Jakia azkar ematen duten kateetako higienea, hobetzeko modukoa
Entsaladen prezioetan alde handiagoak hautematen ziren: Mc Donald´s-ekoa garestiena zen (baita osagai gehien dituena ere), 375 pezetako kostua izaki, eta Kentucky Fried Chicken-ekoak 230 pezeta balio du. Hitz gutxitan, hanburgesa osoa eta entsalada bat eskura daitekeela 750 (Mc Donald´s) eta 625 pezeta (Kentucky Fried Chicken-eko) bitarte ordaindurik. Jaki azkarraren abantailetako bat horixe da, prezioa.
Produktu horien egoera higieniko-sanitarioa hobetzeko modukoa zen: bi hanburgesak (Burger King eta Telepizza) eta bi entsaladak (Mc Donald´s eta Burger King) egoera desegokian zeuden, mikroorganismo ez desiragarriak aurkitu baitziren bertan; horiek, osasun-arazorik eragin ez bazuten ere, produktuaren maneiaketak ikuskaritza eta, ondorioz, hobekuntzaren premian daudela egiaztatu zuen. Oilaskodun hiru hanburgesak osasun-egoera onean zeuden eta hanburgesak eta entsaladak gabezia higieniko-sanitariorik gabe eskaintzen zituen katea bakarra Kentucky Fried Chicken izan zen.
Kalitaterik handieneko behikia McDonald´s-eko hanburgesak zeukan eta oilaskodunetan hoberena Kentucky Fried Chicken-ekoa izan zen. Bestetik, gantz gehien zuten hanburgesa osoak Burger King-ekoak ziren (produktuaren %14,4 gantza zuten; Telepizza-koek, aldiz, %12,8) izan ziren eta kaloria gehienekoak, Mc Donald´s-ekoak (253 kaloria ehun gramoko); gutxien zeukana, berriz, Telepizza-koa: 218 kaloria ehun gramoko. Osagai gehien zituztenak, azkenik (zortzi, denera, tomate, pepinillo eta letxua barne) Burger King-ekoak dira. Oilaskodun hanburgesei goazkiela, Kentucky Fried Chicken-ekoek kalitate handieneko eta gantz gutxieneko (Burger King-ekoen erdia, hain zuzen) haragia eskaintzen dute. Kalitate-prezio erlaziorik hoberena aurkitzea ez da kontu erraza, produktuok ez baitira homogeneoak. Baina erabilitako haragiaren eta osasunaren kalitatea saritzen badira, McDonald’s-eko “libra laurdenak” behikidun hanburgesa du nabarmentzekoa eta Kentucky Fried Chicken-ek oilaskoduna. Entsaladez ari garela, kalitate higieniko-sanitarioan zentratuz eta osagaien aniztasuna alboraturik (bertan Mc Donald´s azpimarratzekoa delarik), aukerarik politena Kentucky Fried Chicken-eko “generalaren entsalada” izenekoa da, merkeena bera.
Hanburgesak (ogia eta “osoaren” gainontzeko osagaiak barne) elikagai kalorikoak dira: hemen aztertutakoek, ehun gramoko, 220 eta 290 kaloria bitarte aportatzen dituzte. Nutrizio-alorreko osakerari goazkiola, gantz agerpena handia da (%12-%16). Gantz-kopuru altu hori osatzen duten osagarrien artean haragia bera, behikia areago oilaskoa baino, eta saltsak (maionesa, mostaza…) ditugu. Ia denak haragian jatorri dutela, proteinen edukia %10 eta %13 artean dago. Proteina hori kalitate handikoa da, behikiak eta oilaskoak dituzten funtsezko aminoazidoen oreka onaren ondorioz. Karbohidratoak (%23tik %28ra bitartean) konplexuak dira, batik bat, ogia jatorburu dutela. Hanburgesa osoek zuntza ere aportatzen dute: %1etik %2ra bitartean. Bitamina hidrosolugarri (oilaskoaren azido folikoa, behikiaren B12, letxuaren C bitamina), liposolugarri (gaztaren A eta D bitaminak) eta mineral ugari aportatzen dituzte.
Jaki azkarreko otorduen nutrizio-kalitatea hobetu egiten dute entsaladek, zuntz eta bitamina gehiago aportatzen dituztelako. Animali iturburuko elikagaiak (arrautzak, atuna, urdaiazpikoa) dituzten entsaladek proteina gehiago dauzkate, baina gantza ugariagoa ere bai. Bestetik, zenbat eta landarezko gehiago ezarri, hainbat eta bitaminen ekarpena handiagoa: izan ere, aza, letxu, azenario, tipula, zainzuri, pepinillo eta antzekoek, hamaikatxo bitamina hidrosolugarriren ingesta bermatzen dute.
Hanburgesa horiek entsaladarekin batera hartzen baldin badira, nutrigarrien ekarpen polita lortzen da. Halaz ere, elikagaien kalori kopuru handiak eta animali gantzaren ekarpen itzelak gure eguneroko azturetan horrelako elikagairik ez hartzera bultzatu behar gaituzte, haurren kasuan batez ere: umeen obesitatea erraz sendatzeko modukoa ez denez, barazkia, lekaleak, fruta, esnekia eta arraina jaten ikasi behar dute. Elikagaiok ezinbestekoak ez ezik, heziketan sartzen ere zailak dira, prestaturiko jakien (saltxitxak, pizzak, era guztietako frijikiak, hanburgesak, etab.) aldeko zaletasun bizia agertzen dutelako, dietetikaren aldetik gomendagarriak ez izan arren.
Honen funtsezko osagaiak haragia eta ogia dira, proportzio bertsuetan (%30 eta %40 artekoak), nahiz McDonald’s-ekoan okela nagusi den eta Burger King eta Telepizza-koetan, ogia. Gainerako osagaiak proportzio apalagoan agertzen badira ere, McDonald’s-ekoak gazta ugari (%12) dauka. Hiru hanburgesen arteko alde urriak, proteina eta hidratoen eduki handiagoan dautza; ekarpen kalorikoaz ari garela, McDonald’s-ekoak handia du, haragi gehiago eta gazta dituelako.
Haragi-mota zehazteko azterketak egiaztatu zuenez, Mcdonald’s eta Burger King-ekoak behikiz bakarrik eginda dauden bitartean, Telepizza-ko hanburgesak txerrikia ere badauka. Azken honen azalpen eta publizitatean ez da txerri-haragiaren adierazpenik egiten, baina McDonald’s-eko “libra laurdena” eta Burger King-eko “Whopper” behikidun hanburgesa bezala agertzen dira publizitatean.
Kolageno/proteina erlazioaren eta kolagenorik gabeko proteinaren zehaztapenak (haragi birrinduetan baliatutako haragiaren kalitatearen adierazleak biak ere) garrantzizko zerbait argitu zuen: haragiaren kalitatea hobexeagoa du McDonald’s-eko “libra laurdenak” Burger King-eko “Whopper”-ek eta Telepizza-ko hanburgesa arruntak baino.
Oilaskodun hanburgesa osoa (horrez gainera, ogia, letxua eta maionesa dauzkana) saltzen duten hiru kateetan okela da osagai nagusia, Kentucky Fried Chicken-en bereziki: honetan, produktu osoaren %54raino iristen delarik. Batez besteko okela-portzentajea, hauetan, behikidunetan baino dezente altuagoa da (%50 oilaskodunetan, %38 behikidunetan); ogia %40an geratzen da eta letxua eta maionesak %5 inguru osatzen dute. Behikidun hanburgesarekin gertatzen zen ez bezala (bertan, hiru osagai nagusiak proportzio bertsuan azaltzen zirelarik) oilaskodunetan karbohidratoa askoz ugariagoa da gantza eta proteina baino. Nolanahi ere, oilaskodunak duen gantz-edukia eta behikidunak daukana antzekoak dira, nahiz eta hauen balio energetikoa haiek baino handiagoa izan, agian, haragi-proportzioa ere altuagoa delako, oilaskokiak kaloria gutxiago dituen arren.
Gantz-edukian ere aldeak hauteman ziren: Burger King-ekoak edukiaren %18 du gantz, Kentucky Fried Chicken-ekoa ez da %10era iristen eta McDonald’s-ekoak %12 du. Proteina-portzentajea (%16 ingurukoa) antzekoa da hiru laginetan.
Oilaskodun hanburgesa hauen haragiaren kalitateari dagokionez, batez besteko kolageno-proteina erlazioa behikidunetan baino arras apalagoa da, oilaskokiaren izaera dela bide. Baina kolagenorik gabeko proteinen indizea, berriz, apalagoa da oilaskodunaren proteina-portzentajea ere urria delako. Emaitzak ikusirik, kalitate hobereneko oilaskokia Kentucky Fried Chicken-eko hanburgesan atzeman zen eta okerrena, aldiz, de Burger King-ekoan.
Hanburgesetan eta, batik bat, entsaladetan, lantzeprozesuak zorrotza izan behar du, osasun-higiene alderdiari dagokionez. Hamar produktuen (behikidun hiru hanburgesa, hiru oilaskodun eta lau entsalada) kalitate mikrobiologikoa aztertu du CONSUMERek aztergai diren lau kateetako hiru establezimendutan. Horrenbestez, aztertutako laginak 30 izan ziren. Prestaturiko jakiei buruz indarrean dagoen legeriak muga mikrobiologikorik xedatzen ez duen arren, patogenorik agertu behar ez dela finkatua du. Dena den, Osasun Ministerioaren arau-proiektu bat ari da eratzen, eta horixe hartu du ardatz azterketa honek. Erabat hobetu beharreko panorama erakutsi dute emaitzek. Oilaskodun hanburgesen egoera mikrobiologikoa behikidunena baino hobea izan zen eta arazo larrienak entsaladetan hauteman ziren. Aztertu ziren Burger King-eko produktuetan Listeria monocytogenes-en agerpena atzeman zen, behikidun hanburgesa batean eta entsalada batean.
Mikroorganismo patogeno horren agerpena oso apala zenez, kontsumitzailearen osasuna ez zegoen arriskutan. Beste alde batetik, enterobakterioen zenbaketa eginik, (oraino onetsi gabe dagoen) legeriak proposaturiko muga ozta-ozta gainditu zuten, Burger King-eko hanburgesa batean. Arazo bera aurkitu zen aztertutako Telepizza-ko hiru behikidun hanburgesetatik bitan. Enterobakterioak mikroorganismo ez-patogenoak diren arren, produktua maneiatzeko prozesuan hobetu beharreko higienea nabarmentzen dute. McDonald’s-eko hiru “libra laurden” hanburgesak egoera mikrobiologiko zuzenean zeuden.
Oilaskodun hanburgesek ez zuten arazorik agertu. Entsaladetan, ordea, Listeria monocitogenes atzeman zen Burger King-eko batean; halaz ere, oso kopuru txikian zegoenez, ezin kalterik eragin zezakeen. Katea bereko beste batek mikroorganismo aerobioen muga gainditua izateak higienea hobetzeko modukoa dela adierazten du. Aztertu ziren McDonald’s-eko hiru entsaladek arazo horixe nozitzen zuten: higiene eskasaren adierazle diren mikroorganismoen mugak ozta-ozta gainditu zituzten eta.
Hitz gutxitan, Burger King-eko eta Telepizza-ko behikidun hanburgesaren batek eta Burger King-eko eta McDonald’s-eko entsalada zenbaitek arazo mikrobiologikoak azaldu zituzten. Arazo horiek ez dira kaltegarriak kontsumitzailearen osasunarentzat, baina berrikusi beharreko fabrikazioa dagoela adierazten dute, produktuak erakutsi beharko lukeen kalitate higieniko-sanitarioa mugaz behetik dabilelako. Azpimarratzekoa, era berean, Kentucky Fried Chicken-eko establezimenduetan erositako lagin guztiak (oilaskodun hanburgesa eta entsalada) osasun-egoera bikainean zeudela.
Laburbilduz
Laburbilduz
- Behikidun hiru hanburgesa oso, hiru oilaskodun eta lau entsaladaren ezaugarriak zehaztu dira laborategian. Produktu horiek McDonald´s, Burger King Telechef-Telepizza eta Kentucky Fried Chicken-eko establezimenduetan eskuratu ziren.
- Hanburgesa osoa gehi entsaladaren prezioa 750 pezetatik (Mc Donald´s) 625 pezeta (Kentucky Fried Chicken) dabil.
- Produktuon egoera higieniko-sanitarioa hobetzeko modukoa dela argi eta garbi frogatu zen: behikidun bi hanburgesa (Burger King eta Telepizza) eta bi entsalada (Mc Donald´s eta Burger King) egoera desgokian zeuden, desiragarri ez diren mikroorganismoak zeudelako bertan: Hauek, osasunarentzat kaltegarri gertatzen ez badira ere, produktuaren maneiaketa berrikusi eta hobetu beharra dagoela frogatzen dute.
- Hanburgesa hauek entsaladarekin hartzen baldin badira, nutrigarrien ekarpen ona lortuko dugu baina, dauzkaten kalori kopuru altuak eta animali gantza ugariak horrelako elikagaiak gure eguneroko dietan ez sartzea gomendatzen digute.
- Kalitate hobereneko behikia McDonald´s-eko “libra laurdena” hanburgesak zuekan. Oilaskodun hanburgesetan, okela onena Kentucky Fried Chicken-ekoa izan zen.
- Osasun-kalitatea eta erabilitako haragiarena lehenesten badira, McDonald’s-eko “libra laurdena” nabarmentzen da behikidun hanburgesetan kalitate-prezioan eta Kentucky Fried Chicken-ekoa, berriz, oilaskodunetan. Entsaladetan, berriz, kalitate higieniko-sanitarioa eta prezioa ardatz harturik, aukera egokiena Kentucky Fried Chicken-eko “generalaren entsalada” dugu.
Bannan-Bannan
Jaki azkarra, xehetasunean
McDonald's-eko libra laurdena
- 375 pta. Kalitate-prezio erlazio egokiena.
- Behiki eta ogiaz gainera, tipula, gazta eta pepinilloa, ketchup eta mostaza dauzka. Haragi-eduki handiagoa (%44) eta proteina, karbohidrato eta errauts ugariago.
- Kaloria gehien dauzkana ere bera da (253 kaloria 100 gramoko). Gantz eta proteina ugarienekoa izateaz gainera, kalitate hobereneko haragia du.
- Egoera higieniko-sanitarioa: zuzena.
Burger King-eko Whopper
- 375 pta. Letxua, tomatea, maionesa, pepinilloa, tipula eta ketchup dauzka.
- Osagai gehien dituena. Haragiaren kalitatea, McDonald’s-eko libra laurdena baino apalagoa.
- Aztertutako hiruretako baten egoera mikrobiologikoa, hobetzeko modukoa: Listeria monocitogenes oso kopuru txikian, osasunarentzat kaltegarri izateraino iritsi gabe.
- Higiene-gabeziaren adierazle diren mikroorganismoentzat proposaturiko muga ozta-ozta gainditzen du.
Hanburgesa normal: Telepizza/Telechef
- 390 pta, Garestiena. Letxua, tomatea, maionesa eta tipula dauzka. Ogi gehien duena (%42).
- Gantz eta proteinaren portzentaia txikiagoa da, ekarpen kalorikoa bezala (218 kaloria ehun gramoko).
- Zuntz disolbaezin gehien daukana (%3). Behikiaz gainera, txerrikia ere badaukan bakarra. Haragiaren kalitatea, McDonald’s-eko libra laurdena baino apalxeagoa.
- Aztertutako beste biek baino gantz eta proteina gutxiago. Egoera mikrobiologikoa, hobetzeko modukoa: hiru hanburgesetatik bik, higiene-gabeziaren adierazle diren mikroorganismoentzat proposaturiko muga ozta-ozta gainditu zuen.
Oilaskodun hanburgesa osoa: Kentucky Fried Chicken
- 395 pta, Garestiena, baina kalitate-prezio erlazio egokiena.
- Oilasko eta ogiaz gainera, letxua eta maionesa dauka. Haragi-proportzio handiagoa du nabarmen (%54); gainera, gantz gutxieneko eta kalitate hoberenekoa da.
- Egoera mikrobiologiko zuzena.
McPollo osoa: McDonald's
- 375 pta, Letxua eta maionesa dauka. Beste biek baino haragi gutxiago.
- Besteek baino gantz eta proteina gutxiago. Kaloria gutxien dituena (242 kaloria ehun gramoko).
- Egoera mikrobiologiko zuzena.
Long Chicken: Burger King
- 375 pta, Besteek baino ogi gehiago. Letxua eta maionesa dauka.
- Gantz, proteina eta kaloria (287 ehun gramoko) gehien dituena.
- Gantz gehien (%18) duen okela. Kalitate kaskarrenekoa. Egoera mikrobiologiko zuzena.
Generalaren entsalada: Kentucky Fried Chicken
- 230 pta, Merkeena eta kalitate-prezio erlaziorik egokiena, lau osagai besterik ez dituen arren: aza, tipula, azenarioa eta saltsa.
- Egoera mikrobiologiko zuzena.
Amerikar entsalada arina: Telepizza/Telechef
- 295 pta, Aza, tipula, azenarioa eta saltsa ditu.
- Egoera mikrobiologiko zuzena .
Urdaiazpiko eta gaztadun entsalada: Burger King
- 295 pta, Letxua, tomatea, urdaiazpikoa, gazta, olibak, aza eta azenarioa dauzka.
- Egoera mikrobiologikoa, hobetzeko modukoa: aztertutako hiruretako batean, Listeria monocitogenes, kopuru inokuoetan baina.
- Beste lagin batek, hobetzeko moduko higienearen adierazle diren aerobioentzat proposaturiko muga ozta-ozta gainditu zuen.
Baratzeko entsalada: McDonald's
- 375 pta, Garestiena, osagai gehien dituena: letxua, atuna, arrautza, pepinoa, tomatea, azenarioa, zainzuria eta olibak.
- Egoera mikrobiologikoa, hobetzeko modukoa: hobetzeko moduko higienearen adierazle diren aerobioentzat proposaturiko muga ozta-ozta gainditu zuten hiru laginek.