Balekoak, behin-behingoz bakarrik
Aukera ezagunenetako bat, otorduen ordezko produktuak dira, barratxo dietetikoak, besteak beste. Txokolate-zaporedun bost laginen (Biocentury, Slimbel, Gerlínea, Biomanán eta Controlday) osakera, nutrizio-alorreko ezaugarriak eta zaporeak aztertu dira oraingoan. Barratxoek ez zuten alde handirik, pisuari dagokionez, 31 eta 44 gramo bitarte baitzebiltzan denak. Prezioan, berriz, ez zen beste horrenbeste gertatu: alea 83 pezeta (Gerlínea) eta 163 pezeta (Slimbel) bitartean kostatzen da.
Barratxo horiek sakarosa, esne-proteina eta bestelako osagaiek osatzen dituzte, eta kalori ekarpen urri-urria eginik, proportzio jakin batean makronutrigarriak (karbohidrato, proteina eta gantzak), zuntza, bitamina eta mineralak izan ditzaten diseinatu dira. Batez beste 430 kaloria aportatzen dute ehun gramoko, egunean otordu bat edo gehiago ordezka dezakete eta likido ugariz hartu behar dira. Barratxo hauek elikagai konbentzionalen kontsumoarekin osatu behar dira, eguneko gainontzeko janarietan. Barratxo horien nutrizio-osakeran karbohidratoak nabarmentzen dira: batez beste, produktuaren %50era iristen direlarik (elika-zuntz disolbagarria barne), proteinak %22ra iristen dira. Gantz-edukia %15ean dabil eta batez ere saturatua da. Azido linoleikoaren (funtsezko azido hau organismoak ezin sintetiza dezakeenez, dietan kontsumitu behar da) proportzioa %11 inguru dago. Hezetasuna urria da (%1 eta %9 bitarte) eta elika-zuntz disolbaezina %3aren bueltan agertzen da. Bitamina eta mineralen edukia, oro har, handia da.
Osagaiak eta nutrizio-osakera
“Diseinuko” elikabideak dira barratxo hauek, kaloria murrizketaren taktika horri berez dagozkion nutrizio-osakera jakina eta ezaugarri organoleptikoak izan ditzaten helburuz eratuak. Gehienek sakarosa, azukre- edo glukosa-xiropea, esne-proteinak, esne-txokolate edo kakao deskoipeztatua, landare-gantz edo olioa, landare-zuntza, bitamina eta mineral-konplexuak, usainkariak, lodikariak eta antzekoak dauzkate. Osagai nagusiak, nolanahi ere, sakarosa edo azukrea eta esne-proteinak dira. Txokolate edo kakaoa, lagin batzuetan, estaldura huts gisa agertzen da, bestetan betekitzat ere bai. Biocentury eta Gerlínea laginek bakarrik adierazten dute zenbat txokolate duten (%18 eta %20). Beste osagaietako batzuek (oligofruktosa, glukomananoa, elika-zuntz disolbagarria), disolbaezinarekin osaturik, hesteen trafikoaren arauketan eragin mesedegarria dute.
Oligofruktosaren balizko eragin onuragarriak ikertzen ari dira orain, hala nola, hesteetan bifidobakterioen ugalpena eragitea, eta horixe adierazten dute lagin batzuen etiketek. Barratxo hauek karbohidratoz osaturik daude, gehienbat (guztirako edukiaren %50etik gora, batez beste). Zuntz disolbagarria ere jasotzen duela, portzentaje hori handiagoa zen Gerblé (%57) eta Biomanan (%54) laginetan; Slimbel eta Controlday, ordea, ez zen iristen %50era: %47 eta %45. Proteina da bigarren makronutrigarria, edukiaren arabera (%22): bost laginek aski kopuru berdintsuak erakutsi zituzten, atal honetan. Gantzari dagokionez, alde handiak hauteman dira lagin batetik bestera: %12tik (Biomanán) %20eraino (Biocentury), alegia. Gerlínea, Slimbel eta Controlday batez bestekoaren gertu-gertutik dabiltza, hau da, %16an.
Ur edukia apal-apala dute Biocentury eta Gerblé (%1-%2) laginek eta dezente handiagoa Slimbel, Biomanán eta Controlday markakoek (%9). Osoko edukiaren elika-zuntzetik disolbaezina den zatia bakarrik zehaztu da eta, laginen arabera, kopuruak dezente aldatzen direla egiaztatu da: Biomanán, Gerblé eta Biocentury markakoek %2 dute eta Slimbel eta Controlday, berriz, %5eraino iristen dira. Zuntzaren zati disolbagarriak -azterketa honetan, oligofruktosa, glutamato eta antzeko karbohidrato gisa agertzen dena, batik bat- lagin batzuetako etiketetan adierazitako zuntz-edukia osatzen du.
Barratxoak biziki energetikoak dira, izan: batez beste, ehun gramoko 430 kaloria aportatzen dituzte. Kalorikoenak Bioncetury (476 kaloria ehun gramoko) dira eta gutxien dituztenak, aldiz, Biomanán eta Slimbel (405 kaloria). Bi barratxok janari bat ordezkatzen dutela eta horietako bakoitzaren batez besteko pisua 39 gramo dela kontuan izaki, bi barratxo bakarrik kontsumitu diren otorduaren batez besteko kalorien ekarpena 335 kaloriakoa da. Nabarmen dezagun datuok apur bat neurriz gainetik balioztatu direla, kalorien kalkuluan guztirako karbohidratoak hartu direla abiagunetzat, zuntzaren zati disolbagarria barne (gogoan izan zati horrek inongo kaloriarik ez duela aportatzen, liseriketa-aparatutik igarotzen bada ere, ez da “liseritua” gertatzen. Barazki-menestrak (59 kaloria ehun gramoko), txahal-xerra plantxan erreak (181 kaloria ehun gramoko) eta jogur batek (82 kaloria ehun gramoko) osaturiko jatordu osasungarri batek, adibidez, horrelako jakien ohikoenak diren errazio eta aurkezpenen arabera, 500-600 kaloria aportatuko lituzke. Beraz, barratxoen kontsumoak, bazkari arrunt baten aldean, kalorien %30-40aren murrizketa eragingo luke.
Gantzak, ordea?
Barratxo hauetako gantz-motari dagokionez, erdia baino gehixeago saturatua da: %40 Biocentury laginean, %53 eta %57 bitartean, gainerakoetan. Azido monoinsaturatuen artean, oleikoa da bakarra, ia, eta batez beste %36ko agerpena du: Biocentury markakoan %42an dabilela, gainontzekoetan (Gerblé, %31) apalago agertzen da. Poliinsaturatuak (hauen artetik azido linoleikoa nabarmentzen da) gantz osoaren %11ra iristen dira. Linoleikoaren portzentajeak alde handiak erakusten ditu marka batetik bestera, %8tik (Slimbel eta Controlday) %16ra baitoa (Biocentury). Nutrizio-alorreko adituek gantzatiko energia hurrengo eran banatzea gomendatzen dute: %7-8a gantz-azido saturatuak, %10-15a monoinsaturatuak eta %7-10a poliinsaturatuak. Jarraibide horiek osoko dietari dagozkio eta barratxo hauek eguneko otordu bat edo pare bat baizik ez ordezkatzeko eratuak daude, baina gantz-azido saturatu gehiegi dauzkatela azpimarratu beharra dago. GAI/GAS indizea gantz-azido (mono- eta poli-) insaturatuen eta gantz-azido saturatuen arteko proportzioaren adierazlea da. Barratxo hauek esneak eta esneki askok baino gantz-proportzio mesedegarriagoa agertzen dute, baina haragia edo dilistak bezain onuragarria izatera ez da heltzen. Biocentury laginaren gantz-moten indizea askozaz gainontzekoena baino mesedegarriagoa denez, marka horretako laginak du denetan osakera osasuntsuena.
Bitaminez ari garela, Biocentury laginak A eta C bitamina du nabarmen eta Gerlínea, B multzokoetan ugari dela, D3 gehien dauka.
Etiketa
Produktu dietetikoen etiketak, horien kaloriez eta nutrizio-alorreko osakerari buruzko informazioa eskini behar du, bai produktuaren 100 gramoko, baita kontsumitzeko proposatzen diren kopuruei dagokiela, eta erabiltzeko argibideak eman behar ditu. Era berean, likidoen kontsumo egokia premiazkoa dela eta honelako produktuekin batera bestelako elikagaiak ere hartu behar direla adierazi behar du. Ezin aipa dezakete argaltze-erritmorik, ezta gose-sentsazioaren ahultze edo asetasun-sentsazioaren areagotzerik ere. Lagin guztiek adierazten dute kalorien kopurua eta nutrizio-osakera, bai ehun gramoko, bai barratxo bakoitzeko ere. Gehientsuenek, gainera, gomendaturiko eguneko kopuruarekiko (GEK) nolako portzentajea duten agertzen dute. Era berean, bi barratxok otordua ordezkatzen dutela eta kontsumizio bakoitzaren ondoren likido ugari hartu behar dela adierazten dute denek. Gerlínea, Biomanán eta Biocentury laginek diote beren barratxoek ez dutela osatzen eguneko elikabide osorik eta, horrenbestez, bestelako elikagaiekin osatu behar dela. Eguneko gainerako janariak egiteko iradokizunak eskaintzen ditu Biomanán laginak eta Biocentury izenekoak, barratxo bakoitzaren bildukian, produktuok asetasun-sentsazioa areagotu egiten dutela dio, legeak horrelako aipamenak debekatuak dituen arren.
Slimbel eta Controlday laginek, CONSUMERek eskuratu zituen era komertzialean (barratxoak aleka), nutrizio-osakera eta erabiltzeko argibideak bakarrik ematen dituzte, elikabidea zatika ordezkatzeko produktuak direnik aipatu gabe.
Dastatzeko unean, bost barratxoen itxura, usain, ukitu eta zaporea balioztatu zituzten kontsumitzaileek. Itxurari dagokionez, balorazio guztiak antzekoak izan ziren, barratxoen tamaina, estalduraren kolorea eta betekia gorabehera.
Gerlínea eta Biomanán nabarmendu ziren usain sakonekoak izatearren, baina Slimbel eta Controlday laginena atseginago izan zuten dastatzaileek. Zaporearen atalean, Gerlínea laginaren puntuazio apala da azpimarratzekoa, Controlday eta Biomanán ere atseginak izan ez ziren arren. Biocentury izan zen mahaikideen zapore-alorreko itxaropenak gehien asebete zituena. Barratxo hauek ahulen duten alderdia ukitua izaki, Biocentury markakoak bakarrik jaso zuen nota ona. Ukitu-arazo arruntena, barratxoa sendoegi eta gomatsua gertatzea izan zen. Biocentury izan zen dastaketa onik gainditu zuen lagin bakarra, sei punturekin. Gainerakoek suspentsoa bildu zuten. Denetan txarrena Gerlínea izan zen, hiru punturekin. Gainerakoek launa puntu jaso zituzten.
Laburbilduz
Hurrengo orrira joan: Laburbilduz
- Pisua kontrolatzeko metodotzat merkaturatzen diren txokolate zaporedun barra dietetikoen bost lagin (Biocentury, Slimbel, Gerlínea, Biomanán eta Controlday) aztertu dira. Otordu bakoitzeko, honelako bi barratxo kontsumituz, janari bat edo bi ordezkatzea proposatzen da.
- Nutrigarrien ekarpena orekatua da eta pisua murrizten lagungarri gerta daitezke baina bromatologi heziketarik ez dute eskaintzen: dieta honekin kiloak jaistea lortzen dutenek pisu hori berreskuratzen dute, elikabidea aldatzean. Pisua era iraunkorrean kontrolatzeko modu bakarra, gehiegizko pisua sortarazi zuten okerreko azturak zuzentzea da.
- Barratxoak sakarosa, esne-proteina eta bestelakoek osatzen dituzte. Makronutrigarriak (karbohidrato, proteina eta gantzak), zuntz, bitamina eta mineralak proportzio egokian izateko diseinatu dira, kalori ekarpen txikia eginez.
- Batez beste, 430 kaloria aportatzen dute ehun gramoko eta otordu bat ordezka dezakete, likido ugarirekin hartzen baldin badira. Janari osasuntsu baten aldean (barazki menestra, txahal-xerra plantxan errea eta jogurra), bi barratxok (335 kaloria) energiaren %30etik %40ra bitarteko aurrezkia eragiten dute. Barratxo horien kontsumoa elikagai konbentzionalez osatu beharra dago egunero.
- Lagin bakar batek ez du betetzen legeriak bitamina eta mineralen edukiaz xedatutako minimorik eta ez du errespetatzen pisua kontrolatzeko produktu dietetikoei buruzko araua, proteina eta gantzetiko energiaren mugak eta bitamina, mineral eta funtsezko gantz-azidoen gutxienekoak finkatzeari dagokionez.
Bannan-Bannan
Pisua kontroltzeko barratxo dietetikoak, banan-banan
Biocentury
- 108 pezeta barratxoa, bigarren merkeena. Proteina (%24) eta gantz (%20) asko. Gantzetatiko kaloriei dagokiela, arauak xedatutako gehienekoa gainditzen du.
- Gantzaren osaketa osasuntsuena. Azido linoleiko ugari. Kaloria gehien dituena: 476 kaloria ehun gramoko. Niazina eta D3 bitamina ugari.
- Bitamina eta mineral batzuetan ez da gutxienekora iristen. Etiketan agertzen duen asetzeko gaitasunari buruzko aipamena ez du legeak onartzen.
- Dastaketan, hoberenak: 6 puntu, duten txokolate- eta hur-zaporeagatik, eta besteek bezain ukitu sendo eta gomatsua ez duelako.
Gerlínea
- 83 pezeta barratxoa, merkeena. Karbohidrato (%57), errauts (%3,7), bitamina eta mineral asko.
- B1 bitamina eta potasioaren gutxienekoak betetzen dituen bakarra. Halaz ere, ez da iristen C bitamina, burdina eta kaltzioaren gutxieneko kopuruetara.
- Gehientsuek baino kakao gehiago (%5,4). Dastaketan, txarrena: 3 puntu, ez zaporea, ez ukitua (sendoa, bikortsua), ez ziren mahaikideen gustukoak izan .
Biomanán
- 83 pezeta barratxoa, merkeena. Karbohidrato (%54) asko, gantz (%12) gutxi.
- Kaloria gutxien dituena: 405 kaloria ehun gramoko. Bitamina eta mineral batzuei dagozkien gutxienekoetara ez da iristen.
- Fosforo eta kakao (ia %6) asko. Dastaketan, 3 puntu: txokolate-zaporea eta usain sakonak, ukitua sendoegia.
Slimbel
- 163 pezeta barratxoa, garestienak Controlday laginarekin batera. Gantzetiko kaloria ugariegi. Gainerakoek baino azido linoleiko gutxiago.
- Ur (%9) eta elika-zuntz disolbaezin (%5) gehien duena. Gehienak baino kaloria gutxiagokoa (406 kaloria 100 gramoko). B2 bitamina, kaltzio eta fosforo asko.
- Bitamina eta mineral batzuetan ez da gutxienekoetara iristen. Aleka merkaturatuta, ez du adierazten dietaren zatikako ordezkapena baizik ez dela, hau da, bestelako elikagaiekin osatu behar dela.
- Dastaketan 4 puntu: zapore atsegina, baina ukitua gomatsuegia.
Controlday
- 163 pezeta barratxoa, garestienak Slimbel laginarekin batera. Gantzetiko kaloria ugariegi. Azido linoleiko gutxien (%8,2) baina elika-zuntz disolbaezin (%5,4) gehien daukana.
- Niazina, kaltzio eta fosforo asko. Bitamina eta mineral batzuetarako xedatutako gutxienekoetara ez da iristen.
- Aleka merkaturatuta, ez du adierazten dietaren zatikako ordezkapena baizik ez dela, hau da, bestelako elikagaiekin osatu behar dela.
- Dastaketan 4 puntu: zapore atsegina, baina ukitua gomatsuegia.