Turroiak: zaporeak, prezioak eta kaloriak aukeran
Eguberri zaporea izaten du turroiak. Jendeari galdetuko bagenio zein gozo bereiziko lukeen egun horietarako, gehienek turroia egingo lukete, gure inguruan tradizio handikoa baita. Baina turroia bereiztea ere gero eta zailago dago, gaur egun era askotakoak baitaude merkatuan, postre horrek izan duen bilakaera oparoaren erakusgarri. Oraintsu arte, bi motatakoak baino ez zeuden: gogorra eta guria, baina orain ezin konta ahala aukera izaten da saltokietan: txokolatezkoak, frutadunak, azukrerik gabeak, likorea dutenak… Turroietan ere, beraz, beti-betikotik ateratzeko aukera daukate kontsumitzaileek, eta mahaian bestelako zapore eta testura batzuk aurkeztekoa, baina, horretarako, jakina, egoki hautatzeko modua behar dute. Horixe eskaini nahi die, hain zuzen, Erosketa Gida honek: turroi mota bakoitzak zer-nolako ezaugarriak dituen erakutsi nahi die, Eguberrietako produkturik ohikoenetakoa eta preziatuenetakoa hobeki ezagut dezaten.
Almendra, eztia… eta askoz gehiago
Tradizioak eta jendearen estimuak gain hartu diote krisiari. Atzeraldi bete-betean gaude eta jenderik gehienak aurreztea besterik ez du buruan, baina, hala ere, turroiaren sektoreak eutsi egin dio, eta egonkor jarraitzea lortu du. Nahiz eta aholkularitza-enpresa independente batzuk emandako datuetan salmentak apaldu egin direla agertu, Turroi eta Mazapan Ekoizleen Elkarteak dio (TUMA) azken urtean % 3,7 handitu direla salmentak. Eta zerk eragin ote du igoera hori? Esportazioek. Latino Amerika, Ameriketako Estatu Batuak, Frantzia, Italia eta Alemania, besteak beste, turroizaletzen ari dira, eta ez Eguberrietan bakarrik: urte osoan jaten dute herrialde horietan, eta hori oso ona da ekoizleentzat. Aurtengo ekitaldian, adibidez, 3.500 tona baino gehiago esportatu dituzte.
Gure herrialdean, ordea, Eguberriei lotu-lotua ageri da turroia, eta hortik kanpo nekez jaten dugu, ospakizun berezi-bereziren batean ez bada. Ekoizleek eta turroi markek, beraz, gogor lehiatu behar izaten dute garai horietan, eta horrexegatik hasi dira hainbeste turroi mota egiten eta prezio aldetik ere ahal bezainbat estutzen (azken urtean % 1 ere ez dira garestitu). Saltokietako apaletan ikus daiteke ongien ugaritasun hori: prezio eta zapore guztietakoak daude. Aukera zenbat eta handiagoa den, nahasteko arriskua ere handiagoa izaten da… Hortaz, zer egin daiteke turroi artean ez galtzeko? Lehenbizi, behintzat, ongi bereizi behar ditugu ohiko turroia (“beti-betikoa”) eta merkatuan agertu diren proposamen berriak, askotarikoagoak eta berritzaileagoak, bestelako osagai batzuk dituztenak eta, zenbaitetan, berezko turroiak izan ohi dituen osagairik ageri ez dutenak: azukrea, fruitu lehorrak eta eztia.
Sailkapen bat egiten hasita, hiru sail bereiziko genituzke turroietan: gogorra, guria eta askotarikoak. Hortik kanpo utziko ditugu txokolatezko turroiak (haurrei gehien gustatzen zaizkienak eta helduek gehien erosten dituztenak), azken urteetan asko ugaritu eta sofistikatu dira eta. Zenbaitetan, gainera, txokolatezko tableten formatu eta trinkotasun bertsua izaten dute.
- Turroi gogorra. Fruitu lehor ttxigortuak izaten dituzte osagai nagusiak, arrautza zuringoarekin, azukrearekin eta eztiarekin nahasita. Fruitu lehorretan, almendrak, hurrak, pinaziak eta intxaurrak agertzen dira, nahiz eta gehien almendrak erabiltzen dituzten. Turroi gogorraren ordezkari nagusiak Alacantekoa eta Agramuntekoa dira, biak ere Jatorri Izena dutenak.
- Turroi guria. Horien osagaiak ere fruitu lehorrak, arrautza zuringoa, azukrea eta eztia izaten dira (xixonakoa da ezugena). Honako honek beste testura bat dauka, eta lan gehiago ematen du prestatzerakoan: mugimendu orekatuak egin behar dira osagaiak nahasteko, eta denbora gehiago eskaini behar zaio. Sail honetan sartzen da gorringo ttxigortuzko turroia; kondairak dioenez, gainerako turroiak egiteko erabiltzen ez zen gorringoei probetxu ateratzeko asmatu zuten.
- Turroi askotarikoak. Hauxe da talderik ugariena eta berritzaileena, eta ohiko osagaiez gain (azukrea, eztia, almendrak edo arrautza) eransten dizkieten beste osagaien araberako izena hartzen dute. Gehienean guriak izaten dira, nahiz eta batzuk gogorrak izan daitezkeen (txokolatezkoak, adibidez) edo kurruskatsuak behintzat. Turroi horiek, almendren lekuan, beste fruitu lehor batzuk izaten dituzte, edo azukreak, edo bestelako osagaiak (arroz puztua, kokoa, esnekiak, likoreak, frutak…). Gainera, gozogintzako produktuekin bete edo estal daitezke, eta, hortaz, ekoizleari bururatzen zaion adina turroi mota sortzeko modua ematen du horrek.
Hautatzeko orduan, beraz, turroi gogorra edo guria nahi dugun erabaki beharko dugu. Biek ere antzeko osaera dute, nahiz eta testura oso bestelakoa izan. Turroi horietan badira generikoak (merkeagoak) eta badira Jatorri Izena dutenak ere. Norberaren araberakoa izaten da gogorra edo guria hautatu, baina badira kontuan hartzeko alderdi praktiko batzuk ere.
- Turroi gogorra desegokia izan daiteke adineko pertsonentzat (ordezko hortz-haginen edo hortzetako arazoen eraginez) eta ortodontzia daramaten gazteentzat. Bestalde, denbora gehiago behar izaten da mokadu bat jateko, kopuruz gutxiago jaten da, kaloria gutxiago hartzen dira eta tabletak gehiago irauten du.
- Turroi guria azkarrago eta errazago jaten da, guria delako hain zuzen, eta, beraz, errazagoa da kalorien neurria gainditzea. Bestalde, berritzaileenak ere guriak dira, eta beti-betikoa ez ezik, beste hainbat zaporetakoak ere badaude aukeran.
Turroia, gramoz gramo
Azukrea, almendrak eta eztia dira turroiaren oinarria, nahiz eta hainbat bertsiok txokolatea ere izaten duten oinarrizko osagaien artean. Ez da harritzekoa ere, zeren txokolatezko turroiak arrakasta handia lortu baitu, eta gaur-gaurkoz, horixe saltzen da gehien (salmenta guztien % 43 hartzen ditu).
Turroia -betikoa bezala berritzailea ere- gozo bat da, eta erruz ematen ditu kaloriak (baita light erako bertsioek edo azukre erantsirik gabeek ere). 100 gramo bakoitzeko, 500 eta 590 kaloria artean izaten dituzte; hau da, ohiko turroi barra batek (300 gramo) 1.700 kaloria inguru ematen ditu. Karbohidratoek hartzen dute turroien elikadura-osaeraren erdia, eta nabarmentzekoa da, halaber, landare-jatorriko gantzak ere ugari izaten dituela, almendretatik datozenak edo beste fruitu lehorren batetik. Gantz mota hori osasungarria da, organismoarentzat mesedegarria. Ez da ahaztu behar, ordea, gantz saturatuak ere izaten dituela turroiak (% 8 inguru), eta, horregatik, ez da egunero eta neurririk gabe jatekoa.
Gauzak zentzu pixka batekin eginez gero, dena den, ez da zertan beldurtu. Turroia, gehienean, kopuru txikietan jan ohi dugu, eta hala eginda, hainbeste kaloria ere ez ditu ematen. Hau da, lasai jan dezakegu turroi, baina neurrian betiere. Gehiegikeriarik ez egiteko, honako gomendio hauek aintzat hartzea komeni da:
- Ez da komeni otordurik otordurako tarteetan turroia jaten aritzea.
- Postrerako turroia badago, otorduaren ondotik fruta pixka bat jatea komeni da, era horretan gutxiago jango baitugu.
- Saihestu egin behar lirateke osagai ugari dituzten turroiak (txokolatea, kokoa, gorringoa…), kaloria asko ematen dituzte eta..
- Azukrerik gabeko turroiak ere badira. Eztitzaile artifizialak izaten dituzte, light erakoak edo arinagoak dira, eta kaloria gutxiago ematen dituzte, baina ez dira hain naturalak.
- Betiko turroietan, guriak du kaloria gutxien, xixonakoak.
Turroiak zenbat kaloria dituen ohartzeko -30 gramotakoa izaten da errazio gomendatua-, oso baliagarria da beste zenbait elikagairekin alderatzea.
- 100 gramo turroik 500 kaloria ematen dituzte, eta 30 gramok 150 kaloria.
-
Beste elikagai hauetatik 100 gramo hartuta:
- Hanburgerra gaztarekin, 540 kaloria.
- Hirugihar frijitua, 300 kaloria.
- Espagetiak gurinarekin, 201 kaloria.
- Light erako marmelada, 120 kaloria.
- Brokolia, 30 kaloria.
- Zainzuri freskoak, 20 kaloria.
Bestela esanda; barra erdi turroi jatea bi kilo eta erdi brokoli jatea bezala da. Horrek ez du esan nahi, ordea, turroiari uko egin behar diogunik; neurrian jatea da gakoa, eta gutizia gisa gozatzea.
Hauxe da turroirik onena?
Aukera ugari izaten den lekuan, nahasmen pixka bat ere sor daiteke, zer bai, zer ez… Eta dirua tartean denean, ondorio desegokiak ere ekar ditzake. Gerta daiteke behar baino gehiago erostea -“zalantzak eraginda”- edo behar baino gutxiago -“bat hautatu eta kito!” – edo okerrekoa hautatzea. Hori dela eta, erosten hasi aurretik, zenbait alderdiri buruz pentsatzea komeni da. Adibidez, zenbat pertsonak jango duten turroia, zein diren haien beharrak eta gustuak, opari bat izango den edo, beste gauza guztien gainetik aurreztea den garrantzitsuena. Norentzat izango den jakitea oso lagungarria gerta daitekeenez turroia hautatzerakoan, honako zerrenda hau egin dugu guk.
Gozozaleentzat
Turroia elikagai gozoa da berez, baina badira bereziki gozoak direnak ere. Gozotik aritu zaleak direnek hiru txokolateko turroia (EROSKI) hauta dezakete edo brownie pralinéa (La Casa). Gehienean 300 gramoko barratan saltzen dituzte, baina badira txikiagoak ere (200 g).
- Barraren prezioa: 2 eta 5 euro artean.
- Kiloaren prezioa: 6,70 eta 16,70 euro artean.
- Errazioaren prezioa: 0,20 eta 0,50 euro artean.
Haurrentzat
Haurrak txokolatezaleak izaten dira bereziki, eta galletazaleak ere bai. Eta, horrexegatik, zenbait markak galleta mota jakinak (Oreo, Maria, Chiquilín) erantsi dizkiete turroiei osagaien artean… eta txokolatea ere bai! Berrikuntzen artean, Lacasitos turroia (La casa) aipa liteke, zeinak hamabi pilulatxo baitakartza zorro batean Urte zaharreko kanpaiekin jateko. Kaloria gutxien ematen dutenak, dena den, oinarrizkoenak dira: Basic Turroia txokolate kurruskatsuarekin (EROSKI), zeinak 181 Kcal ematen baititu 100 gramo bakoitzeko eta Sucharden klasikoa (Kraft), 184 Kcal dituena 100 gramo bakoitzeko. Azken hori 285 gramoko barran saltzen da, eta ez da egokia glutenarekiko intolerantzia dutenentzat, gari zatiak ditu eta.
- Prezioak: 1,50 eta 3 euro artean.
Ausartenentzat
Turroia ere sartu da berrikuntzen aroan, eta gozogintzan erabiltzen diren osagai eta baliabidez hornitu dute. Testura berriak agertu dira (hostopil gisakoak) eta zapore berriak ere bai (ananarena, esaterako). Gauza berrien zaleak direnek hortxe daukate Anana pralinéa, hostopilaz eta esne-gainez egina (La casa) eta Esne konfiturazko turroia (Nestlè). Batzuk 200 gramoko barratan saltzen dituzte eta besteak 300 gramokotan
- Barraren prezioa: 3 eta 5 euro artean.
- Kiloaren prezioa: 10 eta 16,70 euro artean.
- Errazioaren prezioa: 0,30 eta 0,50 euro artean.
Mokofinentzat
Turroiak opari ezin egokiagoak dira Eguberrietarako, eta enpresa eta lantoki batzuetan oparitu egiten dizkiete langileei. Halakoetan, jakina, ezin izaten da jakin hartzaile bakoitzak zer maite duen, eta, horrexegatik, betiko turroien alde egitea da seguruena, eta eskuz egindako turroi guriak edo gogorrak hautatzea, markona motako almendrak % 67 edo gehiago dituztenak. Almendra mota hori jotzen da gailentzat, zapore eta kalitate apartak dituelako eta klima eta zainketa bereziak behar dituelako osotara umotzeko. Hona hemen proposamen batzuk: Xixonako eta Alacanteko 1880 turroia (bere burua aurkeztean, munduko garestiena dela dio, ) eta EROSKIren SeleQtia turroia, gogorra eta guria, aurrekoen antzekoa kalitate-ezaugarrietan, baina merkeagoa.
- Barraren prezioa: 4 eta 10 euro artean.
- Kiloaren prezioa: 13,40 eta 33,40 euro artean.
- Errazioaren prezioa: 0,40 eta 1 euro artean.
Askorik gastatu gabe gozatzeko
Aurrezteko beharra nagusitzen denean ere, badago non aukeratua eta zerekin gozatua. Aukerarik onenak Basic turroiak dira (EROSKIrenak), guriak eta gogorrak: lehenbizikoek % 64 dute almendra eta bigarrenek % 60; beste aukera on bat Turroi frutaduna (EROSKI), kalitate gorenekoa.
- Barraren prezioa: 1,50 eta 2,50 euro artean.
- Kiloaren prezioa: 5 eta 8,40 euro artean.
- Errazioaren prezioa: 0,15 eta 0,25 euro artean.
Turroi bereziak, behar bereziak dituzten pertsonentzat
Badira glutenik gabeko turroiak, zeliakoek jateko modukoak. Etiketa berezi bat ageri dute horiek guztiek ontzian, erosleek jakin dezaten glutenik gabeak direla. Diabetikoentzat, aldiz, oso aukera gutxi daude turroietan; oso garbi eduki behar da guztiek izaten dutela azukrea, erantsia ez bada osagaiek berez dutena. Egokienak, beraz, azukre erantsirik gabeak dira: Sannia turroi inperiala (EROSKI), zeinak 0,4 gramo azukre baizik ez baititu 200 gramo bakoitzeko, eta Gorringo txigortuzko turroia (EROSKI eta Delaviuda), zeina antzera baitabil (0,5 g/200 g). Desegokienak edo gutxien komeni zaizkienak, berriz, Almendra kremazko turroiak dira, 200 gramo bakoitzeko 2,6 gramo azukre izaten dute eta.
- Barraren prezioa: 2,50 eta 4,50 euro artean.
- Kiloaren prezioa: 12,50 eta 22,50 euro artean.
- Errazioaren prezioa: 0,40 eta 0,70 euro artean.
Guztien gustua egiteko
Zenbaitetan ez da erraza izaten bat hautatzea. Gerta daiteke etxean buru adina aburu izatea, eta bakoitzari gauza bat gustatzea, edo norberak gutizia berezia izatea bat eta beste probatzeko. Garai batean barra oso bat erosi behar izaten zen bakoitzetik, baina orain badira ontzi berean hainbat mota eta zaporetako turroiak biltzen dituzten formatuak ere (guriak, gogorrak, gorringozkoak, frutadunak, txokolatezkoak…). Hona hemen adibide batzuk: SeleQtia aukera (EROSKI), El Almendro askotarikoa eta Sannia aukera (EROSKI), azken hori azukre erantsirik gabea.
- Paketearen prezioa: 4 eta 4,50 euro artean.
- Kiloaren prezioa: 13,40 eta 15 euro artean.
- Errazioaren prezioa: 0,40 eta 0,45 euro artean.
Nola aurreztu % 50 baino gehiago turroietan
Eguberrietako erosketak aurrez eginda, diru dezente aurrezten da. Jakina da urte sasoi horretan igo egiten direla prezioak, eta hori saihestu egiten da erosketak lehenago eginda. Hori izango litzateke arrazoi nagusia, baina badira gehiago ere. Gauzak garaiz eginez gero, lasai planifika daiteke zer-nolako produktuak hartu, prezioak alderatzeko denbora izaten da, gastua mailakatu egin daiteke, arrapaladan erostea saihestu eta zerrenda eta aurrekontu bat ere egin daiteke, nork bere neurrikoa. Eguberrietarako oro har balio duen jokabideak balio du, jakina, turroiak erosteko ere.
Hori egiaztatzeko (eta zenbat aurreztu daitekeen neurtzeko), ariketatxo bat egin du EROSKI CONSUMERek: bi familia mota asmatu ditugu, eta hiru saski edo produktu sorta, eta alderatu egin ditugu. A familia bikote batek eta haur batek osatzen dute, eta B familia, berriz, bikote batek, hiru haurrek eta amona edo aitona batek. Saski bakoitzean zenbat turroi izango den erabakitzeko (bi familiek kopuru baliokidea izango dute), kontsumo-gomendioak hartu ditugu aintzat (errazio bakoitza 30 gramokoa izaten da), turroiak egunero jaten diren urte-sasoia hautatu dugu epetzat (abenduaren 22tik urtarrilaren 6ra) eta postre hori kopururik handienetan zerbitzatzen den egunak ere bereizi ditugu (Gabon gaua, Eguberri eguna, Urte zaharra, Urteberri eguna eta Errege eguna). Egun berezi horietarako kalkulua egiteko, pertsona bakoitzak gainerako egunetan halako bi jaten duela kontatu dugu. Era berean, Eguberrietako saskia osatzerakoan, “soberako turroia” ere sartu dugu (zehazki, bi barra familia bakoitzeko), ohikoa izaten baita badaezpadako neurri hori hartzea (azken orduan norbait afaltzera etor litekeelako, ustekabeko bisitaren bat, uste baino gehiago jan daitekeelako…).
Alderdi horiek guztiak kontuan hartuta, A familiak 8 barra turroi erosiko ditu (lau helduentzat, bi haurrentzat eta bi bisitentzat), eta B familiak, berriz -kide gehiago ditu-, 14 barra (sei helduentzat, sei haurrentzat eta bi bisitentzat). Guk egin dugun ariketatxo honek erakutsi nahi du, kopuruak batere aldatu gabe, gastua % 59 murrizteko modua dagoela eta 40 euroraino aurreztekoa. Nola? Marka zuriak hautatuta edo marka zuriak eta ezagunagoak konbinatuta. Hona hemen adibide batzuk, saskia osatzen duten turroiak aldatuta.
A familia: bi heldu eta haur bat, 8 turroi
-
1. saskia (38 euro)
- Helduak eta bisitak: Alacanteko 1880 turroia, xixonako turroi bat, kataluniar kremazko praliné bat (Delaviuda), brownie praliné bat (La Casa), Sannia turroi bat gorringo txigortuzkoa (EROSKI), turroi frutadun bat kalitate gorenekoa (EROSKI).
- Haurra: Lacasitos turroi bat eta Sucharden turroi bat Oreo galletekin.
-
2. saskia (27 euro)
- Helduak eta bisitak: SeleQtia turroi gogor bat, SeleQtia turroi guri bat, kataluniar kremazko praliné bat (Delaviuda), trufazko praliné bat (La Casa), hiru txokolateko turroi bat kalitate gorenekoa (EROSKI), gorringozko turroi bat kalitate gorenekoa (EROSKI).
- Haurra: Sucharden turroi klasiko bat eta EROSKIren turroi bat txokolate-galletekin. Bi saskiak alderatuta, bigarrenarekin 11 euro aurrezten dira (% 29 merkeagoa da).
-
3. saskia (18 euro)
- Helduak eta bisitak: EROSKI Basic turroi gogor bat, EROSKI Basic turroi guri bat, kataluniar kremazko praliné bat kalitate gorenekoa (EROSKI), esne-gainez eta marrubiz egindako praliné bat (Delaviuda), gorringozko turroi bat kalitate gorenekoa (EROSKI), turroi frutadun bat kalitate gorenekoa (EROSKI).
- Haurra: EROSKI Basic turroi bat txokolate kurruskatsuz egina, EROSKIren turroi bat txokolate-galletekin. 1. saskiarekin alderatuta, hirugarrenarekin 20 euro aurrezten dira (% 53 merkeagoa da).
B familia: hiru heldu eta hiru haur, 14 turroi
-
1. saskia (68 euro)
- Helduak eta bisitak: Alacanteko 1880 turroi bi, xixonako turroi bi, kataluniar kremazko praliné bat (Delaviuda), brownie praliné bat (La Casa), Sannia turroi bat gorringo txigortuzkoa (EROSKI), turroi frutadun bat kalitate gorenekoa (EROSKI).
- Haurrak: Lacasitos turroi bi eta Sucharden turroi bi Oreo galletekin, Sucharden turroi klasiko bi.
-
2 saskia (46 euro)
- Helduak eta bisitak: EROSKI Basic turroi gogor bi, EROSKI Basic turroi guri bi, kataluniar kremazko praliné bat (Delaviuda), trufazko praliné bat (La Casa), hiru txokolateko turroi bat kalitate gorenekoa (EROSKI), gorringozko turroi bat kalitate gorenekoa (EROSKI).
- Haurrak: Sucharden turroi klasiko bi, EROSKIren turroi bi txokolate-galletekin, Lacasitos turroi bi. Bi saskiak alderatuta, bigarrenarekin 22 euro aurrezten dira (% 32 merkeagoa da).
-
3. saskia (28 euro)
- Helduak eta bisitak: EROSKI Basic turroi gogor bi, EROSKI Basic turroi guri bi, kataluniar kremazko praliné bat kalitate gorenekoa (EROSKI), esne-gainez eta marrubiz egindako praliné bat (Delaviuda), gorringozko turroi bat kalitate gorenekoa (EROSKI), turroi frutadun bat kalitate gorenekoa (EROSKI).
- Haurrak: Sucharden turroi klasiko bi, EROSKI Basic turroi bi txokolate kurruskatsuarekin, EROSKIren turroi bi txokolate-galletekin. 1. saskiarekin alderatuta, hirugarrenarekin 40 euro aurrezten dira (% 59 merkeagoa da).
Aurreko adibideetan ikusten den bezala, alde nabarmenak daude turroi mota batzuen eta beste batzuen prezioan. Horrexegatik da garrantzitsua erosketak antolatzeko eta egiteko denbora hartzea. Komeni da jakitea turroiaren prezioa ez dela garestitzen beste produktu batzuena bezainbeste (itsaskien salneurriak, adibidez, neurriz kanpo egiten du gora hilabete amaiera hurbildu ahala). Horretaz gain, turroiak asko irauten du behin ontziratu eta gero, eta, horrexegatik, horiek izaten dira saltokietan agertzen lehenak eta kentzen azkenak.
Hori dela eta, ez dago inolako eragozpenik turroiak aurrez erosteko. Arretaz eta patxadaz hautatu, gehien gustatzen (edo komeni) zaizkigunak bilatu eta etxean gorde, horixe da bidea. Eta oso gozozaleak direnek, gainera, turroi bat edo beste gehiago ere eros dezakete urteko beste edozein garaitan jateko. Produktu mota honek, izan ere, luzaroan irauten du, eta horixe du abantailarik handienetakoa.
Bestalde, salmenta-kanpainak hasten direnean, ohikoa izaten da eskaintzak, beherapenak eta promozioak aurkitzea, baina horiek guztiak desagertu egiten dira Eguberriak hurbildu ahala. Aukera horiek ere baliatzeko daude, jakina. Eguberriei aurre hartuta eta gauzak denbora eginda, gainera, hobeki irakur daitezke etiketak, eta hainbat alderdi alderatzeko modua ere izaten da: kalitatea, prezioa, osagaiak, produktua egiteko metodoak, jatorri izenak… Eta, nola ez, egiaz zenbat turroi beharko den ere aurreikus daiteke.