Tratu txar fisikoak eta psikologikoak eman zizkizuten 11 urtez. Esperientzia traumatikoa da, baina orain sendotasunaren eta itxaropenaren eredu bihurtu zara. Nola lortu zu?
Gau batez, tratu txarrak ematen zizkidana jasan beharrean, nire ausardia, beldurra eta erresistentzia erabili nituen lau seme-alabak hartu, autoan sartu eta gertatzen ari zena salatzeko. Adore gehiago behar da zu hiltzen ari denarekin gauero lo egiteko, isilik jarraitzeari utzi, salatu eta bizitza duin bat hasteko baino.
Gure herrialdean bi milioi emakumeri ematen dizkiete tratu txarrak, eta 1.600.000k ez dute salaketarik jartzen. Zergatik?
Emakumeak hori egitera animatzeko erabili den modua tratu txarren ondorioak erakustean oinarritu delako: emakumeak ubeldurekin, orbanekin, hilda… Tratu txarrak ematen badizkizute eta irudi horiek ikusten badituzu, ez duzu salaketarik jartzen, uste duzulako zuk ere horrela bukatuko duzula: hilda edo beldurrez hilda.
Kasu askok bukatzen al dute tragedia gisa?
Tratu txarrak ematen dituzten gizon batzuek hil egiten dituzte emakumeak, lehenago salaketarik jarri ez izanagatik, baina gehienek bizitza berri bat hasten dute bortizkeriatik urruti.
Horregatik da garrantzitsua genero indarkeria ikusaraztea…
Salaketa jartzea da garrantzitsua, babes egokia jasotzeko. Gure ereduari esker, emakumeek adorea bilduko dute agian salaketa jarri eta beren bizitza salbatzeko.
Estigmatizatu egiten al dira tratu txarrak jasan edo jasaten dituzten emakumeak?
Bi aldiz egiten dituzte biktima, eta horrek gizarte-bazterketa dakar. Laguntza jasotzen dugu biktimak garelako eta horretaz jabetzen garelako. Baina, gainera, lan munduan sartzeko bide ofizialak lan ikusezinetan eta gaizki ordainduetan oinarritzen dira, garbiketa-lanak izaten dira askotan. Lan duina da hori, baina ez du balio gure ahalmenen jabe egin gaitezen. Emakume batek bortizkeria gainditzeko eta gizarte-bazterketa saihesteko modurik eraginkorrena da gizartearen aitortza duten lanak egiteko bitartekoak jartzea, independentzia ekonomikoa emango diotenak eta gizarte-balio gisa agerraraziko dietenak.
Helburu horixe du Ana Bella Emakumeentzako Jabetze Eskolak.
Halaxe da. Emakumeak prestatu egiten ditugu beren bizitzaren gidariak izan daitezen eta gizartean eragile aktibo gisa jardun dezaten, eta emakumeak hautatzeko saioak eta sustapen kanpainak egiten ditugu, krisi garaian ere, balio positiboak izan daitezen enpresetan. Biktima izan den emakumearen gizarte-irudia albo batera utzi eta bizirik irauteko gai izan denaren irudia indartzen dugu. Oso emakume indartsuak gara, presiopean lan egitera ohituta gaude, badakigu geure burua berrasmatzen, frustraziotik indarberrituta ateratzen gara, porrota eramateko gaitasun handia dugu, saiatuak gara eta, zailtasunak gorabehera, ekinez jarraitzen dugu.
Bestelako zer laguntza ematen ditu Ana Bella Fundazioak?
Tratu txarren erruz gizarte-bazterketa pairatzeko arriskuan dauden 1.200 emakume laguntzen ditugu urtero. Aldi baterako etxeak eskaintzen dizkiegu, formazioa, lana, terapia psikologikoa, lege-aholkularitza, laguntza ekonomikoa, emozionala eta era guztietako arazoak konpontzeko bitartekoak ere bai.
Ba al dago behar bezalako babes-mekanismorik gure herrialdean tratu txarrak pairatzen dituzten emakumeentzat?
Badira, bai. Horiei esker nago ni bizirik. Arazoa da tratu txarrak ematen dizkieten emakumeen %73k ez dituztela eskuratzen baliabide horiek, ez direla ausartzen salaketa jartzera. Espainian, hamar emakumetatik bati eman edo ematen dizkiote tratu txarrak.
Zein izaten dira horien beharrizan nagusiak?
Norberaren egoeraren araberakoak izaten dira beharrizanak, baina gizarte-babesa, lana eta etxebizitza funtsezkoak dira bazterketa saihesteko.
Nola sentitzen da etxean tratu txarrak eman dizkioten biktima bat?
Bizirik dela ere hila, emozionalki oso bakarrik eta bakartua. Tratu txarrak ematen dizkizutenean, ez zara ohartzen zer ari zaizun gertatzen, baina tentsio batean ematen duzu egun guztia, triste, asko sufritzen duzu. Sufrikario etengabe bat bezalakoa da, eta zerbait gertatzen dela ulertzen hasten zarenean, zure errua dela uste izaten duzu. Besteen aurrean, atseginak, irekiak, maitagarriak eta jendetasun handikoak izaten dira tratu txarrak ematen dituztenak, eta, ondorioz, biktimok etsia hartzen dugu inork ez digula sinetsiko etxean nola tratatzen gaituzten kontatzen dugunean. Horregatik, oso garrantzitsuak dira familiakoak eta adiskideak, biktimak ez dezan isilik jarraitu. Tratu txarrak jasan dituzten emakumeen %90 familiako norbaitek edo emakume adiskide batek lagunduta joaten gara salaketa jartzera. Epaitu gabe entzun diezagutela behar izaten dugu eta eskua eman tratu txarrak pairarazten dizkigunak sortu digun mendekotasun emozionaletik asko gaitezen.
Susma ote liteke norbaiti tratu txarrak ematen ari zaizkiola?
Ikusten badugu emakumeak aldatu egin duela izaera eta bereizi egun dela lagunartetik, galdetu egin behar diogu geure buruari zergatik ote den, eta, batez ere, berari. Guk biktima ez bakartzea da garrantzitsuena eta maiz-maiz deitzea, nahiz eta hark ezezkoa eman. Zantzuak oso nabarmenak dira, nahiz eta hasieran oharkabean geratzen diren, maitasun erromantikoak estalita. Fundazioan neska nerabeei erakusten diegu horiek antzematen, gerora tratu txarrak ekar ditzakete eta. Neska gazte batek esan zigun etxera iristen zenean telefono finkotik deitzen ziola mutil-lagunari hura ez zedin kezkatu. Ez al litzateke aski mezu bat bidaltzea edo dei galdu bat egitea mugikorretik? Ez da maitasuna, kontrola da.
Ba al dago bortizkeria guririk edo indar gutxikorik?
Tratu txarrak sotilki hasten dira. Horrexegatik harrapatzen gaituzte. Tratu txarrak ematen dituenak menderatu egin nahi du biktima, eta jo egiten du kontra egiten dionean. Baina keinu batek, mehatxu batek edo irain batek menderatu egiten gaituzte.
Zein da lehen urratsa halako kasu bat gertatzen denean?
Nola biktimak hala lekukoak, kontatu egin behar dute. Behin 7 urteko mutiko batek kontatu zidan aitak jo egiten zituela ama, anaia eta bera. Gau batez, Polizia deitu zuen, eta atxilotu egin zuten aita.
Nola bizi dute seme-alabek?
Ez dira lekukoak, biktimak baizik. Ama garenok nahi izaten dugu gure seme-alabak aitarekin ere bizi daitezela, eta horregatik jasaten dugu etxean hainbeste gehiegikeria; hori da gure okerra. Inork umilia zaitzan ez uztea da bizitzako eredurik onena. Bortizkeria transmititu egiten da aitengandik semeengana, eta %70ek jarrera hori izaten dute helduaroan. Gu ez gara arazoa, irtenbidearen zati gara.
Familiak lortzen al du indarkeria-egoerak gainditzea?
Bai, terapia eginez eta berdintasunean heziz.
Nola lortzen duzue gizonek ere aldaketaren alde egin dezaten?
Gure boluntarioen %20 gizonak dira. Bortizkeria matxistaren aurka ari gara, ez gizonen aurka. Gizarteak, berdintasunezkoa eta inklusiboa izan dadin, guztiek demokratikoki parte har dezaten behar du.
Pertsona baikorra al zara?
Baikorra eta ekintzailea. Ashoka Nazioarteko Fundazioak gizarte-ekintzaile gisa hautatu ninduen Espainian.
Nola txertatzen diezu baikortasun hori beste emakumeei?
Fundazioan, genero indarkeria pairatu eta bizirik ateratzea lortu duten emakumeen testigantza baikorrak erabiltzen ditugu salaketarik jartzen ez duten biktimen egoera ikusgai egiteko eta laguntzeko. Tratu txarrak eman dizkieten emakumeak beren ahalmenen jabe egin daitezen lortzen dugu, bizirik ateratzeko gai izan diren emakume gisa ikus dezaten beren burua. Lagundu egiten dugu bortizkeriaren belaunaldi arteko katea eteten eta biktimizazioaren ikuspegi tradizionala apurtzen. Lortzen ari gara emakumearen inguruko irudia alda dadila eta gizarteak berdintasunean oinarritzen den garapen-eredu iraunkorra landu dezala.