Arrazoi bat baino gehiago al dago begetarianoa izateko?
Bai. Horietako bat da elikadura osasungarria bilatzea, baina ez da bakarra, zeren pertsona guztiak ez baitira begetariano egiten horrek dakartzan elikadura-abantailengatik. Batzuek etikagatik egiten dute, ingurumenagatik edo arrazoi horietako batek baino gehiagok bultzatuta. Edonola ere, nutrizionistek eta medikuntzaren eta osasunaren arloko adituek adierazten dute dieta begetarianoak zenbait abantaila ekar ditzakeela organismoarentzat. Zenbait ikerketak frogatua dute onurak dakartzala.
Eta nola bat egiten dute alde guztiek elkarte berean?
Ikuspuntu bat baino gehiago dago UVEn. Pertsona batzuk zorrotzagoak dira besteak baino. Batzuek esnekiak eta arrautzak onartzen dituzte, beste batzuek baztertu egiten dituzte animalia-jatorriko elikagai guztiak eta badira animalietatik datozen produktu guztiak baztertzen dituztenak ere, nahiz eta ez izan elikagaiak. Horregatik, guretzat garrantzitsuena da elkarrekin dugun horri heltzea, batasuna eta errespetua sustatzea, ikuspegi eta jarrera desberdinak izan arren.
Ba al da aurreiritzirik begetarianoen inguruan?
Estereotiporik ohikoena, agian, ekologista hippiearena izango da, baina uste dut Espainiako gizarteak gainditu duela. Egia da orain dela hamabost edo hogei urte aurki zitekeela profil hori, baina gaur egun begetarianoon irudia ez da hori; unibertsitate ikasketak dituen jendea gara, eta maila sozio-ekonomiko ertaina-handia duena. Begetarianoen kolektiboan errazago aurkitzen da bere osasuna eta ongizatea zaintzen duen jendea, edo kausa sozial eta etikoekin konprometitua dagoena, hippie bat baino. Pertsonaia alternatiboaren ideia kontu anekdotikoa da gaur egun.
Gizarteak laguntzen al du aldaketa hori?
Urteekin bilakaera izan du gizarteak. Duela hamarkada bat, inork ez zekien zer esan nahi zuen begano hitzak. Orain ez da gauza arraroa, baizik eta aukera bat gehiago beste hainbaten artean. Zorionez, gero eta leku gehiagotan jan daitezke menu begetarianoak. Bidea luzea da oraindik ere, baina hegazkinetan, jatetxeetan eta hiri handietan eska ditzakezu plater erabat begetalak inork aurpegi arraroa jarri eta lotsarazi gabe.
Zer dago hobetzeko?
Alde batetik, begetarianismoaren normalizazio soziala. Bestetik, aurreiritzi nutrizionalak. Oraindik ere zenbaitek uste du dieta begetarianoa ez dela osatua, edo arazoak ekar ditzakeela. Aurreiritzi hori oso sustraitua dago, eta segurtasun falta sortzen die ohitura begetarianoetan abiatzen direnei ere. Gure elkartearen zereginetako bat da zalantza horiek argitzea, horren inguruko laguntza eta informazioa eskaintzea.
Dieta horrek elikagai talde bat baztertzen du, eta hortik datoz zalantzak…
Bai, baina ideia horren atzean dagoen ustea da haragia ezinbestekoa dela guretzat, eta hori mito bat da. Giza gorputzak berezkoagoa du begetalekin elikatzea, haragiarekin eta animalia-jatorriko gantz saturatuekin egitea baino. Frogatua dago elikagai begetal askotarikoz osatua dagoen dieta batekin, elikadura osatua izan daitekeela, eta are osasungarriagoa ere.
Edozein izan daiteke begetarianoa?
Guk baietz uste dugu, giza gorputza oso gai dela hori egiteko. Uneren batean ibili da hor barrena teoria bat esaten duena zenbait odol taldek ez dutela ongi onartzen haragirik gabeko dieta, baina hori ez dago ez frogatuta ez zientifikoki oinarrituta ere. Ez dago azterketa zorrotz bat bera ere esaten diguna pertsona batzuek haragia jan beharra dutela. Nutrizinistek esaten digutena, ordea, zera da: dieta begetarianoak bizitzako aldi guztietarako balio duela.
Haurrentzat ere bai?
Jakina. Hori bai, hurbilagotik eta zehatzago egin behar zaie jarraipena eta airean gera litezkeen puntu batzuk sendotu. Pediatraren papera funtsezkoa da, eta ikusten bada hazkundean arazoren bat dagoela, berrikusi egin behar da. Guraso askoren haurrak hazi eta hazten dira ongi dieta %100 begetarianoarekin, esnekirik eta arrautzarik gabe.
Begetarianoen kolektiboarentzat ba al da bereziki azpimarragarria den elikagairik?
Soja, zeinak onarpen handia baitu gainerako herritarren artean ere. Proteina ugariko elikagaia da, eta aukera asko ematen dituena. Askotariko prestaerak onartzen ditu mahai begetariano batean, eta hori oso lagungarria da haurrak tartean direnean. Haragi-produktu askoren ordezkoak egiten dira sojarekin, saltxitxak edo hanburgerrak, adibidez, eta asko jaten dute laktosarekiko intolerantzia dutenek ere. Dena dela, elikagai berezi edo miragarri bat bilatzeak baino gehiago, dieta osoak dauka garrantzia. Elikadura orekatua eta osasungarria izan dadin, dieta begetarianoak askotarikoa izan behar du, elikagai freskoetan oinarritua, osokoetan, frutetan, berduretan, lekaleetan eta fruitu lehorretan.