Hiri-autobusak: zerbitzua 13 hiritan aztertu da

Baliagarri baina hobetzeko modukoa

Hiri-autobusen alderdi txarrena, txoferren gidaritza eta erabiltzaile ezinduentzako egokipena
1 urria de 2003
Img temap 165

Baliagarri baina hobetzeko modukoa

Erabiltzaileak, hiri barneko bidaiez bestelakoak egiteko bakarrik hartu eta hiri-garraio publikoaren alde geroz eta sarriago egiteko beharra sentitzea bidezkoa da, horretarako argudioak hamaika baitira: kutsadura atmosferiko eta akustikoa murriztu, erregaien kontsumoa urritu, hiriko trafikoa arindu eta, areago, hiri horietako bizigarritasuna hobetu egiten delako.

Ba ote dugu, ordea, egungo erabiltzaileen eskakizunak asetzeko moduko garraiorik? CONSUMER-ek itaun horri ihardespena bilatu dio, hiri-autobusari bakar-bakarrik dagokionean, baina horrek ez du esan nahi horrelako garraioaren egokitasun eta premia auzitan jarri gura dagoenik, ez eta, are gutxiago, hirian ibiltzeko automobila gehiegitan baliatzen dutenei argudioak ematea. Aldizkari honetako teknikariek hiri-autobusek Madril, Bartzelona, Valentzia, Bilbo, Malaga, Zaragoza, Donostia, Cadiz, A Coruña, Gasteiz, Iruñea, Murtzia eta Logroñon ematen duten zerbitzua aztertu dute. Horretarako, 140 bus-linea behatu dituzte (hau da, hiri horietan dauden guztien %26). Horrez gainera, tokian tokiko udalean zerbitzuaren arduradunei informazioa ere eskatu zitzaien. Proba hau irailaren 5, 8 eta 9an (ostiral, astelehen eta asteartez) egin zen, bi ordu-unetan: 10etatik 14ak arte eta 16etatik 20ak arte.

Ateratako lehen ondorioa: hiri-autobusa zerbitzu komenigarri bezain hobegarria da. Madrilgoak bakar-bakarrik gainditu ditu, aise gainditu ere, CONSUMERek ezarritako osoko azterketa, 9 hirik suspenditu dute, Iruñea, Valentzia eta Gasteiz “hala moduz” agertu dira eta azterturiko 140 linea horietatik 68k bakarrik gainditu dute azterketa.

Hiri-autobusari gainditzeko geratzen zaion asignatura behinena, ezinduentzako baliagarritasuna da. Gurpil-aulkian dabiltzan pertsonentzako, gor eta itsuentzako egokipena aztertu da: proba hau Gasteiz, Madril eta Valentziako busek bakarrik gainditu dute.

Alderdi hoberena, autobusa hartu baino pixka bat lehenagoko uneetakoa da: markesinak (kontserbazio eta garbitasuna, aulkia eta ordutegi eta ibilbideei buruzko informazioa izatea) eta geltokira iristeko busaren puntualtasuna. Kalifikazioak onak dira, oro har; salbuespena Iruñea, Bilbo eta Valentzia izan dira “erdi ipurdiko” soilean geratu dira.

Bidaiari eta autobusaren erosotasunari dagokion guztiak hainbesteko (edo okerragoko) kalifikazioak erdietsi ditu: Madril (oso ongi) eta Iruñea (onartzeko modukoa) dira gainditu duten bus-linea bakarrak. Alderdi kaskarrena gidaritza izan zen: trafiko-arau eta seinaleei erakutsitako errespetu eskasa, bidaiariak beren tokian eseri edo, zutik doazenean, heldulekuari eutsi aurretik, ibilgailua martxan jartzeko ohitura, geldiketa bortitz edo gehiegizko azeleratzeez josiriko gidaritza, bihurguneetan autobusa zealdoka eramanez; baita, nola ez, ibilgailua gelditu aurretik ateak irekitzea eta, itxi baino lehenago, berriro ere abiatzea.

Autobusean igo aurretik...

Geltokira iristean, geltoki horretara heltzen diren lineez, berauen ibilbideez eta maiztasun edo ordutegiez informazioa jasotzea eskertzen dugu, horri esker jakingo baitugu zein autobus hartu, non jaitsi eta autobus hori iritsi arte zenbat denbora izango dugun. Horri dagokionez egoera ona da baina hobetzeko modukoa: geltokien % 6tan ez zegoen ibilbideei buruzko informaziorik eta % 8tan ez zen lineen maiztasunen berririk agertzen.

Euri edo eguzkitatik babesteko markesina bat, bere aulki eta guzti, aurkitzeak itxaronaldia arindu egiten du. Horrelako markesinak (denek daukate aulkia) geltokien % 82tan aurkitu dira. Egoera kaskarrena A Coruñan (azterturiko 8 geltokietatik 2k bakarrik baitzuten markesina) eta Gasteizen (aztertutako zazpietatik, bitan) hauteman zen. Markesinen kontserbazio eta garbitasuna, oro har, onak ziren.

Hiri-autobus zerbitzuaren kalitateri dagokion funtsezko beste kontu bat puntualtasuna da. Aurreikusitakoa baino hiru minutu lehenago eta bost minutu baino geroago ere iristea onartzeko modukotzat jo dute teknikariek, hiri-trafikoaren aldakortasunak autobusen erabiltzaileari nolabaiteko egokipena eskatzen baitio. Aski puntualak dira busak: lineen % 20k bakarrik huts egin zuten arren, suspenditu ez du bakar batek egin, “bikain” kalifikazioa ugaldu delarik. Dena den, Madril, Bartzelona, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko autobusek puntualtasunean “hainbestekoa” bakarrik merezi izan dute, kasurik gehienetan atzerapen latzen (baina inoiz edo behin bakarrik gertatzen direnak) ondorioz.

Gasteiz, Bilbo, Malaga, Murtzia, A Coruña, Madril eta Zaragozako geltoki batzuetan, GPS sistemaren bitartez bezeroari jakinarazten zaio pantaila batean hurrengo autobusa noiz iritsiko den. Teknologiaren aurreratua!

Onarturiko billete handienarekin bueltaka

Autobusean igotzean bezeroak bidaia ordaindu behar izaten du eta, horretarako (berariazko txartela edo horrelako zerbait ez badu, bederen) eskua patrikan sartu eta esku-dirutan ordainduko du zerbitzua. Autobusek, ordea, kopuru batetik beherako billeteak bakarrik onartzen dituzte. Neurri horri esker segurantzia eta azkartasunean irabazten dugunez, onartua du jendeak baina, nolanahi ere, erabiltzailearentzat deseroso gertatzen da inoiz. Eskatzekoa da, gutxienez, toki ikusgarrietan horri buruzko informazioa agertzea, ohiko ez den bidaiariak ezusteko ezatseginik izan ez dezan. Gure azterketan, kasuen erdietan ez zen ikusi -ez markesinan, ez autobus barnean- onarturiko gehieneko billetearen berririk. Horietan ere, alde handiak hautematen dira, batetik bestera: 5 euroetatik (Gasteiz, Cádiz, Zaragoza, La Coruña, Murtzia, Malaga eta Madril) 20 euroetaraino (Iruñea, Donostia eta Bartzelona).

Erabiltzaileak gehieneko billetea entregatzen dionean gidariak kanbioa osatzeko behar bezainbestekorik ez badu, bezeroari zor dion dirua agiri batean egiaztatu behar dio eta paper hori enpresako bulegoetan negoziatuko zaio.

Praktikak, ordea, bestelakorik erakutsi du: ez zaizkio beti ateak zabaltzen, harturiko billete handiena eskuetan, autobusean sartu nahi duen bidaiariari: hori kasuen % 14tan bakarrik jazo den arren, Donostiako busen % 80tan, Bartzelonakoen % 40tan eta Bilbokoen % 30etan bezeroa lurrean uzteko prest agertu zen gidaria.

Gidaritza

Bidaia hasitakoan, ibilbidean barrena bidaiariaren erosotasuna gidariaren eskuetan dago, neurri handi batez. Bezeroak hartu edo uzteko autobusa espaloira autobusa behar bezala hurreratzen zen aztertu genuen. Bereizketa bat egin da, dena den: espaloira, geltokian beste ibilgailu batzuk geldirik egotearren, gerturatzen ez deiren autobusak eta justifikaziorik gabe hurbiltzen ez direnak. Hiru gidaritik bat ez zen espaloira behar bezala hurreratu eta hamarretik batek ez zuen horrelako jokamoldea argudiatzeko arrazoirik. Jokaera kaskarrena Bilbo eta Murtziako busetan atzeman zen.

Beste aldetik, autobusa abiatu baino lehenago, bidaiariak beren eserlekuetan edo heldulekuari atxikita daudela ziurtatu eta ateak itxi egin behar dira, baina honetan ere bada zer hobetzerik: bost kasutik batean busa martxan jarri zen ateak itxi gabe eta beste horrenbeste abiatu ziren erabiltzaileak beren tokietara iritsi aurretik. Bi hauetan aurrena ohiko kontua da Zaragoza, Gasteiz, Bilbo eta Donostian eta bigarrena, berriz, Gasteiz, Logroño, Iruñea , A Coruña eta Bartzelonan. Gainontzeko hirietan, atal honi dagokiola, gidarien jokaera zuzen eta zuhurra izan zen.

Gidariek maniobra bortitzegi egin, geldiketa latz edo gehiegizko azeleratzeak egiten ote zituzten ere aztertu zuten, horrelako jokaeraren ondorioz zutik doazenak erori eta eserita joaten direnak deseroso senti daitezke. Bost ibilbidetik batean kasik, gidaritza baldres edo bortitzegia izan zen. Kalifikazio kaskarrena eraman zuten Zaragoza, A Coruña, Murtzia, Logroño, Bilbo eta Bartzelonako autobusek. Gidaritza atsegin eta zuhurrena, aldiz, Iruñea, Donostia eta Madrilgo busetan atzeman zen.

Trafiko-seinaleen aurreko errespetuak ere gidaritza baldresarekin lotura handia duenez, seinale horiek gutxien errespetatzen diren linea asko nabarmendu ziren gidaritza bortitzean ere.

Harrigarria bada ere, semaforoa gorri dagoenean ez gelditzea, hori daudenean azeleratzea, oinezkoak aurrera egin nahian dabiltzala zebra-pasabideak ez errespetatzea eta antzeko irregulartasunak ez dira salbuespen-salbuespenak hiri-autobusetan, datuek agertzen duten bezala: bost bidaiatatik batean trafiko-arautegiari dagozkion alderdi horiek eta beste batzuk ere urratu zituzten gidariek.

Trafiko-arauen aurrean errespetu gutxien agertzen duten gidariak Gasteizen (kasuen % 57tan arau bat edo batzuk behin eta berriz urratzen zuten), Bilbon (% 50), Bartzelona (% 40), Murtzia (% 33), Zaragoza (% 30) eta A Coruñan (% 25) dabiltza. Madril, Valentzia, Iruñea eta Cádizko busetan seinaleak zorrozki errespetatzen dituzte.

Hiri-autobusak, hiri barnean dabilela, ez du orduko 50 kilometro baino abiadura handiagorik hartu behar. Hiri gehienetan arau hori betetzen bada ere, Gasteizko busen % 43k abiadura hori gainditu zuten hainbatetan, Murtzian bezala (hirutik batean).

Gidariarekin hitz egiteko debekapena jarri zen solasaldiak arreta galaraz diezaiokeelako, bidaiarien segurtasunaren eta, areago, trafiko orokorraren kaltetan. Alderdi honetan zeharo kontzientziatu gabe daude bidaiari batzuk oraino, Bilbo, Logroño, A Coruña eta Iruñean azterturiko autobusen % 20 baino gehiagotan egiaztatu zen legez. Areago, gidariarekin hizketan ari zen pertsona, maiz, autobus konpainia edo enpresa horretako langile bat zen.

Bidaia amaituta, autobusetik irten behar da. Zuhurtziazko neurri oinarrizkoaren arabera, ateak itxi aurretik autobusa erabat gelditzen ote zen ere aztertu zuten teknikariek: gidarien % 13k, autobusa erabat gelditu baino lehenago ireki zituzten ateak, behin baino gehiagotan.

Autobusen egoera

Autobusean igo garela, informazio baliagarriena da hurrengo geltokiaren berri jakinarazten diguna. Atal honetan nabarmendu ziren Bilbo, Madril eta Zaragozako autobusak: Bilboko autobus guztiek gaztigatzen dute hurrengo geltokiaz eta beste bi hirietan, berriz, horrelako informazioa ematen dutenak % 90 inguru dira. Ondotik Gasteiz eta Valentzia (% 70) eta Malaga (% 33) agertzen dira. Gainerakoetan, geltokien gaineko informaziorik ez zen eman.

Beste kontu bat: erosotasuna eta segurtasuna. Larrialdirik gertatzekotan zein leiho hautsi behar diren ongi adierazita dagoen eta leiho horiek hausteko mailuak edo bestelako tresnak ba ote zeuden ere aztertu zuten. Hamar autobusetik ia seitan ez zeuden behar bezainbeste mailu eta hirutik batean begi bistan ez zegoen alerik ere. Alderdi horretatik Gasteiz eta Donostiako busak nabarmentzen dira: ez zeukaten mailurik. Beste muturrean, aldiz, Murtziakoak: azterturiko bus guztietan zeuden egon beharreko denak.

Jendetza garraiatzen duten ibilgailu horietan egokia eta beharrezkoa da kalefakzioa eta aire egokitua izatea. Kalefakzioa denek dute baina aire egokiturik ez. Malaga eta Valentziako denek, Bartzelona eta Logroñoko busen % 90 baino gehiagok, Bilbo eta Donostiako erdiek baino gehiagok, eta Gasteiz eta Iruñeako busen hirutik batek daukate. Gainerako hirietakoek ez dute aire egokiturik edo zerbitzuaren arduradunek ez dute informazio hori eman.

Ibilgailuen kontserbazio edo garbitasun egoera eskasa zen hiru busetik batean. Autobus zikin edo gaizki zaindutakoen proportzio handiena Valentzia, Malaga, A Coruña, Logroño eta Gasteizen hauteman zen. Madrilgoak nabarmendu ziren, beste alderditik, kontserbazio eta garbitasun egoera bikaina baitzen denetan. Eserlekuak egoera onean egoteak ere garrantzi handia du. Ondo zeuden denak, oro har, horietako batzuk zikin daudela egiaztatu bada ere, hutsune gehientsuenak ez zegozkion garbitasunari: hautsita edo erreta zeuden eserleku akastun horiek. Busetako eserlekuak gutxien zaintzen omen dituzten erabiltzaileak Gasteizkoak (% 14 egoera txarrean eta % 14 onartzeko moduko egoeran), A Coruñakoak (% 63 onartzeko moduko egoeran) eta Malagakoak (% 8 gaizki eta % 42 onartzeko moduan) dira.

Ezinduak, busean bazterturik

Gasteizko (oso ongi) eta Valentzia eta Madrilgo (ongi, biek ere) busek bakarrik gainditu zuten proba hau; gainerako guztiek “oso gaizki” kalifikazioa eraman zuten, erabiltzaile gor eta itsuen premiez ahantzi egin direlako, batez ere.

Hamar busetik hiruk ez zeukaten gurpil-aulkiak sartzeko arrapala eta barnean atxikitzeko sistemarik; beraz, lekuz aldatzeko aparatu horien premia duten erabiltzailek ez dute horrelako autobusetan sartzerik. Nolanahi ere, erabiltzaile berezi horientzako egokipen-proba aise gainditu dute hiri erdiek baino gehiagok. Atalean hiru aldaki aztertu ziren: arrapala, bus barnean berariazko tokiak eta, hauetan, aulkiak atxikitzeko mekanismoa. Gasteiz, Murtzia eta Logroñoko bus guztiek dauzkate horrelakoak; Madrilgoen % 95ek, Bartzelonako % 85ek, Donostiako % 80k eta Malagako lautik hiruk. Gainerako hirietan denetik agertzen da: Valentziako % 60tik A Coruñako erabateko gabeziaraino.

Itsu eta gorrei doakiela, egokituriko autobusak ez dira erdiak ere oraino. Ikusten ez dutenentzat, autobusek abisuak emateko eta orientatzeko sistema akustikoa eduki behar duten arren Gasteiz eta Valentziakoek bakarrik gainditu dute proba. Donostiako busen % 10ek bakarrik dute ahotsezko sistema hori instalatua. Gainontzeko hirietan busek ez daukate itsuentzako baliabide hori.

Erabiltzaile gorren egoera ez da hobea, zinez: megafoniazko adierazpenak jaso ezin dituztenentzat kartel edo antzeko elementu ikusgarri bat jarri beharko litzateke, hurrengo geltokia jakinarazteko baina ez zuten horrelakorik Cádiz, Iruñea, A Coruña, Donostia, Murtzia, Logroño eta Bartzelonako busek. Valentziakoen % 67k, Gasteizkoen % 71k, Zaragozakoen % 90k, Madrilgo % 95ek. eta Bilboko autobus guztiek zeukaten sistema hori jarrita.