Lorategi ekologikoak

Natura norantz, gu harantz

Ohiko lorategia lorategi ekologiko bihur daiteke, oso modu errazean bihurtu ere
1 urria de 2003
Img medioambiente listado 233

Natura norantz, gu harantz

Biodibertsitatea, ongarri naturala, kontrol biologikoa, izurrien maneiua eta antzeko kontzeptuak dagoeneko lorategi ekologikoaz dugun ideian txertaturik daude. Gure lorategian hainbat espezie harmonia osoz -eta lurra eta biodibertsitatea hondatzen dituzten produktu kimikoetara jo gabe- elkarrekin bizitzeko toki aproposa bihurtzeko naturaren joeraz baliatzean datzan pentsamoldea geroz eta arrakasta handiagoa lortzen ari da.

Konplexua badirudi ere, lorategi konbentzionala erraz bihur dezakegu ekologiko. Horretarako, elementu naturalak birziklatu eta organismo kaltegarriak suntsitzen dituzten produktu biologikoak baliatu beharko ditugu, pestizida edo bestelako elementu kimikoetara jo ordez. Horrela, naturaz baliatuz, landare-espezie guztiak harmonian hazteko moduko gune berdea antolatuko dugu.

Lorategi ekologikoaren lau hankak

  • Lorategiaren biodibertsitatea: aliatu onak bilatzea
    Lorategi konbentzionaletan espezie bakar bat edo gutxi batzuk nagusi izatea da ohikoena: biodibertsitatea mutur horretaraino ekarrita, ekosistemaren oreka hautsi eta berezko etsaiekin nola-halako berdintasunean mantentzen ziren intsektuek izurriak osatzea ondoriozta daiteke horrela. Kontrol-mekanismo naturalik ezean, pestizidak baliatzen ditugu, sistema harik eta gehiago kutsatuz eta kaltetuz.
    Aliatu batzuek, ordea, dezenteko laguntza eman diezagukete. Hainbat kultibo konbinatzeari esker gaixotasun eta izurriak agertzea galaraz daitezkeenez, izpilikua, erromeroa, salbia, menda, albaraka, estragoia, ezkaia eta antzeko usain-belarrak erabiltzea aholkatzen dute adituek, landareak okupatzen duten tokiaren perimetroa inguratzeko edo barazkiekin tartekatzeko.
  • Izurrien maneiu integratua: laguntzen gaituzten intsektuak
    Gure landareak hondatuko diren beldurrez, lorategian ikusten ditugun intsektu guztiak akabatzen saiatu ohi gara. Horietako asko baliagarriak ditugu, hala ere, kaltegarri gerta dakizkigukeen beste zomorro txikiago batzuk jaten dituztelako: horiexek dira zaindu eta babestu beharreko espezieak. Ehunzangoak, adibidez, lurzoruan bizi diren hainbat motatako izurriez elikatzen dira.
    Pestizidek izurritea ez ezik, horren berezko etsaiak ere kontrolatzen dituztenez, oreka naturala hautsi egiten da. Beste aldetik, izurritea zeharo suntsitzerik ez dagoenez gero, susperraldi indartsuak gertatzen dira, etsai naturalak gutxi direlako: horrek guztiak, kontrol-elementu artifizialen morroin egiten gaitu, azkenean.
  • Lurra zer den ulertzea: has gaitezen lanean

    Lurzoru osasuntsuak landare osasuntsu, indartsu eta ugariak ekoizten ditu. Bertan bizi diren organismoen komunitateak (bakterioak, onddoak, algak, zizareak, etc.) berebiziko eginkizuna betetzen du, egoera onean dagoela. Horiek denak zaintzen baditugu guk, lurzoruak premiazkoa duen osasunaz gozatuko du. Horra hor lurzorua era naturalean ongarritzeko hainbat zeregin:

    1. Lurrari eragitea, baina 20 zentimetro baino sakonagorik ez. Era horretan, lurzoru harro eta egurastua lortuko dugu. Lagungarri eraginkorrak zizareak ditugu, humus mordoa ekoizteaz gainera lurra egurastu eta drainatzen dutelako
    2. Oskol txiki batzuk purraka zabaltzeak lurzoruari mineralak emango dizkio, hezetasuna xurgatuko dio eta mantenugaiak bilduko dituzte, berorako
    3. Lorategiko bazter batean compost edo ongarri naturala pilatu behar da. Kaxoi edo poltsa beltz batean gorde daiteke. Bertara lurra, simaurra, zizareak, egur-errautsak, hondarra, fruta-azal eta barazki-hondakinak metatuko ditugu. Handik lautik zortzi hilabete bitartean erabiltzeko moduan egongo da.
  • Ongarri naturala: ahaztu produktu kimikoekin
    Lurraren elikagai hoberena dira landareek utzitako hondakinak, sukaldeko “txerrijana” eta lorategiko hondarrak, compost naturala ekoizteko birziklaturik. Horrek, bestetik, zarama kirats gutxiago metatzen, ongarrien eta arregatzeko uraren premiak arintzen eta gure natur baliabideak zaintzen laguntzen gaitu. Lorategi eta baratze organikoetan lastoa eta landare-hondakinak mulching moldatzeko erabiltzen dira: koltxoi moduko horrekin landu berri dauden sailak estaltzen dira, erosiorik gerta ez dadin eta, bide batez, lur puska hori eguzki, euri, hotz eta haizetik babesteko.
Lorategi ekologikoa sortzeko pausoak
  • Lehendabizi: lurzorua prestatzea. Lurra txikitu, xehe-xehe bihurtu arte. Landareek lur goxoa nahiago dute, sustraiak behar bezala zabaltzeko.
  • Lurzorua ongarritzea. Lorezaintza organikoaren funtsa da hori. Landareak ondo haziko bada premiazkoak dituen produktu naturalak eman behar dizkiogunez, ongarri konposatu edo compost ezaguna prestatu beharko dugu, gure etorkizuneko lorategia mantentzeko oinarria izango baita hori.
  • Landareak indarrez haz daitezen, behar bezalako mantenugaiak, lurreko mikroorganismo lagungarriak eta lursailaren egitura egokia (hezetasuna eta aire asko edukitzeko) behar dute. Lurra oparoago izan dadin, estali orbelez edo egur txikituekin.
  • Izurrientzat erakargarri diren elementuak atera lorategitik. Erauzi belar gaiztoak, hazia bota aurretik. Jaso itzazu erorita edo helduegi dauden fruta eta barazkiak. Kima itzazu gupidarik gabe landareetako atal gaixoak.
  • Aurreikusi lorategi edo baratzeko bazter batzuetan orria galtzen ez duten espezieak jartzea, horrelakoek ez baitute eskatzen urtero-urtero lurra prestatzerik. Lurrari zenbat eta gutxiago eragin orduan eta oparoago etorriko da, hezetasuna hobeto mantenduko du eta izurri gutxiago babestuko ditu.
  • Lorea ematen duten espezieak ipintzea: horiek intsektu mesedegarri asko ekartzen dituzte.
  • Bi litroko botilen plastikozko oinarri beltza lorontzi gisa erabiltzea komeni izaten da: horietako batzuk zulatuta daude, ura isurtzeko.
  • Arbola hostoerorkorrak (hostoa neguan galtzen dutenak) mendebaldean jartzea komeni izaten da: horrela uda partean horien itzalak berotik babestuko gaitu eta neguan etxebizitza epelduko diguten eguzki-printzei ez diete pasabidea galaraziko.
  • Lorategian basa bizitza sustatzea: txorientzako habiak ipintzea, arraintxoak izateko urmaela egin eta era askotako loreak jartzea, alegia.
  • Barril batean lorategiko euri urak jasotzea.