Eguzkia eta itsasoa, neurriz
Hondartzan areagotu egiten dira eragin positibo horiek, itsasoko uraren gaitasun terapeutikoei esker. Hala ere, eguzkiaren eta uraren onurak gutxitu ere egingo dira behar adina arreta-neurri hartzen ez bada.
- Apurka-apurka hasi eguzkia hartzen. Lehen egunetan ez jarri eguzkitan 20 minutu baino luzaroago. Gero, gehitu pixkanaka-pixkanaka eguzkia hartzeko denbora.
- Mendian, altuera dela eta, eguzki izpiek ez dute hainbeste iragazki pasatzen eta indar handiagoz harrapatzen dute azala. Hondartzan, urak eta hondarrak areagotu egiten dute eguzkiaren argia. Egun lainotuetan ere kontuz, eguzki izpiek zeharkatu egiten baitituzte hodeiak.
- Erretzeko arriskurik gabe eguzkia hartzeko ordurik onenak: goizeko lehen orduak eta arratsaldeko azkenak. Ez hartu eguzkirik eguerditik arratsaldeko laurak artean.
- Botikak hartzen ari bazara, galdetu medikuari. Zenbait botikak eguzkiarekin azaleko erreakzioak eragiten ditu. Eguzkitan ez erabili alkoholez egindako perfume, lurrin edo desodoranterik.
- Eman berariazko krema eguzkitan jarri baino ordu erdi lehenago, bere osagai aktiboak zeluletan eragiten hasteko astia izan dezaten. Ordu erditik behin eta bainu bakoitzaren ondoren, eman berriro krema babeslea. Babes-indize handiagoko kremak erabili atal sentikorretan: aurpegian, sudurrean eta ezpainetan. Eta kanpoko kirola egiten baduzu, neurri bereziak hartu.
- Arreta berezia jarri behar da larru-azal sentikorrekin eta haur, pertsona heldu, emakume haurdun eta adinekoen kasuan; hobeto babestea eta eguzkitan denbora gutxiago egitea komeni da.
- – Udan gehitu egiten dira ezpainetako herpesak, eguzkitarako babesik erabiltzen ez delako. Erabil itzazu ezpainetako eguzki-iragazkidunak.
- Babestu begiak eta begi inguruak beira polarizatuko eguzkitarako betaurrekoak erabiliz.
- Eguzkia hartu edo itsasoan nahiz igerilekuan ibili ondoren, dutxatu ur fresko gezarekin, gatza eta kloroa kentzeko, azalari kalte egiten baitiote. Dutxaren ondoren, krema hidratatzailea edo after-sun erako lozioa eman, azalak eguzkiaren eraginez galdutako hezetasuna berreskura dezan.
Ilea polit edukitzeko…
- Babestu burua txano batez ilea lehortu eta kolorez alda ez dadin. Nahiago baduzu, emaiozu eguzki filtroa duen maskara edo gela.
- Eguzkia hartu ondoren, garbitu burua xanpu on batez.
- Eguzki filtroa duten produktuak erabili arratsaldez ere. Eguzkiak, ahula izan arren, kalte egin diezaioke ileari.
Oin osasuntsuak…
- Onddoak, papilomak, atleta oina eta oinetako bestelako infekziorik ez izateko, erabil itzazu txankletak edo gomazko zapatilak igerileku eta dutxetan (baita hondartzan ere).
- Bero handieneko egunetan, erabili arnasa hartzen uzten duten oinetakoak, ahal bada larruzko edo oihalezkoak, eta kotoizko edo artilezko galtzerdiak. Sekula ez erabili toaila edo oinetakorik beste norbaitekin batera.
- Lehortu ongi oinak, behatz-tarteak batez ere, hezetasunik gera ez dadin, azala bigundu egiten baita eta horrela errazago baita onddoak sartzea.
Haurrak, sentikorrago...
- Ez jarri eguzkitan urtebetez beherako haurrik, adin horretan azala heldu gabe izaten baita eta ez du ia defentsarik izaten. Haurrak ez daitezela eguzkitan ibili eguerdiko orduetan, 12:00 eta 16:00 bitartean.
- Eman haurrentzako berariazko krema (gutxienez 15 babes-indizea) eguzkitan jarri baino ordu erdi lehenago; eta gero, ordu erditik behin, berriro. Ez ahaztu krema ematea, eguzkitarakoaren azpian eduki arren. Zaindu haurraren inguruko eguzki erreflexuak, intsolazioa gerta liteke eta.
- Jarri haurrei txano edo kapela eta UVA izpien aurkako eguzkitako betaurrekoak eta jantzi kotoizko kamiseta lehor bat, arropa bustiak galdu egiten baitu eguzki izpiak iragazteko gaitasuna.
- Sarri-sarri ura edan dezatela. Haurrek ez dute ongi erregulatzen tenperatura eta erraz deshidratatzen dira.