Hastea, baina ez hutsetik
Maletak desegin berri, guraso askok beste kezka bat sentitzen du (lanarekin eta errutinara itzuli beharrarekin erlazionaturikoez gain): seme-alabek ikasketak hasi behar dituzte berriro. Eta ez litzateke eskolarako itzulera arazo bihurtu den lehen aldia izango. Zenbait kasutan oso gaizki hartzen dute umeek eguneroko martxara itzuli beharra. Emozioz beteriko uda goxoaren irudiak biraka dituzte oraindik buruan eta latz egiten da horiek baztertu eta agian monotonoa izango den jarduera akademikoan zentratzea. Gainera, liburu eta eskolarako bestelako materialetan egin beharreko gastuak udan bururik gabe xahutu dugula gogoraziko digu. Iritsi dira presa, goiz jaiki beharra, etxeko askorentzat ordutegi zurrunegiak izatea. Estres orokor horrek errukirik gabe egiten digu eraso eta denboraz jabeturik, ez dugu ia astirik izango semea edo alaba eskolara bidaltzearen esanahi sakonaz eta horrek gurasoei eskatzen dien konpromisoaz gogoeta egiteko. Izan ere, ikastetxeak gure seme-alaben garapen intelektual, kultural eta soziala bermatzeko tresna gisa aurkezten bazaizkigu ere, hezkuntza-prozesu horren arrakasta lortuko bada, ezinbestean elkarlanean eta konpromiso berarekin jardun beharko dute hiru aldeek: Gurasoek, seme-alabek eta irakaslegoak.
Ez dago ondorio orokorregirik ateratzerik. Eskolara itzuli beharrak ez du pisu bera eskolan gustora dabilen umearentzat (asko eta asko desiatzen izaten dira itzultzeko) edo eskola ia-ia torturatzat hartzen duenarentzat; eta ez da gauza bera benetako bokazioa izan, bere arlo ondo menperatu eta umeak maite dituen maisu-maistrarentzat eta dagoeneko irakasteaz aspertu den, arazo pertsonalak dituen eta bere lanaren eraginkortasuna zalantzan jartzen duen irakaslearentzat; eskolarako bueltak ez du esanahi bera gurasoek eskola hezkuntza-ahalegin bateraturako oportunitate gisa ikusten badute, edo alderantziz, seme-alabak ordu batzuez trabatik kentzeko modu gisa ulertzen badute. Onartu beharra baitago, denetik dagoela. Seme-alaben heziketaren ardura irakasleek bakarrik dutela uste du oraindik zenbait gurasok eta aski dela etxean gizalegearen araurik nagusienak “gogoratzea”: mahaian ongi portatzen ikasi, gauzak mesedez eskatu, ordutegiak bete, “helduen” elkarrizketak ez moztu, txukunak izan… Arau garrantzitsuak dira, baina ez dira aski. Gurasoek partehartze handiagoa izan behar dute seme-alaben heziketan. Hezitzaile askok esaten du eskolan umeak printzipe izateari utzi (etxean hala baitira) eta pertsona arrunt bihurtzen direla, “beste bat gehiago” baitira han.
Bestalde, eta besterik badirudi ere, gurasoen eta eskolaren arteko loturarik ezak ez du konpontzeko itxurarik. Eta badira arrazoiak: irakasle eta gurasoen artean hitzorduak jartzeko agenda-arazoak, ikasgeletako masifikazioa, zenbait gurasok hezkuntza irakasleen eginkizuna dela uste izatea -“horretarako ordaintzen baitugu”-, “bakoitzak berera” leloa defendatzen duten guraso eta irakasleen erosokeria, irakaslegoak gizarte-prestigioa galtzea, telebistaren eragin indartsua… Gurasoek zein irakaskuntzako profesionalek, argumentu ugari izango dute egoera honen zergatia azaltzeko. Baina begira diezaiegun gaur umeei.
Motibazioa, funtsezkoa
Eskolara itzuli beharraren aurrean umeek izaten dituzte sentsazioak ez dira besterik gabe sortzen. Gurasoek zeregin garrantzitsua dute seme-alabak eskolako ordutegiaren disziplinara itzuli eta ekintza mota (ludikoetatik serioagoetara) aldatzeko behar bezala motibatzen. Erabakigarria da gurasoek benetan eskolarekiko aldeko jarrera izatea (urte guztian, ez garai honetan bakarrik). Guraso asko ez da jabetzen eskolari buruz seme-alabei helarazten dizkioten bibrazio txarrez. Umearentzat eskola gauza positibo eta atsegina izan dadin, urrats handia litzateke gurasoek ere ikuspegi hori bera izan eta seme-alabei irudi on hori kutsatzea. Inork ez du joan nahi izaten fama txarra duen, ia ezer baliagarririk irakasten ez duen eta irakasle gisa nagiak eta motibaziorik gabeko profesionalak dituen leku batera. Horixe da, hain zuzen ere, zenbait gurasok eskolaz duen irudia. Eta hau, penagarria izanik ere, ez da txarrena. Pertzepzio oker hori transmititzen diote seme-alabei. Eta ideia horrekin ia ezinezkoa da egunero ikastera pozik eta motibazioz joan daitezen lortzea. Erabat alderantzizkoa da guztioi komeni zaiguna: gurasoek eskola edo ikastetxeko arduradunak eta euren seme-alaben irakasleak ezagutzea, ikastetxearen gestioan parte hartzea, ikasketez eta euren garapen pertsonalari buruz umeekin sarri hitz egitea, eskolako arazoez eta bizitza akademiko, profesional eta sozialaz interesa azaltzea, egunero ikasi dutenari buruz seme-alabei galdetu eta etxerako lanak egiten laguntzea, umeek irakasle, gainerako ume eta eskolako bestelako langileekin dituzten harremanez interesa erakustea, … Azken batean, irakasleek eta umeek egiten duten lanaren irudi positiboa barneratu eta hedatu behar genuke gurasook. Horrelaxe lortuko dugu umeak lan garrantzitsua eta merezi duena egiten duela sinistea. Eta ez dezagun ahaztu etxean ume eta gazteen emaitza akademikoak baloratzea bezain garrantzitsua dela kulturarekiko interesa, irakurketarekiko maitasuna, jakinmina, gogoetarako joera eta erabakiak hartzen ikasteko ohitura, kritika konstruktiboa ulertzen jakitea eta ahozko espresioa hobetzen laguntzea.
- Lehen araua: eskolara joatea gauza positiboa, baliagarria eta atsegina da umearentzat. Eskolan beste ume batzuk ezagutu, ondo pasa eta beharrezko gauzak ikasten ditu. Eta hazi egiten da pertsona gisa. Ingurune egoki batean haziko da, irakaskuntzako profesionalen eta euren lanaren berri ondo dakiten beste profesional batzuen eskuetan. Horixe da seme-alabei helarazi behar diegun irudia.
- Egin behar ez dena: irakaskuntza sistema, irakasleak, beste ikasleak, ikastetxea, giroa, janaria, guraso elkartea e.a. kritikatu eta deskalifikatu. Hainbesterainoko negatibotasunak nahastu egingo du umea eta ikasketetan zentratu eta eskolako bizitzan integratu beharrean, eragina izango du errendimendu akademikoan eta oreka emozionalean.
- Umearen aurrean eskolari buruzko kritikak eginez gero oso arrazoituak izan behar dute (baina hobe sekula ez egitea). Umeei euren iritzia eskatzea ere egokia izango da.
- Gure jarrera pertsonalarekin bultza dezagun irakaslegoaren ospea eta gizarte mailako errekonozimendua. Irakasleek egunean bost edo sei orduz gure seme-alaben garapen pertsonala eta ikasketa akademikoen prozesua euren esku dutela ulertu behar dugu eta zenbait balore barneratuz eta euren espontaneitatean mugak ezarriaz heziko dituztela. Ez da bat ere lan erraza eta askoz ere probetxuzkoagoa izango da gurasoekin ados jarrita eta elkarlanean egiten bada.
- Eskolan irakasleak agintzen du. Umeak jakin egin behar du hori eta gurasoek ez dute printzipio hori zalantzan jarri behar. Horrek ez du esan nahi irakasleak askatasun oso-osoa izango duenik eta hezitzaileek egiten dutenari ñabardurak jarri edo kritikatzeko aukera ere izango dugu, baina autoritate-printzipioa zalantzan jarri gabe.
- Eskola oso garrantzitsua da, seme-alabentzat eta guretzat. Eta egunero erakutsi behar dugu hori. Izan dezagun harreman iraunkorra irakasle eta tutoreekin (ez gatazka sortzen denean bakarrik). Azaldu interesa eskolan gertatzen den guztiaz.
- Umeak ito gabe, baina galdetu eskolako berri eta bertan bizi dutenaren berri. Ikus dezala eskolan gertatzen dena oso garrantzitsua dela beretzat eta guretzat.
- Etxean ere heziketa prozesua lagunduko duten baldintzak jartzea komeni da: ikasteko leku egokia, denbora, materialak eta ikasteko-ohiturak sortu.
- Kontuz zigorrekin. Merezi izaten dira askotan, baina zentzu pedagogikoa ere eman behar zaie. Ez dute errebantxa edo mendekua izan behar. Joka dezagun proportzioz (hutsegite arinari zigor arina) eta zigorrak eskolako emaitza txarrengatik badira, azal dezagun argi zigorraren zergatia; adibidez, ikasteko denbora gehiago bilatu.
- Ez dezagun zuritu ikasketetako errendimendurik eza eta seme-alabei buruzko irakasleen kritikak ere ez ditzagun gutxietsi.
- Funtsezkoena erantzukizunaren zentzua sendotzea izango da: gure seme-alaben ardura pertsona gisa heltzea eta ikasketetan aurrera egitea da. Eta bereganatu egin behar dute erantzukizun hori. Ez da txantxetarako kontua. Oparirik ez ikasturtea gainditzeagatik eta zigorrik ere ez suspentsoengatik. Badira beste bide batzuk; kontsulta dezagun ikastetxeko psikologoekin, lagunduko digute eta. Noizean behin sari daiteke ahalegin berezi bat, baina sekula ez da saritu behar bere eginkizuna betetzea.