Bizikletak hirirako ere badira
Bizikletak errespetatu egiten du ingurugiroa eta hori funtsezkoa da hirietan, gero eta itogarriago baitira motordun ibilgailuen eraginez. Bizikletaz joan eta etortzea onuragarria da osasunarentzat ere, sistema kardiobaskularrarentzat erritmo egokian ibiliz gero, eta beheko gorputz atalentzat, giharrak garatzen baititu. Pedalkadetan txoke errepikaturik ez izateak, zangoak atsedenean izateak, gorputzaren pisuari eutsi beharrean (pisua jarlekuak jasaten baitu) eta mokorraren jarrerak (tolestuta edo erdi tolestuta), txirrindularitza gomendagarri egiten du pertsona lodientzat eta zangoetako artrosia dutenentzat. Eragozpen nagusia istripuak izateko arriskua da, batez ere motordun ibilgailu asko dabilen errepideetan ibiliz gero. Horrela, sarritan izaten dira oraindik albiste autoak harrapatuta hildako txirrinduzaleak eta badirudi kopuruak ez duela behera egiteko itxurarik.
Auto gidariak kalean jaun eta jabe
Bizikletaren erabilpena defendatzen duten talde eta elkarteek hainbat proposamen egin dute hiri-eredua ingurugiroarekin bat etor dadin. Tesi horien arabera, herri barruko garraioak nork bere autoa erabiltzera bultzatzen du zeharka (linea gutxi eta ordutegi mugatuak dituelako), energia xahutze handia eta ingurugiro eragin aipagarria du eta gainera ez du bermatzen garraio-bide eraginkor, azkar eta segurua. Amics de la Bici elkartearen esanetan, joan-etorria autoz egin ohi duten pertsonak kalearen erabiltzaileen %20 inguru dira, baina bide publikoko espazioaren %62 hartzen dute eta hiri handietako atmosferako kutsaduraren %97aren erantzule dira. Auto eta motorrak kutsadura akustikoaren, kaleen kongestio kronikoaren, garraio publikoen funtzionamendu txarraren eta pertsona askoren heriotzaren eragile eta jatorri ere badira. Azken batean, bizikletaren defendatzaileen ustez, motordun ibilgailuak dira hirietako bizitza kalitate kolektiboaren galeraren arduradun.
Hala ere, errepide sarea hobetzeko erabiltzen da inbertsio publikoen portzentaje handi bat. Horrela, tesi horien arabera, are gehiago bultzatu da auto partikularraren erabilpena eta gutxitu egin da garraio publikoena, horien defizita handituz eta alternatiba zentzuzko eta eraginkorragoak hipotekatuz. Horrenbestez, garraio-politika hutsetik hasita orientatzea eta apustu sendoa egitea proposatzen dute, derrigorrezko mugikortasuna gutxitu, joan-etorrien plangintza egin, garraio publiko eskuragarri eta eraginkorrak bultzatu eta garraio-bide ez kutsagarriak -oinez ibiltzea eta bizikleta- aukeratuz.
Hiri hobea lortzeko proposamenak
Bizikleta egunero erabiltzearen aldeko erakundeek ondorengo aukerak proposatzen dituzte guztiontzat hiri egokiagoa lortze aldera:
- Trafikoaren plangintza: 8 metro edo gutxiagoko zabalera duten kale guztiak (oinezkoenak izan ezik) alderantzizko lehentasunezko gune kalifikatzea, gehienez ere 15 Km/h-ra ezarriz. 4 urteko epean oinezko eta bizikletentzako kaleen azalera hirukoiztu eta oinezkoei lehentasuna eman. Gainerako bideen %50ean abiadura 30 Km/h abiadurara mugatu. Hiri guneetako bide azkar eta aparkalekuen eraikuntzan berehala moratoria ezarri.
- Oinezkoak: oinezkoentzat ibilbideak sortu, behar bezala seinaleztatuak, seguruak eta atseginak, auzoak, merkataritzako guneak, ekipamenduak eta aisialdiko guneak komunikatzeko. Auzoen arteko hesi fisikoak kendu eta gutxitu fisiko, itsu eta gorren joan-etorria erraztu. Auzo guztietan, bide-zoru publikoaren %50 oinezkoentzat gorde, espaloiak zabaldu eta oinezkoentzako guneak sortu.
- Bizikletaz ibiltzea: gaur egun dauden bizikletaz ibiltzeko azpiegituren diseinu desegokia berrikusi eta zuzendu eta bideko diziplina hobetu, dauden bidegorriak errespetaraziz. Harian-harian auzoetako sareekin oinarrizko bidegorri sarea osatu, trafiko neurtuko kaleetan integratuta. Inguruko herrietara bizikletaz joan ahal izateko bideak jarri. Hiri guztian zehar bizikletentzako aparkalekuak egin.
- Garraio publikoa: garraio publikoaren arloko inbertsioei lehentasun osoa eman, sistema azkar, eroso, garbi eta merkea lortzeko. Ordutegiak gehitu, batez ere jai egunetan. Garraio publiko guztietan bizikletak sartzeko aukera ezarri.
- Heziketa kanpainak: eskoletan bide-hezkuntza bultzatu eta oinez ibiltzea, bizikleta eta garraio publikoa sustatu, haur eta gazteen artean autoa eta motorra desmitifikatuz. Urtero ikastetxeetan kanpainak egin, “bizikleta eskolan” eta antzekoak, ikastetxeetarako garraio ez motorizatuaren alde. Hiritarren artean garraio jasangarriko azturak sustatzeko kanpaina publikoak ahaztu gabe.
Hirian bizikleta erabiltzea bultzatzen duten elkarteek hainbat proposamen egiten dute txirrinduzalearen segurtasuna hobetzeko.Hauexek dira:
- Bidegorriko karrilaren erditik joan eta errespetarazi zeure burua. Errepidearen ertz-ertzetik doan bizikletak aurreratzeko tentazioa ematen dio auto gidariari, aurreratzean nahikoa tarte utzi ezin bada ere. Aparkatuta dagoen autoren batek ateak ireki ditzake begiratu gabe eta txirrinduzalea lurrera bota.
- Eskuineko karriletik ibili. Autoek ez dute espero izaten ezkerreko karriletik (azkarretik) erabiltzaile motel bat aurkitzerik eta eskuinetik aurreratzea oso ohikoa ez denez, nahastu egiten dira. Hala ere, ezkerrera hartu behar baduzu, hobe duzu aurrez karril horretan kokatzea.
- Errepidean bazterbidetik ibili behar da.
- Abiadura egokian ibili. Batzuetan erosoa izaten ez den arren, egokitu zaitez kale bakoitzeko abiadurara eta, ahal dela kale lasaiak aukeratu.
- Bilatu ibilbide segurua. Merezi du kale lasaietan edo bidegorrietan zehar ibilbidea prestatzea, planoaren laguntzaz. Sarritan, alde zaharrek edo auzo lasaiek aukera politak eskaintzen dituzte.
- Zaindu bizikleta egoera onean. Edozein ibilbide edo txango hasi aurretik, egiaztatu kontu handiz bizikletaren atalak eta osagarriak.
- Gauez, besteek ikusteko moduan ibili. Bizikletaren aurreko aldean dinamoa eramatez gain, atzean distiragailua eta argi gorri intermitente piladuna jartzea komeni da, semaforoetan gelditzean itzaliko ez dena.
- Erabili kaskoa eta ez ibili aurikularrekin bizikletan, ez baitizute utziko atzetik duzun trafikoa kontrolatzen.
- Euria ari badu, arreta handiagoa jarri. Errazena ere zail eta arriskutsu bihurtu ohi da.
- Lotu bizikleta giltzarrapo on batez.
- Egin asegurua. Erantzukizun Zibileko aseguru batek babestu egingo zaitu beste inori eragindako kalteetatik.
- Errespetatu zirkulazio arauak, batzuetan arau horiek “egokitzea” komeniko den arren. Adibidez, semaforoetan marra baino metro batzuk aurrerago geratzea komeni da, ke gutxiago irensteko eta autoek arrankatzen dutenean metro batzuetako abantaila edukitzeko.