Brontzeatze artifizialeko establezimenduak

Solariumak: arautzeko legea urratzen dute

Espainia osoan bisitatu diren establezimendu guztien %8k bakarrik gainditu dute indarrean dagoen arautegian oinarritutako azterketa hau
1 apirila de 2004
Img temap 185

Solariumak: arautzeko legea urratzen dute

“Eguzki artifiziala” errentagarritasun handiko negozio bilakatu da. Espainiarren %20k hartu zituen UVA izpiak 2002. urtean (%26, emakumeei dagokienez), sektore horrek eginiko azterketa baten arabera. Horrelako aparatuen erabiltzaile ohikoenen batez besteko adina 20 – 30 urte inguru da, eta gehienek UVA izpietara batik bat udaberrian jotzen badute ere, zortzi erabiltzailetik batek aitortzen du izpi artifizial horiek urte osoan hartzen dituela. Dagoeneko ez da egun ile apaindegi, estetika zentro eta edertasun salarik UVA izpietarako kabinarik gabe; horiez gainera, Espainia osoan berariazko makina bat kate eta frankizia finkatu dira. Nolanahi ere, badirudi kontsumitzaileak ez dituela ezagun oraindik brontzeatzeak izan ditzakeen eragin kaltegarriak (eguzkikoak zein artifizialak). Ba omen daki ez dela on-ona larruazalaren osasunarentzat baina, seguruenik, eguzki izpi eta UVA izpien saio jarraituek nolako ondorioak izan ditzaketen kontu ezezaguna du. Zelulen ADNren alterazioekin, erreakzio fotoalergiko eta fototoxikoekin, larruazalaren zahartze goiztiarrarekin eta, are eta larriago, larruazaleko minbiziarekin zerikusia dute UVA izpiek. Espainian azken urteotan melanoma kasuak batetik hirura joan dira (izpi ultramoreetara okerreko esposizioa egitearren sortzen den larruazaleko minbizia).

Eguzki izpi edo UVA izpietarako esposizioak ahalik eta zuhurtzia eta handienaz eta kontrolik zorrotzenaz egin behar dira. Dermatologoen iritziz, urtean UVA aparatuan 20-30 saiotik gora egitea arriskutsua da, larruazal sentsibleentzat batez ere: azalaren biguntasuna, zahartze goiztiarra, erredurak, orbanak, zimurrak eta, okerrenean, melanoma edo bestelako minbizi bat ondoriozta dezakete, autodefentsa-sistemen baliabideak agortuz gero.

Estatu Batuetan hainbat ikerkuntza zientifiko egin ondoren, American Medical Association elkarteak UVA izpien lanparen erabilera debekatzea gomendatu du; Espainian ere sendagileek geroz eta ohartarazpen gehiago, maizago eta zorrotzagoak egiten dituzte, adiera horretan. UVA izpien aldekoek, aldiz, larruazalak nahi dugun tonu beltzarana erdiesteko metodo azkar, eroso eta kontrolatua dela eta hainbat patologiaren kontra eraginkorrak direla diote: aknea, psoriasia edota osteoporosiaren aurka, adibidez. Dena den, horrelako mesedeak dermatologoek auzitan jartzen dituzte, geroz eta argudio zientifiko sendoagoekin.

Osasunaren mesedetarako...?

Makina horietako filtroek B motako erradiazio ultramoreak (larruazalarentzat arriskutsuenak) suntsitzen dituztela eta A motakoak (brontzeatzen dutenak) iragaten uzten dituztela egia da; baina UVB izpiak arrisku handiagokoak badira ere, UVA izpiek ere badute arriskurik: larruazaleko zuntz elastikoetan dute eragina eta asko hartzen direnean epe luzera azalaren zahartzea eta minbizi-aurreko lesioak sortarazten dituzte. Beste aldetik, urteen poderioz (edo matxurarik izaten badute, edo behar bezalako mantenua egiten ez bazaie), makina horietako filtro babesleen eraginkortasuna ahulduz doa eta gure osasunarentzat biziki kaltegarriak diren UVB horiek geroz eta gehiago emitituko dituzte.

Melanoma (larruazaleko minbizi mota bat) da mundu zabaleko populazioan gehien ugaltzen ari den tumorea. Adituen ustez, melanomaren diagnostikoen ugaltze hori, geroz eta pertsona gehiagok eguzkitan edo brontzeatzeko makinen UVA izpietan denbora asko ematearen ondorio da.

Jabetze sozial eskas horren arrazoietako bat, izpi ultramoreek eragiten dituzten kalteak brontzeatze saioan bertan agertu ordez, epe luzera nozitzen direla izan liteke. Dena den, larruazalaren une jakin bateko ezaugarriak aldatu egin daitezke, bizitza osoan pairatu dituen erasoaldien munta eta kopuruaren arabera, erradiazio ultramoreen eragina metagarria baita, izaeraz.

Joan den martxoan CONSUMER-eko teknikariek, bezero plantak eginez, erabilera publikorako brontzeatze kabinak dituzten 130 establezimendu bisitatu zituzten, bi helburu erdiesteko: batetik, erabiltzaileari eskaintzen zaion zerbitzuaren kalitatea ezagutzea eta, bestetik, indarrean dagoen arautegia erabat betetzen duten egiaztatzea. Madrilen hamar establezimendu bisitatu zituzten teknikoek; beste horrenbeste hurrengo hirietako bakoitzean: Bartzelona, Valentzia, Bilbo, Malaga, Coruña, Donostia, Gasteiz, Iruñea, Murtzia, Cadiz, Alacant eta Logroñon.

Aztertu ziren establezimenduak hauek izan ziren: brontzeatzeko berariazko 39 areto, 54 estetika zentro, 8 gimnasio eta brontzeatzeko aparatua duten 29 ile apaindegi.

Ikerlan honetatik atera dugun lehendabiziko ondorioa hau da: solariumen jarduera arautzen duen legea (1002/2002 Errege Dekretua) 2003ko urtarrilaz geroztik indarrean dagoen arren, brontzeatze artifiziala eskaintzen duten zentro horietako gehien-gehienek ez dituzte zuzendu Administrazio espainiarrari berariazko legeria hori sortarazi dioten praktikak.

Sektorean nagusi den profesionaltasun eskasa, UVA izpiek sortarazten dituzten kalte eta arriskuez behar bezain ongi jabetu erabiltzaileak jabetu ez izana eta indarrean aresti sartu den araua betetzen ari den ez kontrolatzea egungo egoera irregularra ulertzeko egiazko aitzakiak dira: egoera kezkagarria da, dudarik gabe, erabiltzaileen osasuna ondore larriak paira ditzakeelako epe luzera.
Herritarren osasuna kalte dezakeen eta estetika pertsonalarekin lotua dagoen modako fenomenoa topatu dugu bidean, ostera ere: argaltasuna kosta ahala kosta, piercing eta tatuajeak, etc.
Erradiazio ultramoreen bidez larruazala brontzeatzeko aparatuen salmenta eta erabilera arautzen du legeak, UVA izpiak hartzearen eragin kaltegarriak gogoratzen ditu eta brontzeatze zentroei hainbat obligazio betearazten dizkie: irradiazioaren intentsitatea mugatzea, horrelako izpietara egotearen ondorioez bezeroei informazioa ematea, zentro horietako enplegatuei lanbidezko berariazko prestakuntza hartzea eta autonomi erkidegoko agintariei brontzeatzeko aparatuei aldizkako mantenua eginarazten die.

CONSUMER-ek eginiko ikerlanak agertu dituen datuak erabatekoak dira: azterturiko zentroetatik %7,7k (130etatik 10ek bakarrik) gainditu dute proba; gainerako %92,3k (120 zentro, guztira), ez. Horiek ez ezik, establezimenduen %67k (87 zentro) nota orokorra “oso gaizki” atera du.

Egoera on samarreko hiriak Bartzelona (azterturiko 10 zentroetatik lauk gainditu dute proba) eta Malaga (bi zentrok) dira. Ondotik Cadiz, Madril, Valentzia eta Murtzia datozkie (azterketa zentro bakar batek gainditu du hiri bakoitzean). Gainontzeko hirietan -13tatik zazpitan, alegia- CONSUMER-ek bisitatu dituen zentro guzti-guztiek “gutxiegi” kalifikazioa atera dute.

Derrigor eman beharreko informaziorik ez

Nahitaez jakinarazi behar den informazioa (bai kartelen bitartez azaltzekoa, bai establezimenduetako pertsonalak hitzez eman behar duena) ez agertzea da “gutxiegi” kalifikazio jeneralizatuaren arrazoi behinena. Bezeroari ematen zaion aholkularitza (horrelakorik ematen denean, noski) eskas-eskasa da beti.

UVA izpiak hartzeak osasunarentzat izan ditzakeen arriskuak eta brontzeatze saioan hasi aurretik hartu beharreko neurriak jasotzen dituen agiria (nahitaez entregatu beharrekoa, arautegiaren arabera) lau establezimendutatik batean bakarrik entregatzen zaio erabiltzaileari. Bestetik, establezimenduen %82k funtsezko prebentziozko protokoloa (erabiltzailearen larruazalaren fototipoaren egiaztapena, alegia) oker bete zuen. Zentro gehienetan sakontasun eta profesionaltasun gutxiegiz egiten da: ez zaio galdetzen bezeroari nolako larruazala daukan, nolako arazoak izan dituen; haren aurpegiari so egin eta berehala brontzeatzeko kabinan sartzen dute enplegatuek.
Arautegiak berariaz debekatzen du UVA izpiak hartzeagatik osasunarentzat eragin mesedegarriak (sendatze edo prebentziozkoak) aipatzea baina bisitatu diren establezimenduen %18k urratu egiten dute legea, UVA izpiek horrelako eragin onuragarriak dituztela iragartzen baitute bertako karteletan.

Irregulartasuna nagusi

Establezimenduen %16tan, begiak babesteko betaurreko edo bestelakorik gabe kabinan sartzeko baimena eman zitzaien aldizkari honetako teknikariei, erabiltzailearen begiak egokiro ez babesteak ondorio larriak ekar ditzakeela jakin arren. Jokaera zuzena, bezeroari gailu itsasgarriak edo betaurrekoak doan ematea izango zen: baina horrela establezimenduen %74tan bakarrik egin zen.

Hona beste praktika okerren bat: bisitaturiko lau zentrotatik batean brontzeatzea azkartzeko kremen erabilera baimendua dago eta 130 horietatik erdietan ez zaio jakinarazten -ez ahoz, ez idatziz- bezeroari egun berean ez zaiola komeni brontzeatze saioa egin eta eguzkitan jartzea. Jende aurrean agerturiko informazioa, berriz, oker eta eskasa da: establezimenduetako askok eta askok indarreko arautegia urratu egiten du: zentro horien %58k ez du agerian 18 urtez beherakoei brontzeatu saioa egiteko debekapena jasotzen duen legezko kartela.

Establezimenduen ia erdietan ez zen ikusi larruazalen fototipoak eta horietako bakoitzari gehienez ere komeni zaion esposizio-denbora luzeena jasotzen dituen derrigorrezko kartela. Hirutik batek, gainera, UVA izpiak hartzeak dituen arriskuen (larruazalaren zahartze goiztiarra, begietan kalteak, azaleko tumoreak) berri ematen duen derrigorrezko kartela ere ez dauka.

Era berean, legez jarri beharreko beste kartel bat ere ez zen ikusi sei zentrotatik batean: izpi ultramoreen saioan hasi aurretik erabiltzaileak hartu behar dituen neurriak (botikak hartzen ari bada, haurdun baldin badago edo orin nahiz tita asko badauzka, kabinan ez sartzea) jasotzen dituena. Bestetik, establezimenduen %80tan ez zitzaion galdetu bezeroari azaleko minbiziaren aurrekinik familian ba ote zuen; jakina denez, horrelakoetan bezeroari UVA izpien saioa egin ez dezan gomendatu ohi zaio.
Brontzeatzeko makinetan lehen eta bigarren saioen artean 48 ordu igaro beharra xedatzen du legeak baina CONSUMER-ek bisitatu dituen establezimenduen %16k onartzen dio bezeroari solariumean bi saio elkarren segidan egitea. Teknikariek establezimenduetan sartzean, bertako enplegatuei esan zieten huraxe zutela aurreneko brontzeatzea eta, hortaz, bi saio, bata bestearen jarraian, egin nahi zituztela.

Legez eskatzen den titulurik gabeko profesionalak

Solarium horietako enplegatuen titulazioan ere gabezia larriak hauteman ziren. Legeak berariazko prestakuntza ikastaroa egitea agintzen dien arren, bisitatu diren establezimenduen %58tan aldizkari honetako teknikariei (gogoan izan bezero gisa jardun zutela, bere burua ezagutzera emateke) esan zitzaien lanpostu horretan sartzeko brontzeatzeko aparatuez titulaziorik eskuratu edo ikastarorik ez zutela zertan egin, horrelakorik agindu ez zitzaien eta.

Brontzeatzeko makinen mantenua eta egoera ere ez da zuzen-zuzena kasu guztietan: hamar kabinatatik seik erabiltzeko argibideak ez dituzte toki ikusgarrian erakusten eta kasu guztien %72tan, aparatuek gainditu beharreko ikuskapen eta hartu beharreko mantenuari dagozkion dokumentuak ez daude agerian.
Brontzeatzeko kabinetan ere gabezia latzak atzeman ziren: kabinen %35ek ez ditu aireztapena erregulatzeko aginteak eta %32k ez du behar bezain aldagela zabala.

Higieneaz ari garela, kabinen %28k ez du paperontzirik eta establezimenduen %34tan bezeroari ez zitzaizkion entregatu makillajea kentzeko zapiak (oinarrizko aholkuetako bat, brontzeatzeko kabinan sartu aurretik, makillajea kentzea den arren).

Bestetik, kasuen %59tan erabiltzaileari ez zitzaion eman erabilera bakarreko paper, plastiko edo zerritxo bat, erabiltzailearen gorputzak brontzeatzeko makinaren azalera zuzenean uki ez zezan.

Prezioetan alde handiak

UVA izpien saioaren batez besteko prezioa 5 euro da, aztertu diren 130 establezimenduetan. Denetan hiririk garestiena Donostia da (batez beste, 6,8 euro saioko), ondotik Cadiz, Murtzia eta Alacant datozkiola (5,9 eta 6,1 euro bitarteko prezioa, saioko). Batez besteko horren gainetik zebiltzan Madril (5,5 euro saioko), Malaga (5,4 euro) eta Bartzelonako zentroak ere (5,2). Hiri merkeena Coruña da: saioaren batez besteko saioa 3,4 euro kostatzen da. Ondoren Valentzia (3,6 euro) eta Logroño (3,8 euro) datoz. Batez besteko espainiarraren azpitik dabiltza Iruñea (4,2 euro saioko), Gasteiz (4,3 euro) eta Bilbo (4,6 euro). Dena den, prezio batetik besterako alde handi horiek baino nabarmenagoa da egiaztapen hau: prezioen zerrendak hamar solariumetatik lautan bakarrik zeuden jende aurrean agerian.

UVA izpien eragin mesedegarriak iragartzea, debekaturik

Legeak berariaz debekatzen du UVA izpiak hartzeagatik osasunarentzat eragin mesedegarriak (sendatze edo prebentziozkoak) lor daitezkeela aipatzea brontzeatze zentroetan.

Solarium horiek ez dauzkate azaleko gaitzak tratatzeko eguzki pantailak, bertako makinak teknologikoki ez baitira gauza erabiltzaile bakoitzari komeni zaizkion erradiazioak emititzeko eta neurtzeko. Oinarri-oinarrizko lanparak dira eta erradiazioak era irregularrean igortzen dituzte, funtzionamenduan zenbat eta denbora gehiago eman, orduan eta gorabehera handiagoekin.

Ospitaletako makinek, ordea, larruazalaren gaitzak tratatzeko balio dute erradiazio dosiak eta denbora neurtu ez ezik, lanparen emisioen gorabeherak ere doi-doi kontrolatzen dituztelako. Atal honetan ere bost establezimendutatik batek araua urratzen du, UVA izpien erabilerari bertuteak aitortzen dizkiolako: “antsietatea arintzen du”, “akne arazoak konpontzen laguntzen du”, “kolesterola eraisten du”, “odoleko oxigeno fluxua errazten du”, “libidoa areagotzen du”, “onura psikologikoak eragiten ditu”, “hezueria hobetzen du”, etc.

UVA izpiak hartu aurretik, brontzeatzeko kremarik ez

Profesionalak bezeroari ohartarazi behar dio argi eta garbi brontzeatzea azkartzen duten produktuen erabiltzea ez dela gomendatzeko modukoa UVA izpiak hartu aurretik, larruazalean kalte eragin dezaketen substantzia fotosentsibilizatzaileak eduki ditzakeelako produktu horrek.

2003ko arazoaz geroztik Euskadiko Autonomi Erkidegoan indarrean dagoen arauteriak xedatua du: “Beltzarantze zentroek brontzeatze prozesua azkartzeko inolako produktu kimiko, dermatologiko nahiz kosmetikorik ezin entrega diezaiokete erabiltzaileari”. Egoera, ordea, arras bestelakoa da: bisitatu diren establezimenduen %24tan brontzeatzea azkartzeko kremak (inongo eguzki-filtrorik gabeak, denak ere) erabil zitzaten aukera eskaini zitzaion erabiltzaileari.

Izpi ultramoreak: motak

UVA izpiak: larruazalean sakon sartzen dira eta lesio larriak eragin ditzakete. Brontzeatzeak eragiten duen kolorearen eragile dira eta, erre edo kiskali egiten ez duten arren, epe luzera azalean UVB izpiek baino kalte larriagoak ondorioztatzen dituzte. Larruazala UVA izpien erradiazioen bitartez beltzaran bilakatuz doa, izpi horiek zelulei melanina (azala beltzaran agerrarazten duen pigmentu naturala) ekoitzi arazten dietelako.

UVB izpiak: eguzki eritema edo erredura eragiten dute. Larruazalaren gainaldeko geruza (epidermisa) kaltetzen dute izpi hauek eta oso litekeena da haren eragin kaltegarria begiek ere nozitzea. Epe luzera, jakina, eragin metagarria dute.

UVC izpiak: denetan erasotzaileenak izaki, ozonozko geruza ez dute zeharkatzen, atmosferak xurgatu eta hantxe geratzen direlarik, atxikirik. Dena den, horrelako izpiak iturri artifizialek ere emititzen dituzte: lanpara germizidek, esate baterako.

Jakin beharrekoa eta konparaketako taula

Brontzeatzeko saioaren aurretik

  • Solariumera estreinakoz goazela gure larruazalaren fototipoa zein den eta UVA izpiak luzaro hartzea onartuko duen jakin behar dugu: nolako arriskuak izan ditzakegun informazioa jasotzea komeni zaigu, hitz batez. Era berean, brontzeatze saioa egokiro bete dezagun komenigarria da establezimenduko pertsonalaren argibideak zehatz-mehatz aditzea.
  • UVA izpiak hartuko ditugun establezimenduan informazioa orritxo batean eta itxaron gelako karteletan irakurriko dugu eta, gainera, establezimenduko pertsonalak (behar bezalako tituluaz jantzita) bidezko aholkuak emango dizkigu.
  • Brontzeatze saioan hasi aurretik, geure larruazala sakon-sakon garbitu behar dugu zeinahi produktu kosmetiko (perfume eta makillajeak, gehienbat) bertatik ezabatzeko. Era berean, lentilla, bitxi eta metalezko objekturik gabe sartuko gara kabinan.
  • Ez erabili eguzki izpietatik babesteko kremarik, ezta brontzeatzea azkartzeko produkturik ere: baliteke-eta substantzia fotosentsibilizatzaileak edukitzea.
  • UV izpiekiko larruazalaren sentsibilitatea areagotzen duten botika edo substantziak hartzen ari garen bitartean ez zaigu komeni UVA izpiak hartzea, hipersentsibilitate motako erreakzioak ager daitezkeelako.
  • Haurdun dauden emakumeek ez dituzte UVA izpiak hartu behar.
  • Kontuan izan gure azal motarentzat egokia den saioaren iraupena, ez egin saio luzeagorik; ez egin saiorik aurrekotik 48 orduko igaro ez badira.
  • Egun berean ez egin bi saio: eguzkitan eta UVA izpiak hartzea, alegia. Aurreneko saiotik bigarrenera 48 ordu igarotzea komeni da.
  • Depilazioa edo geruza korneoaren desfoliazioa egin ondorengo 24 orduetan ez jarri eguzkitan.
  • Saioa amaitu ondoren, aplikatu krema hidratatzailea UVA edo eguzki izpiek jasotako alderdi eta atal guztietan.
  • Ez jarri alderdi genitalak UVA izpien eraginpean.
  • Erabili beti betaurrekoak edo honelako erabileretarako homologatuak dauden gailu itsasgarriak, begietan lausoa, konjuntibitisak edo hanturarik ez nozitzeko. Betazala ez dugu erradiazioaren kontrako erabateko babesa. Lentillak erabiltzen badituzu, kendu saioan hasi baino lehenago.
  • Estali edo babes ezazu ile tindatu edo koloregabetua.
  • Solariumen erabilera debekatua dute 18 urtetik beherakoek.

Brontzeatzeko saioan

  • Ez kendu inola ere betaurreko babesleak.
  • Basodilatazioaren eraginez, brontzeatze saioan larruazala gorritzen bada, baliteke horren zergatia eritema termikoa izatea. Horrelakoetan utzi gorputza hozten, erradiazio denbora laburtu eta ez egin izerditan.

Brontzeatzearen ostean

  • Hidratatu larruazala, eskuzabal.
  • Azala gorri eta tenkatuta agertzen bada, hobe da hurrengo saioa 48 ordu igaro baino lehenago ez hartzea.
  • Egun horretan ez jarri eguzkitan.
  • Larruazalean babak, zauriak edo gorriuneak agertzen badira, jo dezagun sendagile dermatologoarengana.