Alberto Coloma, La Casa que ahorra Fundazioa

"Susmatzen dugu etxebizitzen eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriei buruzko iragarki eta eskaintza askok iruzur egiten dutela"

1 octubre de 2013
Img entrevista 2 listado 123

Behar bezala ari al da ezartzen etxebizitzen eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria?

2007. urtetik egon behar luke indarrean, eta oraintsu arte ia inon ez da ezarri. Autonomia erkidegoek erabakitzen dute beren lurraldeko ziurtagirien inguruan. Batzuetan, erregistroak presentziala izan behar du eta paperean egiten dute, beste batzuetan Internetez, batzuek tasa handi samarrak kobratzen dituzte, beste batzuek ez, zenbaitek ikuskatu egiten ditu erregistratu diren ziurtagiriak, eta beste zenbaitek zigilua jarri eta gorde baino ez dute egiten.

Ezertarako balio ez duen beste gastu burokratiko bat dela ere esaten dute.

Aukera bikaina da gure etxeko energia-kontsumoa nola murriztu jakiteko eta gure erosotasuna eta bizitza-kalitatea hobetzeko. Arazoa da gaizki azaldu dela eta familien ekonomia estu dagoenean iritsi dela, edozein gastuk mesfidantza sortzen duen garaian. Egun inork ez du zalantzan jartzen A energia-saileko etxetresnak jartzea komeni dela edo kontsumo txikiko bonbillak. Etxe batek askoz ere energia gehiago gastatzen du, eta askotan bizi osorako izaten da.

Enpresa eta teknikari askok eskaintzen dituzte zerbitzu horiek. Nork egin ditzake erabateko bermearekin?

Ia edozein arkitektok eta ingeniarik, edo esperientzia egokia daukan edozein profesionalek. Hain kolektibo handia izanik, eta hain lan gutxirekin dabiltzanez, arriskua izaten da prezioak asko apaltzekoa eta, luzera begira, ekintza askotan gabeziak azaltzekoa.

Nola jakin dezake kontsumitzaile batek iruzur egiten ari zaizkiola ?

Susmagarria izaten da, adibidez, teknikariak ez erakustea beharrezko titulazioa edo esperientzia, pertsonaren batek edo enpresaren batek etxea ikustera etorri gabe ematea ziurtagiria, edo normaletik beherako prezioan eskaintzea zerbitzua. Datuak falta badira ere, susmatzeko modukoa izaten da; adibidez, etxearen kokapena, eraiki zen urtea, eraikuntzari dagozkion ezaugarriak, etxearen egoera eta egin zaizkion berrikuntzak, klimatizazio tresnak eta ur bero sanitarioari dagozkionak, azken kalifikazioa edo etxebizitza hobetzeko neurriak…

Zenbat kosta behar luke?

Zaila da batez besteko prezioa ematea, eraikin edo etxe motaren araberakoa izaten baita. Kalkulu batzuek esaten dute 250 eta 300 euroren artean dabilela. Zentzu pixka bat erabiltzea da kontua, eta auzoen arteko elkartasunez jokatzea: gaur bizilagun batek behar duen ziurtagiria agian guk geuk beharko dugu etorkizunean, eta informazioa eman diezaguke gure etxea hobetu eta kontsumoa murrizteko. Legez, lehenago edo geroago, denok egin beharko dugu. Etxejabe elkartean ados jartzen bagara, eraikin osoarena egin dezakegu eta oso gutxi kostako zaigu.

Zer-nolako iruzurrak antzeman dituzue?

Oraindik goiz da iruzur egiaztatuez hitz egiteko, baina eskaintza eta iragarki asko ikusi ditugu, bereziki Interneten, eta susmoa dugu iruzur egiten dutela. Horretaz gain, antzeman ditugu zenbait enpresa eta elkarte, zeinak herritarren eta ziurtagiri-emaileen artean sartzen baitira, etekina ateratzeko helburuz beti, ia legez kanpoko metodoak erabiliz. Ezagutzen dugun profesional batengana jotzea da onena, edo norbaitek gomendatu digun batengana, zer-nolako esperientzia duen galdetzea eta frogak eskatzea. Finka-administratzaileek zeregin garrantzitsua eduki dezakete eta eduki behar dute profesionalak gomendatzeko orduan.

Zer egin behar litzateke bere helburuak bete ditzan?

Lehen-lehenik kanpaina egoki bat, herritarrak informatzeko eta sentsibilizatzeko. IDAE erakundeak Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutua dagokion protagonismoa eskuratu behar luke. Komunikabideek lan handia egin dezakete. Autonomia erkidegoek harmonizatu egin behar lituzkete beren prozedurak: Europa lanean ari da etiketa bakarra izateko, eta hemen 17 ditugu. Eskumena duten erakundeek ikuskatu egin behar lituzkete eman dituzten ziurtagiriak, batez ere A edo B kalifikazioa dutenak. Ziurtagiri-emaileek akreditatu egin behar lukete kontrol-erakunde ofizialen batean, eta formazio espezifikoa izan, beste herrialde batzuetan bezala.

Zer egin daiteke etxeko eraginkortasun energetikoa hobetzeko?

Gure ohiturak aldatu eta tresneria ongi erabili. Etxe bakoitzak energian gastatzen dituen hamar eurotatik zazpi berokuntzan eta hozte-sistemetan joaten dira. Zatirik handiena galdu egiten da, energia asko eta asko ihesi joaten delako etxeak dituen gabeziengatik edo isolamendu faltagatik. Neurririk onena fatxaden eta teilatuen isolamendua hobetzea da etxejabe guztien artean. Modu kolektiboan eginda, ez du zertan asko kosta. Berritze-lanak egin eta berehala sumatuko dugu hobekuntza, eta handitu egingo da etxearen balioa.

Eta kolektiboki ezin bada?

Lehenik leihoak alda ditzakegu gehien erabiltzen ditugun geletan. Iparraldera ematen duen gela bat, leku hotz batean, nabarmen hobetu liteke barnealdeko panel isolatzaile batzuk jarrita eta igeltsu laminatuzko plaka bat. Egun bakarrean jartzen dituzte horiek, oso diru gutxirekin, leku askorik galdu gabe eta lanek ia ez dute eragozpenik sortzen.