Jose Luis Lopez, Ingurumen Zientzien Elkartea (ACA)

"Kalifikazio energetiko ona duen etxebizitza batek mesede egiten dio etxeko ekonomiari eta planetari"

1 octubre de 2013
Img entrevista listado 905

Eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria etxebizitzentzat… zer da hori?

Dokumentu horrek etxearen eraginkortasun energetikoaren inguruko informazioa ematen dio hura alokatu edo erosiko duenari. Hamar urterako balio izaten du, eta tarte horretan ez da zertan berritu, baina berria egitea komeni izaten da etxean hobekuntzaren batzuk eginez gero; adibidez, isolamendu termiko hobea duten leihoak jarri direlako edo galdara eraginkorragoa. Segur aski, etxea eraginkorragoa izango da, eta lehiakorragoa ere bai merkatuan. Etxejabeak ziurtagiri hori hamar urtez erabil dezake etxea alokatzeko edo saltzeko iragarkietan.

Noiztik da beharrezkoa eta nori eragiten dio?

2007. urtetik aurrera eraikitako etxe berriei eragiten die, eta 2013ko ekainaren 1etik aurrera, lehenago eraiki direnek ere eskuratu behar dute jabeak saldu edo alokatu nahi izanez gero. Badira salbuespen batzuk: adibidez, eraikin eta monumentu babestuak, 50 m2 baino gutxiago dituzten eraikin isolatuak eta urtean lau hilabetez baino gutxiagoz erabiltzen diren eraikin edo etxebizitzak.

Zertarako balio du eraginkortasun energetikoak?

Isolamendu termiko egokia eta tresneria oso eraginkorra dituen etxebizitza batek energia gutxiago gastatuko du erosotasun eta tenperatura egokiak lortzeko, halakorik ez duen etxe batek baino.

Zer-nolako mesedea egiten dio ingurumenari eta ekonomiari?

Onuragarria da etxeko ekonomiarentzat eta planetarentzat: gure etxeetan kontsumitzen dugun energiaren zati handi bat iturri ez-berriztagarrietatik dator (nuklearra, gas naturala eta petrolioa), eta horiek hondakin oso arriskutsuak eragiten dituzte eta azkartu egiten dute klima-aldaketa. Eraginkortasuna hobetzeko ekintzek enplegua sortzen dute eta onura sozialak ere badakartzate.

Nola lor liteke ziurtagiri on bat?

Profesional batekin baino gehiagorekin hitz eginda informazioa lortzeko eta aurrekontuak eskatzeko, eta ziurtatuz, esaterako, teknikaria etxea edo eraikina ikustera etorriko dela, edo eskaintzen duen informazioa egokia eta osatua dela.

Zenbat kosta liteke?

Herrialdea eta sektorea krisian egonik, oso prezio lehiakorrak eta askotarikoak eskaintzen dituzte. Prezioan, dena den, beste alderdi batzuek ere eragiten dute: etxearen azalerak, adibidez, edo eraikin guztiarentzat egiten den ziurtagiria edo eraikina osatzen duten etxe bakoitzarentzat bat. Gutxi gorabehera, 2-2,5 euro kosta liteke metro koadro bakoitzeko.

Zer gerta liteke ziurtagiria eskuratu behar lukeen norbaitek egingo ez balu?

Araudia ezartzen ari den lehen hilabete hauetan, erkidegoetako administrazio gehienek, haien ardura baita ziurtagiriak behar bezala egiten direla kontrolatu eta zaintzea, lehentasuna eman diote ziurtagiriak erregistratzeari eta herritarrak informatzeari. Zenbait erkidegok, hala ere, sortu dituzte kontrolatzeko eta zaintzeko organoak. Arau-hausteen zigorra 300 eta 6.000 euro artekoa izan daiteke, arina, larria edo oso larria den. Adibidez, ziurtagiririk ez duen higiezin bat alokatzea edo saltzea arau-hauste larria da, eta 601 eta 1.000 euro arteko zigorra izaten du.

Zer egin dezake kontsumitzaile batek, erosi edo alokatu nahi duen etxeak ziurtagiririk ez badu?

Kontsumo bulegora jo edo erkidego bakoitzean ziurtagirien eskumena daukan organora, eta han erreklamazioa egin, dagokion prozedurari jarraituz.

Gutxieneko zer inbertsio egin behar litzateke eraikin baten eraginkortasun energetikoa ahalik eta gehiena hobetzeko?

Lehendik eginak dauden eraikinetan, faktore batzuk aldaezinak dira eta batzuetan teknikoki ezinezkoa izango da edo ekonomikoki bideraezina kalifikazio gorena lortzea. Ziurtagiriak proposamen batzuk egin behar ditu egoera hobetzeko, eta errentagarritasunaren inguruko azterketa bat jaso dezake, eta horiek amortizatzeko epearen inguruko azterketa bat ere bai. Hotz handia egiten duen inguru batean gasolio-galdara kendu eta biomasarekin dabilen bat jartzeak, adibidez, nabarmen hobetu dezake kalifikazioa. Etxebizitza horren energia eskari gehiena, izan ere, berokuntzak sortuko du.

Beste herrialde batzuetan aspaldi samarretik erabiltzen dute ziurtagiri hori. Zein izan da esperientzia?

Alemanian, Frantzian eta Portugalen, adibidez, inork ez du etxe bat hartzen zer-nolako kalifikazio energetikoa duen ez badaki. Irizpide hori funtsezkoa da egon litezkeen aukeren artean hautatzeko. Espainiako Estatuan ere hori gertatuko da epe motzera, baina mantso-mantso, segur aski.

Zer behar litzateke gauzak behar bezala egiteko?

Arauak esaten dituenak betetzeaz gain, informatu eta kontzientziatu egin behar dira kontsumitzaileak eta eragile nagusiak; esaterako, finken administratzaileak. ACAk abian du proiektu bat formazioa eta dibulgaziozko materiala eskaintzeko sortua, Biodiversidad Fundazioarekin eta La Casa que ahorra Fundazioarekin elkarlanean.