Kirurgia estetikoa: alderdi legalak

Eragozpen eta arriskuaz informatzea, ezinbestekoa

Horrelako ebakuntza egin behar badizute, hartu tartea eta aukeratu lasai zirujaua
1 apirila de 2004

Eragozpen eta arriskuaz informatzea, ezinbestekoa

Tabu eta luxu hutsa ez denez geroztik, azken urteotako medikuntzan gehien garatu den alorretako bat da kirurgia estetikoa baina, horrekin batera, gatazka gehien sortu eta harrotu dituenetako bat ere bai. Osasun oneko pertsonetan sendagileen akatsek sortarazi izan duten oihartzun soziala lanbidearen izen onaren zama bilakatu da: fakultatiboak, izan ere, ez datoz bat alor horretan jardun ahal izateko profesional bati eskatu behar zaizkion gutxienekoak mugatzeko unean. Kirurgia estetikoko ebakuntzak egiten dituzten medikuek Kirurgia Plastiko, Konpontzaile eta Estetikoko Espezialista titulua eduki behar dute, Medikuntza eta Kirurgian lizentziatu eta homologaturiko ospitale batean Barne Sendagile Egoiliar gisa bost urte eman ondoren: urtebetea Kirurgia Orokorrean, beste bat antzeko espezialitate kirurgikoetan eta hiru, azkenik, urte Kirurgia Plastikan.

Espainian 300.000 pertsonari egin zitzaien iaz kirurgia estetikoko ebakuntzarik; horri esker, Europako buruan eta mundu zabaleko hirugarren tokian jarri zen estatu hori medikuntza estetikoko gastuaren rankingean, Osasun eta Kontsumoko Ministerioaren aurrekontuaren herena ordaindu baitzuten interesatuek. Sektore horrek urtean seiehun milioi euro mugiarazten ditu bere bi adarretan: kirurgia estetikoan (ebakuntza baten bitartez, itxura fisikoa aldatzea helburu duena) eta medikuntza estetikoan (honek ere hobekuntza estetikoa du helburua, baina ebakuntza kirurgikorik egiteke, bisturia erabiltzea agintzen ez duten tratamenduak aplikatuz).

Kirurgia eta medikuntza estetikoa gauza bera ez direla bereizteaz gainera kirurgia estetikoa eta kirurgia konpontzailea ere desberdinak direla jakin behar dugu. Biak sartzen dira kirurgia plastikoaren barnean eta espezialitate horri Espainian Kirurgia Plastiko, Konpontzaile eta Estetikoa deritzo. Dena den, plastiko eta konpontzailea erredurak jasan, jaiotzetiko akatsak nozitu eta antzeko arazoak dituzten pazienteen ardura duen eta Osasun Sistema Nazionalean praktikatzen den bitartean, kirurgia estetikoa gorputzaren egitura normalak hobetzeko helburuz aplikatzen da, pazientearen erakargarritasuna eta bere auto-estimazioa hobetzeko jomugaz, eta ez dago Gizarte Segurantzaren prestazioen katalogoan.

Emaitzen kontratuan, ñabardurak

Pertsona batek bere kabuz eta askatasun osoz, bere itxura hobetzeko helburu bakarrarekin, ebakuntza egin behar diotela deliberatzen duenean, kontratu hibridoa dugu, zangalatrau: zerbitzuen errentamendu-kontratua da neurri batean, bitarteak derrigortuta, eta obra kontratua beste neurri batean, emaitzak derrigortuta. Zeinahi ebakuntza medikotan, kirurgia estetikokoa izan edo ez izan, “halabehar menderaezin” deritzonak izaten du eragina. Hau da, baliteke, sendagileek zuzen jardunik ere, nahi edo espero den emaitza ez gertatzea. Medikuntza sendatzailean obligazio medikoa baliabideei dagokie: sendaketa erdiesteko, eskura dauden bitarte eta baliabide guztiak erabiltzeko betebeharra, alegia. Medikuntza boluntarioan obligazio mediko orokor horri plus bat eransten zaio, emaitzari begira, hala nola tamaina jakin bateko bularra, profil zehatz bateko sudurra, etc. Emaitza erdiesten ez bada baliteke sendagilearen erantzukizunekoa izatea, errua, akatsa, gaitasunik eza edo medikuntza-jakinduriarik eza tarteko izan dela edo ez dela izan egiaztatzearen arabera: litekeena da erdietsi nahi zen emaitza lortu ez izana sendagilearen zabarkeriaren ondorio izan ordez, halabehar menderaezinagatik izatea. Horrenbestez, pazienteari kontu hauen gainean berebiziko informazioa eman behar zaio, pairatuko dituen arriskuez ez ezik, emaitza ez erdiesteko aukeren portzentajeaz eta lorpen hori galaraz dezaketen faktore guztiez ere bai. Bestelako kontua da, ordea, espero zen emaitza ez erdiesteaz gainera, alderdirik itsustu edo bezeroari kalterik eragitea. Horrelakoetan sendagilearen errua aurretiaz onartua dago, ez da zertan frogatu eta, beraz, bitartekoen obligazioa emaitzen obligaziotik gertu-gertukoa da.

Ebakuntza egin aurretik...

Ez itsutu, ez liluratu gehiegi: aztertu hotz aukera guztiak. Kontsulta ezazu zeure ingurukoekin (familia, lagun minak, etab).

Ez egin ebakuntzarik norbaiti gustatuko zaiolakoan. Baliteke zure ingurukoek ebakuntzaren emaitzen aurrean erantzun adeitsua agertzea baina kirurgia plastikoa zure buruaren baitan aldaketak eragiteko diseinatu zen, ez besteengan.

Ez ezkutatu datu kliniko edo osasunari buruzkorik, huskeriatzat jotzen baduzu ere.

Ez hartu erabakirik publizitateak bultzatuta bakarrik, publizitatea ez baita behar bezain egiazalea beti. Legearen ikuspegitik, iragarritakoa kontratuaren osagai bat da eta, halakotzat, erabiltzaileak horixe betetzea exijitu ahal izango du.

Kirurgia plastikoko ebakuntzak kalifikazio bikaineko profesionalek esku har dezaten agintzen du. Mesfida zaitez eskaintzekin eta prezio merkeekin. Zure segurtasun osoa bermatu behar du ebakuntzak.

Ez onartu ile-apaindegian edo edertasun-aretoan ebakuntzarik egitea.

Tratamendua edo ebakuntza egin behar badizute eta norbaitek bestela erabakitzera bultzatu nahi bazaitu, ez gaizki hartu, batez ere liposukzioen kasuan (hau da, ohiko pisua edo zerbait gehixeago edukita ere, sabelean, aldaka edo mokorretan gantz pilaketa nozitzen duten pertsonen kasuan). Gehiegizko pisua edo obesitatea nozitzen duten pertsonentzat badira, izan, bestelako tratamenduak, egokiagoak, liposukzioarekin zerikusirik ez dutenak.

Hartu tartea, lasai, ebakuntza egingo dizun zirujaua aukeratzeko. Jaso zirujau horren eskarmentuaren gaineko informazioa, egiazta ezazu kolegiatua dagoen ala ez, etab. Eskatu erreferentziak profesionalen elkarteei, zure ohiko sendagileari eta beste zenbait medikuri ere.

Eska itzazu bigarren, hirugarren, are laugarren iritziak ere. Sendagileak aholkatu egin behar dizu, inondik ere ez ebakuntza “saldu”. Ezinezkoak agintzen dizkizunarekin ez fidatu.

Kontuan hartu beharreko legeko alderdiak

Egiazta ezazu ebakuntza egingo den klinika legeztatua dagoela eta egiten duen jardueraren araberako baimen administratiboa indarrean daukala. Kirurgia egin behar denean hori ezinbestekoa da eta toki ikusgarrian agertu beharko du. Joan zaitez testigu batekin, ebakuntzak porrot eginez gero, hark deklaratu ahal izan dezan.

Azaroaren 14ko 41/2002 Legeko 4 eta 5 artikuluek xedatua dutenez, zuk nahi duzun edo zuk baimendutako pertsonek nahi duten guzti-guztietan, ebakuntzari dagozkion eragozpen eta arriskuez, alboko ondorioez, famili eta lan alorretan izan ditzakeen inplikazioez (baja edo atseden egunak, etc.) eta, batez ere, bai ebakuntza egiten ari den bitartean, bai ebakuntza ondoko aldian ere, gertatu ohi diren eta gerta daitezkeen arazoez informazio osoa jasotzeko eskubidea duzuela. Ebakuntza jakin batzuen ostean (ugatz-ezarpenetan, adibidez), arazoak interbentzioa egin denetik hilabete batzuetara jazo daitezke.

Eska ezazu informazioa idatziz ebakuntzari esker lortuko diren emaitzez.

Eska ezazu informazio guztia idatziz, argi, ulergarri, berariazko eta xehekapenezkoa. Egin itzazu argazkiak lehenago eta ondoren, emaitzak zehazteko.

Eska ezazu ebakuntza egiten ari den bitartean zure bizi konstanteen behar bezalako kontrol klinikoa eta monitorizazioa egiteko.

Eska ezazu idatzizko aurrekontua, desglosatua, erabiliko diren materialen berri agertuko duena. Eska ezazu faktura eta sinatzen dituzun agiri guztien (baita ebakuntza egiteko baimenarena ere) kopia. Ordainduko duzun azken kopuruak ez du gainditu behar aurrekontuan azaldu zena. Ez egin inola ere eramailearentzako txekerik. Badakizu BEZ zergarik ez duzula ordaindu behar ebakuntzaren helburua gaixotasun bat edo bere ondorioak tratatzea denean. Teknika estetiko hutsa aplikatu behar badizute, %7ko BEZ murriztua bakarrik ordaindu beharko duzu. Tratamenduan zehar zure organismoan materialik txertatu (protesi, betelaneko edo antzekorik) bada, eska ezazu horri dagokion Erregistro-Fitxa (ofiziala), txertatutakoaren ezaugarri guztiak agertuko dituena: marka, modeloa, osaketa, tamaina edo bolumena, zein ataletan txertatu den, etab.

Nola erreklamatu

Asistentzia behar ez bezalakoa izan dela uste baduzu, eska itzazu azalpen guzti-guztiak, idatziz, ahal dela.

Sendagilearen zabarkeria izan dela egiaztatzen duten agiri eta datu guztiak bildu behar dituzu.

Heriotza edo lesio larriak gertatzean, badago bide penalera jotzea (azkar eta merkeagoa da); horretatik, sendagilea lanerako ezgaitzera edo giltzapera eraman dezakezu eta, gainera, egin dizuten kaltearen ordainak jaso ahal izango zenituzke, kasuan kasuko indemnizazioaren arabera. Osasun asistentzia zentro publikoan zein pribatuan jaso bazenuen ere, horrelako erreklamazioa egin dezakezu. Klinikaren aurka edo profesionalen aurka ere egin dezakezu, bide zibiletik, legezko ordezkoaren izenean.

Kasua horren larria ez denean eta osasun asistentzia erakunde publiko bateko zentro batean jaso baduzu, dagokizun diruzko indemnizazioa bide administratibotik eska dezakezu. Bide horretatik diru ordainak bakarrik eskatu eta lortu daitezke, sendagile arduradunaren kontrako egintza penalik eragiten ez baita. Aukera horri ekiteko, Osasun Administrazioaren aurkako erreklamazioa jarri behar da (“Administrazioaren ondare-erantzukizunagatiko erreklamazioa” deritzona). Prozedura hasi denetik sei hilabetera erantzunik jaso ezean, erreklamazio hori ezetsia izan dela ulertu behar da. Hori jazotzen denean bada oraindik beste sei hilabeteko epea epaitegietara jo eta administrazioaren aurkako auzi-prozesua hasteko; horren amaieran epaiketa edo sententzia emango da. Administrazioaren ondare erantzukizunagatiko erreklamazioa bide administratiboan egikaritzen da, behin ere ez bide zibiletik, jurisdikzio hori ez baita eskudun horrelako kasuetan.

Osasun asistentzia zentro pribatuan jaso baduzu, nozitutako kalteengatiko ordainak epaitegi zibilen aurrean eska ditzakezu. Horrelako prozedurari ekiteko, balizko arduragabekeriaren erantzule den zentro edo sendagilearen aurkako demanda jarri behar da eta, aurrekoan bezala, amaieran sententzia jakinaraziko du epaitegiak.

Salaketa jarri aurretik, sendagile talde osoa salatu baino lehenago, gertakariaren zuzeneko arduraduna nor den egiaztatu eta ziurtatu behar duzu: horretarako funtsezkoak dira abokatuak egingo duen frogen aurretiazko balioztapena eta perituen txostena. Zirujauaren, anestesistaren, ebakuntza ostekoaz ardura duen taldearen edo beste noren kontra jardun, abokatuak deliberatuko du.

Neurri-neurriko soinaren arriskuak

Medikuntza ez da zientzia zehatza, are gutxiago kirurgiaz ari garela, bertan %100eko segurtasunik ez baita bermatzerik. Alor horretan, estetikako ebakuntzak era guztietako pazienteek egunero nozitzen dituzten gainerako ebakuntzak bezain arriskutsuak dira. Kirurgia eta anestesiak (lokal, erregional edo orokorrak) alergiak, bihotz eta zirkulazio alorreko arazoak, odolusteak, ehunen zoldurak eta antzekoak izan ditzake ondorio. Zirujauek beraiek ere ezagun ez dituzten erreakzio arraroak izan ditzake gure organismoak eta, areago, batzuetan, tamalezko emaitzak gertatuta nekez eman daitezke azalpenak; edo ezin eman daitezke.

Nolanahi ere, kirurgia estetikoa gehien-gehienetan ez da intrakabitarioa, hau da, sendagileak burezurraren, toraxaren edo sabelaren barnean jardun behar ez duenez, anestesiak ere ez du sakon-sakona izan beharrik. Izan dezagun kontuan, era berean, honelako ebakuntzak egiteko erabakia pazienteak berak hartu ohi duela eskuarki (gorputz atal edo alderdiren bat aldatzearren soilik), osasun oneko delarik. Beraz, arriskuak eta konplikazioak izateko aukerak dezente urriagoak dira bestelako ebakuntzetan baino.

Mamoplastia eta liposukzioak, ebakuntza arriskutsuak

Ugatz ezarpena egun ebakuntzarik ohikoenetakoa izateaz gainera, arriskutsuenetakoa ere bada. Ebakuntza egiten ari den bitartean edo ondoren sor daitezkeen konplikazioetako batzuk mina, itxuragabetzea eta zoldura larriak dira. Arriskuetako bat, kapsularen kontraktura: horrelaxe gertatzen da ezarpenaren inguruan osatzen den ehunaren orbaina hanpatu eta hura zanpatzen duenean. Zolduraen ostean agertu ohi da eta batzuetan kirurgia aplikatu behar izaten da berriro ere hura zuzentzeko: txertaturiko ehuna erauzi edo berrezarpena ere egitea egokitzen da tarteka, adibidez. Beste arrisku arruntetako bat, ezarpenetan jazotzen diren deflazioak, hausturak eta galerak dira. Zenbaitetan, ebakuntza egin zaionetik hilabete batzuk igaro direnean emakumeak ugatzaren tamaina txikitzea, hanpadura, mina… nozitzen du: horiek denak silikonazko ezarpenak haustearen ondorio izaten dira. Gatz-soluzioez moldaturiko ezarpenak, batzuetan, ebakuntza egin denetik egun batzuetara husten dira. Horiek ez ezik, mina edo zoldurak gerta daitezkeenez, berriro ere kirurgiara jotzeko premia sortzen da pazientearengan.

Liposukzioa dugu beste “izar” bat ebakuntzen balizko zeru horretan. Berez ebakuntza zail edo konplikatua ez izatearren, inoiz gaituak ez dauden zirujauek egiten dute, are bere kontsultetan bertan ere. Horrek arriskuak biderkatu egiten ditu: ebakuntza ospitalean eginez gero, konplikaziorik sortuko balitz, osasun asistentzia askozaz ere hobea eta azkarragoa izan liteke, denen mesedetarako. Ebakuntza horretan pazientea hiltzeko kausa biriketan odolbildu batek eraginiko tronbosia izaten da, eskuarki ebakuntza egin eta biharamunean, pazientea bere etxean dela. Ebakuntza horren arriskuak areagotu edo arintzen dute hainbat faktorek: ardura espezialista on baten eskuetan uztea, toki egoki batean egitea, behar bezainbesteko denbora hartuta, presarik gabe, etc.

Udazkena, irudiz aldatzeko garai egokiena

  • Har ezazu behar den denbora guztia ebakuntza lasai planteatzeko. Ez izan presarik zeure irudi berria hondartzan berehala erakusteko. Errepara epe luzerako zeure helburuei: eguberrietan, datorren urteko udan…
  • Udazkeneko tenperatura freskoa mesedegarria da orbainak sendatzeko eta, gainera, zolduren arriskua urritzen du; uda partean ohiko den gehiegizko izerdia, aldiz, osatze prozesuaren kalterako izaten da.
  • Izan kontuan, liposukzio edo abdominoplastiak nozitu ostean sabelari eusteko eraman behar diren faxen erabilera dezente hobeki jasaten dela udazkeneko freskuran.
  • Ebakuntza ondoko gehienetan bainu luzeak (bainuontzian, igerilekuan, ibaian zein itsasoan) kaltegarri gertatzen dira: horrelakoez ez gozatzea nekezago jazotzen da uda partean, are eta gogorrago, oporraldietan.
  • Ebakuntza estetikoen etsaia da eguzkia: nozitu nahi ez ditugun orbainak sor ez daitezen, ebakuntza osteko egunetan eguzkitan jartzea debekatua dute sendagileek.
  • Zeinahi ebakuntza estetikoren ostean denbora, atsedena eta ongi suspertzea dira funtsezko euskarriak. Kirurgia estetikoan ia dena asteburu batean egin dezakegula sinesten baduzu, oker gabiltza. Sendatze edo osatze aldia hainbat faktoreren arabera aldatuko da: ebakuntzaren izari edo munta, norberak suspertzeko duen gaitasuna, etab.

Kirurgia estetikoaren prezioa

Aurpegia

  • Masailalbo-hezurrak nabarmentzea: 900 / 2.500 euroak
  • Blefaroplastia (betazalak): 1.500 / 2.400 euroak
  • Lifting zerbikofaziala (aurpegia + lepoa): 4.800 / 5.500 euroak
  • Kokospeko liposukzioa: 600 / 1.200 euroak
  • Otoplastia (belarri haizemaileak): 1.500 / 3.000 euroak
  • Keiloplastia (ezpainak): 1.200 / 2.000 euroak
  • Errinoplastia (sudurra): 3.000 / 5.700 euroak

Soina

  • Abdominoplastia (sabela tenkatzea): 3.700 / 5.500 euroak
  • Mamoplastia:
    • Handitzea: 2.400 / 6.000 euroak
    • Txikitzea: 3.900 / 4.800 euroak
  • Besoetako liftinga: 2.400 / 3.000 euroak
  • Sabeleko liposukzioa: 1.500 / 2.000 euroak
  • Izter eta aldaketako liposukzioa: 2.500 / 5.500 euroak