Etxebizitza-agentziatik, bankura

Pisua finantza-erakunde bati erosita, beherapen erakargarriak lor litezke, eta errazagoa izan liteke finantzaketa eskuratzea ere, baina hipotekaren baldintzak ez dira beti onenak izaten
1 iraila de 2012
Img economia domestica listado 123

Etxebizitza-agentziatik, bankura

Berriki arte, bankuek ia nolanahi ematen zituzten etxebizitza erosteko maileguak, baina orain asko aldatu dira gauzak. Saiatuta ere, mila negoziazio eginda ere, norberak dirurik ez badu eskura, bankuek ezezkoa emango diote ia beti etxea erosteko finantzaketa eske doanari. Saltzailea partikular bat bada, agentzia bat, sustatzaile bat edo kooperatiba bat, eta mailegua behar izanez gero, nekez lortzen da gaur egun. Ia formula bakarra geratzen da finantzaketa hori eskuratzeko: bankuari berari erostea etxea. Azken urteetan, finantza-erakundeak bihurtu dira Estatuko etxejaberik handienak (kalkuluen arabera, 140.000 etxe dauzkate saltzeko). Dena den, herritar guztiek ez dakite zer egin behar den bankuari etxea erosteko, ez eta horrek zer-nolako abantailak eta eragozpenak eduki ditzakeen ere.

Higiezina baloratu

Saltzailea banku bat izanagatik ere, pisua erakusten duena bitartekari bat izaten da, agentziaren bateko saltzailea, eta ez bankari bat edo bankuko saltzaile bat.

Funtsezkoa da erosleak higiezinaren “ohar soila” eskatzea bankuari

Etxea ikustera joandakoan, oso garrantzitsua da materialen kalitateari erreparatzea eta hainbat alderdiren inguruko informazioa jasotzea: etxearen argiztapena, komunitate-gastuak, zerbitzuak, inguruan dauden garraio publikoak… Informazio mota hori oso baliagarria da, batez ere hiri handien aldirietan dauden etxeak badira. Erosi aurretik, ziurtatu egin behar da etxea ez dagoela gune “mortu” batean, bizitza eta zerbitzu gutxiko inguru batean. Gehienean, izan ere, era horretako higiezinetan egiten dituzte bankuek beherapenik handienak, eduki ere, halakoak dauzkate-eta ugarien.

Higiezinari buruzko informazioa eskuratzeaz gain, funtsezkoa da erosleak higiezinaren “ohar soila” eskatzea bankuari, non agertu behar baitu etxejabea dela saltzailea. Hala ez bada, ezingo da gauzatu salerosketa. Bankuak aldatua izan beharko du edo erregistroan adierazi izan beharko du bahimenduan hartua dela etxea edo beste bideren batetik eskuratu duela, baina bera dela jabea.

Kaudimen-azterketa: paperak-eta

Behin higiezina aukeratuta, eroslearen ordua izaten da. Mailegua eman aurretik, bankuak kaudimen-azterketa zorrotz-zorrotza egingo dio. Bezeroaren betiko bankua bada, erakundeak lehendik ere izango ditu haren datuak (NAren fotokopia eduki beharko du), eta jakingo du zer-nolako egoera duen gastuetan eta sarreretan, zenbateko soldata daukan… eta gerta liteke azken urteetako Errenta Adierazpena ere han egina izatea. Horretaz gain, bezero gisa daramatzan azken urteetan lana aldatu ez badu, agian ez diote eskatuko lan-kontratua (ohikoa izaten da hori eskatzea salerosketa partikularrekin edo agentziekin egiten denean). Hala bada, gaindituak izango ditu aurreko urrats guztiak.

Pisua edo etxea saltzen duen edonork, bankuek ere bai, hasteko eta behin, soldata-agiria eskatzen dute, kontu-mugimenduak, lan-kontratua, lan-ibilbidearen agiria, CIRBE erakundean galdetuko dute (bezero berankorren erregistroa da), eta azken bi Errenta Adierazpenak ere galdegingo dizkio mailegua eman edo ez erabakitzeko. Pisua bezeroaren betiko bankuak saltzen badu, CIRBE erakundeari egin beharreko galdera izan ezik, hori saihestezina baita, lan-ibilbideari buruzko dokumentua bezala, gainerako urratsek batzuetan ez diote inolako eragozpenik sortzen bezeroari. Hori dela eta, bankuak asko luzatu gabe erantzun ohi du baiezkoa edo ezezkoa. Bezeroak etxea erosteko asmoa duela jakinarazten diotenik, bi edo hiru egun pasa litezke.

Bankuak baiezkoa ematen badu eta etxea erosteko mailegua onartzen badu, bezeroak abantaila batzuk lortuko ditu, baina eragozpen batzuk ere izango ditu. Ikus ditzagun batzuk eta besteak:

Banku batekin negoziatzearen abantailak

  • Paper gutxiago egin behar: kasu askotan, aski izango da lan-ibilbidearen agiria aurkeztea (Internetez eska daiteke Espainiako Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministeriora).
  • Beherapen handiak: finantza erakundeek hainbeste higiezin edukita, saltzeko premia handia daukate, eta, horregatik, errazagoa da haiekin tratu on bat egin eta prezio hobea lortzea, partikularrekin edo agentziekin baino.
  • Finantzaketa errazagoa: kaudimen bera eskaintzen duten bi bezero edukiz gero, bankuak erraztasun gehiago eskaintzen dizkio haren pisuetako bat erosten duenari, beste etxebizitza bat erosteko mailegua eskatzen duenari baino. Zenbaitetan, tasatze-balioaren % 100 ematen dute mailegutan.

Eta eragozpenak

  • Finantzaketa garestiagoa: mailegua lortzeak ez du esan nahi baldintzarik onenetan ematen dutenik. Gaur egun, bankuek arazo handiak dituzte beren burua finantzatzeko, eta hori dela eta, oso garesti jartzen dituzte maileguak. Espainiako Bankuak emandako datuen arabera, 10 urtetik gorako maileguek, batez beste, % 4,77ko interes-tasa izaten dute. Euriborra, uneotan, % 1,26an dago, eta, beraz, kalkulua eginda, bistan da bankuek zenbateko diferentziala ezartzen duten: batez beste, % 3,5ekoa. Kontuan hartu behar da aski mailegu garestiak izaten direla. Oso garrantzitsua izaten da diferentzial hori murrizten saiatzea.
  • Lotura handia: interes ugari ordainarazteaz gain, pisua erosi dien bezeroa ahalik eta gehien lotzen ere saiatzen dira bankuak. Mailegua ematearen truke, pentsio-planak hartzeko eskatzen dute, bizitza-asegurua egiteko, etxeko-asegurua, txartelak… Eta baldintza horiei men egiten ez bazaie, gerta liteke mailegurik ez ematea edo interes-tasa asko igotzea.
  • Kontuz akats ezkutuekin: gerta liteke berriki samar eraikitako etxebizitza batzuek akatsak edukitzea baina ikustera joandakoan halakorik ez antzematea; adibidez, ur- edo gas-isuri bat agertzea hornidura ematen hasten direnean, edo hezetasunak agertzea erosi eta lehenengoz euria egiten duenean. Ustekabeko txarrak saihesteko, higiezinaren eskrituretan klausula bat eranstea komeni da, non bankuaren arduratzat joko den oinarrizko hornidurak abiaraztean sor litezkeen gastuei erantzutea.