Zer-nolako osagaiak behar dira bateratze-errezeta perfektua lortzeko?
Ezin dira falta izan enpresaren laguntza eta langilearen konpromisoa. Bateratzeak, gainera, pertsonan oinarritua egon behar du. Taldean egiten denak ez du hain ongi funtzionatzen: gustatu egiten zaigu bereziak garela aitor diezagutela.
Beraz, ez dago makilatxo magikoa erabiltzerik bateratzearen gaian; langile bakoitzak bere neurriak behar ditu.
Horixe du aberastasunik handiena. Enpresa batek langile adina bateratze-plan izan behar lituzke.
Zure fundazioak esaten du ordutegien malgutasunak eta opor gehiago izateak hobetu egiten duela pertsonen ongizatea eta produktibitatea. Ba al duzue daturik?
Bateratze-neurriek indartu egiten dute langileak enpresarekin duen konpromisoa (% 8 eta % 10 artean), hobetu egiten dute lan-giroa eta murriztu absentismoa. Gainera, bateratze-neurriak hartzen dituzten enpresak erakargarriagoak dira. Eta % 10 eta % 15 artean hobetzen dute produktibitatea.
Orain arte 300 enpresak baino gehiagok bat egin dute zuekin; “efr” enpresak esaten diezue, eta bateratze-neurri berritzaileak jarri dituzte abian. Zuk zein hiru neurri azpimarratuko zenituzke?
Ordutegien eta oporren malgutasuna, gehien erabiltzen direnetakoak direlako. Ongi funtzionatzen dute, eta ez dute kosturik. Horretaz gain, amatasun- eta aitatasun-baimenak luzatzearen alde egiten dut, legez oso eskasak dira eta (16 aste izaten ditu amak eta 15 egun aitak). Azkenik, neurri originalagoak aipatuko nituzke, walking meetings direlakoak, adibidez; aire zabalean egiten diren lan-bilerak dira, partaideak oinez dabiltzala. Eta diru-ordain malgua: soldataren zati bat mediku-aseguru gisa jasotzea, haurtzaindegi gisa edo mugikortasun gisa.
Eta, hala ere, Espainiako Estatua oso atzera geratu da bateratzearen gaian, OCDEk ohartarazi duenez. Eta, hein batean, etxeko lanak banatzeko garaian dagoen desberdintasuna da gakoa: emakumeak egunean bost orduz aritzen dira eta gizonak bi orduz baino ez.
Erronka handia da. Eta egungo egoera ekonomikoa zein den ikusita, nekez handituko dira gastu publikoan egingo den inbertsioa, 0-3 urte arteko hezkuntzan egingo dena eta amatasunagatik ematen diren laguntzak. Hala ere, badago modua bateratzea gauzatzeko bestelako joko-arau batzuekin: gizarte-eraldaketak enpresatik hasi behar du.
Telelanari buruz ari zara? Zuek emandako datuen arabera, enpresen % 8k baino ez dute erabiltzen.
Telelana da beharrezko iraultza horren osagaietako bat. AEBetan eta Kanadan % 50era iritsi da telelanean ari diren pertsonen kopurua. Eta Europan ere, gure gainetik dabiltza inguruko ia guztiak.
Arlo batzuetako enpresek indar gehiago egingo dute bateratzearen alde…
Teknologiaren arloak egiten du indar gehien: IKTetan ari diren enpresek muin-muinean daramate jokabide hori. Energiaren alorrekoek ere politika onak dituzte lana eta bizitza pertsonala bateratzeko. Ordain emozionalaren alde egiten dute; hau da, soldataren zati bat motibazio gisa ordaintzea. Eta nola txertatzen da hori langabeziaren eraginez Espainian pobrezia-tasa handitzearekin? Sari emozionala oso modu logikoa da langileari ordaina emateko, eta munduan hedatua dago, gainera, joera hori. Langileari, batetik, dirua ematen diote; bestetik, generotan ere ordaintzen diote eta, azkenik, sari emozional bat ere ematen diote; ez dira uki daitezkeen gauzak, baina badute beren balioa, jakina.
Bateratze-neurriek parekideagoa egiten al dute gizartea?
Gizarte hobe bat sortzen dute, askatasun gehiagorekin. Bateratzeak askatasuna ematen die pertsonei, bai eremu pertsonalean, bai familia- eta lan-eremuetan, eta bai gizartean. Eta horrexegatik da geldiezina. Gainera, gizarte bidezkoago bat eraikitzen du, non pertsona zaurgarriak edo ahulenak (ezinduak, haurrak, adinekoak, gaixoak) hobeki zainduta dauden.
Itxuraz, dena du ona bateratzeak. Oraindik geratuko zaizue baten bat konbentzitzeko…
Politikariak konbentzitzea falta zaigu, tutik ere ez dakite-eta gai honetaz. Eta okerrena da ikasteko asmorik ere ez dutela, itxuraz. Enpresaburu asko ere falta dira. Orain arte 320 konbentzitu ditugu, baina Espainian milioi bat daude.
Zuk zeuk nola ikusten duzu bateratzearen gaia: gauzatzeko modukoa da, edo ameskeria baino ez?
Erabat gauzagarria da. Proiektu pragmatikoa da, bihartik bertatik abian jar daitekeena.
Bukatzeko, irudimen-ariketa bat jarriko dizut. Enpresa ideal bat hautatu beharko bazenu (asmatua izan daiteke) edo bateratze-neurriak ezin hobeki ezarri dituen gizarte bat, zein izango litzateke?
Suediako eta Norvegiako ongizate-gizartea hobetsiko nuke. Eta enpresa oso malguak, emaitzari begira daudenak. Ez ditzatela eman lan egiteko tresnak soilik, eta lagun gaitzatela pertsona hobeak izaten. Badira boluntarioen lana sustatzen dutenak eta gurasoentzako eskolak dituztenak! Hor dago eredua.