Teniseko erraketak

Erabiltzailearen joko-motari egokitu behar, ez alderantziz

1 iraila de 1999

Erabiltzailearen joko-motari egokitu behar, ez alderantziz

Zortzi erraketa (Yonex Graflex, Slazenger Mistique, Prince Tech pro, Wilson Ultraseries, Head DWP Tech, Pro Kennex Syntex, Dunlop Power series eta Babolat Classic lite) aztertu dira, denak ere prestazio ertainak eskaintzen dituztenak eta indar fisiko ertaina duten senior adineko pertsonentzakoak. Grafito hutsez zein beira-zuntzadun grafitoz daude eginak eta denen prezioak antzekoak diren arren, garestiena Pro Kennex Syntex (16.950 pezeta) da eta The Prince Tech pro merkeena (10.895 pezeta). Ezaugarri zein prestazioen aldetik desberdinak dira denak ere.

Aukeratzeko garaian erabiltzaileak ez du produktuaren prezioak edo markaren itzalak eraginda sentitu behar; bere ahalmen tekniko eta fisikoen, eta zaletasunaren araberako erraketa egokiena aukeratzea du bide zuzena. Ez dute erraketa berdintsua behar oso sake azkarra egin eta sareraino boleatzera ohi doanak eta, pistaren atzealdetik, lasaitasunez pilota marretatik zentimetro gutxitara ezarri nahi dituenak. Ez eta pilota asko efektuz liftatzen dituen tenislariak eta, arerioa saretik urrutiratzen saiatuz, bola sekulako indarraz igortzen duenak.

Aukeraketa zaila eta tresna horren prezioa biziki altua izaki, prestazio onak eskainiko dizkion erraketa erosi nahi duenak adituaren aholkua bete eta saltzailearekin hitzegin beharko du (hobe, saltzailea teniseko espezialista bada); orduan, bere jokoaren bereizgarriak azalduz gero, profesionalak lanabes egokiena gomendatuko dio. Nolanahi ere, lan hau lagungarri gerta dakioke hemen aztertutakoak bezalako erraketa erosteko asmotan dabilenari (hau da, prezio ertainekoa izaki, prestazio normal eta baliagarriak eskaintzen dizkiona bai kirol honetan hasi berri denari, bai aparteko emaitzen bila ez dabilen ohiko jokalariari). Prestazio bikainak, afizionatu zein profesional gisa, lehiako tenisean diharduen tenislariari berariazko modelo garestiagoek eskainiko dizkiote.

Erraketa bakoitza neurtu eta bere ezaugarriak (luzera, grabitate-zentroa, kirtenaren gogortasuna, sokateriaren azalera eta gogortasuna, inertzia-indizea, flexio- eta bihurdura-zurruntasuna, etab.) neurtu eta dagozkien prezioekin erkatuz gero, erabiltzailea zartada indartsuaren alde agertzen bada, aukera hoberena Dunlop Power series (11.500 pezeta) dela ondorioztatzen da. Joko teknikoari zehazkiago dagokion erraketa nahiago baldin badu (pilota liftatu edo efektua emateko, adibidez), Prince Teach Pro du hautapen aproposa (ia 10.900 pezeta kostako zaio). Azkenik, jokalariak apustu seguruenaren alde egin nahi badu, hau da, estilo guztietako jokoan prestazio onargarriak eskainiko dizkion erraketa balioaniztuna, Babolat Classic lite da gomendagarriena (11.700 pezeta): hauxe gertatu da azterketa honetako prezio-kalitate erlazio onena.

Laburbilduz

Jokalari-plegu bakoitzari bere erraketa

Erraketa bat hautatzeko unean, kirolzaleak erabakia hartzean eragina izan behar duten parametro nagusiak indarra, zehaztasuna, joko-erosotasuna eta maneiagarritasuna dira. Hasi berria, zaletu aditua edo, areago, profesionala baldin bada ere, kirolariak bere egoera fisikoa eta menderatzen duen, nahiena duen edo garatu nahi duen joko-moldea zein den balioetsi behar du (sakea, bolea, sarearen aldameneko edo atzealdeko jokoa, efektu moztu edo liftatuak…), bere joko-moldeari beste guztiak baino hobeto egokituko zaion erraketa apropos hori aukeratu nahi badu. Sake zehatz eta indartsua egin eta bolea-jokoa gustukoa duten jokalari sendoentzat berariazko erraketak daude salgai merkatuan; badira, nola ez, bestelakoak ere: malgu edo “ahulagoak”, efektu moztu edo liftatuak eman eta sarearen ondo-ondoan jokatzeko.

Hasi berriak erraketa eroso eta maneiukorra izango du premiazkoa, jokalari arruntak baino askoz ere kolpe oker (zehaztasunik, norabiderik… gabekoak) gehiago emango baititu. Era horretan, beraz, tenislari adituentzat, edo joko-molde batean oso jardunak direnentzat taxutuak dauden erraketa garestiak eskuratu eta erabiltzeko tentazioan ez dute erori behar hasi berriek. Tenislari jakitunaren joko-maila garaiari eta joko- nahiz kolpe-plegu jakin batzuetan espezializatu izanari esker, etekin hoberena berak bakarrik erdiesteko moduko erraketak erabil ditzake. Horrenbestez, jokalari hasi berriarentzat bidezkoena erraketa eroso eta merkeekin hastea da, tresna horrexek erraztuko baitio teknika arras konplexua duen kirol horretarako ikasbidea. Geroago, eskarmenturik hartutakoan, berariazko erraketa egokiagoa eskuratzeko aukera ez du falta izango tenislariak: lanabes berria garestiagoa izango da nahitaez, baina egiten duen jokoaren araberakoa gertatu beharko du hark ere.

Sakea eta bolea egiteko, indarra behar

Hona hemen erraketa bat ahaltsua izan eta kolpe indartsu eta zehatzak jotzea ahalbideratuko duten bereizgarriak: pisua, markoaren zurruntasuna, grabitate-zentroa gune garaian egotea eta sokateriaren behar bezainbesteko gogortasuna. Esan gabe doa horri guztiari jokalariaren indarra erantsi behar zaiola. Ez ahantzi jokalaririk gabe erraketa deus ez dela; areago, erraketa egokitu behar zaio tenislariari eta inola ere ez alderantziz. Askoz ere errazagoa dugu erraketaz aldatzea, jokatzeko beste era batean ohitzea baino. Nahiz eta liftatzeko gure lanabesa zoragarria izan, jokaldi hori egiten ez badakigu, jai dago, bere apartekotasun tekniko eta guzti. Gaurregun berriz, grafitoa, beira-zuntza eta antzeko materialak agertu izanari esker, erraketak arin-arinak dira. Aztertu ditugunen pisuak 278 gramotik (Yonex Graflex) 326 gramo bitartean (Slazenger Mistique) daude; gainontzekoak ere 310 gramoko tarte horretan dabiltza.

Erraketaren markoaren zurruntasunak ere eragin handia du, nola ez, bai kolpeen indarrean, bai jokoaren erosotasunean ere. Marko zurruna da pilotaren jotzearekin gutxien desitxuratzen dena eta kolpean bolari indar gehien ematen diona. Erraketaren zurruntasuna, laborategian, flexio estatikoko zurruntasunak, zehar-zurruntasunak eta bihurdura estatikoko zurruntasunak adierazten dute. Balore horiek zenbat eta apalagoak izan, orduan eta txikiagoa da erraketaren deformazioa eta, horrenbestez, erraketa bera zurrunagoa da. Slazenger Mistique eta Dunlop Power izan dira, aztertutakoetan, zurrunenak. Zurruntasun txikienekoak, berriz, Head, Yonex eta Prince marketako laginak.

Pilotari ematen zaion kolpearen indarrean eragina duen beste faktore bat erraketaren grabitate-zentroa da. Gune hau kirtenean, erdialdean edo erraketa-buruan zamatzen du fabrikatzaileak. Grabitate-zentroa zenbat eta gorago ezarri, orduan eta indartsuagoa izango da erraketa, ahalmen handiagoa izango du. Alderdi horretan Yonex, Prince, Dunlop eta Babolat nabarmendu dira, laurak ere grabitate-zentroa erraketa-buruan dutela. Sokateriari goazkiola, azalera zabalak -kolpearen zehaztasun eta kontrolaren kaltetan- pilota eraginkortasun handiagoz jotzea errazten du. Sokateria zabaleneko erraketa Prince markakoa da (335 zentimetro karratuko azalera), eta txikiena Babolat lagina (300 zentimetro doi-doi). Gehientsuenen sokateriak 315-320 zentimetro karraturen inguruan dabiltza.

Laborategian neurtu bezala, Babolat markako erraketaren sokateriaren gogortasuna ontzat hartu zen, saialdian agerturiko sokateriaren hondorapena txikia izan baitzen (sokateria gogorra zelako), hau da, zartadak ia ez du indarrik galtzen. Prince eta Slazenger laginak ere nabarmendu ziren, sokateriaren gogortasunari dagokionez. Alor honetan ahulenak Yonex eta Prokeenex markakoak izan ziren. Hitz gutxitan, azterturiko erraketa guztietan sendo edo indartsuenak Dunlop eta Slazenger dira.

Marra-marran aritzea

Boleak ezartzeko jokalariak darabilen zehaztasunean ere badu eragina erraketa-motak. Zehaztasunean eraginik handiena duen faktorea erraketaren gogortasun edo biguntasuna da: lanabesaren koadroa zenbat eta zurrunagoa izan, orduan eta zehaztasun handiagoz jo ahal izango dugu bola. Dunlop da aztertuetan zurrunena eta, Slazenger markako gogor-gogorrarekin batera, zehatzenetako bat.

Zehaztasun oneko erraketa da Wilson markakoa, bihurdura estatikoan eta zehar-bihurduran agerturiko baloreak gogoan izaki: horri esker, era guztietako jokoan aritzeko -sarean bertan jarduteko, bereziki- erraketa egoki-egokia da hori. Horren zurruntasun handia ez balu, erraketa malguagoa litzateke eta, zehaztasunaren kaltetan bada ere, joko teknikoagoan aritzea ahalbideratuko luke, efektu eta liftatuak egin ahal izanik; Head izeneko erraketak, aurreko guztia egiteaz gainera, perkusio-gunea altu egoteari esker indar handiagoa igortzen dio pilotari. Zehaztasun apaleneko erraketa -koadroaren zurruntasun urria dela bide-Head markakoa da. Pilotaren norabidea kontrolatzea laguntzen duen beste faktoreetako bat sokateriaren azalera txikia da. Halaxe dauka Dunlop Power markakoak: erraketa denetan txikiena eta, esana dagoen bezala, zehatzenetako bat.

Eroso jokatzea, ongi aritzea

Erosotasunari goazkiola, kolpeen norabidea eragin eta kontrolatzeko unean, jokalariak sentitzen duen erraztasunaz mintzo diren hainbat faktore ditugu. Grip edo kirtenaren gogortasunak, inertzia-indizeak, erraketaren zurruntasunak eta erraketaren perkusio-gunetik erdigune geometrikorako distantziak ere izango dute eraginik. Bi erdigune hauek elkarrengandik zenbat eta gertuagokoak izan, orduan eta aiseago joko du pilota eskarmentu handirik gabeko jokalariak; horrek, alabaina, ez du esan nahi jotze indartsuagoak edo zehatzagoak egin ahal izango dituenik.

Kirtena eta erosotasuna elkarri loturik doaz, hertsiki: oso gogorra baldin bada, pilotaren zartakoa gutxiago arinduko du. Honek, tenislariari eskuaren eta, bereziki, eskumuturraren neke handiagoa ondorioztatuko dio, luzera. Kirtena malgu edo bigunegia baldin bada, zartakoaren indarra moteldu egingo da, kirtenak berak xurgatzen baitu hein handi batez jotze horren energia. Grip gogorrena Dunlop Power markakoak du; ondotik, Pro Kennex Syntex, Wilson Ulktraseries eta Slazenger Mistique datozkio, ordenu horretantxe. Prince laginak kirten berritzailea aurkeztu du, zerrenda zabalez hornitua: bera izan zen aztertutako denetan bigunena, baina eskuari ez zitzaion eroso gertatzen.

Inertzia-indizeak, (pibote-gunearekiko, erraketaren masa-banaketa bereizten duena) erraketaren inertzia-momentuak eta erraketaren masaren arteko erlazioa adierazten du. Inertzia-momentuaren baloreak ertainak eta inertzia-indizea ahalik eta garaiena izatea komeni da. Inertzia-parametroan (masaren banaketa) erraketarik erosoena Yonex da; trauskil edo aldrebesena (inertzia-momentu altua baitu), aldiz, Prince markakoa. Jokoan aritzeko erosotasunetik, bederen, antzekoak dira gainontzeko guztiak.

Eraginkortasuna, ordea?

Perkusio-gunea, bere aldetik, erraketak duen eraginkortasunik hobereneko gunea da. Sokateriako gune honek jotzen badu, pilota sekulako abiadan irtengo da erraketatik eta jotzeko unean jokalariak ez du ia-ia inongo dardarizorik atzemango. Erraketaren erdigune geometrikoa da zeharkako sokarik luzeena eta luzerako sokarik luzeena gurutzatzen diren puntua. Jotzeko gune aproposena bera denez, jokalariak hortxe saiatu behar du pilota astintzen. Erdigune horiek elkarrengandik zenbat eta gertuago egon, orduan eta kolpeak eraginkor, indartsu eta erosoagoak izango dira. Slazenger Mistique markako erraketan hautematen den bi erdiguneen arteko tarte handiak eta koadroaren zurruntasunak erraketa deseroso samarra bihurtzen dute. Yonex markakoaren kirten bigunak erraketa jokatzeko atsegin egiten duen arren, erosotasunaren nolabaiteko galera jazotzen da, perkusio-gunea eta erdigune geometrikoa bat badatoz ere, buruan dago erraketa orekatua. Babolat laginak jokatzeko erosotasun egokia eskaintzen du: erdiguneak elkarrengandik hurbil samar daude eta, gainera, nolabaiteko malgutasun estatikoa agertzen baitu erraketak.

Laburbilduz

  • Zortzi erraketa aztertu dira, denak ere prestazio ertainak eskaintzen dituztenak eta indar fisiko ertaina duten senior adineko pertsonek erabiltzekoak. Pro Kennex Syntex da garestiena (16.950 pezeta) eta Prince Tech pro, aldiz, merkeena (10.895 pezeta).
  • Erraketak elkarrekin konparatuta, zortzien ezaugarriak eta prestazioak oso desberdinak dira, laborategiko azterketak frogatu duen bezala. Aukeratzeko unean, erabiltzaileak ez du produktuaren markaren ospera edo preziora bakarrik begira behar. Bere ezaugarri tekniko eta fisikoetara, bere jokoaren ezaugarrietara eta zaletasun pertsonaletara hertsikien egokitzen den erraketa hautatu behar du jokalariak.
  • Erosi aurretik adituaren aholkua entzutea komeni da: hari jakinaraziko diogu geure joko-mota nolakoa den. Erraketak agerian dituen ezaugarri eta bereizgarri guztietatik ezeinek ere ez gaitu lagunduko erosteko unean.
  • Erraketa bakoitzaren ezaugarri guztiak neurtu eta aztertu, eta prezioarekin erkatu ondoren, erraz ondorioztatzen da erabiltzaileak zartadaren indartsuaren aldeko aukeraketa egin nahi badu behintzat, Dunlop Power series (11.500 pezeta) duela hautapenik hoberena.
  • Joko teknikoa (pilota liftatzeko edo efektuak eragiteko, adibidez) hobesten duen erraketa nahiago baldin badu, aukerarik egokiena Prince Teach Pro da (ia 10.900 pezeta).
  • Jokalariak apustu seguruena egitea nahiago izanez gero -estilo askotako jokoetan emaitza onak eskainiko dituen erraketa balioanitza, alegia-, aproposena Babolat Classic lite du (11.700 pezeta). Hauxe da, azterturiko zortzien artean, kalitate-prezio erlaziorik onena agertzen duen erraketa, erabiltzaile ertainarentzako biziki interesgarria.

Banan-banan

Zortzi erraketa ertain, hitz laburretan

Babolat Classic Lite

  • 11.700 pezeta.
  • Kalitate-prezio erlaziorik hoberena hasi berriarentzat eta joko-mota jakin batean nabarmentzen ez den jokalari ertainarentzat.
  • Indar handikoa, erosoa. Kirtena ere erosoa da. Maneiagarritasun errazekoa.
  • Joko-mota: era anitzekoa.

Prince Tech Pro

  • 10.895 pezeta, merkeena.
  • Bigun samarra eta zehaztasun gutxikoa. Indar handikoa.
  • Sokateriaren azalera handienekoa: 335 zentimetro karratu. Jokalari teknikoaren aukeraketa onena.
  • Joko-mota: teknikoa.

Dunlop Power series

  • 11.492 pezeta. Indartsu eta zehatza.
  • Maneiagarritasun errazekoa. Zartadaren indarrean oinarritzen den jokalariarentzako hautapenik onena.
  • Efektuak eragiteko ez da horren baliagarria. Sokateriarik txikiena daukana: kolpean zehaztasun handiagoa lortu ahal izango da horrela.
  • Joko-mota: indartsua.

Yonex Graflex

  • 13.995 pezeta.
  • Arinena, 278 gramoko pisua besterik ez du. Luzeena ere bera da.
  • Aski maneiagarria. Indartsua, batez ere kirtena luzea daukalako. Koadro eta sokateria bigunak.
  • Joko-mota: teknikoa.

Slazenger Mistique

  • 11.495 pezeta. Laburrena da hau.
  • Indartsu eta zehatza.
  • Biziki zurruna delako eta perkusio-erdigunea eta erdigune geometrikoa elkarrengandik oso urruti dituelako, ez da eroso gertatzen.
  • Joko-mota: indartsua.

Wilson Ultraseries

  • 13.898 pezeta. Orekatua.
  • Zehaztasun handikoa da, bihurdura-zurruntasuna dela medio.
  • Oso maneiagarria.
  • Joko-mota: era anitzekoa.

Head DPW Tech

  • 11.948 pezeta. Biguna.
  • Indartsu samarra, perkusio-erdigunea aski altua duelako.
  • Joko-mota: teknikoa.

Pro Kennex Syntex

  • Garestiena, 16.950 pezeta.
  • Indartsua, perkusio-gunea altua eta kirtena luzea duelako eta daukan pisuagatik.
  • Zehaztasun ertaina, flexioan malgua baita.
  • Joko-mota: era anitzekoa.

Dunlop Power series

  • 11.492 pezeta. Indartsu eta zehatza.
  • Maneiagarritasun errazekoa. Pilotari efektuak eragiteko ez da aproposa.
  • Honen sokateria txikiena da: horrela, kolpea zehatzago ematen da.
  • Joko-mota: indartsua.