Nola desizoztu elikagaiak modu seguruan

Era asko daude elikagai izoztuak desizozteko, baina hiru dira eraginkorrenak eta seguruenak: hozkailuan egitea, ur hotzetan edo mikrouhin-labean
1 abendua de 2012
Img alimentacion 5 listado

Nola desizoztu elikagaiak modu seguruan

Elikagaiak desizozteko modu ugari daude, eta norberak hautatzen du gehien komeni edo atsegin zaiona. Baina kontua ez da hain erraza. Prozesu hori era desegokian egiten bada, areagotu egiten da bakterio patogenoen eragin kaltegarria pairatzeko arriskua. Elikagaiak desizoztera jartzen direnean, tenperatura egokian eduki behar dira, zeren gerta baitaiteke elikagaiak bakterioren bat eduki izatea izoztu aurretik eta horiek ugaritzen hastea.

Elikagaiak izozten direnean, ezkutuan bezala geratzen dira bakterioak (halakorik baldin badu, jakina), eta desizoztu ondoren sutan beroaldi egokia emanez gero (eltzean, zartaginean, labean… prestatzerakoan), desagerrarazi egiten dira. Baina behar bezala desizoztu ez badira eta sutan behar adina denboran eduki ez badira, gerta daiteke bakterio horiek ez desagertzea. Oso kontuan hartu behar da elikagaiak ongi ez desizozteak elikadura-toxikazioak eragin ditzakeela. Elikagaia prestatzeko orduan oraindik zertxobait izoztua badago, denbora gehiagoz eduki beharko da sutan, kanpoaldea egina izanagatik ere, barrualdea egin gabe egon liteke eta.

Kontuan hartu behar da, halaber, elikagai bat desizozten ari denean, saihestu egin behar dela kutsadura gurutzatua, eta, horregatik, bereiz jarri behar dira elikagai horiek. Denboraz larri bagabiltza eta desizoztu arte itxaroterik ez badugu, elikagaia dagoen-dagoenean jarri beharko dugu egiten, baina gogoan hartu beharko dugu desizoztuta dagoenean baino % 50 denbora gehiago behar izaten duela, batez ere haragiek. Elikadura arloko segurtasunean aditu direnen esanetan, honako hauek dira elikagaiak desizozteko hiru modurik seguruenak: hozkailuan egitea, ur hotzarekin edo mikrouhin labean.

Hozkailuan desizoztea

Elikagaiak hozkailuan desizozteko, gauzak ongi planifikatu behar dira aurrez, batik bat neurri handiko elikagaiak badira, txikiek baino denbora gehiago behar izaten dute-eta desizozteko (24 ordu ere bai zenbaitek). Elikagai izoztua hozkailuan sartzen denean, hozkailuko tenperatura zenbatekoa den ikusi behar da; 4 ºC ingurukoa izatea komeni da, eta hortik behera badabil, denbora gehiago beharko du desizozteko. Plater bat erabiltzea ere lagungarria da tantak beste elikagai batzuen gainera eror ez daitezen.

Behin desizoztu denean, berehala prestatu eta jan behar da, bakteriorik haz ez dadin. Elikagaia berriz ere izoztu egin daiteke, baldin eta jateko 70º Ctik gora sukaldatu bada eta egokitzat jotzen den epearen barrenean badago. Haragi xehatua, itsaskiak eta hegaztiak, adibidez, desizoztu eta hurrengo egunean edo handik bi egunetara ere jan daitezke, eta axuri edo arkume haragia, txerriarena edo txahalkia, handik hiru eta bost egun arteko epean ere bai. Hozkailua bereziki egokia da arraina desizozteko. Metodorik mantsoena da, baina seguruenetakoa ere bai.

Ur hotzetan

Hozkailuan baino azkarrago desizozten dira elikagaiak ur hotzetan utzita, baina arreta gehiago jarri behar izaten zaie. Elikagaiek modu hermetikoan bilduta edo ontziratuta egon behar dute, ez baita komeni elikagaien ehunek ura xurga dezaten, horrek murriztu egingo lukeelako haien kalitatea eta, gainera, urak bakteriorik edukiko balu, kutsatu egingo luke elikagaia. Elikagaia ongi itxita sartu behar da ur hotzetan, eta ura aldatu egin behar zaio aldian behin (30 minutuz behin).

Kilo bat baino gutxiagoko paketeek ordubete inguru behar izaten dute, eta handiagoek gehiago (bi ordu bai, gutxienez). Berehala jango ez baditugu eta berriz izoztu nahi izanez gero, sutan prestatu beharko ditugu berriz izozkailura sartu aurretik.

Mikrouhin-labean

Aukera azkarra da oso, baina neurriak hartu behar dira ez daitezen elikagaien ertzak egin eta barnealdea, aldiz, izoztua geratu. Elikagaia mikrouhin-labean sartzen denean, aski tarte utzi behar da alboetan, aire beroa arazorik gabe ibil dadin; ondoren, desizozteko programa hautatu behar da. Lagungarria gerta daiteke elikagaia zati txikietan egitea (ahal bada), era uniformeagoan desizoztu dadin. Gainera, elikagaia biratu ere egin dezakegu zenbait aldiz. Horrela desizozten diren elikagaiak berehala prestatu behar dira.

Desizozteko prozesuan egiten diren hutsegiterik ohikoenak

  • Elikagaiak ez dira desizoztu behar giroko tenperaturan edo ur berotan. Arrisku askoz handiagoa izaten da kutsatzeko (bakterioak 4 ºC-tik 60 ºC-rako tartean hazten dira batez ere).
  • Elikagaiak desizoztu ondoren, ez dira berriz izoztu behar, baldin eta ez badira sutan edukitzen, 70 ºC-tiko gora, bi minutuz gutxienez.
  • Ez da komeni desizoztekoak diren elikagaiek eta prestatuta daudenek elkar ukitzea, kutsadura gurutzatuak gerta daitezke eta.
  • Izozkailua zer-nolako egoeran dagoen egiaztatu behar da; paretetan ez zaizkio izotz-geruza lodiak sortu behar eta ontzietan izotz kristalik ere ez.
Izoztearen arriskuak

Izozte-tenperaturek ez dituzte deuseztatzen elikagaiak hondatzen dituzten mikro-organismoak eta toxi-infekzioak eragiten dituztenak; gehienez ere, gelditu egiten dute haien hazkundea eta bilakaera (dena den, mikro-organismoa eta giroko baldintzak zer-nolakoak diren ikusi behar da). Entzimak ere ez dira desagertzen (elikagaiak poliki-poliki hondatzen dituzten substantzia kimikoak dira), horiek ere gelditu egiten dute beren jarduna. Eta hotz handia desagertzen denean, bitarteko tenperaturetan daudenean (desizozten ari direnetik sutan prestatu bitartean), oso azkar ugarituko dira mikro-organismoak, eta elikagaiak hondatzen dituzten prozesuak ere berriz abiatuko dira.

Une horretan, elikagaia prestatu beharrean berriz izozkailuan sartzen bada, lehen baino mikro-organismo gehiago dituen elikagai bat ariko gara izozten, eta hurrena desizozten dugunean, are gehiago ugarituko dira. Salbuespen bat badago, dena den: gordinik izoztuta egon den elikagai bat sutan prestatu eta berriz desizoztea. Orduan ez da izaten arriskurik.