Abelbideak

Helburua: bide horiek XXI. mendeari egokitzea

1 apirila de 2004

Helburua: bide horiek XXI. mendeari egokitzea

Errioxako abelbideak, aragoitar mendiarteak, kordel eta zidor gaztelarrak… Abereen transhumantziaren antzinako bideek berebiziko sarea osatzen dutelarik, Penintsula Iberikoa zeharkatu eta josten dute 125.000 kilometroko luzeran, 425.000 hektarea okupatuz. Abelbideak Espainiako berrogei herrialdetan barrena hedatzen diren korridore ekologikoen antzekoak dira eta, egun, abereak larrez aldatzeko ez ezik, aisialdiko jardueren ardatz ere bilakatu dira. Abelbideen %40 desagertu omen da dagoeneko: ondasun publiko horren zokorapenaren aurka derrigorrezkoa da bide horien egungo egoera ezagutu eta -azienda-erabilerarekin bateragarri izanik, betiere- bertan gauzatzeko moduko alternatibazko jarduerak eskaintzea, berreskuratu eta suspertuko badira.

Historia, transhumantziari lotua

Bide horien jatorria antzinako artzaintza nomadaren garaietan kokatzen delarik, loraldira Mesta erakunde ekonomiko eta abeltzaintzazkoaren garapenean iritsi ziren XV. eta XVI. mendeetan. Tradizioz, artaldeak urte sasoi jakin batzuetan larre bila joaten ziren (horixe da transhumantzia, alegia) mendietako larre udatiarrak eta haranetako negutarrak lotzen zituzten abelbideetan barrena. Historikoki, mendiarte horietan liskar eta borroka ugari gertatu izan da, artaldeek nekazarien lurrak zeharkatu izan dituztelako. Horrelako kalapitarik jazo ez zedin, abelbideak mugatu eta zedarritu eta erabilera arautu egin zen. Bide horien osagarriak ziren uraskak (ganaduaren egarriak asetzeko aska, erreka edo ibai-bazter egokiak), atsedenlekuak (aziendak eta artzainak atseden hartzeko tokiak) eta saroiak (artzain eta abereek gaua emateko babestokiak).

XX. mendearen bigarren erdian abeltzaintza tradizionalak nozitu krisiak eta nekazaritza bertan behera uzteak (saroiek jasan izan dituzten gehiegikeria eta eraso ugariez gainera) horien gainbehera azkartu egin dute: egun, altxor horren iraupena ez ezik, bide horiekin loturiko ondare etnografiko, historiko eta kulturalarena ere arrisku gorrian dago.

Abelbide nagusiak:

  • Errege abelbide Zilarrezko edo Vizana (500 kilometro)
  • Errege abelbide Leon Mendebaldekoa (700 kilometro)
  • Errege abelbide Leon Ekialdekoa (700 kilometro)
  • Errege abelbide Segoviakoa (500 kilometro)
  • Errege abelbide Cuencakoa (350 kilometro)
  • Errege abelbide Valentziakoa (250 kilometro)
  • Errege abelbide Galianoa (400 kilometro)
  • Errege abelbide Soria Ekialdekoa (800 kilometro)
  • Errege abelbide Soria Mendebaldekoa (700 kilometro)

Hiru abelbide sistema nagusi daude

Erdialde edo Segoviakoa, Mendebalde edo Leongoa eta Ekialde edo Mantxakoa. Segoviarrari andaluz eta soriarra ere esaten zaio. Aurreneko biak egungo Madrilgo Erkidegoaren (berau baita abere dentsitate handieneko herrialdeetako bat, Sistema Zentraletik hegoaldera estrategikoki kokaturik baitatza) lurretan dezente sartzen dira. Bertan biek dituzte garrantzi handiko tarteak, Sistema Zentrala gainditu behar baitute pasabide naturaletan barrena

Lege kontuak

Abelbideen erregimen juridikoak horien izaera publikoa aintzat hartzen du eta sistemaren osotasuna Europa guztian bakarra izateaz gainera, berebiziko interesa duen herentzia historikoa dela dio. Autonomi erkidegoek horrelako abelbideetan taxuzko jarduerak burutu behar dituztela xedatua du egungo legeriak, hurrengo helburuak erdiesteko:

  • Abelbideen erabilera arautzea, estatuko oinarrizko arautegiaren arabera.
  • Abelbideen osotasunaren mesedetara begirako ahalmen administratiboak agindutakoa betearaztea. Bide horiek erabilera publikoa izan dezaten bermatzea, bai ganadua bertatik igarotzeko, baita -legeztatzen direnean- bestelako erabilera elkargarri edo osagarriak praktikan jartzeko ere.
  • Abelbideen eta beroriei loturiko ingurune-elementu baliotsuen behar bezalako kontserbazioa bermatzea.

Abelbideetan debekatuta dauden jarduerak:

  • Ehiza, era guztietakoa
  • Publizitatea
  • Harkaitz, legar edo bestelako aleak ateratzea
  • Era guztietako hondakinak bertara ekartzea
  • Bidearen izaera eralda dezakeen asfaltatua edo beste zeinahi prozedura.
  • Motorretan, 4X4 motako ibilgailuetan eta motordun zeinahi ibilgailutan ibiltzea.
  • Baimendu gabeko okupazio eta instalazioak.

Ingurune alorreko erasoak

  • Abelbideak, aldameneko nekazarien laborantzen erasoa nozitzen dute: laborari horiek zedarriak lekuz aldatu eta bideetan sartzen dira, are fruta arbola eta mahatsondoak bide barnean iraunkorki ezarriz ere.
  • Hiriguneetatik gertueneko abelbide-tarteek hirigintzaren erasoa pairatu dute. Onen-onenean igarotzeko alternatibak taxutzen diren arren, bigarren aukera hauek ezin erabilizkoak izaten dira.
  • Abelbide-tarte askoren gainetik alternatibarik eman gabe bide azpiegiturak (saihesbideak, zeharbideak) ezartzeak artaldeei ezin gaindituzko oztopoak sortarazi dizkie.
  • Abelbideetan hondakinen (zabor, harri, zarama eta inork bere lurretan nahi ez dituen zakarren) isurketa kontrolatu gabeak egitea bide horiek baliatzea eragotzi eta berriro erabiltzeko gauza bihurtzea galarazten du.
  • Baserri giroko garapenerako proiektu zenbaitek abelbideen neurriak hein handi batean aldatzea (edo fisikoki desagertzea) ondorioztatzen dute: ureztatzekoak jartzea, lursailak birsailkatzea, baso berritzeak, larreak sortzea, etab.
  • Erakunde lokal askoren zabarkeria, antzinako katastroen eguneratzeaz agerturiko arduragabekeriak eta hirigintza planeamenduetan abelbideen sarea sartzeak bide horiek mantentzea oztopatzen du.
Nola egokitu XXI. mendeari?
  • Gune berdeak: herrietatik inguruko abelbideek okupatzen duten lurzoru publikoan aisialdirako berdeguneak eta arboladun pasealekuak egokitu daitezke: hauek, korridore biologiko diren aldetik, hirigunea eta baserri munduaren arteko kontaktu naturala ugaltzea erraztuko dute.
  • Baserri giroko turismoa, turismo kulturala: abelbideak benetako ibilbide kulturalak dira, herri eta paisaien arteko lotura egiten dute, bertatik ibiliz Espainiako kontrasteen aniztasuna atzeman daiteke. Horiez gainera, eskolek naturaren baitako ikasgelatzat eta goraka datorren landa-turismoaren euskailu gisa ere aprobetxa daitezke.
  • Jolasguneak: abelbidea oinez, bizikletan edo zaldi gainean egitea denon eskura dagoen abentura da. Adiera horretan, mendi federazioak abelbideen seinaleztapen eta hornikuntza egin dadin sustatzen ari dira, ibilbide labur edo luzeko oinarrizko sarea osa dadin.