Mikologia

Basoko fruitu gozagarrienen uzta

Eskarmentu handikoa izatea edo horrelakoen aldamenean aritzea funtsezkoa da bilketari abantaila ateratzeko
1 urria de 2003
Img miscelanea listado 251

Basoko fruitu gozagarrienen uzta

Udazkenean milaka zalek dute aitzakia basora irteteko, perretxiko eta onddoen bila. Mikologiak, adiera hertsian, landarezko horiek bakarrik aztergai baditu ere, metonimia dela medio termino hori mendira abiatu, bidezidorretan barrena joan eta, geroago errezeta gozagarri baten bitartez perretxikoa eraldatutakoan dastatzeko jomugaz, fruituak aurkitzen saiatzeko ohitura osasuntsu bezain grinatsuari aplikatzen zaio. Zenbakiez ari garela, onddoen inguruan hamaikatxo dabiltza bueltaka: orain dela milaka urte batzuk hasi ziren azterketak egiten, aplikazioak dozenaka daude (gastronomiko hutsetik hasita farmakologiko edo biologikoraino), zaletuak milioika dira mundu zabalean, Espainian 140 elkarte monografiko daude erregistraturik eta bibliografiak egun ez du mugarik, kopuru zein kalitate aldetik.

Udazkena eta eskarmentua

Onddo eta perretxiko gehientsuak uda amaiera aldean pixkanaka agertzen dira, ekaitz batetik besterako tartean baina, udazkena gerturatu ahala, haien kalitatea eta kopurua gehitu egiten dira. Sasoia euritsu gertatzen denean eta izozteak aurreratzen ez badira, zelai eta basoak paradisu bihurtzen zaizkio onddoen zaleari. Era guztietako jendea liluratzen du perretxikoak biltzeak, ale bakanen peskizan dabilen teoria zale petotik hasita, lagunartean perretxiko mota bakarra afaltzea baizik nahi ez duen zaletura arte. Nolanahi ere, jarduera honetan zuhurtziak nagusi izan behar du, bai ingurunea errespetatzeko unean, baita ezagutzen ez dugun barietate toxikoak jateari uko egitean ere.

Perretxiko zalearen tresneria

Zumezko saskia (inola ere ez plastikozko poltsarik): bildutakoa saskian edo antzeko ontzi batean jartzea komeni ez ezik, erkidego gehienetan derrigorrezkoa da. Plastikozko poltsa ez da komeni edo, areago, debekatua dago, hartzidura gertatzen lagun dezakeelako eta, bestetik, onddo jangarriak toxiko bihur ditzakeelako. Zabala behar du izan saskiak, ahal dela hainbat tartetan banatua, ale batzuk besteetatik bereizita, espezie pozoitsu batek edo espora toxikoek besteak kutsa ez ditzaten. Saskia hondo bakarrekoa bada, familiak paperetan bil daitezke.

Labana. Espezie batetik bestera, biltzeko modua aldatu egiten da: lurretik labanarekin erraz ateratzen bada horrela egin daiteke baina, hori egitean, mizelioaren (landareen nutrizio-aparatua, filamentuez osaturiko zaina, alegia) parte bat erauzteko arriskua baldin badago, perretxikoa erabat atxikita dagoelako, hobe da hanka ebakitzea.

Pintzela, lurra garbitu eta etxera debaldeko intsekturik ez eramateko.

Lupa. Ezinbestekoa ez bada ere, xehetasunik txikienak ere ezagutzen laguntzen du. Perretxikoak oso izaki soilak dira baina, aldi berean, oso ugariak: batetik besterako aldeak, sarri, hutsaren hurrengo dira.

Anorak eta bota iragazgaitzak. Ez dago gaizki basoan barrena ibiltzeko ipar-orratza eta esku-telefonoa eramatea. Udazkenean eguraldia bihurria izaten denez, ez da harritzekoa lainoa zabaltzea.

Biltzea

Eskarmentu handikoa izatea edo horrelakoen aldamenean aritzea funtsezkoa da bilketari abantaila ateratzeko. Bidean aurkitzen diren fruituak ezagutzea eskarmentu eta ikasketen ondorio da, derrigorrez. Esku-libururik hoberena eramatea ez da aski espezieak identifikatzeko. Mikologorik adituenek ez ezik zaletuek oro, ikusi batera, 30 perretxiko eta onddo nahasketarik gabe ezagutzen dituztela onartzen dute. Egiari zor, Amanita muscaria ederra aipatzea nahikoa erraza da baina bidean daudenak txanpinoiak badira, familia hori zehaztea zailago bihur daiteke. Espezie ezagunenak bakarrik bilatzen dutenentzat, perretxikoa dudarik gabe mota horretakoa dela segurtatzea eta zeharkako kutsadurari saihets egitea nahikoa izango da. Zientzian sakondu nahi duten ikasle berrientzat hamaika elkartetan ematen dituzte ikastaroak, mintzaldiak, are irteera praktikoak ere.

Arrisku larriena, toxikazioa

Oso litekeena da perretxikoaren atzean elikagaien bidezko toxikazio-arrisku larria (are, oso-oso larria edo larriena) izatea. Arrisku horri buru egiteko, hainbat autonomi erkidegotako osasun publikoko agintariek perretxiko biltzaileei zuzenduriko ezagutza-kanpainak hedarazten dituzte maiz sasoi honetan. Alea ezagutzeko eta besterik ez dela egiaztatzeko premia nabarmentzen dute den-denetan. Toxikazioak, dena den, zeharkako kutsadura bidez edo dastatu duen pertsonak nozitzen duen tolerantziarik ezagatik gerta daitezke: jatun batetik bestera perretxiko edo onddo berak eragin desberdinak izan ditzake. Gizakiok ez dugu tolerantzi gradu berbera: digestioan eragiten dute pisuak, osasun egoerak eta adinak, esate baterako. Gibelean, giltzurrunetan edo digestio-aparatuan arazoak dituzten pertsonek, adibidez, zuhure-zuhurrak izan behar dute. Toxikaziorik jazotzekotan, hoberena jandako perretxikoen laginak hartuta ospitalera joatea eta, bertan, ahal dela, mikologo baten laguntza eskatzea da. Perretxikoa jan denetik sei ordura sintomak agertzen dituzten toxikazioak larri-larritzat jotzen dituzte adituek: oka egitea, beherakoa, kolikoa, karranpak, hipotermia, hipogluzemia, izerdi asko, aluzinazioak, zorabioak, bertigoa, goragalea, takikardia edota depresioa dira agerpen ohikoenak.

Zaletuen artean ohikoenak

Funtsean, klasifikazio gehienak asko edo gutxi bat datozen arren, onddo eta perretxikoen katalogo erabat osaturik ez dago gaurkoz. Erresuma horietan aleak klase eta ezaugarrien arabera sailkatzen dira berriro baina biologoek oraindik familiak adostu ez dituztenez, etengabe aurkitzen dira aldaketak “arbola genealogikoetan” eta izenetan. Mikologiak duen erakargarrietako bat, hain zuzen ere, espezie berriak jaso eta katalogatzea da. Iazko udazkenean, goi mailako mitologiaren eremuan, Amanita flavorubenscens espezieari ateak zabaldu zitzaizkion. Ezagutza-jario etengabe horrek zaildu egiten du zerrendak ixtea baina zaletuak balio gastronomiko handienekoak edo herritarrenak eskura izan ditzake.

Amanitak. Genero horretakoa da Amanita caesarea, gorringo edo kuletoa: bost sardexkako perretxikoa, bikaina, zesarren jakia behinola eta, dudarik gabe, denetan balio gastronomiko gorenekoa. Haritz eta gaztainen azpietan biltzen direlarik, ahogozagarriak, leunak eta gurintsuak dira. Dena den, familia horretan bertan perretxikorik arriskutsuen eta hilgarrienetako batzuk dabiltza, hala nola Amanita phalloides (oso ohikoa denez, jendeak txanpinoiarekin nahasten du), verna eta virosa, muscaria (ipotxen “etxe” gorri tradizionala, bere pintta zuriez apaindua), denak ere toxikoak.

Boletus derizte onddoei hizkera zientifikoan. Familiarik erakargarrienetako bat, onddo hilgarririk edo oso toxikorik ez baitago. Ugariak izaten dira, ezagutzen eta jasotzen oso errazak. Bikainak dira edulis, pinicola, reticulatus, castaneus eta aereus onddoak, denek ere zapore paregabea eta delikatua dutelako. Pinudietako tipikoa delarik, berebiziko tamaina izan dezake (3 kilorainokoak jaso izan dira). Txokolate edo tabako koloreko txapela, ukitu jelatinatsua eta zapore dotorea dituzte berezkoak. Zaletu askok gordinik hartzea nahiago badute ere, digestio astuneko gerta dakizkioke jende askori.

Txanpinoia (Agaricus campester). Denetan ezagunena. Mamitsua, sukaldean hobezina da, baita gordinik ere. Gehien kontsumitzen den espeziea artifizialki landatutakoa bada ere, mendian biltzen dena zoragarria eta delikatua da. Lama ilunegiak dituzten aleak baztertu behar dira beti, perretxiko toxiko batekin nahas daitezke eta.

Cantharellus. Familia horretan hainbat perretxiko sartzen dira, denak jangarriak. Preziatuenetako bat Cantharellus cibarius edo zizahoria omen da: hori-laranja kolore eta mami sendokoa, egospen luze samarra eskatzen du. Biziki perretxiko kosmopolita delarik -bost kontinenteetan ugaltzen baita- zizahoria da basoko perretxikoetan komertzializatuena.

Karraspina (Morcella). Udaberriko perretxiko hau urte osoan ere dastatzen da, lehorturik. Lurrintsu bikaina, belardietan, erreka ertzetan eta suak harturiko basoetan ugaltzen da. Ez da gordinik jan behar, toxiko gertatzen baita horrela.

Esnegorria (Lactarius deliciosus). Perretxikorik herritarrena inon, laranja koloreko txapelean orban berdeak dauzka eta pinudietan biltzen da beti. Zapore sakon eta zuntz-ukituak prestaketa askotan mesedegarri gertatzen dira. Generfo berekoa, baina tonu ilunagokoa esnegorri katalana (Lactarius sangnifluus) da.

Udaberriko ziza zuria (Calocybe gambosa). Udaberriko perretxikoetan bilatuena izaki, kalitate paregabekoa denez, Euskal Herrian zaletuak liluraturik dauzka.

Makal-ziza (Agrocybe aegerita). Mami sendo eta kalitate onekoa da gaztetan, baina zahartzean gogor samarra. Jakiteko datua: makalaren parasitoa delarik, arbola osoa galdu egin dezake.

Tripakia (Hydnum repandum). Denetan bikainena ez bada ere, zaletu asko ditu. Askoi irauten duelarik, hobe kolore argiko ale gazteak bakarrik jaso ondoren eta prestatu aurretik, egosi eta ur hori harraskatik behera botatzea, mikatzegi gerta ez dadin.

Gardu-ziza (Pleurotus eryngi). Zapore fineko perretxiko hegoaldetar hau Nafarroa eta Araban ezagutzen da eta hondar lurretan garduen tartean ugaltzen da. Pleurotus ostreatus espeziea askotan gardu-ziza bezala iruzurrez saltzen bada ere, ez du bestearekin zerikusirik, kalitateaz ari garela. Ahizpa itsusia da, inondik inora.

Gibelurdina (Russula virescens). Euskal Herrian biziki preziatua mami sendokoa eta zapore leun eta atseginekoa delako. Ezaugarri horiei esker, gisatu eta errekietan paregabeko bihurtu da.

Marasmio jangarria (Marasmius oreades). Goxo-goxoa baina mami urrikoa, galera handia baitu hanka gogorra botatzea. Onddo usaina duelarik, belazeetako ilunguneetan biltzen da.

Perretxiko zale on eta ekologikoaren urrezko arauak
  • Perretxikoa ezaguna ez baduzu, ez bildu.
  • Bildu baldin baduzu, baina espezieaz seguru-seguru ez bazaude, ez jan.
  • Errepide, lorategi publiko, meategi, galdategi, aireportu eta erraustegien aldamenean agertzen diren perretxikoek metal astunak (beruna, merkurioa, kadmioa eta antzekoak) edukitzen dituzte. Jasotzen errazak badira ere, hobe dugu horrelakorik ez biltzea: toxiko izan daitezke eta, garbituta ere, toxikotasun hori ez diegu kenduko.
  • Perretxiko bat aurkitzen duzunean, bilatu espezie horretako beste ale batzuk inguruetan; jaso helduak, baztertu zaharrak eta gazteak. Zaharra platerean ez da behar bezain goxoa izango eta gazteak, berriz, bere habitatean hazi eta ugalketa-zikloa osatu behar du.
  • Baliatuko duzun kopurua baizik ez jaso. Aholku hau ekologikoa bezain praktikoa da: perretxikoa oso elikagai galkorra da; horietako batzuek izozteko balio duten arren, ahogozagarritasuna dezente galtzen du horrela. Horrez gainera, espezie bera denbora-tarte laburretan ez jatea aholkatzen dute adituek: tolerantzia tolerantziarik eza bihur daiteke, digestioa astun gertatu edo, agian, organismoa ez da gauza izango digestioa egiteko.
  • Ez kontsumitu ale guztiak: utzi baten bat, toxi-infekziorik gertatzen bada, erreferentzia izateko.