Inkesta egin diegu 1.900 kontsumitzaileri 9 autonomia erkidegotan, haien erosketa- ohiturak ezagutzeko

Kontsumitzaileen % 30ek eskatzen dituzte produktu osasungarri gehiago eguneroko erosketak egiteko

Elkarrizketatuen herenak aukeratzen ditu zuntzez hornitutako produktuak, azukre erantsirik gabeak edo kaloria gutxikoak
1 maiatza de 2012
Img tema de portada listado

Kontsumitzaileen % 30ek eskatzen dituzte produktu osasungarri gehiago eguneroko erosketak egiteko

/imgs/20120501/tema1.jpg
Jaten den horrek asko esaten du norberari buruz. Jatea ekintza atsegina eta erraza da, baina modu orekatuan egitea ez da hain erraza. Kontsumitzaile askok argi dute janaria eta osasuna elkarri lotu-lotuta daudela, baina ikuspegi hori islatzen ote da erosketak egiteko orduan ere?

Herritarrek elikagai osasungarriak erosteko ohiturarik baduten edo ez jakiteko, 1.900 lagun elkarrizketatu ditu EROSKI CONSUMERek, Espainiako Estatuko 9 autonomia erkidegotan: Andaluzia, Balear uharteak, Euskal Autonomia Erkidegoa, Galizia, Gaztela Mantxa, Katalunia, Madril, Nafarroa eta Valentzia. Inkestan parte hartu duten etxe guztietan, erosketa egiteko ardura izaten duenak erantzun du (edo izaten duenetako batek). Emakumeak izan dira % 70, eta gizonak % 30. Adinari dagokionez, 20 urtetik gorakoak izan dira guztiak, eta etxe bakoitzean, batez beste, 4 lagun bizi izan dira.

EROSKI CONSUMERek egiaztatu duenez, heren batek soilik erosten ditu produktu osasungarriagoak edo aberastutakoak. Zehazki, zuntz ugariko produktuak hautatzen dituzte, azukre erantsirik gabeak, kaloria gutxikoak eta gantz saturaturik gabeak. Erantzun dutenen % 28k gustura hartuko lukete era horretako produktu gehiago eskainiko balituzte saltokiek. Prezioari dagokionez, berriz, inkestatuen % 70ek diote elikadura-ikuspegitik hobetutako produktuak garestiagoak iruditzen zaizkiela ohikoak baino.

Informazioa funtsezko alderdia da produktu egokiak hautatzeko eta elikadura orekatua egiteko: bostetik lauk adierazi dute beti irakurtzen dutela erosi dituzten produktuen ontzietan eta etiketa nutrizionaletan ageri dena. Horietako % 87k iraungitze-datari erreparatzen diote nagusiki, % 56k osagaiei eta % 43k elikadura-balioari. Inkestari erantzun diotenen % 48k, ordea, ez dute behar bezala ulertzen elikagaietan ageri den informazio nutrizionala eta osagaiei buruzkoa, eta % 10k soilik erabiltzen dute informazioa iturri nagusitzat.

Gehien, ‘zuntzez hornituak’

Ez dago alde handirik aztertu ditugun 9 autonomia erkidegoen artean, baina Galizian agertu dute joera gehien elikadura-ikuspegitik hobetutako produktuak erosteko (beti edo maiz samar erosi ohi dituen jendea, alegia). Produktu hobetuak esatean, honakoei buruz ari gara: gantzak, azukreak edo gatza murriztu zaizkienak, edo mikromantenugaiz hornitu direnak (bitaminaz edo mineralez, adibidez). Galiziaren atzetik, Andaluzian, Balearretan eta Madrilgo Erkidegoan antzeman dugu halakoak erosteko ohitura gehien. Aitzitik, Euskal Autonomia Erkidegoan bakanago jotzen dute horietara.

Inkestatuen % 48k zuntzez hornitutako produktuak erosten dituztela diote ricos en fibra

Horrez gain, EROSKI CONSUMERek jakin nahi izan du zenbateko maiztasunez erosten dituen jendeak gatz gutxiko edo gatzik gabeko elikagaiak, osoko zerealak soilik dituztenak, gantz saturaturik ez dutenak, azukre erantsirik gabeak, zuntzez hornituak, kaloria gutxikoak, Omega-3rekin, bitaminekin eta mineralekin aberastuak. Inkestan parte hartu dutenen artetik, zuntzez hornitutako produktuak erosten dituzte % 48k, eta % 40 inguruk, berriz, azukre erantsirik gabeko, gantz saturaturik gabeko eta kaloria gutxiko elikagaiak. Horrez gain, % 34k osoko zerealak dituztenak soilik hautatzen dituzte, % 25 inguruk bitaminekin eta mineralekin aberastuak eta gatz gutxikoak edo gatzik gabeak. Azkenik, Omega-3 gantz azidoarekin aberastutakoak erosten dituzte % 23k. Esan beharra dago gizonengan eta emakumeengan ageri dela zuntzez hornitutako jakiak hautatzeko joera nagusi hori (gizonen % 46k eta emakumeen % 48k); adinari erreparatuta, berriz, 45 urtetik gorakoek eskuratzen dituzte gehien era horretako produktuak (batez beste, % 55ek; 20 eta 44 urteko tartean, berriz, % 42k).

Espainiako Estatuan 10 milioi lagunek dauzkate arazoak arteria-hipertentsioarekin, baina inkestari erantzun diotenen % 48k jakinarazi dute sekula ez dutela hautatzen gatz gutxiko edo gatzik gabeko produkturik, eta Omega-3rekin aberastutakorik hartzen dutenak, berriz, % 46 izan dira. Gatzik gabeko edo gatz gutxiko elikagairik sekula hartzen ez dutenak, bati bat, Katalunian, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoan aurkitu ditugu (halaxe adierazi dute % 55ek), eta Omega-3rekin aberastuak hautatzen ez dituztenak, berriz, Balearretan, eta berriz ere, Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan. Azkenik, sexuka aztertuz gero, emakumeen % 50ek inoiz ez dute erosten gatzik gabeko edo gatz gutxiko elikagairik, eta gizonen % 47k sekula ez dute aukeratzen Omega-3rekin aberastutakorik.

Eskaintza urria

Elikadura zaintzea zeregin nekeza izaten da zenbaitetan. Kontsumitzaileen % 28ren iritziz, elikadura-ikuspegitik hobetutako produktu gehiago egon behar lukete saltokietan (gizonen % 26k eman dute iritzi hori eta emakumeen % 29k). Galizian (inkestan parte hartu dutenen % 34k) eta Valentziako Erkidegoan (% 33k) nabarmendu da ikuspegi hori. Inkestan parte hartu dutenen % 8k uste dute, gainera, produktu horien eskaintza ez dela behar adinakoa.

Produktuak zerrendatzen hasi, eta % 32k esnekiak eta horien eratorriak nahi lituzkete osasungarriagoak, eta % 31k hestebeteak. Era berean, % 25ek elikadura-ikuspegitik hobetutako edari gehiago eskatzen dituzte, % 23k aurrez prestatutako jakiak, % 20k kontserbak eta % 19k galletak; bakanago agertu dira zizka-mizka, ogi eta zereal osasungarriagoen eskariak (% 15ek galdetu dituzte, hurrenez hurren), eta saltsa eta jaki-bizigarrienak (galdekatuen % 4k aipatu dituzte).

Elikadura kontuetan, badira aldeak sexuen artean: emakumeek esnekietan eta esnearen eratorrietan nahi dituzte produktu osasungarriagoak (emakume galdekatuen % 35ek egin dute horien alde): esnea bera, jogurtak, gaztak, gurinak, eta abar. Gizonek, berriz, hestebete eta gisakoetan eskatzen dituzte elikadura-ikuspegitik hobetutako produktuak (horietan ere, galdekatuen % 35ek hautatu dituzte). Gizonetan, dena den, badira aldeak adin-tarteak aintzat hartuta: gazteenek, 20 eta 44 urte artekoek, aurrez prestatutako jakiak (pizzak, tortillak eta abar) bilatzen dituzte (adin horretakoen % 41ek jo dute horietara galdekatuen artean), eta 45 urtetik gorakoek, berriz, esnekiak eta horien eratorriak (% 34k).

Krisiak krisi…

2008. urtetik, krisi ekonomiko eta sozialak asko eragin dio kontsumoari. Etxe askotan murriztu egin da aurrekontua, eta gerrikoa estutu beste aukerarik ez zaie geratu. Ildo horretan, inkestatuen % 70i iruditzen zaie elikagai osasungarriagoak garestiagoak direla ohikoak baino (Galizian eta Katalunian nabarmendu dira iritzi hori eman dutenak). Soilik % 16ek adierazi dute, haien ustez, prezio bera daukatela (batez ere Valentziako Erkidegoan eta Andaluzian), eta % 1ek baino ez dute esan merkeagoak iruditzen zaizkiela.

Krisi ekonomikoak eragin handia izan du, baina EROSKI CONSUMERek egiaztatu du jendeak dieta osasungarria egiteko eta elikadura zaintzeko asmoz jarraitzen duela. Horren adierazgarri, hona datu hau: inkestan parte hartu dutenen % 35ek elikadura-ikuspegitik hobetutako produktu gehiago erosten ditu orain (gatz gutxikoak, zuntzez hornituak, kaloria gutxikoak…), duela bi urte baino (gizonen % 37k eta emakumeen % 34k); balearretan gailendu da joera hori. Duela bi urte baino gutxiago erosten dituztenak % 3 soilik izan dira (mantxatarrak eta valentziarrak % 5 inguru izan dira), eta bostetik hiruk orduan bezainbeste erosten dituzte orain.

Informazioaren garrantzia

Erosketak egiteko oduan, elikadura-ikuspegitik hobetuta dauden produktuak aukeratu edo ez, kontsumitzaile guztiek irakurri egin behar lukete produktu bakoitzak dakarren elikadura-informazioa. Elikagaien etiketak funtsezko informazio-iturriak dira. Iraungitze-datari buruzko informazioa ematen dute, jakia nola prestatu edo erabili behar den esaten dute eta alergiekin zerikusia duen informazioa eskaintzen dute, eta, horretaz gain, beste zenbait adierazleren berri ere ematen dute: Eguneko Kopuru Gomendatua (EKG), energia (kilokalorietan edo kilojouletan) eta elikagaien mantenugaiak (proteinak, karbohidratoak, gantzak, mineralak eta bitaminak).

EROSKI CONSUMERek egiaztatu du inkestan parte hartu dutenen % 27k soilik irakurtzen dutela erosiko dituzten elikagaien ontzietan eta etiketetan ageri den informazioa. Beste % 28k adierazi dute noizbehinka egiten dutela eta % 23k sarri samar. Ildo horretan, emakumeek gehiago erreparatzen diete etiketa nutrizionalei, gizonek baino (emakumeen % 79k adierazi dute hala egiten dutela eta gizonen % 74k).

Erkidegoak hartuta, ontzietako eta etiketetako informazio beti irakurtzen dutenen artean, Balearretakoak eta Kataluniakoak nabarmendu dira (% 31 inguruk irakurtzen dute beti). Beste muturreko jokabidea daukatenak aintzat hartzen baditugu, hau da, informazio mota horri sekula ere erreparatzen ez diotenak edo oso noizbehinka irakurtzen dutenak (galdekatu ditugunen % 22 dira), andaluziarrak nabarmendu dira (% 27k omen dute joera hori), nafarrak (% 26) eta mantxatarrak (% 25). Aitzitik, galiziarrek agertu dute interes gehien informazio horren berri jakiteko (inkestan parte hartu duten % 86k adierazi dute irakurtzen dituztela). Eta irakurtzen hasita, zer informaziori erreparatzen dio, batik bat, jendeak? Inkestari erantzun diotenen % 87k iraungitze-datari begiratzen diote, % 56k osagaiei eta % 43k elikadura-balioari. Elkarrizketatu ditugun kontsumitzaile guztien artean, %18k soilik jakin nahi izaten dute produktuak zer jatorri duen, eta % 0,6k baino ez dute irakurtzen kontserbatzaileen zerrenda.

Aldatu beharreko ohitura asko

Kontsumitzaileek gero eta garrantzi gehiago ematen diote jaten dutenari. Hala ere, datuek ditenez, osasungarriak ez diren hainbat ohitura ditugzte oraindik ere.

  • Gatza: espainiarrek egunean 9,7 gramo gatz hartzen dituzte, Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) gomendatzen duen halako bi: gehienez 5 gramo pertsonako eta eguneko. Herritarren % 88k komeni baino gatz gehiago hartzen dutela uste da, eta gatz hori, nagusiki, elikaduraren bidez barneratzen dutela. Kezkatzeko moduko datua da; izan ere, herritarrek gatz gutxiago hartuko balute (egunean 5 gramo, OMEk gomendatu bezala), garun-hodietako 20.000 istripu saihestuko lirateke urtean, eta bihotzarekin zerikusia duten 30.000.
  • Azukrea: Espainiako estatuko hiritar bakoitzak 120 gramo hartzen ditu egunean azukre sinpleetatik (15 eta 20 koilarakadatxo). Azukreak berez egoten dira elikagaietan edo erantsi egiten dizkiete produktu elaboratuei (postreak, opilak, edari azukretsuak, eta esnearen eratorriak). Pertsona heldu osasuntsu batek 2.200 Kcal inguru hartu behar ditu dietaren bidez, eta azukre sinpleek ez dute izan behar % 10 baino gehiago.
  • Gantza: hauxe gantzaren inguruko gomendio nagusia: gantzak ez du eman behar egunean hartzen den energia guztiaren % 35 baino gehiago (% 40raino irits daiteke lau urtez azpiko haurretan,). Gantz mota bat baino gehiago daude, eta komeni da haien arteko aldeak ezagutzea, elikadura orekatu baten barnean hartuz gero, oso garrantzitsuak izan baitaitezke bihotz-hodietako eritasunei aurre hartzeko.
  • Zuntza: espainiarren dietan, bada ugaritu beharreko osagai bat: zuntza. OMEren gomendioak esaten du egunean 25 gramo hartu behar direla, baina Espainian 22 gramo hartzen ditu pertsona bakoitzak egunean. Zuntzak murriztu egiten du zenbait eritasun pairatzeko arriskua: bihotzeko eritasunak eta 2 motako diabetesa, adibidez, eta lagundu egiten du pisua kontrolatzen. Hori dela eta, zuntz kantitate egokia segurtatzeko, frutak, berdurak, lekaleak eta osoko zerealak jan behar dira.

Gehiago eta hobeki

Kontsumitzaileek gero eta garrantzi gehiago ematen diote ontzietan eta etiketa nutrizionaletan ageri den informazioari, baina galdera da ea ongi ulertzen ote duten horietan esaten dena. Ez beti. EROSKI CONSUMERek egiaztatu du elkarrizketatuen ia erdiei ez zaiela argia iruditzen elikagaiek ageri duten elikadura-informazioa eta osagaiei buruzkoa. Batik bat, Madrilgo Erkidegoan (galdekatuen % 55ek esan dute hori) eta Galizian (% 53k) gertatzen da hori.

Emakumeek gehiago erreparatzen diote etiketari gizonek baino

Baina kontsumitzaileek gehiago ere badiote: hirutik baten ustez, ez dute nahiko informazio ematen osagaiei eta elikadura-baliori buruz (kaloriak, proteinak, azukreak, bitaminak, karbohidratoak, eta abar). Madrilgo Erkidegoan (inkestatuen % 43k) eta Galizian (% 41ek) aurkitu ditugu iritzi horren aldeko gehien. Aldiz, informazio hori nahikotzat jotzen duen jende gehien Katalunian eta Valentziako Erkidegoan antzeman dugu (inkestatuen % 63k erantzun dute hori bi lurraldeetan).

Zer-nolako iturriak erabiltzen ditu kontsumitzaileak elikadura arloko argibideak eta jarraibideak eskuratzeko? EROSKI CONSUMERek egin duen inkestan ikusten denez, medikuek eta osasunaren arloko beste profesionalek emandako informazioa hobesten dute galdekatuen % 40k (batez ere, Balearretan), eta beste % 31k, berriz, osasunari eta nutrizioari buruzko telebista-saioek eta dokumentalek esandakoa hartzen dute aintzat (Nafarroakoak nabarmendu dira horretan). Horretaz gain, lautik bat familiaren eta lagunen esanekin fidatzen da (batik bat, Euskal Autonomia Erkidegoan), baita liburuetan eta aldizkarietan irakurtzen duten horrekin ere (Kataluniakoak eta Euskal Autonomia Erkidegokoak gehien). Galdekatuen % 23k Internetera jotzen dute (Madrilgo Erkidegoan, batez ere), eta % 10 elikagai-ontzietan datorren informazio nutrizionalaz baliatzen dira. EROSKI CONSUMERek, halaber, jakin nahi izan du, elikagaien ontzietan eta etiketetan datorren informazioa oinarri hartuta, kontsumitzaileek ba ote duten ohiturarik markak eta produktuak alderatzeko. Inkestaren emaitzek erakusten dutenez, hirutik batek sekula ez ditu alderatzen markak eta produktuak irizpide hori erabiliz, eta % 39k gutxitan egiten dute. Aitzitik, ohitura hori daukatela adierazi dute % 29k. Erkidegoak hartuz, Madrilen antzeman dugu joerarik handiena markak eta produktuak irizpide hori erabiliz alderatzeko (herrialde horretan galdekatu ditugunen artean, hirutik batek egiten du); ohiturarik gutxien, berriz, Gaztela Mantxako herritarrek agertu dute (han elkarrizketatu ditugunen % 45ek).

Etiketa: modu osasungarrian jateko informazioa

Produktu bakoitzaren etiketa eta informazio nutrizionala funtsezkoak dira kontsumitzaileentzat, horiei esker jakiten baitute zer erosten ari diren eta horrek zer-nolako eraginak eduki ditzakeen beren dietan. Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak (AESAN) honako hauxe esaten du gai horren inguruan:

  • Ezin da kontsumitzailea nahasarazi, ez identifikazio horretan ageri den informazioarekin, ez produktuen aurkezpenarekin ere, eta ezin zaizkio okerreko gauzak ulertarazita elikagai horrek dituen ezaugarrien inguruan; eta zehazki, honako datu hauen inguruan: produktuaren izaera, identitatea, ezaugarriak, osaera, kantitatea, iraungitze-aldia, jatorria eta ekoizteko edo lortzeko modua.
  • Produktuari ezin zaio aitortu ez daukan eraginik edo ezaugarririk, eta ezin da esan ezaugarri bereziak dituela, baldin eta antzeko produktu guztiek ezaugarri horiek badituzte.
  • Produktu bati ezin zaio aitortu prebentzio-ezaugarririk eta ezaugarri terapeutiko edo sendagarririk.
  • Legediak ageri dituen salbuespenetan izan ezik, honako aipamen hauek agertu behar dute derrigor elikagaien etiketan: produktuaren salmenta-izena, osagaien zerrenda eta kantitatea, alkohol maila graduazio handiko edarietan, pisu garbia produktu ontziratuetan, iraungitze-data, kontserbatze- eta erabiltze-baldintza bereziak, erabiltze modua (beharrezko denean), ekoizlearen edo ontziratzailearen identifikazioa, sorta-zenbakia eta jatorria, besteak beste.
  • Kontsumitzailerik gehienek ez dute arazorik edozein elikagai jateko, baina zenbaitek intolerantziak edo alergiak dauzkate elikagai edo osagai batzuentzat; etiketei esker, zehaztasun osoz jakin dezakete produktu batek zer-nolako mantenugaiak eta elergenoak dituen. Elikadura-alergia ohikoenak honako elikagai hauen ingurukoak dira: behi-esnea, arrautza, soja, garia, krustazeoak, fruta batzuk, kakahueteak eta fruitu lehorrak. Hori dela eta, Europako legediak behartu egiten du etiketetan zehaztuta ager daitezen zein diren alergia-sortzailerik ezagunenak eta zein ager daitezkeen elikagai horretan.

Etiketak ematen duen informazio nutrizionala funtsezkoa da kontsumitzaileek produkturik osasungarrienak hauta ditzaten. Ildo horretan, 2007. urteko irailetik, EROSKI markako produktu guztiek semaforo nutrizional bat daukate; ekimen horri esker, elikagai-errazio bakoitzaren informazio nutrizionala jakin liteke: energia-beharrizanen araberako eta mantenugaien araberako kontsumo gomendatua; errazio batek zenbateko portzentajean ematen dituen mantenugaiak, Eguneko Kopuru Gomendatua (EKG) aintzat hartuta. Semaforo nutrizional hori osatzeko, kolore-kode erraz bat ageri da: laranja, errazio batek kopuru handietan ematen baditu kaloriak, azukreak, gantza, gantz saturatua eta gatza; horia, kopurua ertaina bada; eta berdea, apala bada.