Aurki, sekulako aldakuntzak
Oraingoz zerrenda horretan ez badira ere, aurki sartuko dira, telefono mugikorren hirugarren belaunaldiaren (UMTS) inguruan sortu diren espektatiba gaitzak ikusirik: teknologia berri hori, iragarpen baikorrenen arabera, 2001 eta 2003 bitartean izango dugu eskuartean.
Ordurako azken belaunaldiko eskuko aparailua ez daukana nekez geratuko da gainean dugun iraultza teknologiko horretatik kanpo, nekez egingo dio uko UMTS telefonoa edukitzeko tentazioari. Izan ere, horrelako teknologiak izango omen dituen erabilera guztietatik erdiak bakarrik betetzen baldin badira, telefono horiek gabeko bizitza aurrehistoriakoaren parekoa izango da, ia-ia.
Bien bitartean, bigarren (GSM) eta hirugarren (UMTS) belaunaldien arteko trantsizioa hasia zaigu eta teknologia analogikoa (lehen belaunaldia) agortzear dago, kontsumitzaileak noraezean tarifa telefonikoak aldatu eta aldatuz ari dira, horrelako telefonoen igorpen elektromagnetikoen balizko arriskuaz eztabaidak sortu dira han-hemen -behin-betiko ondorioetara iristeke, dena den-, eta erabiltzailea galdezka ari zaio bere buruari oraindik: “Nola bizi ote nintekeen horrelako tresnarik gabe!”. Egun ezinezkoa izango luke, noski.
UMTS teknologiarako estreinako lizentziak eman dituen Europako lehen Estatua espainola izan da. Egungo operadoreak (Telefonica, Amena eta Airtel) lau baimenetatik hiruez jabetu ziren eta laugarrena Xfera firmak eraman zuen: enpresa horrek, GSM teknologiaren bidezko zerbitzurik eskaintzea ezinezkoa izango duelarik, azpiegitura-sarea hedatzen hasteko UMTS teknologia erabat garatu arte itxoin beharko du. Telefonia mugikorrean gertatuko den iraultzaren aitzindari, aparailu zelularrek beste erabilera bat izango dute, oraingoz: WAP (Wireless Aplication Protocol) izenekoari esker, telefono bidez Interneterako sarbidea zabaldu da.
GPRS: trantsizioa
Egungo mugikorrak eta hirugarren belaunaldikoen artean antzekotasunik ez da izango, ia, ez itxuran ez eta prestazioetan ere. Bien arteko trantsizio gisa, adituen artean 2,5 B edo GPRS (General Packet Radio Service) izenaz ezagun dena sortua da dagoeneko: horrek, Internet eta bestelako zerbitzu batzuetarako hari gabeko sarbidea ematen die mugikorrei. Telefonia mugikorreko erabiltzaileak, era horretan, sarean konektaturik egoteko aukera izango du egunean 24 orduetan, transferitutako informazio-bolumena ordainduta (ez, ordea, komunikazioak iraun duen denbora osoa). GPRS teknologiak abantaila handiak ditu: Sarean berehala konexioa egiteko aukera eta datuak igortzeko abiadura gaitza, oraingoa baino askozaz ere azkarragoa. Teknologia hori gure komertzioetan aurtengo bigarren seihilekoan egongo omen da, itxaropenen arabera.
Sakelako telefonoa eta Interneten arteko bateratzea egia bihurtzen ari da. WAP (ingelesez, “hari gabeko aplikazioen protokoloa” esakunearen akronimoa) teknologiari esker, Sarean barrena nabigatzeko aukera dute internautek, telefono mugikorretik bertatik. GSM aparailuen aplikazio berria baliatu nahi dutenek, teknologia hori daukan aparailu berria eskuratu beharko dute.
WAP terminalek badute akatsik, dena den: oraingoz behintzat, ordenadorean agertzen den bezala ezin da web orrialdea ikusi telefonotik; aparailu hauen hasierako kostua 20.000 eta 45.000 pezeta bitartekoa izango da, baina ez oso epe luzera prezioa jaitsi eta egungo telefono mugikorren parean geratuko da; azkenean, on-line ordainketarik egiterik ez dagoela aitortu beharra dago, gaurkoz bederen. Merkataritza elektronikoa ongi baliatzeaz ari garela, muga horrek dezenteko murrizketa ezartzen dio zerbitzuari. Dena den, sistemaren berria gogoan izaki, hasierako eskaintza horrek osatu samarra dirudi. Beste aldetik, WAP terminalaren funtzionamendua erraz-erraza izateaz gain, albisteak jaso, banka-eragiketak egin, Burtsa arakatu, posta elektronikoa eta faxak igorri eta hartu, hotelean gela hartu eta beste hainbat gauza egiteko balio du.
UMTS, etorkizuneko teknologia
Egungo poltsikoko telefono baliagarriak diren arren, prestazio gutxi eskaintzen dituzte: hitz egiteko eta mezu laburrak (SMS) bidaltzeko bakarrik balio dute. UMTS (komunikazio mugikorren sistema unibertsala) den mugikorren hirugarren teknologiakoak izango dira aparailuak, hau da, gure bizimodua funtsez aldatzeko modukoak. Oraino merkaturaturik ez dauden arren (Estatu espainiarrean 2001 urteko abuztuan sartzea espero du Administrazioak), telekomunikazioetako iraultza aski kontzeptu zabaldua da: aparailu horiek izango dituzten prestazio ugarien artean, etxeko tresna guztiak konektatzea, planetako zeinahi gunetatik era guztietako informazioa jaso eta igortzea, ahotsa, datuak eta irudiak kalitatez hartu eta bidaltzea ahalbideratuko dute, orain baino 40 aldiz azkarrago. Dena den, sistema berri horren ekarpen behinena -bideokonferentziez kanpo- merkataritza elektroniko mugikorrean aritzea izango da. Areago, kreditu-txartela bera ere ordezkatuko duela iragarri dute dagoeneko. Tarifei dagokienez, hauen kontzeptua ere zeharo bestelakoa izango da. Komunikazioa minutuka ordaindu partez, bidalitako informazio-kopuruaren edo banda-zabaltasunaren arabera pagatuko du erabiltzaileak. Teknologia estandarra izango da, gainera: mundu zabaleko UMTS sistema guztiek arau jakin batzuk bete beharko dituzte, denak elkargarri izan daitezen.
Mugikorren kaltegabekotasuna, auzitan
Mikrouhinezko labeekin gertatu zen bezala, telefono mugikorren eta antena errepikatzaileen alor magnetikoaren balizko arriskuak ere albiste dira egun. Hamaika ikerketa egin den arren, osasunarentzat arriskutsuak direnik baieztatzeko behar bezalako oinarririk ez dago, oraingoz. Ez eta kontrakoa berresteko ere, ordea. X izpiek (1.000.000 Mhz) bezalako frekuentzia altu-altuko alor elektromagnetikoek, zelulen gai genetikoa kaltetu eta ionizazio-eragina sortarazteko behar bezainbesteko energia dute: eragin hori minbiziaren sortzaile izan daiteke, zientzialarien ustez. Telefono mugikorrek (900 Mhz -1.900 Mhz) ionizazioa sortarazten ez duten arren, oso litekeena da burukomin, kontzentrazio-arazo edo memoria-galeren sorburu izatea. Antena errepikatzaileei dagokienez, Estatu espainiarreko erkidego autonomo batzuek (Madrilekoak, adibidez), horrelako instalazioak eta etxebizitzen bitarteko distantziak arautzea aurreikusi dute, antenen potentziaren arabera. Hortaz, segurtasun osoz egiaztatu ez diren eraginak aurreikustea da kontua. Behin betiko datuak ez izatearen ondorioz, 14 estatu elkartu egin dira, aparailu horien igorpenak zuzenen nozitzen dituzten organo eta ataletan (garuna, istu-guruinak eta nerbio akustikoa) minbizia sortzeko arriskua noraino iristen den arreta handiz aztertzeko.
Terminalen blokeoa, auzitako jokabide
Telefonia mugikorreko operadoreek terminalen instalazioa diruz laguntzeko politika gauzatu dute, bezeroak irabazteko taktikatzat: adibidez, alta ematearen truk, aparailua doan entregatzea. Inbertsio hori bermatu eta errentagarri bihurtzeko, SIM Lock izeneko blokeo-kodea sartzen dute: kode horrek, konpainia lehiakideei telefono horien erabilera galarazi egiten die. Blokeoaren aitzindariak Atril eta Telefonica Móvil izan ziren. Amena firmak, hasiera batean telefono askeak komertzializatzeko politika sartu zuen baina, geroago, bere terminaletan blokeoa eta hauxe askatzeko klausula sartu zituen. SIM Lock kodearen desaktibazioa eskatzeko bezeroak lau faktura ordaindu behar ditu eta, aurretiaz ordaindutako txartelaren erabiltzailea baldin bada, muga hori gainditzeko gutxienez 10.000 pezetako kontsumoa egin beharko zuen. Airtel eta Telefonica konpainiek ezarritako baldintzak antz-antzekoak dira. Lehendabizikoa, bere zerbitzuarekin bezeroak urtebetez gutxienez operatu izana; bigarrena, faktura guztiak ordaindurik izatea. Lotualdia amaitu gabe terminala desblokeatzeko erabakia hartzen badu bezeroak, 25.000 pezeta ordaindu beharko ditu SIM Lock desaktibatu ahal izateko. Terminala desblokeatzeak, aparailua mantendu baina numeroa galdurik, konpainiaz aldatzea ondorioztatzen zuen, orain artekoan. Nolanahi ere, uztailaren 1etik aurrera, numeroaren jabe izango da titularra, nahi badu: konpainia aldatuta ere, geure numeroa mantendu ahal izango dugu.
Roaming-a, mugarik gabeko komunikazioa
GSM telefonia mugikor digitalaren erakarpen bizienetako bat itinerantzia edo roaming izenekoa da, hots, atzerrian deiak egin eta jasotzeko aukera. Zerbitzu hori baliatzeko bi baldintza bete behar dira: aurretiaz kontratatzea (alta ematea doanekoa da) eta mugikorra erabili nahi dugun estatuan, roaming zerbitzua hitzartu izana. Funtzionamendua soil-soila du: atzerriko herrialde batera iristean, bertako operadoreetako baten sarean erregistratzen da telefonoa bera (badago, dena den, eragiketa hori eskuz egitea, gehien interesatzen den konpainia aukeratzeko). Operadore baten sarea hautatuz gero, ahotsezko deiak, faxak eta datuak inongo arazorik gabe bidali eta jaso daitezke. Erosotasuna ordaindu egiten da, garesti ordaindu ere. Eskuko telefonoaren erabiltzaileak ez ditu atzerritik egiten dituen deiak bakarrik ordainduko: Espainiatik dei bat hartzen badu, deiaren mugarainoko ibilbidea ere finantzatu beharko du. Itinerantziak duen arazo larrietako bat muga aldeak dira, horietan nahiaz kontrako roaming izenekoa gertatzen delako. Marokko edo Portugalekiko mugatik gertuko herrietan, espainiar sarearen ordez, aipatutako estatu horietako beste bat dago indarrean eta honen seinalea biziago hartzen du telefonoak. Bertan dei bat egiten baldin badu, atzerrian balego bezain garesti ordainduko du erabiltzaileak. Telefonoak hots eginik, hartzen baldin badu, konferentziaren nazioarteko tartea pagatu beharko du.
Aukerarik merkeena
- Herrialdeko deiak, ordutegi finkorik gabeak: deiaren sorburu eta iristokia herrialde berean daudenean, ordu guztietan, asteko zazpi egunetan. Airtel Fórmula Provincial: 30 pta/min.
- Arratsaldeko 4etatik aurrerako eta asteburuko deiak: Amena Tarifa Ocio: 20 pta./min. (00:00tik 8:00ak arte: 10 pta./min.)
- Operadore bereko mugikorretarako deiak: Airtel Fórmula 20 eta MoviStar Activa Club: 20 pta./min.
- Estatu barnean, beste operadore baterako deiak: MoviLine Optima: 25 – 100 pta./min.
- Kontratu pertsonala: dei gehientsuak gaueko 10etatik aurrera edo asteburuan egiten direnean. MoviLine Contrato Personal: 12 pta./min.
- Kontratu profesionala: mugikorra lanabes izanik, dei gehienak lanorduetan egiten direnean. MoviLine Contrato General: 37 pta./min.
- Herrialdeko deiak: dei gehienak herrialdearen barnean egiten direnean. Contrato Plus Próxima MoviStar: 10 – 33 pta./min.
- Arratsaldeko 5etatik aurrera eta asteburuko deiak: Plan Tarde Airtel: 12 pta./min.
- Nazioarteko MoviLine deiak: 41 – 191 pta./min.
- Operadore eta fabrikatzaileak etengabe ari dira modelo berriak merkatura jaurtitzen, eskaintza ziztu bizian ugaltzen da eta, zenbat eta aukera handiagoa izan, hautaketa egitea zailago izango du erabiltzaileak.
- Operadore, tarifa edo terminal baten alde egin baino lehenago, azter itzazu zeure premiak.
- Telefonoa aukeratzeko garaian, bereiz ezazu prestaziorik onenak zeinek eskaintzen dizkizun. Erreparatu terminalaren tamaina eta pisuari, autonomia eta bateriari, menuaren erabilgarritasunari, zerbitzu teknikoari eta osagarriei.
- Kontuz aurretiaz ordaintzeko pack-az hornituriko telefonoekin: aparailu batzuek horrelako txartelekin bakarrik funtzionatzen dute eta.
- Ordaintzeko eta kontratu mota baten alde egin aurretik, dei gehientsuenak nora, nondik eta zein ordutan egingo dituzun pentsatu behar duzu.
- Tarteka, bildu konpainia telefonikoen tarifa eta zerbitzu berriei buruzko informazioa. Baliteke kanpoan aukera merkeago bat egon eta zure operadoreak, horren berri izanik, bestelako kontratu batera pasatzeko eskaintza egitea.
- Telefonoko fakturetan ustekaberik ez izateko, erabili zure operadoreak gastuaren kontrol eta informazio-sistemak.
- Mintzalari konpultsiboa baldin bazara, ipin ezazu zeure telefonoan gastu-muga finkoa.