Zer eragin dute horretan telebistak eta teknologia berriek?
Ez dago printzipio sendo eta bateraturik; telebistak eta Internetek mundu erraz eta inozoa eskaintzen dute, bilaketa eta lan atsegina bultzatu beharrean, burua sorgortzen duen mundua da; gurasoak lanpetuta dabiltza; irakasleek uko egiten diote “irakaskuntzakoak ez diren” erantzukizunetan konprometitzeari… eta haurrak horren ondorioak jasan ditzake. Estresak ahulenei eta ulermen eta laguntza gutxien sentitzen dutenei egiten die eraso.
Aparteko gaitasunak dituzten ikasleei buruzko espezialista zara; zein jarrera izan behar dute gurasoek ezaugarri horiek dituen seme/alaba baten aurrean?
Beste seme edo alaba batekiko jarrera bera, baina haurraren berezitasunera egokituta. Edozein seme-alabak maitasuna, laguntza eta bultzada behar ditu. Galdu egin behar da seme-alabek (edo ikasleek) gain hartuko diguten beldurra eta desberdinak direlako zorigaitzeko izango diren beldurra. Aparteko gaitasuneko haurrak inteligentzia handia du, baina ez du pertsona helduaren eskarmentu eta ikuspegirik; konfiantza izan behar dugu haurrengan, beren denbora izateko beharra eta jakintzara hurbiltzeko duten modu berezia errespetatu eta laguntza eman. Ezagutzeko eta irudimenari eragiteko aukera eman, lan-ohitura onak eta besteekiko harreman egokiak gara ditzan maitasunez zaindu, eta irakurketa, musika, bildumazaletasuna, informatika eta antzekoetarako interesa sustatu. Gauzei aurrez aurre eta naturaltasunez begiratu behar diegu eta arazoak prebenitu. Arazoak sortzen badira, aurre egin. Haurra ez ito pertsona helduaren desio lortu gabeekin edo helburu handiegiekin. Eskubidea dute huts egiteko. Ikasle hauentzako eta edozein ikaslerentzako arreta pertsonalizatuagoa, aukera berdintasun gisa ulertu behar da, pertsona bezala eta gizarterako egoki izateko heziketa gisa. Bitarteko pribilegiatuak dituzten ikasleek aukera dute eskolaren hutsuneak konpentsatzeko eta beren talentuak azaleratzeko; gaitasun urriagokoak direnen ahalmena garatzeko zerikusi handiagoa du eskolaren kalitateak. Kalitatezko hezkuntza ikaslearen bikaintasuna bultzatzen duena da.
Baina, problematikoa da haurra supergaitua izatea?
Berez, ez. Haur normalak dira, garapen kognitibo goiztiarragoa dutenak eta horri esker, ikaskideek eta antzeko adineko neba-arrebek baino azkarrago eta sakontasun eta zabaltasun handiagoz ikasten dute, batez ere beren interesa erakartzen duten gaietan lan egiten badute eta irakasle eta gurasoen aldetik laguntza eta bultzada egokia jasotzen badute. Erritmo azkarragoz eta hobeto ikasteko gai izateak ez du esan nahi hala egiten dutenik. Hezkuntza gai konplexua da. Gaitasun handiko neska-mutikoak gehiengoak baino arazo gutxiagoko haurrak izaten dira, baina ez da talde homogeneoa eta neska-mutil hauetako zenbaitek era eta larritasun ugaritako arazoak izaten ditu edo izan ditzake. Supergaituak eta normalak esatea ere, bi talde handi horietan izaten diren ezaugarrien artean bereizketa egiteko lehen era bat da eta badu bere funtsa eta zentzua. Hala ere, sinpleegia da. Goi mailako gaitasunaren barruan adierazpen anitzak eta konplexuak biltzen dira, kasu guztietan erraz antzematen ez direnak. Ikasle batzuk sormen handikoak dira; beste batzuek interes zientifiko eta adimen handia erakusten dute; beste zenbait esparru partikularragoan nabarmentzen dira. Batzuek oso goiz adierazten dute gaitasuna eta interesa, beste batzuek beranduago eta zenbaitek ez du azaltzen eta, adibidez, eskola porrotagatik egindako ikerketaren baten ondorioz agertzen da. Gainera, erritmoak eta garapen mailak homogeneotasun handiagoa edo txikiagoa izan dezake arloaren arabera edo “gailur” eta “bailara” handiak izan ditzake. Badira ikasle batzuk, beren adimen maila handia dela eta arazo sozialak edo emozionalak izateko arriskua dutenak; ikaskide eta irakasleek ez dituzte maite izaten; ez dute lan-ohiturak garatzen ikasten eta horien eskolako ibilbidea zaila eta oso txarra ere izan liteke.
Neska eta mutilen artean desberdintasunik izaten da?
Batzuetan portaera bitxiak eragiten dituzten fenomenoak gertatzen dira. Adibidez, nerabezaroan, gaitasun handiko neskatoak erretiratu egiten dira lehenengo lerrotik eta nahiago izaten dute gizartean oharkabean pasatzea ikusiezin eta bazterketa bistako edo ezkutukoak jasatea baino. Zenbaitetan, etorkizunerako aldaezinak diren erabakiak hartzen dituzte. Gaztaroan zehar, neskek sentsibilitate bereziz bizi izaten dute lanerako edo, kasu batzuetan, familiarako eta ama izateko dedikazio larregia.
Ikasle supergaituek kalifikazio hobeak lortzen dituzte eskolan?
Talde bezala, neska-mutiko normalek baino nota hobeak ateratzen dituzte eta ikasle onak dira. Baina azpitalde batzuek porrot egiten dute eskolan eta beste batzuek erdipurdiko emaitzak lortzen dituzte daukaten gaitasuna kontuan izanda. Giza-desberdintasunak errealitatea dira eta eskolak kontuan izan behar du hori irakaskuntzako aurreikuspenak egiteko. Gaitasun urria atenditzea ez da errukia, aurreikuspena baizik eta hori eskatu egin behar zaio gizarte aurreratu eta demokratiko bati; erdi edo goi mailako gaitasunari arreta jartzea, berriz, ikasle orok bere beharrizan espezifikoen arabera hezia izateko duen eskubideari erantzutea da. Ez da elitismoa. Bikaintasun pertsonal eta sozialerako heztea da, lankide izaten, besteekin konprometitzen, bere buruarekin exigente izaten eta lanarekin gozatzen irakastea. Ikasle hauek ez dira finenak izaten ikastea aspergarri eta errepikakor bihurtzen denean. Ikasle hauentzat ez du zentzurik ikasgaia gainditzeko ikasteak, beren gaitasuna aitortuta ikustea gogoko duten arren. Jakiteko, ulertzeko, menperatzeko, sortzeko eta proiektuak egiteko ikasten dute. Errentetatik bizi izatera ohitzen ditugulako etortzen da porrota, beren originaltasuna eta gaitasuna zigortu egiten delako eta beren baliabideen arabera eskatzen ez zaielako. Zenbait ikastetxe eta gurasoren ustez, exigente izatea eta nabarmentzea gutxiago direnekiko solidaritaterik ezaren sinonimo da. Desberdintasuna onartu eta errespetatzeak guztiontzat balio behar du.
Nola ekin behar zaio haur horien heziketari? Kurtsoan aurreraturik joan behar dute, irakasle bereziak behar dituzte…?
Ez dago eredu bakarrik. Ikasle arruntaren heziketa berbera behar dute, baina maila aurreratuagoan, euren garapena handiagoa baita. Heziketa estimulagarria behar dute, ikasketa autonomoa bultzatuko duena eta erronka intelektualak sortuko dizkiena, kontzeptuen arteko erlazioak egitea, lankidetza eta bakoitzaren esfortzua bultzatuko dituena; arrantzan egiten irakatsiko diena, jakintzaren muina eta zainak eta hori landu eta sortzeko estrategiak irakatsiko dizkiena. Hiru eredu aipatzen dira: azkartzea, aberastea eta gaitasunen araberako taldeak egitea, aldagai zenbaitekin. Gainerakoan, garapenean zehar ikasleak aldatu egiten dira eta beren beharrizanak ere aldatu egiten dira. Eskolaurrean eta lehen hezkuntzan curriculuma aberasteko joera nagusitzen da (irakatsiko den edukiarena, irakasteko ereduarena eta eskatu beharreko emaitzarena), gela arruntean edo gela berezian; gaitasunen araberako taldeak egitea, interes taldeak, lan independentea, azkartze partziala, berdinen arteko tutoretzak eta abar forma osagarriak dira. Baina beti izango dira salbuespenak. Ikasturtea erabat bizkortzea da horietako bat; 1996az geroztik araututa dago gure sisteman eta dezente erabiltzen da.