Txakur-jabea naiz, zeintzuk dira nire eginbeharrak?
Asko ikasten da txakurrarekin edo beste edozein animaliarekin bizitzen. Eskubidea da animalia izatea, jakina, baina ez betebeharrik gabeko eskubidea. Txakurraren behar fisikoek zein emozionalek eskatzen dituzten ardurak bere gain hartu behar ditu jabeak. Espainiako Estatuan legeak zigortu egiten du animaliari tratu txarrak ematea, hura abandonatzea edo haren ardura ez hartzea. Txakurraren ardura hartzea ezinbesteko betebeharra da jabearentzat.
Krudela izateaz gain, txakurrari tratu txarrak ematea, legearen kontrako jarduna da eta zigortuta dago Espainiako Estatuan. Zigor kodeak babestu egiten ditu etxeko animaliak, 337 artikuluan, eta delitu jotzen du haiei tratu txarrak ematea. Kartzela zigorra ere jasan dezake txakurrari min ematen dionak, hiru hilabetetik urte bete bitartekoa, gainera. Legearen arabera, animalia gaizki tratatu duen delitugileak debekatuta izan dezake urrengo hiru urteetan txakurrekin duen edozein lanbide izatea.
Txakurra kale-gorrian uzten duenik ere bada. Affinity Fundazioak egindako txostenaren arabera (etxeko animaliak abandonatzeari buruzkoa), jabeek 109.074 txakur abandonatu zituzten Espainiako Estatuan 2010an. Guardia Zibilak, gainera, tratu txarrekin lotutako 13.004 salaketa aztertu zituen eta ehun bat pertsona atxilotu edota inputatu zituzten animaliei tratu krudela emateagaik.
Hala ere, eta legeak aurreikusten dituen arren, kartzela-zigorrak ez dira batere ohikoak. Oso gutxitan doa inor espetxera animaliari tratu txarrak eman dizkiolako. Gehienetan, isunak jartzen dituzte. Erkidego Autonomoek arautzen dituzte eta desberdinak dira toki bakoitzean. Izan ere, zigor-kodea bakarra den arren Espainiako Estatu osokorako, erkidegoek badute txakurrak babesteko legedian eskumenik eta arau zein isunak nahikotxo aldatzen dira leku batetik bestera
Jabearen betebeharrak
Batez-beste, 17 bat urte bizi dira txakurrak, gehienez ere. Denbora horretan zaindu egin behar dira eta jabeak honako konpromiso hauek hartu behar ditu bere gain:
- Bizitza osoan zehar zaintzearen konpromiso etikoa.
- Txakurraren izateko moduari eta espeziari dagokion modu eta neurrian elikatzea eta klimaren aurrean babes egokia duen tokia bilatzea.
- Legea betetzea: animaliari mikrotxipa jartzea eta Udalean izena ematea.
- Gaixo dagoenean mediku-arreta egokia ematea. Txakur-jabeak animaliak txertatzeko eta bizkarroiak kentzeko kanpainen egutegia ezagutu behar du eta albaitariarekin gainbegiratu, txakurra osasuntsu egin dadin.
- Ezin dira beste hiritarrak ahaztu. Erkidegokoetako legeek zein Udaletako arauek txakurra lotuta eraman behar dela esaten dute, beste hiritarren segurtasuna zaintzea jabearen ardura delako
- Erkidego autonomo bakoitzak erabakitzen du txertate-egutegia, baita zer-nolako zigorra jartzen zaion jabeari tratu txarrak ematen baditu, animalia abandonatzen badizkio edo gaizki zainduaz gero. Isunak egon ohi dira, tokian tokikoak.
- Hiria garbi mantentzeko, jabeak animaliaren gorotzak jaso behar ditu. Egiten ez duenarentzat isunak aldatu egiten dira hiriz-hiri, baina batzuetan oso altuak izan daitezke. Madrilen, esaterako, 1.500 euro dira eta Barakaldon are altuagoak ere izan daitezke, baita 3.000 eurorainoako ere. Beste hiri batzuk bigunagoak dira jabe arduragabeekin. Alacanten, esate baterako, 200 euro ordaindu behar dira kalea zikintzeagatik. Edo hobe esanda: txakurraren zikinak ez jasotzeagatik.
- Animaliak abandonatzea legearen aurka doa eta txakurra kale gorrian uzten duen norbait ikusiaz gero salatu egin behar da. Horixe dio legeak. Horretarako Sepronarekin hitz egin daiteke, Guardia Zibilak Animalien Babeserako duen Zerbitzuarekin.
Erantzukizun falta
Tamalez, urtero entzun behar izaten da zenbait jaberen erantzukizun falta agerian uzten duen albisteren bat. Tratu txarrak batzuetan, abandonatutako animalien kasuak besteetan eta ardura falta, orohar. Izan ere, ongi pentsatu gabe erosten edo hartzen dira txakurrak askotan eta gero, ezjakintasunak, informazio faltak, edota ardura eskasak ondorioak izaten dituzte. Txakur bat edo beste hautatzerakoan ere hanka sartzen dute zenbait jabek eta modak edo estetika hutsak eraginda haien bizimoduarekin osagarria ez den txakurra aukeratzen dute.
Txakurra pozik eta bere naturak agindutakoaren arabera bizi dadin, bere jabeek haren beharrak bete behar dituzte. Hona jarraitu beharreko irizpideak.
- Laztanak, maitasuna, eta pazientzia eskeini eta animalia ulertzen saiatu.
- Bizi den bitartean zaintzeko konpromisoa hartu.
- Elikagaiak, ura eta babesa eskaini.
- Osasun arreta eskaini eta gaixo dagoenean zaindu.
- Dituen beharrizan emozionalak errespetatu.
- Laguntasuna eskaini, bakarrik sentitu ez dadin.
- Zahartzen denean zaindu eta bizi-kalitate egokia eman.
- Ez sekula abandonatu.
- Bere izaera errespetatu, den moduan.
- Azken arnasean ere, laguntza eman eta zaindu.