Ikasketengatik etxetik kanpo bizi izatea
Estatuko ehundaka mila gazte unibertsitariok maletak egin beharko dituzte udazkenean, 1999-2000 ikasturtearen hasieran. Ikastetxe Nagusi batean, Unibertsitateko Egoitzaren batean, beste ikasle batzuekin batera alokatutako etxebizitzan edo familiaren batekin bizi izango dira.
Prezioetan alde handia dago hiriburu batetik bestera, ostatu motaren eta ikaslearen familiaren egoera ekonomikoaren arabera. Ikastetxe nagusiek Leongo 35.000 pezetatik hasi (pentsio osoagatik) eta Salamancako 129.000 pezetara bitarte kobratzen dute. Egoitzen prezioa Bartzelonan hilean 14.500 pezetatik hasi (alojamendua bakarrik) eta Granadako 105.000 pezeta (pentsio osoa banako gelan). Azkenik, alokairu merkeko etxebizitzak 12.000 pezetatik hasita aurki daitezke, baina hiriburu batzuetan bakarrik, Zaragozan adibidez. Beste zenbaitetan, Bilbon esaterako, batez beste 50.000 pezetatik gorakoa da hilabetea. Aniztasun handia dagoen arren, aurten indarrean izango diren prezioak konparatu ondoren, honako hiriburu hauek dira ikasleen ostatua garestien dutenak: Salamanca, Iruñea, Madril, Granada eta Bilbo. Hiri merkeenak Bartzelona, Logroño, Leon eta Santiago Compostelakoa dira.
Datozen hilabeteetan euren etxetik urruti bizi izango den ikasle multzo handia jasotzeko adinako eskaintza izango dela dirudi. Iaz milioi eta erdi matrikulaziotik gora izan zuten unibertsitate publiko eta pribatuek. Hamar ikasletatik seik unibertsitatera joateko kilometro asko egin behar izango dutela kalkulatzen da. Horietatik asko etxetik kanpo bizi izango da ikasturtean zehar. Ikastetxe Nagusia da, itxuraz, karrerako lehen urteko ikasle gehienek aukeratzen duten formula.
Publikoak, pribatuak, unibertsitateei atxikiak, independienteak, emakumezkoenak, gizonezkoenak edo mistoak daude eta prezioaren barruan alojamendua, pentsio osoa eta ikasketetarako eta eskolaz kanpoko ekintzetarako bertako instalazioak erabiltzeko aukera sartzen dira. Era honetako zentro batean sartzeko aukera, hala ere, ikaslearen maila akademikoaren eta “elkarbizitzarako jarrera onaren” menpe izaten da (elkarrizketa pertsonala gainditu behar izaten da). Unibertsitate-egoitzek, bestalde, unibertsitateek zuzenean kudeatzen dituztenean, Ikastetxeko Nagusien antzeko zerbitzuak eskaintzen dituzte, baina jabetza pribatuetakoek ikasleen ostatua baino ez dute eskaintzen eta kasu batzuetan baino ez da sartzen pentsio osoa.
Gastu handia
Unibertsitate garaiko ostatuaren gastuak ahalegin ekonomiko handia egitera behartzen ditu familiak. Baliteke zenbaitek -sarrera ekonomiko apalak dituztenek- Administrazioaren laguntza jasotzea. Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak 400.000 eta 675.000 pezetako mugikortasun-bekak aurreikusten ditu 1999-2000 ikasturterako unibertsitateko ikasketak direla eta euren autonomia erkidegotik kanpo irten beharra duten ikasleentzat. Gainera, ostatu- eta mantenu-gastuetarako laguntzak eskaintzen ditu (283.000 pezeta), etxetik unibertsitaterako distantzia dela eta ikasturtean zehar etxetik kanpo bizi behar duten ikasleentzat. Hezkuntzako konpetentziak transferitu gabe dituzten erkidego bakarrak Gaztela-Mantxa, Asturias, Extremadura eta Ceuta eta Melilla hiriak dira. Hala ere, transferentziarik izan edo ez, ikasketak beste erkidego bateko unibertsitatean egin nahi dituen edozein ikaslek ikasketak egingo ditueneko unibertsitatean eskatu beharko du beka, zentroak Hezkuntza eta Zientzia Ministerioan izapideak egin ditzan, Ministerioa arduratzen baita mugikortasun-beken gestioaz.
- Salamanca. Ikasturtean zehar, ikasleak egiten dira Salamancako hiriburu ederraren jabe. Ikasleen %80 baino gehiago beste erkidego batzuetakoak eta atzerritarrak izaten dira. Izan ere, 1200 urtean Leongo Alfontso IX. erregeak Unibertsitatea fundatu zuenetik mundu mailan izen eta ospe handiko hiri bihurtu da Salamanca. Ikastetxe Nagusiak: sei daude guztira, lau emakumezkoentzat eta bi bakarrik mistoak. Guztira 675 plaza eskaintzen dituzte eta pentsio osoko banako gelaren prezioa 54.500 eta 129.200 pezeta bitartekoa da hilean. Ikasleari gelan beste norbaitekin batera egotea axola ez bazaio, 50.000 eta 105.400 pezeta artean ordaindu beharko du hilean. Unibertsitate-egoitzak: 54 egoitza daude hirian, 2.600 plaza guztira. Alojamendu motaren arabera, pribatua edo publikoa izan, logela bikoitza mantenua barne 58.000tik hasi eta 89.000 pezeta bitarte kostako da. Jatorduak aparte lagata, lo egitea bakarrik 31.000 pezeta hilean. Ikasleen alojamendu-eskaintza osatzeko 35 plaza daude egoitza-etxebizitza batean eta beste 60 ostatu-egoitza batean.
- Santiago de Compostela. Tradizio handiko hiria izanik, hilean 4.000 pezetatik hasita eskaintzen da ostatua hiri horretan, baina prezio hori baliabide ekonomiko urriak dituztela frogatzen dutenentzat da bakarrik. Ikastetxeak: A Coruñako Unibertsitateak zazpi Ikastetxe ditu Santiagoko campusean eta guztira ia 700 plaza. Banako gela pentsio osoarekin 85.000 pezeta kostako da hilean. Fonseca eta Rodríguez Cadarso Ikastetxeek kuota ezberdinak dituzte ikasleen errenta ekonomikoaren eta espediente akademikoaren arabera. Egoitzak: Hiru zentro Santiagoko Unibertsitateari atxikirik daude. Pentsio osoa 19.000 pezeta da hilean. 1.200 plazak banatzeko baremo ekonomikoa eta akademikoa ezartzen da.
- Granada. Andaluziako hiriburu horrek urtean 70.000 ikasle inguru erakartzen ditu. Horiei aterpea emateko ostatu mota ezberdinei buruzko informazioa bildu eta eskaintzen duen ostatu zerbitzua sortu du unibertsitateak. Ikastetxeak: 13 daude Granadako Unibertsitateari atxikita eta guztien artean 1.500 plaza inguru dituzte. Kostua 65.000 eta 96.000 pezeta bitartekoa da hilean, alojamendu motaren eta Ikastetxearen kategoriaren arabera. Egoitzak: Granadan ikasleentzako 25 egoitzetako batean banako gela hartzea 56.000 eta 105.000 pezeta artean ordaindu behar da hilean. Gela konpartituz gero, 52.000 pezeta ateratzen da hilean pentsio osoa.
- Madril. Ikasle kopuru handiena duen hiriburua da. 200.000 ikasle baino gehiago matrikulatzen da urtero Madrilgo sei unibertsitate publikoetakoren batean. Beste herrialde batzuetatik etorritakoei ostatu emateko 9.000 alojamendu-plaza baino gehiago dituzte campusek Ikastetxe Nagusi, Egoitza eta ikasleentzako etxebizitzen artean. Ikastetxeak: Madrilgo 51 ikastetxeak dira guztietan garestienak. Hilean 73.000 pezetatik hasita aurki daiteke egonlekua, baina gehienetan pentsio osoko banako gela baten (ia gela gehienak banakoak dira) prezioa hilean 100.000 pezetara iristen da. Egoitzak: Sei daude, hilean 71.000 eta 87.000 pezeta bitarteko prezioekin. Lagun bat edo birentzako etxebizitzak ere badira ikasleen eskura, hileko kuota ezberdinekin, 22.500 pezetatik hasita, familiaren diru iturrien arabera.
- Zaragoza. Ia 45.000 ikaslek egingo dute matrikula datorren ikasturterako Aragoako hiriburuko fakultate eta unibertsitate-eskoletan. Gazteek Unibertsitatean bertan lor dezakete informazioa, Ikastetxe Nagusiez eta Egoitzez ezezik, baita alokairuan dauden etxebizitzei buruz ere. Ikastetxeak: Unibertsitateak 1.700 plaza inguru eskaintzen ditu, 13 zentrotan banatuta. Prezioak hilean 65.000 eta 90.000 pezeta bitarte dabiltza eta beste hiri batzuetan bezala, aldatu egiten dira hautaturiko alojamendu eta pentsio motaren eta Ikastetxearen kategoriaren arabera. Errenta txikiko familietako ikasleek hilean 45.000 pezeta ordainduta eskura dezakete 192 plazetako bat. Egoitzak: Egoitza bakar bati buruzko informazioa eskuratu ahal izan dugu, 100 lagunentzako lekua duen emakumezkoen egoitza batekoa hain zuzen. Pentsio osoko gela 47.700 pezeta ateratzen da hilean.
- Iruñea. Nafarroako Unibertsitateak guraso, ikasle eta irakasleei aukera ezberdinen berri ematen dien Alojamendu Zerbitzu bat dauka. Ikastetxe eta Egoitzez gain, beste ostatu mota bat ere badu: familiak, unibertsitate-klubak, konpartitzeko etxebizitzak.. Ikastetxeak: Hamabi daude, sei emakumezkoenak eta beste hainbeste gizonezkoenak, eta 1.400 plaza inguru guztira. Banako gelan pentsio osoan egotea 69.000 eta 100.000 pezeta bitarte kostatzen da. Egoitzak: 22 daude -gehienak emakumezkoenak- eta 2.000 plaza inguru eskaintzen dituzte. Pentsio osoa 43.000 pezetatik hasita.
- Bilbo. Ikasleentzako lehen egoitza propioa 1886an sortu zuen Deustuko Unibertsitateak eta 1916an Ikastetxe Nagusi maila hartu zuen. Gaur egun Unibertsitate-Egoitza ere badu unibertsitate horrek. Eskaintza horrez gain Euskal Herriko Unibertsitateari (UPV-EHU) atxikiriko Ikastetxe Nagusiak eta Egoitzak aipatu behar. Guztira 1.500 plaza daude. Ikastetxeak: Kategoria, zerbitzua eta instalazioen arabera, banako gelako pentsio erdiko gela bat 93.000 eta 111.000 pezeta ordaindu behar da hilean. Egoitzak: Alojamendu eta gosariagatik, hilean 32.000 pezeta inguru. Pentsio osoarekin, 60.000 eta 68.000 pezeta artean.
- Bartzelona. Unibertsitate Autonomoaren Hiri Unibertsitarioak, Campusaren barruan, 627 etxebizitza ditu (115 metro karratuko etxebizitzatatik hasi eta 31 metroko apartamentuetara), guztira 2.000 lagunentzako lekuarekin. Zenbait unibertsitatek etxibizitza-poltsak dituzte, hiriko alojamenduen berri emateko, etxebizitzak barne. Ikastetxeak: Eskaintza urria da. 14 ikastetxe baino ez daude, publikoak eta pribatuak, unibertsitarioentzat bakarrik. Ia 1.700 plaza daude eta prezioak 45.000 eta 91.000 pezeta artekoak dira. Egoitzak: 40 daude ia 2.400 lagunentzako lekuarekin. Lo egiteagatik 14.500 pezeta eta 58.000 pezeta bitarte ordaintzen da hilean. Gela pentsio osoarekin hartzea hilean 77.000 inguru ordaintzen da, baian gela konpartituta 30.000 pezetagatik ere aurki daiteke lekua.
- Valentzia. Ia 100.000 ikaslerekin hirugarren hiria da unibertsitario kopuruari dagokionez. Turiaren hiriburuan alojamendua aurkitzeko Servei d’Informació a l’Estudiant (DISE) eta Centro de Asesoramiento y Dinamización del Estudiante (CADE) erakundeetan galde daiteke. Ikastetxeak: 16 daude, Valentziako campusei atxikirik edo ez, guztira 2.800 ikaslerentzako lekuarekin. Prezioa 60.000 eta 81.000 pezeta artean hilean, mantenua barne. Egoitzak: 21 dauden arren, denen artean mila plaza ere ez dituzte eskaintzen guztien artean. Gela baten truke (pentsio osoan) 57.000 eta 80.000 pezeta ordaintzen dira.
- Alicante. Ikasleek 1.000 plaza inguru dituzte Ikastetxe Nagusi bat eta zortzi Egoitzaren artean. Ikastetxean egotea 77.500 pezeta da hilean, mantenua barne. Erregimen berean Egoitzen prezioak 50.000 eta 74.000 pezeta bitarte ordaintzen dira hilean. Lo-lekua eta sukalderako eskubidea hartuz gero, 18.000 pezeta.
- Santander. Kantabriako Unibertsitateak bi Ikastetxe Nagusi bakarrik ditu, mistoak biak, eta 200 ikasle inguru hartzen dituzte bakarrik. Gelaren prezioa hilean 70.000 pezeta ingurukoa da.
- Leon. Bi Ikastetxe daude, bata Nagusia eta Txikia bestea, eta 17 Egoitza. Guztira 1.200 plaza inguru daude eta prezioa 35.000etik 68.000 pezetara artekoa da hilean, pentsio osoan.
- Logroño.Eskaintza sei egoitzatara mugatzen da eta guztira 500 plaza daude. Logroñokoak dira preziorik merkeenak. Pentsio osoko gela 34.000 pezeta ordaintzen da hilean, batez beste.
Universitarioentzako beste ostatu mota batzuk
- Familiak. Ikasleak familiako bizitzan integratu behar du eta horren truke, familiak arreta pertsonalizatua eskaintzen dio. Alojamendua banako edo binako gelan izan daiteke eta pentsio osoa eta arropa garbitzea sartzen dira prezioaren barruan. Prezioek gorabeherak izaten dituzte etxebizitzaren kalitatearen eta eskaintzen diren zerbitzuen arabera. Granadako familia batenean bizi izatea 60.000 eta 70.000 pezeta bitarte ordaintzen da hilean. Antzeko prezioak ordaintzen dira Salamancan ere, baina hiri horretan, sukalderako eskubidea ematen duen gela ere aurki daiteke, 17.000 pezetaren truke. Iruñean garestiago ateratzen da: 30.000 pezetara arte lo egiteagatik bakarrik. Pentsio osoa 65.000 eta 75.000 pezeta bitarte ordaintzen da Nafarroako hiriburuan.
- Alokairuko etxebizitzak. Ohikoena eta merkeena beste ikasle batzuekin batera etxebizitza apal bat alokatzea izaten da. Granadan, lekuaren eta etxebizitzaren kalitatearen arabera 15.000 eta 30.000 pezeta bitartekoak dira prezioak; hilean Iruñean 30.000 pezeta ingurukoa da gutxieneko kostua eta hilekoa 60.000 pezeta ere izan daiteke. Salamancan etxebizitza konpartitzea 25.000 pezeta da batez beste eta Zaragozan, berriz, 12.000 pezetatik hasita badago alokairua aurkitzea; zenbait lekutan ia 60.000 pezeta ere ordaintzen da gela. Bilbon 60.000 pezeta ateratzen dira hilean.
- Bestelakoak. Valentzian baliabide gutxi eta lan egiteko gogo handia duten ikasleek badute beste aukera bat ere. Generalitatearen babespean, gazteei egoitza dohainik ematen die erakunde batek, etxebizitzak dauden lekuan bertan, Paternako gune behartsu batean, lan sozialetan laguntzearen truke. Etxebizitza Konpartituaren Programak, Solidarios para el Desarrollo GKEren eta Viure y Conviure-rena, Kataluniako udalek eta unibertsitateek bultzatuak, ikasle gazteen eta adineko pertsonen arteko harreman solidarioa eta elkarri laguntzea bultzatzea du helburu. Ostatua dohainik izatearen truke, unibertsitarioek adineko pertsonari laguntzen diote eta etxeko lanak eta eguneroko gastuak erdibana egiten dituzte.