (hiru ziklo ditu, eta bakoitzak bi ikasturte) eta Goi Mailakoa (ziklo bakarra du, eta iraupena aldatu egiten da ikasketa mota bakoitzaren arabera). Beraz, karrera osoa egiteko -instrumentua ikasteko urteak barne-, 14 urte behar izaten dira, batez beste.
Erdi Mailako hirugarren zikloa bukatzen dutenak diplomadun bihurtzen dira, eta Goi Maila gainditzen dutenak, lizentziadun. Oinarrizko Maila eta Erdi Maila, oro har, derrigorrezko hezkuntza egiten ari direla ateratzen dituzte ikasleek, eta ordutegiak ere horretara moldatzen dituzte musika ikastegiek. Goi Maila besterik da. Musika bizibide bihurtu nahi dutenentzat izaten da (musika ikasketak hasten dituztenen % 4k hartzen dute bide hori). Ikasketa horiek egin ahal izateko, hauta-proba bat gainditu behar izaten dute ikasleek, eta horrez gain, beharrezkoa da Batxilergoko titulua edukitzea eta musika ikasketen Erdi Mailako titulua. Horiek guztiak ez edukita ere, ordea, legeak aukera ematen du Goi Mailako ikasketak egiteko, baldin eta proba bat gainditzen bada (ezagutza orokorrak eta musika ezagutzak neurtzeko proba izaten da).
Kontserbatorio guztiek ez dute prezio bera izaten, eta aldatu egiten dira erkidegotik erkidegora. Oinarrizko Maila egiteko, 100 euro eta 350 euro bitartean balio izaten du urteko matrikulak. Erdi Mailara igarotzeko proba egiteagatik ere ez dute berdin kobratzen ikastegi guztiek (20 eurotik 50era), eta Erdi Mailako matrikulan ere izaten dira aldeak (200 euro balio du batzuetan, 500 euro besteetan). Goi Mailako ikasketak egin ahal izateko, berriz, 50 euro inguru balio du proba egiteak, eta urteko matrikula 350 eurotik 750 eurora joan daiteke ikastegi batetik bestera (ikasgai kopuruak ere izaten du eragina prezioan).
Matrikula ordaintzeaz gain, ordea, instrumentu bat ere erosi behar izaten dute ikasleek, horixe baita euren lan tresna. Pianoa maite duenak, adibidez, 700 euro gehiago ordaindu beharko ditu oinarri-oinarrizko bat erosteagatik, eta goi mailako bat nahi duenak, 7.500 euro ere utzi beharko ditu. Saxofoiari putz egin nahi dionak, berriz, 3.000 euro ere ordain ditzake, nahiz eta badiren merkeagoak ere (800 eurotik aurrera). Kontrabaxu batek 500 eta 1.200 euro artean balio du. Instrumentu merkeagoak ere badira, noski; biolin bat, esaterako, 100 eurorekin eros liteke.
- Aldi berean gaitasun asko lantzen ditu haurrak: koordinazio motorra, entzuteko gaitasuna, kontzentrazioa, gorputz adierazpidea eta diziplina.
- Musika pizgarria da memoriarentzat, sentsibilitatearentzat eta irudimenarentzat.
- Musika ikastea lagungarri da matematikak hobeto ulertzeko; garunak, izan ere, antzeko prozesua egin behar izaten du musika notak ulertzeko eta matematikako eragiketak ulertzeko.
- Musika bizkorgarri da haurraren alfabetatze garaian. Haur abestien bidez, silabak errimatzera, errepikatzera eta keinuekin lagunduz abestera ohitzen dira haurrak, eta hobetu egiten dute hitz egiteko era, eta hitz bakoitzaren esanahia ere hobeto ulertzen dute.
- Entzumenari ere mesede egiten dio musika hezkuntzak; zorroztu eta findu egiten da, eta gauza bi aldi berean egiteko behar den koordinazioa lantzen laguntzen du.
- Musika ikastea jarduera ludiko eta parte-hartzaile gisa aurkeztu behar zaie haurrei.
- Inola ere ez da komeni hasi orduko helburu handiak jartzea haurrari, inork baino hobeto jotzea eta halakoak.
- Instrumentu batekin hasi aurretik, komeni izaten da haurrak musikako ezagutza orokorrak bereganatzea. Gero berak erabakiko du noiz eta ze instrumentu jo nahi duen.
- Musika ikasten hasteko adinik onena 3-4 urte bitarte horretan dago. Instrumentuarekin, 5 urtetik aurrera hastea komeni da.
- Haurrak erabaki behar du zein instrumentu jo nahi duen. Musikan urratsak egiten hasteko instrumenturik egokienak, hala ere, txirula eta pianoa dira, horiek baitute zailtasun gu-txien.
- Haurraren eskuetan instrumentu bat lehenengoz jartzeko, ahal dela, hark egiaz nahi izatea komeni da, eta aukera horrek erakartzen duela sumatu behar zaio.
Dantza Ikasketak
Dantzari lotutako lehiaketak eta saioak telebistan ematen hasi denetik, gazteak zaletu egin dira dantzarekin, nahiz eta gutxik ematen duten dantza ikasketak egiteko urratsa. 30.000 ikasle inguru ari dira egun ikasketa horiek egiten (emakumeak dira gehienak). Musika ikasketetan bezala, dantzan ere hiru maila ezartzen ditu LOGSEk. Hemen ere, derrigorrezko hezkuntzarekin batera egiten dira lehen bi mailak, Oinarrizko Maila eta Erdi Maila, eta dantza eskolek egokitu egiten dituzte ordutegiak. Goi Mailako ikasketak egiteko, ordea, buru-belarri horretara jarri beharra dago, modu profesionalean dantzari emanda bizi nahi dutenentzat baita maila hori.
Musika ikasketekin gertatzen den bezala, dantza ikasten hasteko adinik onena ere 4 urte inguruan dago, ballet-ean batik bat, tresna pedagogiko gisa prestatuak egoten baitira haurren eskolak: memoria lantzen dute, musika entzumena eta gorputz adierazpidea. Eskola horietatik Oinarrizko Mailara igarotzeko, haurrak 8 urte beteta edukitzea eskatzen dute dantza eskolek eta ikastegi arautuek. Dantza ikasketak egin nahi dituztenek ere proba bat gainditu behar izaten dute eskola horietara sartzeko, eta proba horretan, gehienbat, musikaltasuna eta gaitasun fisikoak neurtzen dituzte, ez ezagutzak (ez baitute izaten).
Proba hori gainditzen dutenek lau urtez egin beharko dute Oinarrizko Maila. Erdi Mailara pasatzeko, beste proba bat gainditu beharra dago, eta hori eginda, 6 urteko ikastaldia hasiko dute. Dantza klasikoa, espainiarra eta garaikidea erakutsiko dizkiete, eta 6 urteren buruan, Batxilergoko ikasketak ere amaitu badituzte, Dantza Batxilergoko titulua emango diete. Hurrengo urratsa Goi Mailara egin daiteke, aro profesionalera; beste lau urte irauten dute ikasketa horiek, eta bukatutakoan, Dantzako Goi Titulua eskuratuko du ikasleak (unibertsitate titulu baten parekoa da), berak hautatu duen espezialitatean: Dantzaren Pedagogia edo Dantza Koreografia eta Interpretazio Teknikak.
Oinarrizko Mailan matrikula egitea 100 euro eta 250 euro artean kostatzen da; kopuru hori ordainduta, ikasleari eskola dosierra egingo diote eta ikasturte osoko matrikula egina izango du; beste ikasturteren bateko ikasgaiak gainditu gabe baditu, 40 eta 70 euro artean ordaindu beharko du bakoitza. Erdi Mailan, ikasturte osorako matrikula eta eskola dosierra egitea zertxobait garestiagoa da (275 eta 350 euro artean dabil), eta, horrez gain, proba bat egin beharra dago aurreko mailatik beste honetara igarotzeko (30 eta 50 euro artean balio du). Zintzilik geratu den ikasgai bakoitzean matrikula egiteko, berriz, 48 eta 100 euro artean ordaindu behar da. Eta Goi Mailara jauzi egiten dutenentzat, are garestiagoa da urteko matrikula (450 euro inguru). Horiek dira prezioak eskola arautuetan; arautugabeetan ikasi nahi duenak, 40 eta 90 euro ordaindu beharko ditu urtean.
- Neska-mutilen autoestimua indartzen du, eta beste kultur adierazpen batzuei erreparatzeko sentsibilitatea pizten du.
- Independentzia, sormena eta segurtasuna hartzen laguntzen die, jendaurrera irteteko beldurra gainditzen, eta erabakiak hartzeko gaitasuna lantzen.
- Mugimenduen koordinazioa eta arintasuna lantzeko balio du, eta oreka eta malgutasuna lantzeko ere bai.
- Adierazkortasuna hobetzen du, eta hobeto komunikatzeko eta gizarteratzeko laguntza handia da hori ikasleentzat. Talde lana sustatzen du.
Arte dramatikoa
Arte Dramatikoa ematen duten eskoletara iristeko bidea ez da beste bi diziplinetan bezalakoa. Nolabait esateko, ohikoagoa da azken hau. Batxilergoko bigarren urtea edo UBI bukatu ondoren sar daitezke ikasleak, beste edozein karreratara bezala. Unibertsitatera sartzeko hauta-probarik ez dute eskatzen, baina an-tzerki eskolek berek egiten du proba bat ikasleak onartu aurretik. Ikastegi horietan sartzeko beste bide bat ere badago: 20 urteak beteta baditugu eta antzerki munduan esperientzia daukagula erakusten badugu, onartuko gaituzte. Lau urte irauten dute ikasketa hauek, eta hiru adar eskaintzen dituzte: Eszena eta Dramaturgia Zuzendaritza, Eszenografia eta Interpretazioa. Itxuraz, azken adar horrek izaten du arrakasta gehien; Espainian Arte Dramatikoak irakasten dituzten 12 eskoletako batean, adibidez, ikasleen % 71k horixe hautatu dute.
Eszena eta Dramaturgia Zuzendaritza hautatzen dutenek, edo Interpretazioa aukeratzen dutenek, bide batetik baino gehiagotatik jo dezakete. Bi adarretako lehena hartzen dutenek, eszena zuzendari izateko ikasketak egin ditzakete, edo antzezlanak idazten trebatzeko, edo antzerkiaren teoria, kritika eta ikerketa arloetarako presta daitezke. Interpretazioaren adarra hartzen dutenek, berriz, lau espezialitate dituzte eskura, nahiz eta, gehienbat, lehenengoa eskaintzen duten antzerki eskolek: Testu bidezko Interpretazioa, Ikur bidezko Interpretazioa, Objektu bidezko Interpretazioa eta Antzerki musikala. Arte Dramatikoetako Goi Eskoletan goi mailako titulu bat lortzeko matrikula egitea 250 eta 450 euro artean kostatzen da ikasturte bakoitzean; unibertsitate pribatu batean Arte Eszenikoetako Gradu bat lortu nahi duenak, berriz, 6.500 euro inguru ordaindu beharko du urtean.
- Arte dramatikoak: Eszena zuzendari, antzerki idazle,antzerki kritikari, ikuskizun-sortzaile, irakasle, kultur begirale, aktore, bikoiztaile eta eszenografo.
- Dantzak: Dantza eskoletako edo kontserbatorioetako irakasle, dantzari, koreografo.
- Musikak: Musika espezialitate bateko irakasle, musika ikertzaile, interpretatzaile eta sortzaile.