Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Zer adierazi nahi dugu zehatz-mehatz sexu jolasaz ari garenean? Ongi pasatzea helburu duen borondatezko zeinahi egintza bezala, sexu jolaseko urrats guzti-guztiak ere jolas dira, hasi eta buka. Etapa bakoitzak badu bere adiera, bere zentzua eta, halakotzat, osagai edo alderdi bat bestea baino garrantzitsuagotzat jo gabe bizitzen, gozatzen ditugu. Horrela ulertzen dugu sexu jolasa. Musua, besarkada, koitoa, laztanak, masturbazioa eta... atsegina bilatzeko beste hamaika forma ere sexu jolasak dira, berez. Okerreko bidetik, sexu praktikak bitan banatu izan dira: osoak eta hastapenekoak, alegia. Bigarrenak gaitzestearen lepotik aurrenekoak goretsi dira, eta horrek ekarri digu jolasaren gozamena galtzea, indarra jartzen delako helburua beteko den ala ez... eta beharbada helburu hori ez da gainera guk bilatzen duguna.
Sexu jolas deritzogu nolabaiteko harreman ludikoa inplikatzen duen neurrian. Pertsona nagusiak bere buruaren heldutasunak gutxien baldintzaturik eta egiatiena duen parteari amore ematea deliberatu du -bere haur parteari-. Kontua da aurreiritziak gainetik kentzea, tabu eta mito galarazle eta eragozleetatik at aritzea, jolasean aritzearren jolasera iristea, jakin-minari, arakatzeari, fantasiari, pasioari ateak zabalduz. Kontua da nork bere burutik ikastea, nork bere burua hobeki ezagutzea, elkarlana eta gozamena gorpuzten diren sexu topaketaren ahalmenei zukua ateratzea. Gizaki ikasiaren itxurak egitera, kontrolatzera behartzen gaituen mozorroa alboan utzita, haurraren nortasuna aske uztea, hitz batez. Botereak eta lainezak hemen ez dute baliorik, atseginak askatasunez aritzea agintzen baitu: nork bere buruari eta aurrekoari askatasunez aritzeko bide ematea, barrea eragitea eta seriotasuna urruntzea. Jolastea da kontua, jolasaren atsegina maitasunaren edo trebeziaren araberakoa ez dela izango jakinik, autokontroletik urruntzeko baliatuko dugun kodearen araberakoa baizik.
Jolaskide on edo eskasagoak izango gara, segun eta bizitzaren aurrean nolako jarrera dugun, harremanetan zein komunikazio kode darabilgun. Atseginera irekitako jarrera lasai eta komunikaziozkoak lehiakortasunetik urrutiratuko gaitu eta konparaketak barregarri bihurtuko ditu. Desiraren atea zabaltzen duten sarrailak segurantzia eta auto-estimazioa dira. Desira onartzea eta gozatzen ikasi nahi izatea aukera kontziente eta atsegingarria da, zeinahi adinetan hezteko modukoa: bera garatzeko askatasuna baizik ez du behar.
Sexu gogobetetasuna ez da ikasten, horrenbestez, trebezia handiagoa edo txikiagoa eskatzen duten postura, laztan eta igurtziei buruzko gidaliburuan. Hori guztia gerora etorriko den ikasketa gaia da, baina inongo eraginik ez luke izango baldin eta atsegin hartzeko eta emateko gure gaitasunaz kontziente ez bagina (gure sexualitateaz, alegia). Proiektu horretako lehendabiziko urratsa geure burua onartzea, errespetatzea eta maitatzea da; ondoren, gozatzen eta gozarazten nahi izatea eta ikastea dator. Presarik gabe, markak hausteko gogorik gabe, erronkarik gabe, geure martxan.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa