Sukaldean suterik izan ez dadin

Aurreikustea da kontua

Espainian hiru etxeko istripu gertatzen dira minutuko
1 urria de 2003
Img consejo listado

Aurreikustea da kontua

Zigarroa erretzetik janaria sutan prestatzeraino, suarekin zerikusia duen etxeko zeinahi jarduera balizko sute-iturri da, berez. Espainiako Estatistikako Institutu Nazionalaren arabera, aisiako eta etxeko istripu gehienak (%51) etxebizitzan gertatzen direlarik, sukaldea da horien eszenatoki nagusietako bat (%15). Bertan jazotzen diren egintza guztietatik, janaria prestatzeak sortarazten ditu ezbehar gehien, horietan suteak eta erredurak (%9) nabarmenenak izaki. Horrelakorik ez gertatzeko klabea, istripua aurreikusi edo, gertatu denean, nola jardun behar den asmatzea da.

Erne, beti erne

  • Sukaldean, sutan zerbait prestatzen duzunean zaude beti horren gainean, ez utzi albora inola ere. Sukaldean, suteengatiko bost heriotzatik biren arrazoia, sutan zegoen janaria inork ez zaintzea da.
  • Etxetik alde egitean ez utzi ezer sutan prestatzen, ezta kontsumo handiko aparatu elektrikoak piztuta ere.
  • Sutondoan zabiltzala eraman mahuka motz edo estuak. Ez jantzi arropa suharbera, piztutakoan sua zabal lezake eta.
  • Eduki sukaldean itzalgailua eskura.
  • Gasa itzal lezakeen aire-korronterik izan ez dadin neurriak hartu behar dituzu, zeu beste gela batean baldin bazara, bereziki.
  • Ez pilatu, ez maneiatu sukaldean likido suharberak. Ez metatu etxean erregaiak (arropa zaharra, egunkariak, pinturak, etab.) alferrik.
  • Garbitu maiz sukaldeko erauzgailuko kanpaiko filtroak. Eduki gantzik gabe ke-irteera eta aire-sarrerak.
  • Garbitu, erabili aurretik, txigorgailuak eta gainerako aparatu txikiak.
  • Eduki garbi sukalde osoa. Janariak prestatu ondoren, garbitu sukaldeko tresneria eta azalak, gantza pila ez dadin.
  • Alkohola edan edo logura ematen dizun botikarik hartu baduzu, ez ibili sukaldean janak prestatzen.
  • Urrundu haurrak sukaldetik eta arropa lisatzeko tokitik. Jarri bero dauden edo sua duten tresna eta gauzak haien eskumenetik kanpo.

Gas eta elektrizitatearekin, are eta neurri zorrotzagoak

  • Deskonekta itzazu erabili ohi ez diren tresna elektrikoak.
  • Ez zamatu gehiegi entxufea, bertan aparatu asko konektatuz.
  • Ez erabili zuzen babesturik ez dagoen hari elektrikorik. Konpon itzazu hari horiek edo zokoratu betirako.
  • Ez aritu sare elektrikoan zorua bustita dagoenean.
  • Irakurri arreta handiz etxetresna elektrikoen argibideak, erabil itzazu behar bezala.
  • Martxan dagoela, ipini etxetresna elektrikoa motorea erraz egurasteko moduan.
  • Busti den etxetresna elektrikorik ez konektatu sarean, harik eta lehor-lehorra dagoela seguru jakin arte.
  • Txigor-usaina aditzen baduzu, aztertu sorburua: baliteke elektrizitate-instalazioa gehiegi berotu izanaren ondorioz, zirkuitulabur edo, areago, suterik gertatzea.
  • Begiratu maiz gas-garraren kalitatea: bizi, egonkor, urdin eta isila behar du izan. Zarata eta dardarizoka hasten bada eta mutur horiak ateratzen bazaizkio, deitu zerbitzu teknikoari, aparatuak azter ditzan.
  • Erregailuetara doan gaseko giltza ireki aurretik piztu pospoloa edo metxeroa.
  • Erretzen ari bazara edo gertu bero-iturririk baldin badago, ez aldatu butano botila.
  • Gas-ihesik gertatzekotan, ez piztu edo itzali argirik. Egurastu gelak ahalik eta gehien eta deitu mantenuaz arduratzen den konpainiari.

Sutea gertatzen bada…

  • Itzali bero-iturria, ahal bada. Eten korronte elektrikoa eta itxi gaseko sarrera.
  • Sua txikia eta kontrolatzeko modukoa bada (bakarrik) saia zaitez itzaltzen: jarri zaitez sua eta ihes-bidearen tartean. Deitu 112 larrialdietarako telefonora lehenbailehen.
  • Sua itzaltzerik ez baduzu, ez arriskatu ezer alferrik: bilatu toki segurua eta urrundu zaitez arriskutik.
  • Eraman itzazu, ahal bada, erregaiak edo produktu suharberak sutatik urrutienera.
  • Sukaldeko elementurik sutan hasten bada, bildu estalkiren batekin edo itzalgailuko soda-bikarbonatoarekin.
  • Sutea gertatzen bada, eduki itxita labeetako ate guztiak
  • Gantz edo likido suharberak erretzen ari direnean ez bota urik inola ere, urak sutea zabalarazi egingo luke eta. Instalazio elektrikorik arriskutan baldin badago ere, ez erabili urik.