Ugalduz datorren gaitz profesionala
Eskuturretik igarotzean nerbio ertaina zapaldua gertatzearen ondoriozko sintoma multzo bat da karpo tunelaren sindromea (KTS). Nerbio horrek hezur eta lotailuez osaturiko tunel estu bat zeharkatzean, hainbatetan nerbioa hertsatu eta zapaldu egin daiteke. Eskuaren parte baten sentsibilitatea eta mugikortasuna nerbio horren ardurakoak direnez, sintomak (funtsez, sentsibilitatearen alterazioak) berehala azaltzen dira bertara.
KTS gaitz profesionaltzat jo daiteke: egun egiten ditugun lan motak (erritmo handiz eta geldiune gutxi eginez, produkzio ugaria atera behar omen da eta) direla medio, sindrome horren intzidentzia ugalduz doa. Ergonomiatik gutxi edo bat ere ez duten teklatu eta ordenagailuen biderkapena ere gaitzaren agerpenaren lagungarri gertatu omen da, lanagatik edo aisiagatik horien aurrean ordu dezente ematen baititugu, eskuarki. Nolanahi ere, ordenagailuak eta KTS gaitzaren arteko lotura ez da oso-oso zehatza: Mayo klinikak 2001 urtean eginiko ikerlanak ez zuen aurkitu konputagailuen erabilera eta KTS garatzeko arriskuaren arteko erlazio ikusgarririk.
Zergatik gertatzen da KTS?
Gaitz horren agerpenean faktore askok izan dezakete eragina:
- Errepikatutako mugimenduak. Hainbat lanbidetan ohiko kontua da KTS, batez ere zama astunak eraman, behartutako posturetan jardun edota indar egiten duten langileen artean, teklatu edo konputagailuak baliatzen dituzten pertsona, arotz, dendetako kutxazain, bilduma egile, muntai lanean diharduten eta antzekoetan, gehienbat. Eskuturrekin indarrez aritzen ohi direnen gaitza ere bada hau: biolinista, golfari, arraunlari eta antzekoena.
- Dardarizoz dabiltzan esku-tresneria etengabe maneiatzea.
- Hezurren edo junturen gaixotasun batzuk, hala nola artritisa, artritis erreumatoidea edo osteoartritisa, kanala estutzearen ondorioz nerbioa zanpatzen dutelako.
- Eskuturreko lesio batzuek ere (haustura edota, zaintiratua, adibidez) ondorio bera izaten dute.
- Aldaketa hormonalak: desoreka tiroideoak (hipotiroidismoa), menopausia, haurdunaldiaren bukaerako asteetakoa eta II motako diabetesa.
- Badirudi jaiotzetiko jarrera agertzen dutela pertsona batzuek, beste batzuek baino estuago daukatelako karpo tunela.
- KTS nozitzeko aukera gehiago ditu (hiru halako) emakumeak gizonezkoak baino, tunela berez estuagoa daukalako, agian.
Nola diagnostikatu KTS?
Diagnostiko goiztiarra egiteak berebiziko garrantzia du KTS gaitzaren prozesua geldiarazi eta nerbio ertainaren balizko lesio atzeraezinei saihets egiteko. Funtsezkoa da, hortaz, goien aipatu sindromerik agertzen bada sendagilearengana jotzea. Pazientea arakatzen duen sendagilea lagunduko dute zenbait ariketak: besoa luzaturik, eskuturra beherantz okertu eta tolestatu behar da minutu batez. Posizio horretan sintomak berriro ager daitezke: eskuturraren aurreko erdialdean jotzean, hatzetan karranpak (deskarga elektrikoaren antzeko sentsazioak) eragiten dira.
Baieztapen diagnostikoa, ordea, proba elektrofisiologikoen bidez egin ohi da. Nerbioaren kondukzioa aztertzen da, elektrizitatea eroateko abiadura erregistratzen duten elektrodoak eskuan eta hatzetan ipiniz. Arazoaren larritasuna ezagutzeko, nerbioaren zanpaketaren larritasuna zehazteko eta sentsibilitateko zuntzak edo motoreak ere eraginik dauden jakiteko ere balio du proba horrek.
Konponbiderik ba ote?
Gaitza diagnostikaturik, tratamenduari lehenbailehen ekin behar zaio. Oinarrizko lesiorik baldin badago, bera sortarazten duen zergatia tratatu behar da baina, nolanahi ere, sintomek okerragora egitea galaraz dezaketen jarduera edo ariketarik egin gabe pare bat aste atsedenean eman beharra dago beti. Ferula baten bitartez eskuturra mugiezin utzi egiten da batzuetan. Arazo larririk ez denean, toki horretan hotza aplikatzeak mina arin dezake maiz.
Hasiera batean, esteroiderik ez daukaten antiinflamatorioak (AINE, hala nola ibuprofeno edo diklofenakoa) aplikatuz edo eraginiko alderdietan antiinflamatorio esteroideoak (kortikosteroideak) infiltratuz ekin dakioke sendabideari- Karpo tunelaren deskonpresioa helburu, kirurgia da sintomek (tratamendu farmakologikoen aurrean erantzunik agertu ez denean) sei hilabetez iraun duten kasuetan aplikatu beharreko tratamendu egokia.
Akupuntura eta tratamendu kiropraktikoak mesedegarri gerta daitezke baina teknika horien benetako eraginkortasuna ez da frogatu oraino. Mina arintzea dela eta, badirudi yoga eraginkorra dela.
Ebakuntza aski soila da: tuneleko sabai gisako den karpo-lotailua ebakitzen da, kanala zabaltzeko. Pazientea ospitaleratu gabe eta anestesia lokala bakarrik aplikatuz egin ohi da. Eriondokoa hainbat astetan luza daiteke, nerbioaren konpresioaren ondoriozko mina berehala desagertu bada ere, ebakia egin den alderdian nolabaiteko zurrundura eta mina ager daitezkeelako. Horrenbestez, ebakuntza egin ostean fisioterapia egin behar izaten da gehienetan, eskuturreko indarra eta mugikortasuna erabat berreskuratzeko.
Ebakuntza jasan duten paziente gehien-gehienek erabateko errekuperazioa erdietsi dute; gaitza berriro agertzea, aldiz, salbuespena baizik ez da.
Zer egin gaitza prebenitzeko?
Lan alorrean, goian aipatutako arrisku-faktoreak nozitzen dituztenen kasuan, eskuturreko loturak erabiltzea, lanean etenaldiak egitea, hatz eta esku luzamendu-ariketak egitea eta lanak txandakatuz aritzea da aholkatzen dena. Ahal izanez gero, arrisku faktore horiei itzurtzeko, ergonomian espezializaturiko programen bitartez lanean jarduteko era eta lanabesak ostera diseinatu beharko lirateke.
Nerbio ertainak (beste guztiek bezala) daukan mielinazko bildukiaren azpitik igarotzen dira sentimeneko zuntzak eta erdialdetik zuntz motoreak. Horregatik, hastapenetan, nerbioaren azal-azaleko partea zanpatzen denean sentsibilitate alorreko sintomak agertzen dira eta, konpresioak iraun eta gogorrago bihurtzen bada, zuntz motoreak eragiten direnez, mugikortasuneko trastornoak azalduko dira. Nerbio ertainak hatz potoloa, erakuslea, erdikoa eta nagia inerbatzen dituenez, sintomak hatz horietan bakarrik hautemango dira. Intentsitate eta agertzeko moduari dagokionez, sintomak pertsona batetik bestera aldatzen badira ere ia-ia beti hurrengo hauek izaten dira:
- Hatz horretan inurridura sentitzea, potoloan eta erakuslean batik bat.
- Alderdi hori lokarturik, “kortxozko bihurturik”, hanpaturik dagoela sentitzea.
- Esku bat edo biekin gauzei heltzeko eta eskua indarrez ixteko zailtasunak.
- Hatzak ahuldu eta eskuan indarra galdu izanaren sentsazioa.
- Eskuturrean, esku ahurrean eta, zenbaitetan, besaurrean mina: harik eta biziagoa gauzak hartzean, eskuturra okertzean eta, maiz, gauean; batzuetan pazientea esnatu egiten da gauez, eskua astintzeko premiak behartuta.
Sintomak pixkanaka agertzen dira eskuarki. Lehendabizi sentsibilitatearen alterazioak nozitzen dira, ondoren karranpak eta geroago ahuldadea eta indar galera. Gaitzak aurrera egin eta konponbiderik hartu ez bada, hatz potoloaren mamiko muskuluak atrofiatu egin daitezke. Esku batean zein bietan ager daiteke karpo tunelaren sindromea.