Proba praktikoa: Spotify ez beste hiru aukera musika entzuteko

Rdio da osatuena, Rockola.fm eta Biit.fm zerbitzuarekin arazorik gabe entzun daiteke musika eta Grooveshark da egokiena ordenagailutik erabiltzeko
1 iraila de 2012
Img internet listado 737

Proba praktikoa: Spotify ez beste hiru aukera musika entzuteko

Spotify da plataformarik ezagunenetakoa musika streaming bidez entzuteko, eta hamahiru milioi erabiltzaile ditu. Zerbitzu horren eskaintza doakoa eta mugatua da, baina baditu zenbait tarifa ere, eta horiek ordainduta, funtzio jakin batzuk erabiltzeko eta abesti-katalogo guztia eskuratzeko modua izaten du erabiltzaileak. Hainbat abantaila eskaintzen ditu, baina ez da formula perfektua. Merkatuan badira beste aukera eta proposamen batzuk ere, zenbait jenderentzat interesgarriak izan daitezkeenak. EROSKI CONSUMERek proba praktikoa egin du musika estreaming bidez entzuteko aukera ematen duten hiru zerbitzurekin, eta bakoitzaren alde onak eta ez hain onak aztertu ditu. Honako zerbitzu hauek hautatu ditugu: Grooveshark,Rockola.fm -horrekin batera datorren Biit.fm aplikazioarekin- eta Rdio.

Hauxe da onena:

  • Musikari buruzko gomendioak jasotzeko: Rdio
  • Irrati moduan erabiltzeko: Rockola.fm
  • Musika doan entzuteko: Grooveshark
  • Erabilera eta ingurune grafiko errazak dituelako: Rdio
  • Gailu eramangarrietatik eta telefonoetatik erabiltzeko: Rdio

Grooveshark

  • Onena: erraz egiten dira abesti-zerrendak, eta kalitate oneko soinua dauka.
  • Txarrena: hainbat auzi sortu zaizkio diskoetxeekin.

Grooveshark doakoa da zenbait herrialdetan, eta, horrexegatik, aukera ona da Spotifyren ordez erabiltzeko. Aukera ematen du abesti-zerrendak egiteko, lagunekin partekatzeko edo beste erabiltzaile batzuen zerrendetara sartzeko. Gainera, onartzen du musika-artxiboak igotzea, eta, era horretan, erabiltzaileak edozein lekutatik beren diskotekan sar daitezke. Musika entzuteko, ordea, Interneterako konexioa behar da, bestela ezin da. Horretaz gain, hainbat auzi izan ditu diskoetxe handiekin, eta katalogoa murriztu egin zaio azken hilabeteetan; ondorioz, kobratzen hasi dira zerbitzua erabiltzeagatik. Urte hasieran, Grooveshark-ek itxi egin behar izan zuen Alemaniako zerbitzua, egile-eskubideen elkarte batek egindako presioagatik.

Espainiako Estatuan, doan erabil daiteke zerbitzu hau (publizitatea izaten du), edo, bestela, harpidetza egin daiteke bi prezio-planetako batean. Hilean sei dolar ordainduta, “Grooveshark Plus” zerbitzua eskura daiteke: publizitaterik gabea da, eta ingurune grafikoa pertsonalizatzeko aukera batzuk eskaintzen ditu. “Grooveshark Anywhere” delakoa, berriz, hilean bederatzi dolar ordaintzen da, eta aplikazio mugikorretan erabiltzeko bitartekoak ematen ditu.

Grooveshark-ek badu web bertsio bat, HTML5en, eta edozein nabigatzailerekin erabil daiteke, bai ordenagailuetan eta bai gailu eramangarrietan. Dena den, zerbitzuaren bertsio murriztu edo sinplifikatua da: abestiak bilatzeko aukera ematen du, aurrez zehaztutako abesti-zerrendak egin daitezke (irrati-estazioen gisara), eta uneko abestirik ezagunenen zerrenda ere eskaintzen du.

Rockola.fm eta Biit.fm

  • Onena: ez da zertan eduki musikari buruzko ezagutzarik.
  • Txarrena: katalogo urria dauka beste batzuekin alderatuta.

Rockola.fm ere musika streaming bidez entzuteko zerbitzua da, doakoa, eta Rockola Media Grup enpresak eskaintzen du 2009. urteaz geroztik. Beste batzuekin alderatuta, abantaila hauxe dauka: eskaintzen duen musika zerrendatan antolatuta dator, musika-estiloen edo artisten arabera sailkatuta. Gainera, abeslari edo talde bakoitzak informazio-orri bat dauka.

Zerbitzu honetan, ordea, ezin da abesti jakin bat bilatu edo abesti-zerrenda pertsonalizatuak egin. Gainera, beste batzuek baino katalogo urriagoa dauka. Rockola.fm erabiltzeko ez da erregistratu beharrik (Grooveshark erabiltzeko ere ez), baina hobe da izena ematea, funtzio gehigarri batzuk erabiltzeko modua ematen du eta; adibidez, irrati gustukoenak gordetzeko modua.

Zerbitzuaren hasierako orrian, kolore ugariko gurpil bat ageri da, norberaren aldartearen arabera hautatzeko musika. Horretarako, sentimendu jakinei lotzen dizkie musika-estiloak. Horretaz gain, mugikorrentzako aplikazio bat ere badauka -iOS eta Androidentzat-, eta zenbait irrati entzuteko aukera eskaintzen die erabiltzaileei (musika-generoen arabera sailkatzen ditu irratiak). Abestirik gustukoenak hautatu eta Interneterako konexiorik gabe entzuteko aukera ere ematen du. Baita artistak, irratiak eta abestiak bilatu eta horiekin zerikusia duten irratietara konektatzeko ere.

Enpresa horrek telefono mugikorrentzako aplikazio bat ere sortu du -iOS, Android eta Blackberry sistema eragileekin soilik erabil daiteke-, Biit.fm izenekoa, eta irrati pertsonalizatu gisa funtzionatzen du. Hau da, hainbat estilotako eta gaitako musika-kanalak eskaintzen ditu, eta horietarako harpidetza egin dezakete erabiltzaileek. Doakoa da, baina iragarkiak tartekatzen ditu abesti batzuen eta besteen artean.

Rdio

  • Onena: ingurune grafiko erraza eta oso bisuala dauka.
  • Txarrena: ez dauka nazioartean ezagun diren zenbait artistaren abestirik.

Rdio ere musika streaming bidez entzuteko zerbitzua da, Skype eta Kazaa disinatu zituztenek sortua, eta sortzaileen hitzetan, hamabi milioi abesti baino gehiago ditu bere katalogoak. Spotifyren antzeko zerbitzua da, baina honek oso ingurune grafiko sinplifikatua eta intuitiboa dauka, eta erraz erabiltzen da. Rdio zerbitzuak zenbait tarifa eskaintzen ditu: “Rdio Web” delakoarekin, mugarik gabe entzun daiteke musika ordenagailuaren nabigatzailean, edo bestela, Windows eta Mac Os X (10.6 bertsioa edo hortik gorakoa) sistema eragileekin erabiltzekoa den aplikazio baten bitartez. Hilean 4,99 euro kostatzen da.

Ordenagailuentzako aplikazioak eskaintzen dituen funtzioen artetik, bereziki interesgarria da erabiltzaileak iTunes-era erantsi dituen abesti guztiak eskaneatzeko aukera ematen duena, eta, hortik abiatuta, gero bilduma bat sor daiteke Rdio-n, zerbitzu honetako katalogoan ageri direnekin. Erabilera-proba honetan, iTunes-eko 4.000 abesti hautatu ditugu, eta Rdio-k 426 erantsi ditu katalogora. Dena den, horietako batzuk ezin izan dira entzun, erabilera murriztua baitaukate, baimenak eta eskubideak direla medio.

“Rdio Ilimitado” tarifak, berriz, web tarifak eskaintzen dituen funtzio berberak ditu, baina tabletetan eta smartphoneetan ere erabil daiteke. Gainera, bertsio horrek aukera ematen du abestiak zenbait gailuren artean sinkronizatzeko, eta, horri esker, Internetera konektatu gabe ere entzun daitezke abesti hautatu horiek. Hilean 9,99 euro kostatzen da tarifa hori. Rdio zerbitzuaren aplikazioak Android, iOS, Blackberry eta Windows Phone 7 sistema eragileekin erabil daitezke. iOS-en kasuan, aplikazio unibertsala eskaintzen du, eta, beraz, iPad-arentzat bereziki diseinatutako bertsio bat dauka.