Odol-analisia: nola dezifratu?

Nahasmenduak sor ditzake azterketa baten emaitza interpretatzeak, zenbait alderdiren balioak pertsona bakoitzaren araberakoak izaten dira eta
1 iraila de 2012
Img salud 2 listado 209

Odol-analisia: nola dezifratu?

Paperari begira jarri, eta hitz askorik ageri ez bada ere, bakan batzuk baino ez dituzte ezagutzen herritarrik gehienek. Glukosa, kolesterola eta gutxi gehiago. Odol-analisien emaitzetan hainbat termino agertzen dira, ulertzeko eta interpretatzeko zailak gertatzen zaizkigunak. Eragozpen hori aski ez balitz bezala, laborategi bakoitzak, gainera, bere erara adierazten ditu normaltasun-balioen emaitzak, irizpideak ez dira-eta berdinak batzuetan eta besteetan. Dena den, norbera ondorioak ateratzen hastea ez da batere zuhurra, eta analisiak medikuarekin aztertu behar dira; hark argituko dizkigu atal eta alderdi guztiak, ulertzen ditugunak eta ez ditugunak. Guk, argibide batzuk emateko helburuz, analisiek zer-nolako atalak izaten dituzten xehatuko dugu.

Odoleko zelulen analisia: hemograma

Honako hiru zelula multzoak ageri dira odolean: globulu gorriak, globulu zuriak eta plaketak.

Globulu gorriak: Hematieak edo eritrozitoak ere esaten zaie, eta hauxe da korpuskulu (elementu) horien zeregina: oxigenoa biriketatik organismoko zelula guztietara garraiatzea. Hemoglobina izaten du barrenean -horrek eramaten du oxigenoa-, eta odolari ere horrexek ematen dio kolore gorria.

Analisietan, globulu gorrien inguruko balio bat baino gehiago agertzen dira. Lehenik eta behin, ohikoa izaten da hematie kopurua zehaztea (metro kubiko bakoitzean zenbat milioi dauden adierazten dute); honako tarte hauetan ibiltzen dira ohiko balioak 4.300.000 eta 5.900.000/mL. Hemograman, halaber, hemoglobina ere kuantifikatzen da (12,5 eta 17gr/L artean ibili ohi da), zeina sarritan hematieekiko proportzionala izaten baita; hau da, anemia denean, apalak izaten dira bai hematie kopurua eta bai hemoglobinaren zifra. Hematokritoak, berriz, zera adierazten du: odolaren bolumen guztia aintzat hartuta, ehunetik zenbat diren hematieak, eta adierazle ona izaten da anemientzat ere. Emaitza onargarriak ez dira berdinak izaten gizonetan (% 40,7tik % 50,3 bitarte) eta emakumeetan (% 36,1etik % 44,4 bitarte).

Beste datu baliagarri batzuk ere izaten dira hemograman: Batez besteko Korpuskulu Bolumena (VCM siglak ditu gaztelaniaz, eta MCV ingelesez), zeina 78 eta 100 femtolitro (fL) artean baitabil, eta hematieen neurria adierazten du. Batez besteko Hemoglobina Korpuscularra (HCM gaztelaniaz eta MCH ingelesez), zeina 27 eta 32 pikogramo artean ibili ohi baita zelula bakoitzeko (pg/cel), eta hematie bakoitzean zenbat hemoglobina dagoen esaten du; eta Batez besteko Hemoglobina Korpuscularraren Kontzentrazioa (CHCM gaztelaniaz eta MCHC ingelesez), 32 eta 36 gm/dl-ko kopuruetan ibili ohi dena eta hematiearen bolumena eta daraman hemoglobina kopurua erlazionatzen dituena.

Globulu zuriei edo leukozitoei dagokienez, guztira zenbat dauzkagun esaten digu hemogramak (“recuento” hitzarekin adierazten dute kopuru hori, eta, normalean, hauxe izaten da balioa: 3.500 eta 11.000/mL); leukozito mota bat baino gehiago daude, eta “leukozito formula” terminoarekin ematen da horien berri (“formula leucocitaria”). Leukozitoak dira gure organismoa mikroorganismoetatik babesteko euskarri nagusiak. Leukozito kopurua handitu egiten da infekzioren bat gertatzen denean, eta zer mikroorganismok eragin duen, mota bateko edo besteko leukozitoa nagusituko da (bakterio bidezko infekzioetan, adibidez, neutrofiloak ugaritzen dira, eta birus bidezkoetan, linfozitoak eta monozitoak). Gerta daiteke leukozitoak murriztea ere, infekzio oso larrien eraginez, hezur-muineko lesioetan edo sendagairen bat hartzearen ondorioz.

Hemograman, bestalde, plaketak ere aipatzen dira (130.000 eta 450.000/mL artean), odol-koaguluak sortzen laguntzen duten elementuak, hain zuzen. Hematologia-eritasunek eta gibeleko nahasmenduek eragiten dituzte maizenik plaketa kopuruen gorabeherak.

Gibelaren eta giltzurrunen funtzioari buruzko azterketa: biokimika

  • Kreatinina: giltzurrunarekin zerikusia duten aztergaiak hiru izaten dira: urea (10 eta 40 mg/dl artean dabiltza balio normalak), kreatinina (0.6 eta 1.2 mg/dl artean) eta monograma. Kreatinina giharretako proteina bat da, odolean barrena ibiltzen dena eta gernuarekin kanporatzen dena. Giltzurrunek nola funtzionatzen duten jakiteko oso baliagarria da, kreatinina maila baita adierazlerik zehatzenetakoa. Ureak ere neurtzen du giltzurrunen funtzioa, eta hidratazio maila ere bai. Ugaritu egiten da giltzurrunetako hutsegitea gertatzen denean, deshidratazio-egoerak sortzen direnean eta gihar-masa handia duten norbanakoengan.
  • Ionograma: ura eta elektrolitoak kanporatzea da giltzurrunen funtzio nagusietakoa, eta, horrexegatik, giltzurrunen funtzioari buruzko azterketa osatzeko, ionograma egiten dute, eta horrelaxe zehazten dituzte sodio, potasio eta kloro mailak. Azken horiek, zenbaitetan, taula periodikoko ikurrekin adierazten dituzte: Na (135-146 mEq/l), K (3,5-5,0 mEq/l) eta Cl (98-106 mEq/l), hurrenez hurren.
  • Transaminasak: biokimikaren atalean, gibelaren funtzioa ere aztertzen dute. Emaitzen balioak emateko orduan, honako termino edo ikur hauek erabiltzen dituzte: GOT/ALT (0 eta 37 U/L artean dabil balio normala), GPT/AST (0 eta 41 U/L artean) eta GGT (11 eta 50 U/L artean). Horiei guztiei, dena den, transaminasak esaten zaie ohiko hizkeran. Gibeleko zelulen barrenean dauden entzimak dira. Normaletik gorako kopuruetan agertuz gero, horrek esan nahi du prozesuren bat hantura eragiten ari dela. Prozesu horiek askotarikoak izan daitezke: hepatitisa (akutua edo kronikoa) edo alkoholaren edo zenbait botikaren eragin toxikoak.

Metabolismoaren azterketa: glukosa eta kolesterola

Glukosa azukre bat da (karbohidratoa), eta horixe jotzen da zelulen energia-iturri nagusitzat. Egunean zehar aldatu egiten da glukosa maila: jan eta hurrengo bi orduetan iristen da gorenera eta baraualdi luzeen ostean egoten da apalen. Balio normalak honako tarte honetan ibili ohi dira: 70 eta 110 miligramo artean, odol dezilitro bakoitzeko (mg/dL). Diabetesa diagnostikatzeko, baraurik dagoen pertsonak bi neurralditan ibili behar du 126 mg/dL-tik gora, edo neurraldi bakarrean 200 mg/dL-tik gora, nahiz eta otordu bat egin izan.

Gluzemiaren balioak 100 mg/dL-tiko gora eta 126 mg/dL-tik behera badabiltza, glukosarekiko intolerantzia dagoela esan nahi du, eta diabetes-aurreko egoeran egon liteke pertsona hori. Kasu horietan, glukosa gainkargaren azterketa egitea gomendatzen dute: 75 gramoko glukosa-prestakin bat ematen zaio pertsona horri, eta zenbat gluzemia duen neurtzen zaio handik bi ordura. Emaitza 140 eta 199 artekoa bada, diabetesa duen seinale.

Gantzak edo lipidoak aztertzeko, kolesterolaren eta triglizeridoen mailak erabiltzen dira analisietan. Kolesterolean alderdi bat baino gehiago neurtzen dituzte: batetik, guztira zenbat kolesterol daukan pertsona batek, eta, bestetik, kolesterolaren zatietako batzuk, kolesterol “ona” (HDL) eta kolesterol txarra (LDL) esaten zaien horiek. Kolesterola ezinbestekoa da bizitzeko, zenbait hormonaren eta behazuneko azidoen aitzindaria baita. Substantzia gantzatsua denez, ez da disolbatzen odoleko uretan, eta lipoproteina baten beharra du hark garraia dezan. Lipoproteinarik ezagunenak LDLa eta HDLa dira. LDLa kolesterola ehunetara eramateaz arduratzen da, eta, beraz, kopuru handietan edukiz gero, behar baino kolesterol gehiago metatzen da arterien paretetan. HDLak, aitzitik, kendu egiten du kolesterola ehunetatik, eta horrexegatik esaten zaio kolesterol “ona”.