Maitasuna ala jabetza sentimendua?
Emozio-egoera antsietatez betea bezala defini genezake eta pertsonak daukana edo jabetzan eduki uste duena, edo eduki behar lukeena (maitasuna, boterea, irudi profesional edo soziala…) galtzeko arriskuaren aurreko beldurra du ezaugarri. Sentimenduen esparruan, zeinurik nabarmenena bestearenganako mesfidantza eta susmo etengabea da eta bizipen horrek kutsatu eta kalte handia egiten dio pertsona maitearekiko harremanari.
Maite dugun pertsonak beste norbait gu baino maiteago izango duen beldurrak eragindako sentimendu nahasi, paralizatzaile eta obsesiozkoari esaten diogu jeloskortasuna. Modurik bortitzenean agertzen denean, egoera neurotiko edo, orokorrean, psikopatikoetan bilatu behar da zeloen jatorria. Zenbait autoreren iritziz jeloskortasuna unibertsala eta sortzetikoa da. Linton-ek, adibidez, tesi honen froga gisa aipatzen du Markesa Uharteetan, sexu-askatasuna ia erabatekoa izanik, indigenek mozkortuta daudenean baino ez dutela jeloskortasuna adierazten; hau da, beren kontrol borondatezkoa, arrazoitzeko gaitasuna, gutxiturik dagoenean.
Aitzitik, beste psikologo batzuek (O.Klineberg-ek, adibidez) sentimendu horren jatorria kulturala dela esaten dute eta zeloak ez daudela bestea norberarentzat bakarrik izateko nahi edo beharraren menpe, “estatutu” sozialaren menpe baizik. Gizarte monogamikoetan, gurean esaterako, eta egile horren ustez, adulterioak segurtasunik eza (materiala zein afektiboa) eragiten duen neurrian edo prestigioari eta ohoreari eragiten dion neurrian baino ez du jeloskortasuna eragiten. Bi teoria nahiko kontrajarriak dira baina, sarritan gertatzen den bezala, erabat osagarriak. Horrela, jeloskor azaltzen garenean gizaki izaerak berezko dituen sentsazioak bizi izaten ari garela pentsa genezake eta, aldi berean, gure kulturak eta bizi izateko moduak berezko duen eta eman digun portaera azaltzen dugula.
Arriskutsu izan daitekeen sentimendua
Oso jeloskor diren pertsonak, sarritan sutsuak, antsietatez beteak, apur bat sadomasokista eta neurotikoak izan ohi dira eta desleialtasunerako beren joerak proiektatzen dituzte inguruan. Irrika handiz bilatzen dituzten beren zorigaitzaren frogak eta ez diote jaramonik egiten konfiantzazko pertsonek ematen dizkieten argudio zentzuzkoei.
Abandonaturik eta gutxietsirik daudela eta burla egin dietela sentitzen duten pertsona jeloskor eldarniatuak, beren “maitea” jazartzera ere irits daitezke eta ez dute zalantzarik izango erasotzeko ere. Horregatik sortzen du hainbeste arazo zeloen kontu honek, ez gertaera kriminalek zuzenean eragindako pertsonen segurtasun fisikoan bakarrik, baita beste askoren oreka emozionalean ere. Bikote batean banaketaren beldurra sortzen denean, beldur hori zelo itxuran edo ezkontidea bere ustezko desleialtasunean jazarriz agertzen da, hura kontrolatu eta fidel izatera behartu nahian. Zeloekin zenbat eta jazarpen handiagoa egiten zaion, orduan eta behar handiagoa izango du bikotekideak bere autonomia erakusteko eta ahalegin guztia egingo du aldendu eta ez makurtzeko.
Zenbat eta gehiago egiten duen, ezkontide jeloskorrak orduan eta amorru handiagoz ekingo dio bere jabetza gisa erreklamatu eta mugitzeko eta sentitzeko askatasuna bahitzeari. Pertsona jeloskorrak, orduan, bere ustezko abenturaren deskribapen zehatza egitea eskatzen dio ezkontideari eta bere buruan hainbat gauza nahastuko da: lotsagarri geratzeko beldurra, denen ahotan izatekoa, beste pertsonak gehiago balio duela sentitzeak eragiten dion mina, autoestimua galtzea eta morboz beteriko informazio beharra (beste harremanaren gorabeherak, bestea nor den, elkar non ikusten duten, noiztik…), kontrolatzeko behar neurrigabea, jabetza sentimendu sumindua, nork bere buruarenganako agresibitatea… Tortura balitz bezala bizi du egoera, mendekurako gogoz, isiltasunean ezkutatzetik hasi eta komunikabideetako gertaeren atalek hain sarritan deskribatzen dituzten drametaraino.
Zeloak ez dira maitasuna
Askotan uste izaten denaren kontra, eta hainbat abestiren hitzek, literaturako argumentu edo filmetako gidoiek erakusten dutenaren kontra, zeloak ez dira beti maitasun handiaren ondorio, eta ez dute adierazten bestea zenbat maite, desio edo behar den. Eta, normalean, zelo eraso mota hori izaten duten pertsonak beren buruaren baitan bilduak izaten dira eta beren buruaren baitako itxialdi horretatik irtenda baino ez dira sendatuko.
Jeloskortasuna agertzen den egoera askotan, maitasuna edo bakardaderako beldurra baina gehiago, beste arrazoi batzuk izaten dira: bestearen jabetza sentimendua, kontrolatzeko beharra, nork bere buruarengan konfiantzarik eza, bestearen bizitza emozionala aberatsago delako ikusi ezina… Oso zelo mota berezia haurrena da (“Kainen konplexua”), senide txikiagoa jaiotzen denean agertzen dena. Haurrak, ordura arte atentzio guztien erdigunea izan denez, gurasoen maitasuna eta arreta familiako kide berriarekin partekatu behar dituela onartu behar du, batez ere amaren arreta galduko duela eta horregatik, jaio berria usurpatzaile gisa ikusiko du eta iritsi berriarenganako ezinikusiak bere gorroto guztia senide txikiarengana botatzera eraman dezake. Psikologoen esanetan, ez da arraroa pertsona helduek bizi duten zenbait egoera neurotikoren jatorria ere haurtzaroko zeloen ondorio izatea. Baina zeloak ez dira familian edo sentimenduen arloan bakarrik gertatzen: lan arloan ere ernetzen dira. Profesional mesfidati eta oso lehiakorrek (hitzaren zentzurik txarrenean) ere izaten dituzte zeloak; ez dira gai taldean lan egiteko eta beren denbora eta energiaren zati handi bat detaile txikietan galtzen dute; ez diote inori informaziorik ematen eta inguruan gertatzen den guztia kontrolatu egiten dute, beste inork bere lanari itzal egingo dion lanik aurkeztu ez dezan.
Lan arloko jeloskor hauen bizitza eta balio pertsonala bere estatus profesionalaren inguruan eraikitzen da eta autoestimu txikia izaten dute (sarritan autosufizientziaz mozorrotua). Eta, jakina, jarrera horrekin segurtasunik eza eta inteligentzia emozional urria erakusten dute, kanpoko estimuluei, kasu honetan lankideen lehiari, ez baitiote era baikor eta orekatuan erantzuten. Lagun arteko harremanean ere sor daitezke zeloak (“hura ni baino ederragoa da, edo beste hura argiena, horrek du etxerik politena, beste horren emazteak irabazten du dirurik gehien”), baina gehienetan ez da hainbeste arazo sortzen eta ez da dramatiko bihurtzen.
Jeloskortasuna aholkulari kaskarra dela esan ohi da. Ez da komeni esaera horri garrantzia kentzerik eta ez dezagun utzi zeloak sentimendu normaltzat edo nolabaiteko xarma duten portaeratzat hartzerik, “zenbat maite dudan” adierazten dutela esanez. Eguneroko bizitzan, zeloek hautsi eta ilundu egiten dituzte harremanak eta pertsona jeloskorrek, beren jabetza eta jazarpen itogarriarekin, hondatu egiten dute apurka-apurka topaketaren gozamena eta plazerra eta bikotearen oreka, samurtasun, ulermen, tolerantzia eta bestearen autonomiaren errespetuan oinarritua behar lukeena. Une jakin batean jeloskortasunak jota gaudela eta horrek gure oreka emozionalari kalte egiten diola ohartzen bagara, aurre egin diezaiogun arazoari.
- Ohar gaitezen eta onar dezagun jeloskortasunak harrapaturik gauzkala, aurrerakoi izatera jokatu eta geure burua engainatu beharrean.
- Zeloak eragin dizkigun pertsonari eman diezaiogun gure sentimenduen berri, zehatz-mehatz adieraziz zein portaerak jartzen gaituen jeloskor.
- Beharra dagoenean, hitz egin dezagun zeloei buruz, larregiko presiorik gabe (eta, are gutxiago, mehatxu edo indarkeria fisikoz), gure zalantzak argitzen laguntzea eskatuz. Benetan zer gertatzen den jakitea da kontua, eta gure pertzepzioarekin alderatzea, okerra izan baitaiteke.
- Pentsamendu irrazionalak sendotzen ari garenez, errealitatean oinarritu eta behin betiko pentsamendu horiek baztertu egin behar dira. Errazago izango da kidearen laguntza lortuta. Baina ez dugu ahaztu behar hura ere afektatua dela eta ulertu eta lagundu egin behar dugula.
- Denboraldi batez azter dezagun beste pertsonarekiko dugun jarrera, zeloak desagertu direla egiaztatzeko.
- Indar ditzagun etengabeko elkarrizketa, konfiantza eta harreman xamurra: tresnarik onenak dira urruntzea eta jeloskortasuna gainditzeko.
- Geure burua gehiago onartu eta izan dezagun konfiantza handiagoa eta lan ditzagun geure buruarekiko segurtasuna eta autoestimua.
- Zeloen koadro akutua jasaten badugu eta arazoari geuk bakarrik aurre egiteko gauza sentitzen ez bagara, lehenbailehen psikologoaren kontsultara joatea komeni da.
- Eta, azkenik, zeloak izateko benetako arrazoia baldin badago, bikotekideari egoera argi eta garbi azaltzea izango da onena. Egoera gainditzeko adorea eta ulertzeko gaitasuna beharko ditugu. Ia gauza guztiak bukatzen dira eta maitasunak ere izan dezake iraungitze data.