Google-k aldatu egin du pribatutasuna: nola eragingo digu guri?
Google-k aldatu egin ditu berriki bere 60 zerbitzu eta produkturen erabilera- eta pribatutasun-baldintzak. Zerbitzu guztietan erregistratuta dauzkan erabiltzaileen datuak bateratu nahi ditu (Gmail, Youtube, Picasa…), bezeroak hobeki ezagutzeko aukera emango baitio horrek. Horixe da konpainia horren estrategia, baina legezkoa al da?
Aldaketa horrek milioika erabiltzaileri eragingo die, halakoxe hedadura lortu baitute Ameriketako Estatu Batuetako erraldoiaren zenbait produktuk. Gmail zerbitzuak, adibidez, 350 milioi erabiltzaile aktibo dauzka erregistratuta (30 egunetik behin, gutxienez, beren kontuetan sartzen direnak). Dena den, salbuespenak ere badira, Google-ren zenbait zerbitzu ez baitira aldatuko; besteak beste, Google Chrome nabigatzailea edo Google Wallet, ordainketak egiteko pasarela.
Nola eragingo die erabiltzaileei?
Aldaketa horrekin, Google-k bateratu egingo ditu bere zerbitzuetan erregistratuta dauden erabiltzaileen datu pertsonal guztiak. Orain arte, nahiz eta Youtube eta Gmail zerbitzuak enpresa berarenak izan, erabilera- eta pribatutasun-baldintza desberdinak zituzten, eta datuak ere ez ziren gordetzen datu-base berean. Aldaketa horrek ez die eragingo, hala ere, Google-ren zerbitzuak erregistratu gabe erabiltzen dituztenei.
Erabiltzaileei buruzko informazio gehiago lortuko al du Google-k?
Google enpresak dioenez, pribatutasun-politika berria ez dute abiarazi erabiltzaileei buruzko informazio gehiago eskuratzeko, lehendik daukatena zentralizatzeko baizik.
Zer lortu nahi du datu pertsonalak bateratuta?
Aldaketa horrekin, Google-k hobeki ezagutu ahalko ditu bere erabiltzaileak, eta horrek aukera emango dio norberaren zaletasunen araberako publizitatea bidaltzeko eta zenbait zerbitzu hobetzeko (bilaketa espezializatua, adibidez). Erabiltzaile bati buruz dituen datu guztiak gurutzatzeko modua edukiko du, eta eskaintzen dituen zerbitzu desberdinen esperientzia hobetu. Enpresak emandako azalpenaren arabera, erabiltzaile batek bilera baten oharra idazten badu Google Calendar-en eta zerbitzua ohartzen bada erabiltzailea ez dela iritsi bilera-lekura adierazitako orduan, abisu edo jakinarazpen-ohar bat bidaliko dio automatikoki.
Zer-nolako datuak gordetzen ditu Google-k?
Google-k gure argazkiak erabiltzen ditu, posta-helbidea, telefonoak, txatean argitaratzen ditugun mezuak, konektatzeko erabiltzen ditugun IP konexioak, bilaketen historia edo bankuko datuak. Datu pertsonalak esaten dugunean, pertsona baten bizitza pribatuari, profesionalari edo publikoari buruzko informazio guztiaz ari gara. Izan daiteke izena, abizenak, argazkiak, posta-helbidea, telefonoak, Google-n argitaratu dituen mezuak, azken hilabeteetan norabait konektatzeko erabili dituen IP helbideak, bilaketen historia, edo bankuko datuak, baldin eta Google-ren ordainketa zerbitzuak erabili baditu. Ildo horretan, oinarrizko eskubidetzat jotzen da datu pertsonalak babestea (halaxe esaten du Europako Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agiriak).
Zer egin dezakete erabiltzaileek?
Google-ren produkturen batean erregistratuta dauden erabiltzaile guztiek onartu egin behar izan dituzte zerbitzuak ezarri dituen klausula berriak. Ez dute aukerarik klausula jakin bat ezesteko; guztiak onartu behar dituzte Sareko zerbitzu horiek erabili nahi badituzte. Beraz, onartu nahi ez dituenak zerbitzua uztea du irtenbide bakarra.
Aldaketa horiek ba al dute eraginik Android zerbitzuaren erabiltzaileengan?
Androiden lehen bertsioetan, nahitaezkoa zen Googleren erabiltzaile gisa izena ematea. Bertsio berriagoetan, ordea, enpresa horretako erabiltzaile erregistratua izan gabe ere aktibatu daiteke zerbitzua. Beraz, telefonoan instalatuta dauden aplikazio eta zerbitzuei soilik eragiten diete aldaketek, Google-renak direnei, jakina; adibidez, Gmail-i. Kasu horretan, pribatutasun-politika berri horrekin, Google-k eskura izango ditu telefonoaren datuak: modeloa, sistema eragilearen bertsioa, telekomunikazio-operadorea eta erabilitako sare mugikorrak eta wifi sareak. Deiei eta bidalitako mezu motzei buruzko datuak ere eskuratu ahalko ditu.
Nola hobetu pribatutasuna edo nola deskargatu Google-k gordeta dituen datuen kopia bat?
Google-k zenbait tresna eskaintzen ditu zerbitzuetako pribatutasuna kudeatzeko. Besteren artean, aukera ematen du datuak kontrolatzeko eta zenbait solaskideri datu pertsonaletarako sarbidea mugatzeko. Google-ren erabiltzaileek artxibo konprimitu bat deskarga dezakete, non agertuko baitzaie enpresa horrek bere zerbitzuetan gordea daukan informazioa: mezuak, dokumentuak eta argazkiak, adibidez.
Google-k partekatu al ditzake datuak hirugarren batzuekin? Adibidez, enpresekin, erakundeekin eta gobernuekin?
Google-k adierazi duenez, ez dute aldaketarik egin pribatutasunaren inguruko oinarrizko printzipioetan. Beraz, informazioa saltzen eta hirugarren batzuekin partekatzen jarraituko du. Erabiltzaileek aukera dute erabakitzeko Google-k gordeta dauzkan datuetatik zein jarri litezkeen hirugarrenen eskuetan eskaintza eta zerbitzu pertsonalizatuak jasotzeko. Besteak beste, erabiltzaileak onespena eman dezake zenbait datu konbina daitezen: adibidez, Double Click publizitate-zerbitzuak gordeta dauzkan datuak -cookie-etan gordetzen ditu erabiltzailearen ordenagailuak, Interneten nabigatzerakoan-, eta Google-k erabiltzailearen inguruan dauzkanak. Dena den, auzitegiek eskatzen badizkiote edo ikerketa batean behar badituzte, tokiko legediak behartu egiten du Google datu horiek dagokion agintaritzaren esku jartzera.
Segurua al da aldaketa hori erabiltzaileentzat?
Google-k azalpenak eman dituen arren, aldaketa horiek susmo dezente eragin dituzte Europako Batasunean. Datuak babesteko agentziak biltzen dituen lantaldeak informazio gehiago eskatu dio konpainiari, aldaketa horiek zer-nolako eragina eduki dezaketen ikertze aldera. Europako Batasuna, uneotan, datuak babesteko araudi berri bat lantzen ari da, kide diren estatuetan indarrean dauden lege eta arauak bateratzeko balioko duena. Batzordearen aginduz egindako inkesta batek dionez, europarren % 72k uste dute enpresek gaizki erabiltzen dituztela haien datu pertsonalak.