Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Los datos, informaciones, interpretaciones y calificaciones que aparecen en esta información corresponden exclusivamente al momento en que se realizaron y tienen, por tanto, una vigencia limitada.

Animaliak babesteko etxeak: Espainiako 18 hiriburutako egoitzak aztertu ditugu, udalek kudeatuak, kontratatuak edo diruz lagunduak : Udal txakurtegiek zerbitzu onargarria ematen dute, baina gabeziak dituzte langileen eta informazioaren ataletan

- Nabarmentzekoa da babes-etxe horietako garbitasuna eta segurtasuna
- Animalia bat abandonatzea 210 euro kosta dakioke jabeari, eta adoptatzea, 85 euro
- Alde handiak antzeman ditugu hiri batzuetatik besteetara
- Lauk soilik onartu dute animaliak hiltzen dituztela

Animaliak, aske eta leku zabaletan

Azpiegituren atalean, babes-etxe horiek zer-nolako instalazioak dituzten aztertu dute gure teknikariek: albaitari-gelarik baduten edo ez (eta zer hornidura daukaten), kanpoaldean eremurik egokitu ote duten animaliak paseatzeko, zein ezaugarri dituzten animalien bizitegiek, edo arraza arriskutsuak onartzen dituzten. Guk aztertu ditugun 18 etxeek, batez beste, emaitza ‘ona’ lortu dute atal honetan. Guztiek gainditu dute azterketa, eta Bartzelona, Madril eta Donostiakoek emaitza ‘oso ona’ atera dute. Babes-etxe guztietan, kaiolatan eta etxolatan egon ohi dira animaliak; barnealdean bizitegia daukate eta kanpoaldean ere badute eremua, nork bere jan-ontzi eta edalontziekin. Valladoliden eta Zaragoza ez dituzte onartzen arraza arriskutsuak, baina gainerako lekuetan bai; horietako seitan, ordea, ez dute egokitu leku berezirik horientzat, eta gainerako animaliekin bizi behar izaten dute (Valentzia, Granada, Gasteiz, Donostia, Bartzelona eta A Coruña).

Funtsezkoa da animaliak eremu zabaletan egotea, eroso senti daitezen, eta halaxe gertatzen da guk aztertu ditugun hiri guztietan (Kordoban eta Murtzian izan ezik). Babes-etxe guztietan, kanpora irteten direnean soilik lotzen dituzte animaliak, eta gainekoan aske ibiltzen dira. Txakurrek egunean behin, gutxienez, kaiolatik atera behar izaten dute, 30 minutuz edo ordubetez, jolas daitezen edo ariketa egin dezaten horretarako egokitua dagoen gune batean. Gure teknikariek ikusi dutenez, ordea, A Coruñan, Bilbon, Iruñean, Kordoban eta Oviedo ez daukate halako gunerik, edo eremu berdeak edukita ere, ez dituzte baliatzen horretarako. Gune hori daukaten babes-etxeek ongi zaindua daukate, argiztapen egokiarekin eta hesi seguruz inguratua.

Aztertu ditugun 18 babes-etxeetatik 15ek badaukate albaitari-kontsulta. Beste hiruretan (Gasteizen, Granadan eta Oviedon), albaitari-klinika pribatuetara eramaten dituzte animaliak. Lau txakurtegitatik hirutan, maiz egiten dizkiete albaitari-kontrolak animaliei, eta hirutatik bitan ezartzen diete animaliei txerto-egutegi zorrotza.

Babes-etxe hauek lortu duten emaitza ona garbitasunaren eta higienearen ataletan ere antzeman da, nahiz eta alde nabarmenak egon batzuen eta besteen artean. Egoitza horien arduradun gehienek jakinarazi digute (lautatik hiru) egunean behin garbitzen eta desinfektatzen dituztela animalien bizitegiak (Zaragozakoek ez digute eman atal honi buruzko informaziorik). Donostian eta Valentzian, egunean bitan garbitzen dituzte, goizez eta arratsaldez, eta Cadizen, berriz, bi egunez behin. Babes-etxeak gain-gainetik aztertu ondoren, gure teknikariek ikusi dute, oro har, garbitasun-baldintza egokietan daudela, nahiz eta zikinkeria pixka bat aurkitu duten Kordoban, Murtzian eta Oviedon. Berdintsu gertatzen da tenperaturarekin ere. Kaioletako usain txarrei dagokienez, batik bat Bartzelonan, Bilbon, Gasteizen eta Oviedon gertatu zaizkie desatseginak gure teknikariei.

Babes-etxeetako gainerako instalazioak maizago eta zorrotzago garbitzen dituzte. Egunean behin edo bi egunez behin egiten dute gehienek, baina Valentzian, adibidez, astean behin garbitzen eta desinfektatzen dituzte animalia guztiek erabiltzen dituzten eremuak. Segurtasunaren atalean, 7 babes-etxek emaitza ‘oso ona’ lortu dute, seik emaitza ‘ona’, hiruk ‘onargarria’ baino ez eta A Coruñakoak eta Oviedokoak emaitza ‘txarra’.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak