Zenbait jakingarri iPhone-a erabiltzeko
2007. urtean merkaturatu zuten iPhone gailuen lehen belaunaldia, eta orduz geroztik, Apple etxearen telefonoa joan da smarphoneen saileko gailuen gurdiari tiraka. Eta gainerako guztiak atzetik. Oso erraz erabiltzekoa da, ingurune grafiko aproposa dauka oso, eta horri esker, erabiltzaile asko gailu horiekin barneratu dira lehenengoz Interneten. Mugikor horrek, dena den, hainbat berezitasun ditu, eta horiek ongi ezagutzea komeni da telefonoa erabiltzeari ekin aurretik, bestela ez baitiogu aterako etekin guzti-guztia.
Beharrezkoa al da SIM txartel berria eskuratzea?
iPhone 5 delakoa formatu berriko SIM txartel batekin erabiltzekoa da (Nano SIM esaten diote); iPhone 4 eta 4S direlakoek, berriz, Micro SIM formatua erabiltzen dute. Ohiko SIM txartela baino txikiagoak dira biak ere, eta, beraz, neurri egokikoa erosi beharra dago iPhonearen azken bertsioa erabiltzekotan.
Telekomunikazio-operatzaileek izaten dituzte gisa horretako txartelak, eta horien dendetan eros daiteke norberaren gailuak eskatzen duen motakoa. Egia esan, dendara joan beharrik ere ez dago, telefonoz deituta edo Internetez eskatuta ere eskura daitezke eta. Beti ez da, ordea, txartela bereiz erosi beharrik; telefono libre bat hartzen dutenek bai, horiek hala egin beharko dute, baina operatzaile bati erosten zaizkien telefonoek ekarri egiten dute SIM txartel hori.
Nola aktibatzen da iPhonea lehenengo aldian?
Telefonoa kaxatik atera eta SIM txartela dagokion lekuan jarri ondoren -telefonoarekin etorri ohi den klip zilarreztatu bat erabiltzen da horretarako-, piztu egin behar da telefonoa: ezkerraldeko goiko izkinan daukan botoiari eragin behar zaio (telefonoa pizteko eta pausaldian uzteko balio du). Ondoren, pantaila desblokeatu beharra dago. Horretarako, giltzarrapoaren sinboloa ezkerretik eskuinera eraman behar da herresten, pantailaren behealdean ageri den barra horizontalaren gainetik. Ukipen bidezko teknologia darabil mugikor honek, eta hatzarekin mugituz egin behar da hori ere.
Zenbait pantaila agertuko dira ondoren, eta telefonoa konfiguratuz joango gara horietan: hizkuntza hautatu, herrialdea, Interneterako konexioa ezarri wifi sare baten bidez eta iPhonea non dagoen jakiteko balio duen zerbitzua aktibatu. Hori guztia egiteko jarraibideak oso intuitiboak dira: aski da telefonoak egiten dituen galderei erantzun eta erabiltzaileak dituen lehentasunak ezarriz joatea. Erantzun horietako bakoitzean, erabiltzaileak zerbait onetsi edo ezetsi egin behar izaten du botoiei eraginez.
Zer esan nahi du iPhonea gailu berri gisa konfiguratu beharrak?
Telefonoak hiru aukera eskaintzen ditu: iPhonea gailu berri gisa konfiguratzea (iPhonea lehenengoz erabiltzen duten erabiltzaileentzat); segurtasun-kopia bat iCloud zerbitzutik berrezartzea (Applek hodeian duen zerbitzua da); edo segurtasun kopia bat iTunesen idazmahaiko aplikaziotik berrezartzea.
Gailu berri gisa konfiguratzen bada, eskuz sartu beharko dira erabiltzailearen datu berri guztiak, solaskideenak adibidez, baina baita norberak eduki nahi dituen aplikazio guztiak ere. Beste bi aukeretako bat hautatuz gero, aurreko telefonoak zuen konfigurazio berbera izango du iPhone berriak.
Beharrezkoa al da Applen kontu bat izatea?
iPhoneari etekin guzti-guztia ateratzeko, beharrezkoa da erabiltzaile-kontu bat sortzea. Kontu hori eskatu egiten dute zenbait ekintza egiteko; adibidez, iTunes App sareko dendan eskaintzen dituzten edukiak eta aplikazioak erosteko eta instalatzeko.
Non konfiguratzen dira iPhonearen parametroak?
“Ezarpenak” aplikazioan daude iPhonea konfiguratzeko aukera guztiak. Sare harigabeak, 3G datuen konexioak edo Bluetootha, adibidez, hor sartuta konfiguratu behar dira. Hortik kontrolatzen da, halaber, ingurune grafikoa eta pribatutasuna, hortik konfiguratzen eta sinkronizatzen dira posta-kontuak, eta soinu-abisuak konfiguratzeko ere hara joan behar da.
Ezinbestekoa al da ordenagailu bat edukitzea iPhonea erabiltzeko?
Gailu mugikorrentzat Applek orain hurrena atera zuen bertsioarekin, jada ez zen behar iTunes aplikazioa zeukan ordenagailurik iPhonea aktibatu eta erabiltzen hasteko, eta orain ere ez da behar. Dena dela, aintzat hartzeko moduko aukera da erabiltzaileak ordenagailuan duen bibliotekako bideoak, filmak edo musika iPhonera sinkronizatu eta kargatzeko. Gainera, iTunesetik zuzenean eros daitezke aplikazioak, eta datuak kargatzeari eta sinkronizatzeari buruzko beste zenbait alderdi ere kudea daitezke.
Nola egiten da iPhonearen segurtasun-kopia bat?
iPhonea ordenagailura konektatu behar da telefonoak berak dakarren USB kablea erabiliz, eta iTunes aplikazioa abiarazi behar da. Ondoren, gailuaren izena hautatu behar da aplikazio horren albo-barran, eta “gorde segurtasun-kopia” sakatu (“guardar copia de seguridad”). Telefonoak lehendik zeukan segurtasun-kopia berrezartzeko aukera ere ematen du ekintza horrek.
Sistema eragilearen iOS 5 bertsioa atera zutenetik, wifi sare bat ere erabil daiteke gailua iTunesekin sinkronizatzeko edo “hodeian” dagoen iCloud zerbitzuarekin egiteko. Zerbitzu horrek bost gigabyteko edukiera eskaintzen dio doan erabiltzaileari, eta gehiago nahi badu, ordainduz eskura dezake. iClodek, iTunesek ez bezala, ez du uzten gailuaren multimedia artxiboak gordetzen.
Bateragarriak al dira iPhone 4S eta aurreko modeloen osagarriak iPhone 5arekin?
iPhone 5ak konektore berri bat erabiltzen du, lightning izenekoa, eta aurreko modeloena baino txikiagoa da. Bateragarriak diren osagarri askok konektore zaharrak dauzkate, eta, beraz, egokigailu bat erosi behar da, lightning konektorea eta lehenagokoak elkarri lotzeko. Appleren dendan edo banatzaile baimenduetan saltzen dituzte, 29 euroan. Egokigailu hori bateragarria da soinu-irteerarekin, datu-sinkronizazioarekin eta kargarekin.