Bartzelonan eta Murtzian, uraren prezioa beste zazpi hiriburutakoaren bikoa da
Ur edangarriaren hornikuntzaren kalitatea eta urtegiek zerbitzua emateko duten gaitasuna, natur baliabide honen gestio-ereduan eragina duten baldintza askoren menpean daude: hornitu beharreko biztanle-guneetako eurien maiztasun eta intentsitatea, lurraren ezaugarri geologikoak, kokagunea eta bestelako bereizgarriak (demografikoak, orografikoak, ekonomiko-sozialak eta kulturalak).
Urari eta uraren gure etxerainoko garraioari dagokion guztia benetan konplexua dela inola ere ahazteke, Estatu espainiarreko hamalau hiritako biztanleek etxeko uraren hornikuntzagatik zenbat ordaindu beharko duten kalkulatu du CONSUMER-ek: Alacant, Bartzelona, Burgos, Castelló, Logroño, Valentzia, Madril, Malaga, Murtzia, Santander, Donostia, Bilbo, Iruñea eta Gasteiz dira aukeratutako hamalau hiriak.
Azterketako ondorio nagusia garbi dago: kanilako uraren prezioak sekulako desmailak agertzen ditu hiri batetik bestera. Konparazio baterako, Bartzelonako familia batek ur edangarriagatik urtean ordaindu beharko lukeena 41.000 inguru pezeta den bitartean, tamaina, bizimodu, ohitura eta gainerako ezaugarri berdintsuetako Gasteizko familiak, kontsumo ber-bera eginez, hiru mila duro besterik ez luke pagatuko, balizko lau kasuren batez besteko aritmetikoak kontuan izanik.
Berebiziko alde horiek erabiltzaileak termino erlatiboetan baliatu behar ditu beti ere, hiri bakoitzak ur-zerbitzua berariazko ikuspegitik (denetan berezia) eskaintzen duelako eta, horrenbestez hain zuzen, elkarren desberdin-desberdinak diren kostu eta zailtasunei buru egin behar izango die. Hitz laburretan, hiri bakoitzak beste hirietakoekin ia zerikusirik ez duen berariazko errealitate jakin batean oin hartzen duela. Nolanahi ere, toki batzuetan eta besteetan urak dituen prezioak elkarren ondoan jartzea ariketa ikusgarria da, berebiziko desmailak hautematen direlako; gogoan izan dezagun -salbuespenak salbuespen-, ur-zerbitzuagatiko fakturan hiri denek sartzen dituztela kontzeptu berdinak edo berak: ura bera, hondakin-uren tratamendua, saneamendua, estolderia, kontagailuen alogera…
Zenbakiez ari garela eta hiri garestiena Bartzelona dela jakinik, ondoren datozkio (urtean batez beste 30.000 pezetatik gora kobratzen dutelarik) Murtzia eta Valentzia. Erdi parean -29.000 eta 19.000 pezeta bitartean, alegia, eta garestitik hasita merkeenera- Bilbo, Alacant, Malaga, Madril, Castelló eta Iruñea datoz, hurrenez hurren. Azkenean, uraren bidezko prezioa bereizgarri nabarmen dutela -urtean 19.000 pezeta baino gutxiagokoa baita, batez beste, hiri hauetan denetan- Donostia, Santander, Burgos, Logroño eta Gasteiz datoz.
Bestelako ondorioak ateratzen
Aurtengo tarifak eta 1998koak elkarrekin alderatuta, gehikuntzarik handienak Malagan (%6), Bilbon (%4) eta Murtzian (%3) jazo zirela ondoriozta dezakegu. Deigarri da, era berean, aurten ura garestitu ordez, tarifak %3an jaitsi dituen hiria Gasteiz izatea, hiri horrexek baitzituen tarifarik merkeenak joandako ekitaldian. Egiaztapen bat egin beharra dago, beste alde batetik: hiri garestiak kontsumo-mota guztietan (apalean, normalean, altuan eta oso altuan) garesti direla agertzen da behin eta berriro; beste horrenbeste gertatzen da zerbitzu merkeagoak eskaintzen dituztenekin. Beste alde batetik, Malaga eta Alacanteko joera arras bestelakoa bada ere, beren tarifen bitartez hiriek ez dute sustatzen zentzuzko edo neurriko kontsumoa egitea. Eta, horretarako bideak badituztenez, hala egin lezakete (aipaturiko bi hiriok egiten duten bezala) ur gutxien darabilten familiei zerbitzua eta hornikuntza gutxiago kobratuz edota gehiegizko gastua zigortuz. Alderantziz ordea, zenbat eta metro kubiko gehiago gastatu, hainbat eta (fakturan agertzen diren kontzeptu guzti-guztiak barne) tarifa merkeagoa kobratzen dute hiri gehienek. Kasu horixe ikusten dugu Bilbon (urtean 120 metro kubiko kontsumitzen dituenak 180 pezeta ordaindu beharko ditu metroko; 280 metrotaraino joanez, 138 pezeta bakarrik kostatuko zaio ur-metro kubikoa) eta Valentzian (balizko kasu horiexetan, uraren prezioak 195 eta 144 pezeta dira eta), besteak beste. Estatu espainiar osoan arras ondasun urria delarik, ur-kontsumoaren ikuspegitik biziki politika eztabaidagarria -era apalago batean bada ere- daramate beste hiri zenbaitek: Murtzia, Castelló, Iruñea, Donostia, Burgos Logroño eta Santanderrek, esate baterako. Gasteizek prezio bakarra du ezarrita metro kubikoko (merke-merkea, izan ere: 81 pezeta baizik ez metroko) kontsumoa arrunt handia edo biziki urria bada ere. Bartzelona eta Madrilen ere, ur-prezioa ez da biziki aldatzen kontsumo edo gastuaren arabera.
Kontsumitzen den kopuruan uraren prezioak eraginik ez duela ere egiaztatu dugu. Horrela agertzen da, nabarmen, Gasteizen (urik merkeena eta, batera, kontsumo-indize apalena ditu: 41 metro kubiko urtean laguneko, batez beste) eta Murtzian: nahiz ura garesti hornitzen den, kontsumorik handiena gertatzen da bertan, 68,5 metro kubikoraino iristen direlako murtziarrak urtean biztanle bakoitzeko. Erabiltzaile gehientsuek ez omen dituzte lotzen elkarrekin erralitate horren bi alderdiak, hots, ur asko xahutzea, alferrik galtzea, eta familiaren ekonomiak pairatu beharreko gehiegizko gastua. Ezinbesteko likidoak egun duen prezioa ikusita, ordea, kontuan hartu beharko luke erabiltzaileak batere baliatu gabe ostera joaten den ur-kopurua ere ordaindu behar izan duela. Ur-kontsumoa %30ean murriztea (alferrik irekita uzten den txorrota, arropa-karga gutxirekin martxan jartzen diren garbigailuak, sekula konpontzen ez diren ihesak, lau platerekin abiarazten dugun baxera-garbigailua, ertzeraino betetzen ditugun bainerakadak, lorategia eta belazeak eskuzabal garastatzea bero gehien egiten duenean…) erraz lortzeko moduko ahalegina litzateke eta, gainera, eta etxe bakoitzari milaka pezeta askotxoren aurrezkia ekarriko lioke murrizketa horrek. Hori ez ezik, 1999 urtea bereziki lehorra gertatzen ari denez, Estatu espainiarreko eskualde askotan urri-urria den ondasun natural horren zentzuzko erabilera eskertzekoa izango litzateke, nolanahi ere.
Balizko lau kasutako urteko tarifa
CONSUMER-ek kalkuluak egiteko abiapuntua hartu duen gunea hauxe da: azterturiko 14 hirietako bakoitzean, familia batek lau balizko kasutan ordaindu beharko lukeen prezioa kalkulatu behar da, ur-kontsumo apala (120 metro kubiko urtean), arrunta (160 metro kubiko), altua (200 metro kubiko) eta oso altua (280 metro kubiko) eginez. Tasa horien barnean, ur-kontsumoa ez ezik, berari dagozkion hainbat zerbitzu ere sartuta daude, hala nola hondakin-uren tratamendua, estolderia, saneamendua edota kontagailuen alogera, besteak beste.
Lagun eta urteko ur-kontsumo bidezkoa 40 eta 50 metro kubiko bitartekoa dela balioetsi ohi da. Txosten honetako lau hipotesiak, hiru kidek osaturiko familia normal batek egiten duen ur-kontsumo ertainari (urtean 120tik 160 metro bitartera) dagozkio; bigarren familiak, handixeagoa (lauzpabost kidek osatutakoa) izaki, urtean 200 metro kubiko ur gastatuko luke; azkenik, sei-zazpi-zortzi laguneko etxebizitzako kontagailua letorke, urtean 280 metro kubiko erregistratzen dituena.
Ur-hornikuntza kudeatzen duten erakundeek ur-kontsumoaren tasak xedatzeko sistema guztiz desberdinak aplikatzearen ondorio edo eraginez, kontsumo-zerrenda bakoitzeko prezioak erkatzean, uraren garestitzeari buruzko ranking honetan hiriek bestelako tokiak bete litzakete. Bestelakoa frogatu da, ordea: uraren prezioaren batezbesteko orokorrean garestienak ziren hiriak (Bartzelona, Murtzia eta Valentzia) eta merkeenak (Gasteiz, Logroño, Burgos, Santander eta Donostia) kalkulaturiko balizko lau kasuetan ere bat datoz, praktikan. Baldin badaude ere, bakan-bakanak izan dira salbuespenak.
Urik garestiena, Bartzelonan eta Murtzian
Bartzelona eta Murtzia dira, ur-prezioei goazkiela, aparteko kasua, gainontzeko hirietakoak aise gainditzen baitituzte bi horiek. Balizko kasurik arruntenaz ari garela, hau da, urteko 160 metro kubikoko kontsumoa (hiruzpalau kideko familia), Bartzelonan eta Murtzian urtean 34.000 inguru pezeta oraindu beharko liratekeen bitartean, hurrengo hiri garestiena Valentzia litzateke, baina 28.000 pezetatik ere jaitsi beharko genuke horretan. Ondotik Bilbo letorkioke, 27.000 pezeta baino gutxiagoko fakturarekin. Eta kanilako urarengatik eta berarekin lotura duten zerbitzu guztiengatik herritarrei diru gutxien eskatzen dieten hirien peskizan ari garela, Gasteizaino joan beharko dugu, balizko familia horri 13.000 pezeta besterik ez bailitzaioke kobratuko, hau da, Bartzelona edo Murtzian indarrean dagoenaren erdia, hortxe.
Ur gehien kontsumitzen duten etxebizitzek (urteko 280 metro kubiko: sei kide edo gehiagok osaturiko familietan ohiko erabilera-indizea baita hori) ordaindu behar dituzten tarifak elkarren aldean jarriz gero, Bartzelonan urteko 61.500 pezetaraino iritsiko lirateke. Garestienetan, ondotik Murtzia datorkio, urrutitik bada ere: urtean 53.500 pezeta eskatuko litzaizkioke hiri horretako biztanleari. Hariaren beste muturrean Gasteiz, Logroño eta Burgos daude, zergapekoari urtean 25.000 pezeta baino gutxiago eskatzen diote eta.
Prezioak ez du eraginik uraren kalitatean
Pentsa litekeenaz arrunt beste aldera, etxeko ur-kontsumoa ez doa loturik ondasun horren prezioarekin. Aztertu hirietako kontsumoari buruzko datu ofizialak eta hiri horiexetan indarrean dauden tarifak ikusiz gero, erabiltzaileek beste zeinahi zerbitzuri aplikatzen dizkieten irizpide ber-berekin ur-zerbitzua baliatzen ez dutela ondorioztatzen dugu, hau da, “zenbat eta gehiago kontsumitu, hainbat eta gehiago ordainduko dugu; horrenbestez, premiazkoa duguna bakarrik kontsumituko dugu, hortik aurrera dirua alferrik galtzen ari garelako” logika-segidak hemen ez duela balio.
Murtzia hiriburuak -gogoan izan dezagun tarifarik garestienetakoak hantxe aplikatzen direla- joan den urtean etxeko ur-kontsumorik handiena izan zuen: 68 metro kubiko biztanleko; Gasteizek (tarifa merkeenak xedatuak dituela), berriz, gasturik apalena erakutsi zuen: 41 metro kubiko biztanleko. Joan den ekitaldian urteko ur-kontsumorik handiena izan zuten Estatuko hiriak (50 metro kubiko baino gehiago, urteko eta biztanleko) Murtzia, Donostia, Burgos, Madril eta Logroño izan ziren; batez besteko horren azpitik Gasteiz, Bilbo, Iruñea, Bartzelona, Malaga eta Santander geratu ziren. Osoko zenbaketan, Madril eta Bartzelonak agertu zuten gasturik handiena (156 eta 126 milioi metro kubiko, hurrenez hurren); gastu-bolumenik txikiena Logroño, Gasteiz eta Santanderrek izan zuten, 10 milioi metro kubikora iritsi ez zirelarik (ikus taulak).
- Ur edangarriaren kostua hamalau hiritan aztertu da: Alacant, Bartzelona, Bilbo, Burgos, Castelló, Logroño, Madril, Malaga, Murtzia, Iruñea, Santander, Donostia, Gasteiz eta Valentzia. 1999ko ekainean, ur-kobrantzaren kudeaketan eskudun ziren erakundeekin telefono bitartez harremanetan sartu ondoren, fax bana bidali genien, etxeetarako ur-zerbitzuari zegozkion tarifa guztiak igor ziezazkiguten eskatuz.
- Informazio hori jasota, lau balizko kasu arrunt-arruntetan ordaindu beharko liratekeen diru-kopuruak kalkulatu genituen, hiri bakoitzean indarrean zeuden araudietan oin harturik beti ere, ur-hornikuntzarekin zerikusia duten prestazio guztiak sarturik (hondakin-uren tratamendua, estolderia, saneamendua, edukigailuen alogera, etab.).
- Balizko lau kasuetan, familia arrunt batek egin lezakeen kontsumoa kalkulatu da, ur-kontsumo apala (120 metro kubiko urteko), ohikoa (160 metro kubiko), altua (200 metro kubiko) eta oso altua (280 metro kubiko) kontuan izaki.
- Balizko kasu bakoitzean ordaindu beharreko kostuen kalkuluak eginik, hiri bakoitzeko ura kudeatzen duten erakunde arduradunei fax bana bidali zitzaien, balioetsiriko kopuruekin erka zezaten. Beste fax bat igorri zitzaien ur-zerbitzua daramaten zinegotzigoei eta, bidezkoa zenean, dagozkion aldaketa edo zuzenketak egin ziren.
- Txostena egin ondoren, prezio garestiena duten hirietako ur-zerbitzuaren ardura dutenekin jarri ginen harremanetan, premiazko ondasun horren garestitasunaren zergatiak azal ziezazkiguten.
Uraren prezioa
- Gasteiz Ur edangarri merkeena duen hiria Gasteiz da, bai batez bestekoan (15.359 pezeta urteko), bai azterturiko balizko lau kasuetan ere. Kontsumituriko ur-kopuruaren arabera prezioa aldatzen ez duen hiri bakarra da, gainera. Era berean, 1998ko prezioa aurten merkatu duen bakarra (%3an). Etxeko ur-kontsumoa biztanleko: apalena, 41 metro kubiko urteko.
- Logroño Bigarren merkeena (urteko 17.305 pezeta, batez beste), Burgostik gertu xamar. Uraren kontsumoa igo ahala, metro kubikoa -apalki bada ere-merkatu egiten da. Etxeko ur-kontsumoa biztanleko: zentzuzkoa, ia 53 metro kubiko urteko.
- Burgos Ura merke duten hirietan hirugarrena (urteko 17.984 pezeta, batez beste). Bigarren merkeena dugu 280 metro kubikoren kontsumoan. Honek gora egin ahala, metro kubikoaren prezioa jaitsi egiten da: 120 metro kubikoko kontsumoan ura 107 pezeta kostatzen da metroko, eta 280 metro kubikokoan, berriz, 88 pezeta. Etxeko ur-kontsumoa biztanleko: altu samarra, 64,4 metro kubiko urteko.
- Santander Merkeenetakoa: urteko 18.120 pezeta, batez beste. 160 eta 200 metro kubikoko kontsumoetan bigarren hiri merkeena da bera. Kontsumo altuetan (280 metro kubiko) metro kubikoaa garestitu egiten du baina, nolanahi ere, tamaina horretan merkeagoa da ura kontsumo apaletan baino (120 metro kubiko). Kontsumo-tarteko tarifak erkatuz gero, ur-erabilera apala garestiegi gertatzen da. 1998ko prezioei eutsi die. Etxeko ur-kontsumoa biztanleko: zentzuzkoa, ia 48 metro kubiko urteko.
- Donostia Hiri merkeenetako bat, urteko 18.477 pezeta gastatzen da bertan. Preziorik hoberena 120 metro kubikoko kontsumoan erdiesten da (azterturiko hirietan, laugarren merkeena). Gastua igo ahala, behera doa uraren prezioa: 120 metro kubiko kontsumoan, metroa 110 pezeta kostatzen delarik, 280 metro kubikokoan 90 pezetaraino jaitsiko da. Etxeko ur-kontsumoa biztanleko: aski altua, ia 65 metro kubiko urteko.
- Iruñea Hiri merkeenetako bat, urteko kontsumoa 19.849 pezeta kostatzen da batez beste, Donostiakoa baino garestixeagoa. Gastua igo ahala, uraren prezioa merkatu egiten da: 120 metro kubikoko kontsumoan, metroa 129 pezeta kostatzen da, eta 280 metro kubikokoan, 91 pezeta. Etxeko ur-kontsumoa biztanleko: zentzuzkoa, ia 50 metro kubiko urteko.
- Castellón Erdipareko prezioak ditu: urteko 20.414 pezeta gastatzen du hiritarrak, batez beste. Gastua igo ahala merkatu egiten da uraren prezioa: 120 metro kubikoko kontsumoan, metro kubikoa 124 pezeta kostatzen da eta 280 metro kubikokoan, aldiz, 98 pezeta. Etxeko ur-kontsumoa biztanleko: erakunde eskudunak ez digu jakinarazi.
- Madril Tamaina handiko hiria izanik, uraren prezioa ertaina du: urteko 24.855 pezeta, batez beste. Kontsumoaren arabera uraren prezioa ez da ia aldatzen. Aurtengoan iazko tarifek segitzen dute indarrean. Etxeko ur-kontsumoa biztanleko: zentzuzkoa, 54,5 metro kubiko urteko.
- Málaga Prezio ertaina hiri honetan ere: urteko 26.343 pezeta, batez beste. Kontsumoa areagotu ahala uraren prezioa garestitu egiten du Malagak: gastu apala egiten duten etxeetan (120 metro kubiko) metro kubikoa 129 pezeta kostatzen da eta kontsumo altu-altukoetan (280 metro kubiko), berriz, 149 pezeta. 1998ko tarifak gehien garestitu dituen hiria da hauxe (%6). Etxeko ur-kontsumoa biztanleko: zentzuzkoa, 47 metro kubiko urteko.
- Alacant Urteko batez bestea 27.863 pezeta izaki, aski prezio altua du hiri honek. Azterturiko lau balizko kasuetan ere garestia da uraren kostua. Malagarekin batera, kontsumoa areagotu ahala uraren prezioa garestitzen du Alacantek ere: gastu apala duten etxeetan (120 metro kubiko), metro kubikoa 136 pezeta kostatzen da eta kontsumo altu-altukoetan (280 metro kubiko), 153 pezeta. Etxeko ur-kontsumoa biztanleko: erakunde eskudunak ez digu jakinarazi.
- Bilbo Hiri garestietako bat izaki, urteko batez bestekoa 29.128 pezetakoa da. Kontsumoak gora egin ahala, nabarmen jaisten da uraren prezioa: 120 metro kubikoko gastua eginez gero, metro kubikoa 180 pezeta kostatzen da eta 280 metro kubikokoan, berriz, 138 pezetaraino amiltzen da. 1998ko tarifekiko, azterturiko hirietan, aurtengoan uraren prezioa gehien garestitu duen bigarren hiria da Bilbo (%4). Erabilitako ura (guztiaren %42a) birziklatzen duen hiri bakarra da, gainera. Ur-kontsumoa biztanleko: ongi, bigarren apalena, 42,5 metro kubiko urteko.
- Valentzia Prezio altua. Hiri garestienetan hirugarrena delarik, urteko batez bestekoa 30.849 pezetakoa da. Preziorik hoberena kontsumo altu-altuari (280 metro kubiko) aplikatzen dio; baina kasu honetan ere, bosgarren garestiena da bera. Kontsumoak gora egin ahala, nabarmen merkatzen da uraren prezioa: 120 metro kubikoko kontsumoan, metro kubikoa 195 pezeta kostatzen delarik, 280 metro kubikokoa 144 pezeta besterik ez da ordaindu behar. Etxeko ur-kontsumoa biztanleko: erakunde eskudunak ez digu jakinarazi.
- Murtzia Garestienetan bigarrena: urteko, 38.815 pezeta batez beste. Kontsumo txikiko (120 metro kubiko) etxeak gehien zigortzen dituena da, gainera, Gasteizkoaren hiru halako ordaintzen baitute murtziarrek. Kontsumoak gora egin ahala, merkatu egiten da uraren prezioa: 120 metro kubikoko kontsumoan, metro kubikoa 229 pezeta kostatzen delarik, 280 metro kubikokoan, 191 pezetan geratzen da. Ur-tarifak %3an garestitu dira aurten 1998ko prezioekiko. Etxeko ur-kontsumoa biztanleko: altua, 68.5 metro kubiko urteko.
- Bartzelona Azterturiko hamalauetatik ura garestien duen hiria: urteko 41.207 pezeta, batez beste. Gasteizko tarifen hiru halako, ia. Kontsumo-tarte guztietan garestiena da, 120 metro kubikokoan izan ezik, hor bigarrena baita. Metro kubikoaren prezioa (garesti-garestia, kasu denetan) ez da ia batere aldatzen kontsumitutako kopuruaren arabera. Etxeko ur-kontsumoa biztanleko: zentzuzkoa, 47 metro kubiko urteko.
Aurten, prezioak gora
Gasteiz, Madril eta Santanderren izan ezik, ur-hornikuntzaren kostua 1999an garestitu egin da aurreko urtearekiko, igoera guztiak berdintsu izan ez badira ere. Gehikuntzarik latzenak Murtzian, Bilbon eta Malagan jazo dira: %3, %4 eta %6a igo dira prezioak; kontuan izan dezagun, nolanahi ere, Murtzian eta Bizkaiko hiriburuan daudela indarrean azterlan honetako lau tarifarik garestienak. Gasteizek guztiz beste alderako joera erakusten du oraindik ere: urik merkeena duen hiria izaki, 1999 urtean prezioak ia %3an jaitsi ditu. Madril eta Santanderrek, azkenik, iaz egonkor mantendu zituzten tarifak.