Zein da gure gizarteak egun pairatzen duen ‘elikadura-gaitz’ nagusia?
Ez dugu pentsatzen zer jaten dugun. Oso azkar gabiltza batetik bestera, inolako planifikaziorik gabe eta, azkenean, daukagun egoera daukagulako, non oso eskura ditugun jaki gustagarri baina ez batere osasungarriak, gure dieta desorekatu egiten da. Kontu larria da, zeren elikadura-gaitz horrek hainbat eritasun ekar baititzake, bihotz-hodietakoak, minbizia, gizentasuna eta eritasun metabolikoak, eta, hain zuzen, horiek eragiten dituzte heriotza gehien mendebaldeko gizarteetan.
Eritasun horien eragina gehiago pairatzen ote dute kolektibo jakin batzuek?
Zalantzarik gabe, osasunean ere badira gizarte-desberdintasunak. Baliabide ekonomiko gutxien duten pertsonek aukera gutxiago dute elikadura osasungarria egiteko eta bizi-estilo aktibo bat edukitzeko, eta, gizentasunak, adibidez, gehiago eragiten die. Generoen artean ere ikusten dira aldeak. Emakumeak, arrazoi hormonal eta genetikoak tarteko direla, emanagoak dira menopausia garaian gizentasuna pairatzeko, baina gizonek, halakoxe bizimodua egiten dutelako (gehienean, gutxiago zaintzen dute beren osasuna), maizago izaten dituzte bihotz-hodietako eritasunak eta minbizia.
Eta ba al da zeharkako elementurik, egoera hori okerragotzen duenik?
Ingurumena, zalantzarik gabe, funtsezkoa da. Kaleen ezaugarriak, parkeak, aisialdi- eta kirol-instalazioak egotea eta irisgarriak izatea, besteak beste, erabakigarriak dira bizi-estilo aktiboa egiteko edo, aitzitik, sedentarioa. Auzi hori garrantzi handikoa da gizentasunarentzat eta gainerako eritasunentzat. Horrez gain, ikerketa bidez aski frogatua dago gizentasun-prebalentzia handiagoa dela inguruan janari lasterra ematen duten jatetxe ugari badaude, edo, adibidez, fruta eta berdura freskoak eskuratzea bereziki zaila bada.
Beraz, norberak badu erantzukizuna, baina badira gure mende ez dauden elementuak ere (genetikaz gain)…
Hori da. Ingurumen-faktoreek berebiziko garrantzia dute eta, teorian, horiek alda daitezke. Baina, egiaz, zaila da faktore horiek aldatzea. Gizentasunaren izurriteari aurka egiteko estrategiak, oro har, oso modu epelean ari dira gauzatzen, eta ez diete heltzen alderdi horiei. Hori dela eta, joerak antzera jarraitzen du, hein batean, bederen. Elikadura-heziketari soilik erreparatzen zaio, eta faktore garrantzitsua den arren, ezin gara horretara mugatu. Haurrek, gaur-gaurkoz, badakite zein elikagai diren osasungarriak eta zein ez.
Zuk zer proposatuko zenuke?
Datozen urteetan neurri zorrotzagoak ikusiko ditugu; adibidez, tasak ezarriko zaizkie azukre ugari edo trans gantzak dauzkaten elikagaiei, beste herrialde batzuetan egiten duten bezala. Ongi argitu eta zehaztu behar da zer-nolako neurriak hartu nahi diren eta nola ezarriko diren, baina iruditzen zait, azkenean, gure herrialdean beharrezkoa izango dela arau horiek inposatzea.
Zenbaiten iritziz, oso garesti daude elikagai batzuk (frutak eta berdurak, fruitu lehorrak eta oliba-olioa, adibidez), eta horrek eragozten du jendeak elikadura osasungarria eduki dezan…
Ez zait iruditzen hori egia denik. Gaur egun, nahiko modu onean jarrai dakieke Mediterraneoko dietaren estandarrei. Dieta mota hori sustatzea ez da soilik pertsonen osasuna sustatzea; familiako ekonomia eta gure herrialdean geratzen diren ekoizle apurrak ere sustatzen dira horrela.
Lortu ote liteke tratamendu arrakastatsu eta behin betikorik gizentasunarentzat eta elikadurarekin zerikusia duten eritasunentzat?
Gaur-gaurkoz, ez dago gizentasuna sendatuko duen neurri erabatekorik. Zenbait tratamenduk lortzen dute pisu-galera jarraitua izan dadila denbora batez; adibidez, gizentasun morbidoa dutenei kirurgia bariatrikoa egiten zaienean. Pisu gehiegia hainbestekoa ez denean, ariketa fisikoarekin, dieta hipokalorikoarekin eta jarrera-aldaketarekin hainbat parametro kontrola daitezke; adibidez, eritasun atxikiak. Baina, oro har, oso zaila da tratamendu arrakastatsu eta behin betikoa lortzea. Ez dago miraririk, ez dieta miragarriekin eta ez botikekin ere.
Orduan, egoera honetan…
Prebentzioa, horixe da arma bakarra eta onena.
Gauzak ez doaz ongi, eta horren adierazgarri dira han-hemenka aurki daitekeen dieta-unibertsoa: Aktinsen dieta, Dukan dieta, pomeloarena… Horiek guztiak zergatik iristen dira errazago jendearengana, Mediterraneoko dieta baino?
Ez dago epe luzera funtzionatuko duen proposamenik; azkenean, dieta bat baino gehiago egin dituzten pertsonek zailtasun handia daukate pisua galtzeko, eta, aldiz, oso erraz hartzen dute, behin uzten diotenean. Horrek porrot emozionala eragiten die, eta gauza berriak bilatzera jotzen dute, edozer, eta ohikotik zenbat eta urrutiago, hainbat hobeki… eta oraingoa behin betikoa izango dela agintzen dien hori bilatzen dute, azkar lortzeko modukoa eta, gainera, ahaleginik egin gabe. Eta horrelakorik ez dago, eta horretaz gain, arriskuan jartzen du pertsonen osasuna.
Elikagai jakin batzuk ere boladan dabiltza aspaldian: light erakoak, azukrerik gabeak, elikagai funtzionalak eta osagai jakin batez hornituak. Beharrezkoak eta ezinbestekoak al dira?
Zenbait elikagai funtzionalek paper garrantzitsua joka dezakete eritasun batzuei aurre hatzeko edo lagundu egin dezakete, adibidez, zenbait baldintzatan daudenek sendagai gutxiago har dezaten. Arazoa da, ordea, jendeak ez dakiela noiz eta nork hartu behar dituen, zenbateko dosiak komeni diren eta zer-nolako arriskuak dauzkaten gehiegi hartuz gero.
Ez gaude ongi informatuta…
Horixe! Eta hori da elikagai funtzionalen arazo nagusia. Pertsona batekin egon naiz gaur bertan, eta hiru errazio hartuak zituen fitoesterolak dauzkan esnetik. Badakigu fitoesterolez hornitua dagoen esnea edo esne hartzitua hartzea, dosi jakin batzuetan, neurri egokia dela kolesterola murrizteko. Baina kontua da egunean errazio bat baino gehiago hartzeak ez duela mesede gehiago egiten, eta ez dakigu zehazki zer-nolako ondorio kaltegarriak eduki ditzakeen neurriz kanpo hartzeak.
Zer irtenbide emango zenioke arlo jakin horretan dagoen desinformazioari?
Iruditzen zait informazioa eman egin behar dela. Pertsonek esku-eskura eduki behar dute informazio zorrotza eta nahitaezkoa dena: zeini zuzendua dagoen produktu bat, zenbateko dosiak hartu behar diren eta zer neurri ez den gainditu behar.
Bukatzeko, zer da zuretzat “ongi jatea”?
Dieta arina egitea, askotarikoa eta begetal ugarikoa.