Gerezia: fruitu bat baino gehiago
Gereziondoak loretan izan dira oraintsu arte, eta zuriz jantzi dituzte bazterrak. Ikustekoak izaten dira, adibidez, Jerte ibarreko alor eta sailak, Extremaduran, edo Valdejalon eskualdeko paisaia zabalak, Aragoin. Bi horiek dira gerezi-lekurik oparoenetakoak Espainiako Estatuan. Maiatza iristearekin batera, pikorta gorriak sortzen zaizkie zuhaitzei, orduan hasten dira-eta ematen gereziak (goiztiarrenak). Zuhaitzaren oinean, jendea dabil, eskailera lagun dutela edo batere gabe, eta ontzi batera edo zumitzezko saski batera biltzen dituzte, goizetik arrats, banan-banan.
Maiatzetik abuztura
Udaberri amaieran hasten da gereziak biltzeko sasoia, eta uda aurreratu samarra dagoela bukatzen da. Gerezi mota asko daude, izan ere, eta batzuk lehenago heltzen dira eta beste batzuk geroago. Goiztiarrenak, adibidez, Early Bigi direlakoak izaten dira, eta horien ondotik, Burlat esaten zaienak. Lehenbiziko gereziak izaki, oso garesti egoten dira. Jerte ibarrean, berriz, pikota esaten zaiona da nagusi, gerezi berantiarragoa eta trinkoa, txortenik gabe saltzen dena. Kolorean ñabardurak ditu, eta ambrunes motako gerezi gorri ardokararen eta Piko Koloretsuaren gorri biziagoren artean dabil, eta Piko Beltzaren eta Piko Limoi Beltzaren tonu ilunen artean.
Begiak agintzen du
Kontsumitzaileengana iristen den gereziak kalitate-baldintza zorrotzak bete behar izaten ditu, eta asko eta asko baztertu egiten dituzte bildu orduko edo hautatze-prozesuan. Kolorea, testura, distira, garbitasuna eta neurria hartzen dira kontuan, eta alderdi horietan nabarmentzen direnek izaten dute arrakasta gehien. Merkatura iristen diren gereziek, batez beste, 7 eta 11 gramo arteko pisua izaten dute, eta neurria, 20 eta 28 milimetro artekoa. Ezaugarri horiek guztiak eta beste batzuk hartu (heldutasuna eta homogeneotasuna, adibidez), eta mailaka sailkatzen dira: estra, lehen mailakoa eta bigarren mailakoa. Edozein fruta-arbola bezala, gereziondoak ere izaten ditu izurriteak eta eritasunak: gerezi-eulia eta birosia, esaterako. Ekoizpen ona bermatzeko, funtsezkoa da arbola ongi zaintzea eta udazkenean kimatzea.
Familiako minifundiotik ekoizle handietara
Familiei eta herriei lotua egon da betidanik gereziondoa, eta hortxe da Jerteren adibidea, non hainbat festa eta tradizio ospatu izan dituzten fruta horren inguruan. Extremadurako ibar horretan, minifundioa da nagusi, eta eskailerekin biltzen dute zuhaitz lerdenen uzta, haurrak ere jolasean aritzen direla, trapezistarenak egiten; beste zenbait lekutan, ordea, gereziondo sail handiak ageri dira, neurri txiki eta ertainekoak, irisgarritasun hobea duten eremuetan propio landatuak. Horietan, eskua luzatu eta hartzeko moduan daude gereziak, eta horrek asko errazten du biltze-lana. Maiatzean luzea izaten da eguna, eta luzatu egiten da gerezi-biltzaileen lanaldia, arbasoengandik datorren ohitura eta bizibide sustraitua. Orduan bezala gaur ere, han ari denak soilik dasta dezake lan horren egiazko plazera: ez du parekorik zuhaitzetik hartu eta zuzenean ahora eramaten den gereziak.